2026-01-28
Blog Page 432

Bat egin dugu Nizan ekainaren 5erako deitutako mobilizazio egunarekin, harresirik gabeko Europa baten alde

10.000 feminista espero dira Nizan ekainaren 5ean, Toutes aux Frontieres-en Asanblada Feministak antolatutako mobilizazio egunaren harira. Hainbat mobilizazio eta ekitaldi izango dira, eta LABek bat egingo du horiekin guztiekin, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako kide den neurrian. Manifestazio bat egingo da goizean eta kultur topaketak, arratsaldean.

Hain zuzen ere, ekainaren 5ean, Europako migrazio politikak salatuko ditugu, mugen militarizazioa, pertsona migratzaileen eta solidarioen kriminalizazioa eta erbesterako bidean emakumeek eta genero gutxiengokoek pairatzen duten indarkeria.

Sidenorreko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientearekin lotutako akordioaren kontra agertzen gara

Epaiketaren egunean, inongo bilerarik izan zutela jakin gabe, UGT, CCOO eta USO sindikatuek enpresarekin akordio batera ailegatu zirela esaten ziguten LAB, ELA, eta ESK sindikatuoi.

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra:

Maiatzaren 19an ERTEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) aplikatzeko Sidenorrek planta guztietan hartutako aldebakarreko erabakiaren aurkako epaiketa egin behar zen,

Kontsultaldian ez zen akordiorik egon, enpresak ezin izan zuen neurri hau justifikatu.

Enpresaren egoerari eta izandako gertaera guztiei buruzko datuek agerian uzten zuten ez zegoela arrazoi ekonomikorik edo produktiborik ERTE bat aplikatzeko.

Epaiketaren egunean ELA, LAB eta ESK sindikatuei , UGT, CCOO eta USO sindikatuek enpresarekin akordio batera ailegatu direla esaten digute.

ELA , LAB eta ESK sindikatuak akordio honen kontra azaltzen gara, arrazoi hauengatik:

Hasiko gara garrantzitsuenarekin; CCOO, UGT eta USO sindikatuek onartu egin dituzte enpresak ERTEa (ABEEa) aplikatzeko alegatu zituen arrazoiak.

ERTEaren (ABEEaren) kausak onartzeak esan nahi du etorkizunera begira, langileei babesgabe uzten dituztela zuzendaritzaren benetako planak aplikatzearen aurrean. Plan horietako batzuk ITASU aholkularitzak enpresak negoziaziorako egin zuen txosten teknikoan jasotzen ziren: ekoizpenen kontzentrazioa planta jakin batzuetan, mugikortasun geografikoak, plantetako batzuen itxiera posibleak…

Bigarrenik, Madrildik langileen bizkar egindako akordioa da. Berriz ere, hiru sindikatu horiek enpresari laguntza ematea erabaki dute. Enpresa ERTEaren (ABEEn) balizko deuseztapenetik eta horrek ekarriko lituzkeen ondorioetatik salbatzen du, hala nola ladiru publikoa itzuli eta langileei  soldataren % 100 ordaintzetik.

Beste behin ere argi geratu da negoziazioak Euskal Herrian eta hemengo lantokietan egitearen garrantzia. Negoziazioak marko Estatalean egiten diren bakoitzean, Euskal Herriko plantillak diskriminatu egiten dira, eta haien lan-baldintzak kaltetu

Nahiz eta CCOO, UGT eta USO sindikatuak ERTEa deusezteko bide juridikoa galerazten saiatu diren eta, era horretan langileek soldata guztiak berreskuratu ahal izateko bidea oztopatu duten,  ekintza doilor eta arduragabe honi aurre egiteko bide juridikorik onena zein den aztertzen ari gara.

