Mahai negoziatzailea osatzen dugun sindikatuok (LAB, ELA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dugu, Arabako Garraioaren Elkartearen egoitzaren aurrean, patronalari negoziaziora itzul dadin exijitzeko.
Manifestaziora deitu dugu Olaztin, Quesos La Vasco Navarran hitzarmen duin bat aldarrikatzeko
La Vasco Navarra enpresan gehiengo sindikala osatzen dugunok komunikabideak deitu nahi ditugu Olaztin larunbat honetan ekainak 5, eguerdiko 12:00etan, egingo dugun manifestaziora. Manifestazioa Olaztiko plazan hasi eta enpresaren aurrean bukatuko da.
Martxa honekin mobilizazio dinamika bati hemango diogu hasiera, larunbatean manifestazioa, eta datorren astean ekainaren 10ean bi orduko lanuzteekin hasiko gara arratsaldeko txandan, ondoren ekainaren 11ean bi orduko lanuztea egingo dugu goizeko eta gaueko txandan. Ekaina osoan zehar lanuzteak deitu ditugu astelehen eta ostegunetarako.
Dinamika honen arrazoia lan hitzarmen duin baten aldeko negoziaketen blokeoari aurre egitea da. La Vasco Navarra enpresa, enpresa errentagarria da, azken hamar urteak irabaziekin amaitu duen empresa alegia. Esate baterako 2019an, 950.000€ ko irabaziak izan zituen. 2019. eta 2018. urteetan 140.000 € -ko irabaziak banatu dituzte bazkideen artean. 2020Ko datuak oraindik ez ditugu, baina pandemia garai hauetan lan erritmoak kontutan izaten baditugu eta ABLE bidez eginiko kontratazioen igoera, argi geratzen zaigu egoerak obera egin duela.
Egoera honetan enpresak erabaki du gure aldarrikapenik ez onartzea, aldarrikapen hauek enpresa batzorde guztiak (LAB 2, CCOO 1, ELA 1 y UGT 1) aukeztu genituen langileen gehiengoak babestu ostean. Hala ere, ELA eta UGT dinamikatik jauzi izanak atsekabetzen gaitu, hala ere, borrokara gehitzeko ateak zabalik dituzte.
Enpresak azkeneko proposamen bat egin zigun, %1,75eko igoera proposatu zuen soilik nominan hitzarmen estatalari eragiten ziena. Beraz hitzarmen estatalean agertzen ez diren kontzeptuei ez die eragiten proposamenak, are gehiago, kontzeptu hauek absorbitzeko aukera aurreikusten zuen proposamenak. Aurkeztu zituzten beste hobekuntza batzuk, lotuak daude absentismoa edo produktibitatea bezalako kontzeptuei.
Egoera honek uzten duen errealitatea hau da: enpresako langile gehienek 1000€ inguruko soldata netoa dute eta 1770 ordu lan egiten dituzte urtean. Beste alde batetik, hizarmenaren gainetik kobratzen ari diren pertsonak euren komplementuak absorbitzen direla ikusten dute inongo obekuntza izango duten espektatibarik gabe.
Langileon eskaeren aurrea, enpresak, enpresa hitzarmenetik erortzea erabaki du eta lan hitzarmen estatala aplikatzen hasi da honek dakarren lan eskubideen kalte guztiarekin
Enpresak langileak erasotzea erabaki du bere posizioa mantendu asmoz, lan baldintzak kaxkartzen jarraitu nahi du, negozioa ahalik eta gehien esplotatzeko asmoz eta akziodunek euren irabaziak banatzen jarrai dezaten.
Prentsa ohar hau sinatzen dugun sindikatuentzat guztiz onartezina da, langileei eta zonaldeari esker irabaziak dituen empresa honek aberastasuna modu justuan banatu nahi ez izatea, langileentzat eta zonaldearentzat onuragarri izan daitekeen banaketa. Beraz ohar hau sinatzen dugun sindikatuok borrokarako hautua egiten dugu, enpresaren txantailari aurre egiteko eta langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz. Horregatik, langileei ez ezik eskualde osoari dei egiten diegu helburu hauekin egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
Aldi berean UGT eta ELA sindikatuak euren posizioa berraztertzera eta dinamika honekin bat egitera deitzen ditugu. Batasuna baita langileok dugun tresna garrantzitsuena empresan bizi den egoerari buelta emateko.
Sektore feminizatuetan prekaritatea kronifikatu egin dela ohartarazi du Idazkaritza Feministak
Orain dela urtebete osasun krisi batek gure bizitzak astindu zituen, bizitza versus kapital gatazka ageriago utziz. Argi gelditu da bizitzak zeintzuk eta zein baldintzetan sostengatzen ditugun. Baina, nahiz eta ezinbestekoak garen, berez txarrak ziren lan baldintzak ez dira hobetu. Prekaritatea kronifikatu egin da sektore feminizatuetan.
