H&M eurak toreatu nahian dabilela salatzeko, Hego Euskal Herriko H&M eta COSeko langileek San Ferminetako entzierroa irudikatu dute 26. greba egunean.
Euskal gazteria kriminalizatzeko Jaurlaritzak daraman politikaren baitan kokatzen dugu Ernairen kontrako jazarpena
Eusko Jaurlaritzak, Ernairen mezuak delitu gorrotoa izan ote diren ikertzeko eskatu dio fiskaltzari, Ernaiko kide batzuek epaitegietara bidean jarri nahian. LABetik irmoki salatzen dugun erabakia da eta gure babes osoa adierazi eta gure elkartasuna helarazten diogu Ernairi. Guzti hau euskal gazteria kriminalizatzeko gobernu honek daraman politikaren baitan ulertu behar da.
Hemen sakonean dagoen arazoa gazteen egoera da. Gazteek bizi duten egoera jasanezin bilakatzen ari da, larrialdi egoeran daude Ernaik berak salatu duen moduan. Inoiz baina prestatuagoa dagoen gazteriak etorkizun iluna du, hirutik bat langabezian dago, miseriazko soldatak dituzte edota etxebizitzarako eskubidea urratzen zaie.
Elite ekonomikoen mesedetan gobernatzen duen Jaurlaritzak, patronalari alfonbra gorria jartzen dio prekarizazioan sakontzen jarraitzeko. Botere legegilea, judiziala eta polizia, guztia erabili nahi da patronalaren interesak zaintzeko.
Aldiz, patronala zigorgabe geratzen da. Jaurlaritza honi ez diogu oraingoan erakusten ari den gogo edo berotasun bera atzeman patronalaren aurrean, esaterako, langileen bizitzak salbatzeko. Prekarietatea eta prebentzio neurriak ez betetzeak ekidin zitezkeen hainbat lan heriotza sortzen ditu eta horien aurrean beste aldera begiratzen duen Jaurlaritza, pintaketa batzuk asaldatu egin dutela dirudi.
Gobernu honek ez du irtenbide duinik gazteentzat. Enplegua defendatzen ari direnentzat ere ez. Ez dago enplegu politika publikorik, zerbitzu publikoak indartzeko apusturik egiten ez duen bezalaxe.
Herritarrei, gazte, pentsionista, langile, emakumeei bizitza duina bermatu ordez, protesta sindikal eta sozial oro ezabatzeko asmoa du Jaurlaritzak eta oldarkor eta neurri gabeko indarra erabiliz ikusi dugu Ertzantza azken aste hauetan sindikalisten edota gazteen aurka. Ezin ahaztu orain dela aste batzuk Espainiako Kongresuan greba eskubidea mugatu eta piketeen lana are gehiago zailtzeko saiakera egin zuela.
Herri honetan gehiengo sindikal eta soziala da eraldaketa sozialaren eta aldaketa politikoen aldeko apustu sendoa egin duena, hainbat dira zabalik dauden dinamika sindikal eta sozialak. Etorriko dira greba eta mobilizazio berriak eta horrelako urrats errepresiboek ez dute lortuko gure bidetik ateratzea.
“Ez naiz 1.000 eurora ere ailegatzen, Glovorentzat 60 ordu lan eginez”
Klemen Glovoko langilea da. Nahiz eta Glovok ez duen halakorik onartu nahi. Baina argi dago izan, badela. Eta gisa horretan, astean 60 orduz egiten du lan, inolako atseden-egunik gabe, Glovoren algoritmo esklabistaren presiopean etxez etxeko banaketa egiten. Eta gastuak kenduta, ez da ailegatzen hileko 1.000 euro garbira ere. Bata bertzearen atzetik ari dira Glovoren aurkako epaiak erortzen, motxila horia hartu zuen lehenbiziko egunetik Klemenek bazekiena berresten dutenak. Bera eta bere lankideak autonomo faltsuak direla. Eta, benetan, Glovorekin lan harremana dutela. Baina kapitalismo digitala analogikoa bezain zorrotza da. Eta, beraz, borrokan jarraitu behar da. Klemenen kasuan, Glovon sortu duten LABeko sail sindikalaren bidez.