GarbiƱe Aranburu: “Langile guztioi dagokigu pentsio publiko duinen alde borrokatzea”

Euskal gehiengo sindikaletik pentsio publikoen defentsan mobilizatu gara Bilbon eta IruƱean, Espainiako Gobernuaren delegaritzen aurrean. LABeko idazkari nagusiak hartu du hitza Bizkaiko hiriburuko elkarretaratzean, eta larunbaterako pentsiodunen mugimenduak deitutako mobilizazioekin bat egiten dugula jakinarazi du.

GarbiƱe Aranburuk gogorazi bezala, Madrilgo Gobernuak pentsioen erreforma berriari ateak ireki dizkio. Neurri horietako batzuk erretiro aurreratua zigortzea, erretiro-adina luzatzea, pentsio-plan pribatuak zabaltzea edo pentsioak kalkulatzeko kotizazio-urteak handitzea dira. “Neurri horiek guztiak pentsioen sistema publikoaren aurkako beste eraso bat dira”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

GarbiƱe Aranbururen hitzetan, “ez da gutxieneko pentsiorik ezartzen, eta ezin dugu ahaztu emakume pentsiodunek pairatzen duten diskriminazioa zuzentzeko neurririk ere ez dagoela; zaintza-lanak egin dituzten emakumeei, sektore feminizatu eta prekarizatuetan lan egin dutenei eta misieriazko pentsioak jasotzen dituztenei begira”.

GarbiƱe Aranburuk hitza hartu du Bilboko elkarretaratzean.

Pentsiodunen mugimendua pentsio duinen alde borroka eredugarria egiten ari dela nabarmendu du, eta adierazi du gai izaten ari direla asteroko mobilizazio-dinamikari eusteko, konfinamenduan bakarrik gelditu dena. “Langile guztioi dagokigu pentsio publiko duinen alde borrokatzea. Horregatik, sindikatuok eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek eta beste sindikatuek bat egin dugu larunbateko mobilizazioekin”.

IruƱeko mobilizazioa.

Euskal Herrian argi eta garbi agertu dugu 2011ko eta 2013ko erreformen eta bi lan-erreformen aurka gaudela. Pentsioen gaia ere aldarrikapen nagusien artean egon zen, azken greban. “Koronabirusak erabat aldatu ditu gure bizitzak, baina aldaketen alde borrokatzen jarraitzen dugu. Zentzu horretan, larunbatekoa mobilizazio egun garrantzitsua izatea nahi dugu. Eta kalean jarraituko dugu, greba eta mobilizazio berriak etorriko dira, pentsiodunekin batera pentsio publiko duinak borrokatzen jarraitzeko, lan duin baten alde edo kalitatezko zerbitzu publikoen eta zaintza-sistema publiko baten alde”.

Lanuzteak eta mobilizazioak egingo ditugu ekainaren 2an, Aiaraldearen etorkizunaren alde

Datorren ekainaren 2rako lau orduko lanuztea eta mobilizazioak deitu ditugu Aiaraldean euskal gehiengo sindikaletik, eskualdeko hainbat eragile sozialekin batera, “SOS Aiaraldea” leloarekin. Laudion egingo dugu manifestazioa goizez eta Amurrion, arratsaldez.

Hauxe da sindikatuok eta eragileek osatutako manifestua:

– Aiaraldearen egoera kezkagarria da gaur egun, enpresen itxierak, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioak eta eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eraginda. Etorkizunik gabe geratzen ari gara.

– Gaurko ekitaldian aldarrikatu dugun bezala, sareak ehuntzen ari dira eragile sozial, sindikal eta Aiaraldeko hainbat mugimenduren artean (enpresa-batzordeak, euskal gehiengo sindikala, gazteak, mugimendu feminista, pentsiodunak, merkataritza eta ostalaritza, hezkuntza, zerbitzu publikoak… besteak beste). Horregatik, eskualde gisa erantzuteko deia egiten dugu, eta gaur “eskualdeko fronteak” bide berri bati ekiten dio etorkizunari begira.