Horregatik, bizitzak erdigunean jartzen duen gure ildo feminista ezinbestekoa da. Zaintza lanen egoera irauli behar dugu, emakume* langileon lan baldintzak salatu eta borrokatu behar ditugu, sektore feminizatuak lehen lerrora ekarriz. Eta norabide honetan kokatzen dugu etxeko langileen lan baldintzen aldeko borroka.
Beraz, esan dezakegu kurtso korapilotsu honetan, aurrera egiten jarraitu dugula, eta honen guztiaren berri jaso dugu LABen BULETIN MOREAn. Idazkaritza Feministaren buletinaren bigarren zenbakia da honako hau. Lehenengoa, hemen irakurgai.
Prekaritate eta langabezia tasak oso altuak dira
Txertaketak aurrera egin ahala eta murrizketak murriztu ahala, jarduera-erritmoa berreskuratzen ari da, batez ere mugikortasun-mugek gehien eragiten dieten sektoreetan. Hori guztia kontuan hartuta, eta maiatzean udako kanpaina hastearekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazioak gora egin du, eta, ondorioz, langabezia jaitsi egin da.
Hala ere, Enplegu Zerbitzu Publikoek zabaldutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 161.178 langabe daude oraindik, hau da, pandemiaren hasieran baino ia 10.000 gehiago. Gainera, beste 28.267 pertsona daude lan-erregulazioko egoeran.
Nolanahi ere, krisiaren unerik latzenak gainditu ondoren, komeni da arreta-gunea lan-merkatuak azken hamarkadetan izan dituen eta langile-klaseak jasaten dituen arazoetan jartzea.
Lehenik eta behin, langabezia-tasa handia aipatu behar dugu, Europar Batasuneko bi estatutan baino ez baita gainditzen: Espainiakoan eta Italiakoan. Bereziki larria eta kezkagarria da gazteen egoera, %37tik gorako langabezia-tasarekin ia hirukoiztu egiten baita Europar Batasuneko batezbestekoa.
Era berean, prekaritatearen Europako rankingaren buruan gaude, baina azken lau hamarkadetan onartutako erreformek ez dute lagundu lan-segmentazioa eta aldi baterako kontratazioaren abusua murrizten. Hori horrela, sinatutako aldi baterako kontratuen bolumenak kontratazio osoaren %90etik gorako mailan geldituta jarraitzen du.
Era berean, langabeziagatiko babes-sistemaren estaldura-maila txikiak aipatu behar dira. Zehazki, ofizialki langabezian dauden hiru pertsonatik batek soilik jasotzen du langabezia-prestazioren bat.
Egoera horri buelta ematen hasteko, azken lan-erreforma indargabetu beharko da; baina horrek ez du esan nahi neurri hori nahikoa denik, helburua ez baita aurreko egoerara itzultzea.
Nolanahi ere, argi dago enplegua sortzea eta prekaritatea amaitzea ez direla propaganda instituzionalerako tresna gisa sortutako enplegu-planen eskutik etorriko, eta are gutxiago laneko protesten aurkako polizia-errepresioa areagotzetik.
Ikerketa egiteko eskatu diogu Osasunbideari hemoderibatuak zeramatzan gaztearen lan heriotzaren gorabeherak argi ditzan
Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aurrean, erakunde horrek azpikontratatutako langile batek izandako lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, azpikontratazioak prekaritatea sortzen duela salatu dugu.
Osasunbideak badu egitura eta baliabide nahikorik osasungintzarekin lotura duten zerbitzu guztiak kalitatez emateko. Azpikontratazioak ondorio latzak ditu, eta Osasunbidea da erantzulea, kasu honetan.
Aurten, gutxienez, 24 langile hil dira jada lanean Euskal Herrian. Sarraskiak ez du etenik.
Iragan maiatzaren 17an Erriberrin gazte bat hil zen auto istripu batean. Gazte hura, une hartan, hemoderibatuak garraiatzen ari zen Nafarroako Ospitaleguneko odol bankutik Tuterako odol bankura. Alegia, Osasunbidearendako lanean ari zen, azpikontrataturiko enpresa baten bidez. Horregatik, LAB sindikatuak Osasunbideko langile batzordearen segurtasun eta osasun bileran eskatu du Erriberriko istripua lan istripu gisa aitortzeko eta bere inguruko gorabehera guztiak argitzeko.
Hain zuzen ere, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñean, Osasunbidearen egoitzaren aitzinean, Erriberriko lan heriotza salatzeko. Lehenik eta behin, sindikatuek salatu dute ez azpikontrataturiko enpresak ez Osasunbideak ez dutela Erriberriko heriotzari buruzko inolako informaziorik eman.