Klemen Celestinorekin eta Berta Garcia LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko kidearekin batera aztertu ditugu Glovoren aurkako epaien ondorioak, Rider Lege eskasa eta lan-baldintza duinen alde borrokatzeko antolatzeak duen garrantzia.
“Salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko”
Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren alde greba egitea eta lan eta bizi baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langile epaitu dituzte Bilbon, eta sindikatuok elkarretaratzera deitu dugu epaitegien aurrean, langileen eskubideak defendatzea inoiz ez dela delitua aldarrikatzeko. LABeko Industria Federazioko kide Iratxe Azkuek hartu du hitza, bertan.
Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuak, guztira 15 langile inputatu dituzte, baina horietako 8 absolbitu egin dituzte. Honetaz gain, hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako.
Sindikatuok mobilizazioa egin dugu, “Langileen eskubideak defendatzea ez da inoiz izango delitua” lemarekin eta salatu dugu akusazio horien guztien atzean dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne): grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote.
Argi eta garbi aditzera eman dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori instituzioen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Greba egun baten ondoren, Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu genuen sindikatuok indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu genuen prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, 7 inputatu ditugu.
Halaber, adierazi dugu ez ditugula ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekaritatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako.
Bizkaiko metala ez da salbuespen bat, ordea. Azken hilabeteotan ere langile borrokalarien aurka poliziak izandako jarrera salagarria Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka; besteak beste, ITP-PCB aurrean langileok jasandako erasoa. Borroka hortatik, hain zuzen, langile bat deitu dute deklaratzera ekainean. Berriro ere langile borrokalariak zigortu nahi dituzte. Parlamentuaren aurrean eta enpresa aurretik iritsi zaizkigun Tubacexeko langileekiko oldarraldia; borroka hortatik 3 langilek deklaratu dute epaitegietan jada eta beste bi herritar deitu dituzte ekainerako.
Langileen eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.
Giza katea egingo dugu ekainaren 4an Donostian, euskal presoen eskubideen defentsan
Euskal gehiengo sindikaleko ordezkariok agerraldia egin dugu Saguesen, ekainaren 4an Saguesetik bertatik (11:30) irtengo den giza katearen berri emateko, Sare herri plataformaren Izan Bidea dinamikarekin bat. Era berean, Beasaingo CAFen hitzaldia egingo dugu, presoek baldintzapeko askatasun eskuratzean eta baita askatasuna berreskuratzean ere lan mundura txertatzeko duten beharrizanaren garrantziaz hitz egiteko.
Hain zuzen ere, Izan Bidea dinamika martxan dagoenetik, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze- zabalean. Herriz herri garatzen ari den dinamika hau lantokietara ere eraman nahi dugu, langileok ere hasitako bide honi gure hauspoa eman diezaiogun. Izan ere, sindikatuok denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Egun, bide bat hasia dagoela esan dezakegu, azken hilabeteetan ematen ari diren aldaketak direla eta. Aldaketa horiek, ordea, bai jendarte aktibazioari eta baita alderdi, sindikatu eta instituzioen akordio eta batasunari esker abiatu dira, eta muturrera eraman eta bai urrunketarekin, baita gradu progresioaren blokeoarekin ere amaitzeko, ezinbestekoa dela uste dugu akordio eta aktibazio bide hori garatzen jarraitzea.
Horregatik, eta elkarlan eta aktibazio hori lantokietara eramateko, datorren maiatzaren 28an, CAF enpresan aspaldian hasia duten dinamikara batuz, Joseba Azkarraga eta CAFeko kide baten parte-hartzearekin, presoen egoera eta hasitako bidearen inguruko hitzaldia antolatu dugu, lan eremutik egin daitekeen ekarpenaz hausnartzeko. Zentzu honetan, presoek garatu beharreko etxeratze prozesuan fokoa jarriaz, eta graduen progresioa horretarako klabea izanik, presoek baldintzapeko askatasun eskuratzean eta baita askatasuna berreskuratzean ere lan mundura txertatzeko duten beharrizanaren garrantziaz jardungo gara, prozesu horretan laguntzaile izateko asmoz. Hitzaldia 11:00etan izango da, Beasaingo amiantoaren plazan.
