2024-04-27
HomeEkintza PolitikoaSektorean indarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmeneko...

Sektorean indarkeria matxistaren aurrean jarduteko lehen protokoloa adostu dugu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmeneko Berdintasun-Batzordean

LAB, CCOO eta UGT sindikatuok, Bizkaiko metalaren azken hitzarmenaren sinatzaileek, Bizkaiko siderometalurgiaren sektorean Sexu-Jazarpenaren eta Sexuagatiko Jazarpenaren aurka Jarduteko Protokoloa adostu dugu FVEMekin.

Bizkaiko metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masibo eta irmoan atera zen kalera. Langileek argi zuten, beraien lan- eta bizi-baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde ari zirela borrokan. Horretarako, ezinbestez, hitzarmen honek ikuspegi feminista bat jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Borrokaren ondorioz enpresetan egindako presioek emaitzak izan zituzten, eta hitzarmen honetan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu ziren negoziazioari ekin zitzaionean. Aurrerapen horiek arlo feministan ere eman ziren, eta Berdintasun-Batzorde bat sortu zen. Batzorde horrek, besteak beste, Bizkaiko siderometalurgiaren sektorean Sexu-Jazarpenaren eta Sexuagatiko Jazarpenaren aurka Jarduteko Protokolo bat egitea zuen eginkizun.

2020ko otsailaren 28an argitaratu zen BAOn Bizkaiko metalaren hitzarmena argitaratu zen. 3 egun geroago, martxoaren 3an, LABek Berdintasun-Batzordea sortzeko eskaera erregistratu zuen, baina irailaren 21era arte atzeratu zen, Covid-19ak sortu zuen egoera zela eta. Batzorde horretan, lehenengo zeregina sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokolo sektoriala egitea izan zen. Bidea ez da erraza izan, eta patronalaren borondate faltari aurre egin behar izan diogu, baina Berdintasun-Batzordea osatzen dugun sindikatuok eta patronalak 13 bilera egin ondoren, akordioa lortu dugu.

Adostu dugun protokoloak lantokietan gertatzen den indarkeria matxistari aurre egiteko eta amaitzeko lan-tresna izan nahi du. Errealitate hori ezkutuan geratzen da, eta kaleratua izateko mehatxua beti dago horren atzean; horregatik, indarkeria matxista ez da behar bezala salatzen, ezta behar bezala adierazten ere enpresetan, eta are gehiago gehienbat gizonen enpresak badira. Horregatik, bermeak eta neurriak egon behar dira salaketa jarri ahal izateko, emakumeen hitza eta salaketak zalantzan jar ez daitezen.

Protokolo hori nahitaez aplikatu beharko da Bizkaiko metaleko enpresa guztietan, baldin eta berezko protokolorik ez badute. Hori oso urrats garrantzitsua da sektoreko enpresa txikienetako emakumeentzat, egoera horien aurrean babesgabeenak baitira. Protokoloak argi eta garbi jasotzen ditu sexu-jazarpentzat eta sexuan oinarritutako jazarpentzat hartu beharreko jokabideak, egoera horiek saihesteko prebentzio-neurriak ezartzen ditu, eta sexu-jazarpenagatiko edo sexuan oinarritutako jazarpenagatiko salaketa bat gertatzen denean jarduteko prozedura ezartzen du eta alderdi sozialari aitortzen zaio prozesu osoan parte hartzeko aukera.

Beraz, Bizkaiko Metala bezalako sektore batek, gaurtik aurrera, emakumeei lantokietan indarkeria matxistari aurre egin ahal izatea bermatuko dien tresna bat izatea albiste eta garaipen handitzat jotzen dugu. Hori hasiera baino ez da, eta protokolo bizia izatea nahi dugu, behar izanez gero balorazio eta hobekuntzak izango dituena.

Amaitzeko, LABek berretsi nahi du sektoreko emakume guztiekin dugun konpromisoa, eurekin batera borrokatzekoa, Bizkaiko metalgintzan erabateko berdintasuna lortu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.