– Zentzu horretan, lanuztea orain arte egindakoaren pausu handi eta logiko bat da eta etortzear dagoen guztiaren urrats berria. Indar-erakustaldia egingo dugu, eta sektore eta mugimendu horiek guztiak bat eginda mobilizazio-egunean parte hartzeko eta egun horretarako deitutako manifestazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.

– “S.O.S. Aiaraldea” lelopean, 4 orduko lanuztea deitu da ekainaren 2rako (asteazkena), 10:00etatik 14: 00etara, sektore guztietan, saltokietan eta ostalaritzan izan ezik; izan ere, egun horretarako deitutako manifestazioetan negozioak itxiko dituzte eta protesta bisualak egingo dituzte haien erakusleihoetan.

Bi manifestazio izango dira ekainaren 2an:

-Lehenengoa goizeko 11:00etan deitu dute, Laudioko Herriko Plazatik irtenda.

-19:00etan Amurrion izango da bigarren manifestazioa, Amurrioko Herriko Plazatik (Juan de Urrutia Plaza) irtenda.

Aiaraldea larrialdi egoeran dago. Defenda dezagun gure etorkizuna.S.O.S. Aiaraldea!

Euskal presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, hileroko dinamikari jarraiki. Hain zuzen ere, Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.

Eserialdia egin dugu Laudion, Aiaraldearen etorkizunaren alde

Tubacex-eko langileek 100 egun bete dituzte greban, eta, horrekin batera, mobilizazioa egin dute Laudioko kaleetan zehar. Bertan izan da LAB, eskualdeko hainbat eragilerekin eta herritarrekin batera, Tubacex-eko enplegua ez ezik, eskualdearen etorkizuna ere defendatzeko. Erantzuna eredugarria izan da berriro.

Etxebizitza eskubidearen defentsan herri harresia antolatu eta mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Pandemia iritsi baino lehen ere, etxebizitza larrialdiaren testuinguru orokor batean bizi ginen, zaurgarritasun ekonomiko eta soziala areagotzen ari baitzen. 12 urte igaro dira higiezinen burbuilak eta krisiak eztanda egin zuenetik, eta euskal administrazioen borondate politikoa falta izan da, lehen etxebizitza larrialdi izan zena, gaur, egiturazko krisi bilakatzeko. Ordutik, pobrezia arriskua %41,4 igo da. Alokairuen gorakada neurrigabea eta lan eremuarenprekarizazio prozesuaren ondoriozko soldaten eta eros-ahalmenaren galera dela eta, hipoteka ordain ezinak, alokairu ordain ezinetan bilakatu dira.

Etxebizitzaren giza eskubide sozial eta ekonomikoari EAEn (2015ean) eta Nafarroan (2018an) lege-garapena eman bazitzaion ere, eskubidea ez da inon egiaz gauzatu. Etxebizitza parke publikoa handitzeko eta alokairu soziala sustatzeko politika publiko eraginkorrekin etxebizitza larrialdia irauli beharrean, etxebizitza sistema neoliberal harrapariaren merkatu-ondasun egin dute. COVID-19ak zapalkuntza sistemiko hauek azkartu egin ditu.

Azken asteotan berretsi dugun bezala, Euskal Herria ez da inongo oasia. Ehundaka pertsona dira, hirigune zein landa eremu, etxebizitza galtzeko arriskuan aurkitzen direnak hipoteka zein alokairu neurrigabeak ordain ezinagatik; kontratua berritu gabe bukatu zaielako; Azora, Blacstone, Catella, funts putreek erositako babes ofizialeko etxebizitzetan bizi direlako; turistifikazio eta gentrifikazio prozesuek eraginda garestitu egin dituzten etxebizitzetatik kanporatuak direlako.

Era berean, oldarraldi neoliberal honen aurrean, Euskal Herri osoan zehar bizilagun eta langileon arteko babeserako herri antolakuntza areagotzen ari dela ikusten ari gara eta etxebizitza eskubidea defendatzeko aldarria mugimendu sozial ugariren artean zabaltzen.