Honekin batera, iragarri nahi dugu ere, datorren ekainaren 4an, 11:30ean, Donostian, Saguesetik abiatuta, deialdi zabaleko mobilizazioa antolatu dugula, eta langile eta herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diegu. Denok izan behar dugulako bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiekin, etxera bueltako errepide bilaka daitezen.
Beste greba egun bat egin dugu Arabako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan
Maiatzaren 12an eta 19an egin bezala, Arabako helduen egoitzetan beste greba egun bat izan dugu, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta.
BBVAn aurreikusitako kaleratzeen aurka mobilizatu gara
Greba egin dugu BBVAn, estatu mailan 3.798 langile kaleratu nahi dituen Enplegu Erregulazioko Espedientearen kontra. Hego Euskal Herrian, LAB, ELA eta CGTk deituta, mobilizazioak egin ditugu hiriburuetan.
Herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuetako langileen lan-baldintzak arautzeko lehen urratsa eman dugu
LABek alde guztiei Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) mahaira etortzeko deia egin ondoren, herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuetako langileen lan baldintzak arautzeko lehen urratsa eman dugu. Mahai negoziatzailea eratu ez den arren, LABek positibo baloratzen du gaur emandako lehenengo pausu hori. Alde guztiok helduen euskalduntzearen sektorea duindu, indartu eta egonkortu behar dela aitortu dugu eta horren ondorioz sektore osoko langileen lan baldintzak arautu eta homogeneizatuko dituen lan hitzarmenaren beharra ikusi dugu.
Bertaratutako euskaltegien ordezkarien aldetik, beharrezko egitura juridikoa nola osatu aztertzekotan geratu dira mahai negoziatzailea berme guztiekin osatze aldera.
Harremanak ez dira hemen amaitu eta laster beste mahai batean biltzeko konpromisoa hartu dugu alde guztiok.
Bitarte horretan LABek lanean jarraituko du helduen euskalduntzea unibertsala,doakoa, publikoa eta kalitatekoa izateko eta langileen lan baldintzak duinak izateko.
Salatu dugu azkenean PSNk eta Geroa Baik erabaki dutela gure sindikatua Nafarroako Kontratazio Publikorako Batzordetik kanpo uztea
Joan den martxoaren 24an LAB sindikatuak publikoki salatu zuen Geroa Baik eta PSNk Erregimeneko urteetako irizpide baztertzailea berreskuratu zutela sindikatu hau Kontratazio Publikorako Batzordetik kanpo uzteko. LABek iragarri zuen, halaber, alderdi politikoekin biltzeko eskatuko zuela, lehenbailehen amaitutzat eman zezaten apartheid sindikala, eta Kontratu Publikoen Legea benetan bete zedin. Hala ere, PSNko eta Geroa Bai ko ordezkariekin bildu eta gero -Podemos-Ahal Duguk ez zion erantzun bilkura-eskaerari—, Nafarroako Gobernuan bazkide diren bi alderdi horiek berretsi dute LAB sindikatuaren bazterketari eusteko erabakia.
Garai hartan salatu genuen gisara, erabaki hori oso larria da. Alde batetik, ikuspuntu demokratikotik, egungo Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdiek (PSN eta Geroa Bai) pribilegio-egoera ezarri dute berriz ere, CCOO eta UGT sindikatuendako erreserbaturiko parte-hartze instituzional baten bidez; gogoratzekoa da, gainera, CCOO eta UGT batuta ez direla Nafarroako ordezkaritza sindikalaren erdira ere ailegatzen. Bertzetik, bi alderdien borondate politikoa erakutsi du erabakiak, enpresei mesede egin baina milaka langile kaltetzen duen egungo eskema hausten duten aldaketak eragoztekoa.
Eragile sindikalen, sozialen eta politikoen mobilizazioak eta gehiengo sozialaren aktibazioak lortu zuen 2015etik aurrera bukatzea diru publiko itxurako pribilegio haiek eta hainbat kolektibo eta gizarte sektore zabalak alde batera uzten zituen parte-hartze baztertzailea. Bertze modu batez erranda, borrokak lortu zuen garaiak aldatzen joatea. Hala ere, PSN, CCOO eta UGT ez dira aldatu; are gehiago, ez dute ezer aldatzea nahi. Eta, gainera, zoritxarrez, Geroa Baik atzera egin du haiekin.