Erriberriko istripuan lanean aritu ziren su-hiltzaileek bertan aurkitu zuten odol garraiatua Iruñeko odol bankura eraman zutelarik, orduantxe jabetu zen bertan lan egiten duen LABeko afiliatu bat istripu hura lan istripua zela. Sindikatuari abisua eman zion, eta erakundeei informazioa eskatzen hasi ginen orduan. Aitzitik, gauza handirik ez dugu oraingoz lortu. Informazio falta hori dela eta, LABek eta bertze sindikatuek ikerketa bat egiteko eta istripua gertatu zeneko inguruabarrak argitzeko eskatzen dugu, bai eta langileak garraio enpresa esleipendunarekin duen kontratu-harremana eta haren lan-baldintzak, ibilgailuaren jabetza eta hark hemoderibatuak garraiatzeko baldintzak betetzen ote zituen eta bidaiatzen zuen ibilbidea egokiena ote zen argitzeko ere.
Osasunbideak ezin ditu zerbitzuak azpikontratatu -kasu honetan hemoderibatuen garraioa- eta gero horiek egiteko baldintzak ahaztu, esleipenak irizpide ekonomikoetan soilik oinarrituta, beste alderdi soziolaboral batzuk kontuan hartu gabe, eta beharrezko kontrolak egin behar ditu zerbitzuak lan-baldintza duinetan egiten direla bermatzeko.
Horregatik sindikatuok eskatzen dugu ikerketa bat egitea eta garraio enpresa esleipendunak eta Osasunbideak beren gain har dezatela heriotza honen aurrean dagokien erantzukizuna.
Osasunbideak beharrezko egitura eta baliabideak ditu -eta ez balitu, izan beharko lituzke-zerbitzu horiek zuzenean kudeatzeko, eta kalitatezko osasun-zerbitzua bermatzeko. Horregatik, Osasunbideak azpikontrataturiko zerbitzuak barneratzea eskatzen dugu, langileen lan-baldintzak prekarizatzearen kontura etekinak handitzea baino bilatzen ez duten enpresak, behingoz, osasungintzatik desargertzeko. Prekaritatearen ondorioak oso latzak baitira, kasu honetan bezala, langile baten heriotza izateraino.
“Elkartasuna gara, batasuna gara, borroka nekaezina gara”
Hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalek, LABek barne, lau orduko lan uzteak eta mobilizazioak antolatu ditugu Aiaraldean, “SOS Aiaraldea” leloarekin. Eskualdearen etorkizunaren defentsan irmo borrokatzen jarraituko dugula berretsi dugu, Laudion goizean egindako manifestazioan.
Aiaraldearen egoera kezkagarria da gaur egun, enpresen itxierak, kaleratzeak, lan-baldintzen prekarizazioak eta eskualde honen aldeko apustu argi eta irmoaren konpromiso instituzional ezak eraginda. Etorkizunik gabe geratzen ari da.
Sareak ehuntzen ari gara eragile sindikal, sozial eta Aiaraldeko hainbat mugimenduren artean; enpresa-batzordeak, euskal gehiengo sindikala, gazteak, mugimendu feminista, pentsiodunak, merkataritza eta ostalaritza, hezkuntza, zerbitzu publikoak… Hauen guztien izenean, eskualde gisa erantzuteko deia egin dugu gaurko mobilizazio egunarekin. “Eredu gara kaleak pausoz bete eta gure aldarrikapenekin laguntzen ditugunean, antolatzen garenean eta lagunei sostengua ematen diegunean. Elkartasuna gara, batasuna gara, borroka nekaezina gara”, adierazi zute Laudioko manifestazioaren bukaeran.
Beste greba egun bat egin dugu Arabako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan
Maiatzeko asteazkenetan egin bezala, Arabako helduen egoitzetan beste greba egun bat izan dugu ekainaren etorrerarekin, hitzarmen duin baten defentsan, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta.
Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzea ez dela delitua nabarmendu dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean
2020ko urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean, langile asko identifikatuak, mehatxatuak eta erasotuak izan ziren. Horietako batzuk isunak jaso dituzte eta, zehazki, Gasteizen, pertsona batek 18 hilabeteko akusazio penala jaso du. Epaiketa gaur izan da, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok mobilizazioa egin dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, “Lan, pentsio, bizitza duina aldarrikatzea ez da delitua” leloarekin, auzipetua babestu eta borrokaren kriminalizazioa salatzeko.
Sexu langileak dira beraien bizitzen protagonistak
Gure helburua sexu langileen ahots propioa entzutea izan da, etenik gabe, kuestionamendurik gabe, ikasteko asmoarekin eta subjektu politiko gisa aitortuz, haien bizitzen jabe eta agentzia duten subjektu diren aldetik. Honek LAB, gaur, lan merkatuak ezkutatzen digun eguneroko errealitatetik gertuago jartzen gaitu, bizitza erasotzen duen sistema honen kontrako borroka guztion artean egin behar dugula ulertuz, izan ere, langileak denok gara. Gure abiapuntua argi da: sexu langileak dira beraien bizitzen protagonistak, horregatik beraien ahotsa entzutea ezinbestekoa da.
Zentzu honetan, gaur, ekainak 2, Sexu Langilen Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, Putas en Lucha erakundeko kide Carolina Clementeren lekukotasuna jaso dugu.