Sindikalgintzatik eskubide sozialen defentsa irmoa dagokigu egitea. Horregatik LABetik, lehentasunez etxegabetzeen odolustea gelditzeko exijitzen dugu, merkatu libreko alokairuak erregulatu, etxebizitza turistikoei muga jarri, eta parke publikoa handitzea exijitzen ditugu. Etxebizitza estrategikoki jabetza publiko eta komunitariokoa izan behar duela aldarrikatzen dugu.

Horretarako, eremu honetan lanean dabiltzan eragile eta kolektiboekin aliantzak sustatu eta, etxebizitza negozio bilakatu nahi dutenen aurrean, herri harresi handi baten eraikuntzan eskuz esku aritzea dagokigu. Inor etxerik gabe egon ez dadin, langileon arteko elkartasuna sustatu eta antolakuntza espazioak eskaintzea dagokigu. Eta lehentasunez, etxebizitzaren aldeko mobilizazio orotan parte hartuz giza eskubide unibertsal honen aldarria kaleratzea dagokigu. 

Honenbestez, LABetik larunbatean, hilaren 22an, Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera dei egiten dugu. Etxebizitza ez da negozioa! Eskubidea da!

Herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuen lehen hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

LABek azkenengo urteetan ordezkariekin eta afiliazioarekin egindako sektorearen egoeraren hausnarketaren ostean, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar dela uste dugu:

  • Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek hori bermatu behar dute.
  • Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaituak direnean, hau da, gutxienez C1 maila lortzen dutenean. Euskara ikasteko gaur egungo subentzio-sistema gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar zaie herritarrei.
  • Publikoa izan behar da: helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea eta langileak kudeatzea.
  • Kalitatezkoa izan behar da: bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, aitortza eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte. 

Sektorearekiko dagoen abandonu egoera dela eta, LAB lanean ari da herri eraikuntzan estrategikoa den jarduera honi etorkizun duin bat marrazteko borrokatuz. Besteak beste, izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetan dituen afiliatuekin eta ordezkariekin, langile hauek pairatzen duten prekaritatearekin amaitzeko pausuak ematen hasi gara. 

Izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuen langileen egoera eta lan baldintzak oso anitzak dira. HABEren partetik ikas-talde bakoitzeko diru kopuru berdina jaso arren, euskaltegien artean dauden lan baldintzak oso ezberdinak dira;  batzuetan EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen hitzarmena aplikatzen da, beste batzuetan, berriz, estatuko hezkuntza ez arautuko hitzarmena aplikatzen da.

Aurreko hilabetean prentsa bidez jakin genuen izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetako titularrek eta HABEk finantziazio sistema berria adostu dutela langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz. 

Akordio horrek langileen lan baldintzak hobetzeko helburua duela diote, baina gure ustez ez da nahikoa, pribatizazioan sakontzen duelako eta ez duelako euskaltegien sektorea arautzen.

Langileak aldebiko ā€“HABE eta euskaltegi pribatuetako titularrak- negoziaziotik kanpo utzi dituzte; langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi ezta eztabaidarako aukerarik eman ere. Formen aldetik oso larria. Batez ere LABek komunikazio kanal bat irekita izan duelako azken urtean HABErekin, aspaldi eskatu zuelako eztabaidan parte hartzea langileen ordezkari legal garen heinean. Gainera, euskaltegietako hainbat langile (trebatzaileak, idazkariak, informatikariak eta HABEk diruz laguntzen ez dituen jardueratan aritzen direnak) akordiotik kanpo utzi dituzte, eta horrek diskriminazio itzela sor lezake; irakasle kategoria izan arren beste batzuk baino soldata txikiagoa izan dezaketelako.

Administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta egonkortzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasi-egonkortze bat baino ez den arren. Baina, helduen euskalduntzearen sektorea ez dute herri ekimeneko izaera pribatua duten euskaltegiak bakarrik osatzen. Udal euskaltegiek ere errealitate bat dute eta akordio honek sektorearen alde publikoa ez du kontuan hartzen, horrek pribatizazioa bultzatzen du eta publiko-pribatu zatiketan sakontzen du. Gaur egungo datuek berresten dute hemen esaten ari garena: euskaltegi homologatuetan ia 1.200 langile inguru daude egun lanean, udal euskaltegietan 400 langiletara ez direnean heltzen. Beraz, argiki udal euskaltegien geroa kolokan dago euskararen ikaskuntzaren pribatizazioaren aurrean.

HABEk aurkeztu duen diru laguntzak 2 arlotan indarra egiten du; soldatetan eta ordu lektiboetan. 2 alderdi horietan aurrerapauso  nabarmenak ikusten  baditugu ere (300 bat lanordu gehiago egin behar izango baitituzte irakasleek), euskaltegi bakoitzaren esku uzten du neurri hauek aplikatzea, administrazioak diru publikoaren fiskalizaziorako bermerik gabe eta 4 urteetarako aurreikuspenarekin soilik. Sektoreko langileentzat hori ez da nahikoa prekaritatetik irteteko.

Herri ekimeneko Euskaltegi pribatu-homologatuen arduradunek eta HABEk sinatutako akordioa LABek ez du nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak, formakuntza…

Hori dela eta, LABek dei egiten die herri ekimeneko euskaltegi pribatu-homologatuetako titularrei antolatu daitezen, euskaltegietako langileen lan baldintzak arautuko dituen lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deituko baitugu hurrengo maiatzaren 26rako. 

Lan erreforma indargabetzeko presio soziala ezinbestekoa dela berretsi du GarbiƱe Aranburuk

LABeko idazkari nagusi GarbiƱe Aranburu Euskal Telebistako “Egun On Euskadi” saioan izan da, aktualitateko gaiei buruz hitz egiteko. Lan erreformari buruz galdetu diote, besteak beste: “Lan erreforma atzera botatzea oso neurri garrantzitsua litzateke, baina, egia esan, presio sozialik ez badago, Gobernuak ez badu presio sozial hori sentitzen, lan erreforma atzera botatzeko iragarpenak hitz hutsetan geratzeko arriskua du”.

Hain zuzen ere, GarbiƱe Aranburuk adierazi du urtebete pasa dela jada Espainiako Gobernuak EH Bildurekin lan erreforma indargabetzeko konpromisoa hartu zuenetik, eta oraindik mugimendurik ikusi ez dugula nabarmendu du: “CEOE patronala dago horren atzean, eman nahi zaion beto eskubidea dela eta”.

Sindikatuko idazkari nagusiaren hitzetan, “hainbat enpresatan enplegua suntsitzen ari dira, baita norbanakoen enplegu asko ere, behin behinekotasun tasa handiak bermatzen dituelako erreformak. Patronalari esaten diogu langileok ez gaudela hori onartzeko prest. Mobilizazioak eta grebak egin ditugu enpleguaren defentsan, eta bide judiziala amaitzen denean ere mobilizazioak aurrera jarraitzen du”.

Beste hainbat gaien artean, Maiatzaren Lehenean aipatutako greba orokor baten beharrari buruz ere galdetu diote: “Guk egiten dugun irakurketa da aldaketa garaian gaudela, ezinbestekoak direla aldaketak, egungo sistema ezin baita sozialki eta ekonomikoki sostengatu. Enpleguaren defentsan, lan duinaren alde, zerbitzu publikoen defentsa, zaintza sistema publikoaren aldarria, pentsio duinen alde… badaude borroka sozial asko piztuta, eta iritsi da garaia borroka horiek bateratu eta beste urrats bat emateko”. GarbiƱe Aranbururen esanetan, datorren kurtsora begirako greba orokorrak mugarri bat izan behar du, eta patronalari eta instituzioei mezu argi bat bidali nahi diegu: “zerbitzu publikoen norabidea aldatu nahi dugu, eta ez dugu onartuko langileok krisi honen ondorioak ordaintzen jarrai dezaten”.