2026-01-23
Blog Page 420

Akordiorik gabe amaitu da Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxean EEEa negoziatzeko kontsulta-epea

Amaitu da Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxeko EEEa negozitzatzeko kontsulta-aldia; lau bilera egin ostean, zentroko titularrek ez dute Ikastetxearen itxiera justifikatzen duten arrazoi ekonomikoak frogatu.

Bilboko Hijas de la Cruz itunpeko ikastetxeko arduradunek urtarrilean jakitera eman zutenez, 2021eko abuztuaren 31n ikastetxea itxiko dute, 162 urteko jardueraren ondoren, eta 200 familia inguru eta 41 langile kalean utzita. Azken 10 urteetan matrikulazioak behera egin duela eta horren ondorioz galera ekonomikoak dituztela argudiatu dute.

Kontsulta aldian, titularrek aitortu duten bezala, 2020ko abenduaren 1ean hartu zuten ikastetxea ixteko erabakia. Erabakia hartzeko arrazoia ez da oinarritu txosten tekniko ekonomiko batean edo matrikulazioko datuetan. Kontsulta-aldian argi geratu denez, lehenik eta behin, ekonomiaz bestelako arrazoiengatik hartu zen erabakia, eta, gero, ad hoc justifikazio bat egin zuten. Harrigarria bada ere, EAEko Hezkuntza Sailak ikastetxe osoaren itxiera onartu zuen Hijas de la Cruzen jabeek itxiera justifikatzen zuen txostenik aurkeztu gabe.

LAB sindikatutik aipatutako egoera gogor salatu nahi dugu. Itundutako Hijas de la Cruzeko titularrek inolako justifikaziorik gabe ikastetxea itxi eta 41 langile kaleratzen dituzten bitartean, Bilboko Alde Zaharrean alternatibak proposatu bazizkioten ere, espazio eta hezkuntza-eskaintza faltagatik, Eusko Jaurlaritzak enplegua suntsitzea onartu eta auzoko hezkuntza- komunitatearen beharrak baztertzea ahalbidetu du.

Gure dinamika indartuko dugu Arabako metalgintzan lan-baldintza duinak lortzeko

Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da atzo. SEAk bere plataforma berria aurkeztu du, baina oso urrun gelditzen da sektorearen beharretatik. Hori dela eta, LABek bere dinamika indartuko du enpresetan eta sektorean metaleko hitzarmenenean lan baldintza duinak lortzeko.

Azken bileran adostu bezala, sindikatuok gure plataforma berrituak aurkeztu genituen apirilaren bukaeran. Atzo, SEAk horiei erantzuna eman behar zienez, bere plataforma berritua ere ekarri du. Hala ere, patronalaren plataforman ez da inolako aurrepausurik egon. Oso-oso urrun dago sektoreak dituen beharretatik eta ez die erantzuten sektorean dauden gai nagusiei:

– soldata igoerak eskasak dira, urte bakoitzean %1.

– ez du lanaldia jaisten, inguruko altuena izanda ere.

– ez du azpikontratetako langileen subrogazioa jasotzen.

– ez du ebentualitatea mugatzen.

– ez du borrokatzen iruzurra kontratazioetan.

– ez du baimenak hobetzen, kontziliazioa eta erantzunkidetasuna errazteko.

– ez du inolako neurririk jasotzen lan osasuna hobetzeko, ezta bajan egonda soldata ez galtzeko ere.

– konpromiso errealik ez du hartzen emakumeen diskriminazioa eta soldata arrakala ezabatzeko eta beraien kontratazioa handitzeko.

– Praktikak eta formazio duala duintzeko ezer ere ez…

Gauzak horrela, LABek bere dinamika berrindartuko du enpresetan eta poligonoetan Arabako metalgintzan lan-baldintzak duinak lortzeko. Gure ustez, ezinbestekoa da langileen aktibazioa hitzarmen duin bat eskuratzeko eta horregatik, dinamikaneta ekimenetan parte hartzera animatzen ditugu.

Sokoa enpresako zuzendaritzaren soldata politika eta diskurtso bikoitza salatu ditugu

Ekainaren 26an, Hendaiako Sokoa enpresako akziodunen biltzar nagusia izango da, eta, horren harira, azken urte hauetan zuzendaritzak duen diskurtso bikoitza eta ezarri duen soldata politika salatu dugu, biltzarraren atarian egindako agerraldi batean.

Hain zuzen ere, akziodunak eta oro har jendartea sentsibilizatu nahi ditugu enpresan ematen den akziodunen interesen zein soldata politikaren arteko oreka nola hautsi eta okertu den ikustarazteko. Guk ez ditugu, Administrazio Kontseiluko presidenteak erran bezala, akziodunak langileekiko kontrajartzen, baina eragile guztien interesen arteko oreka justuago bat eman dadin eskatzen dugu.

Eskola jangelak ere hezkuntzaren parte dira!

Bukatu berri den ikasturte gogorrari buruzko balantzea egin dugu eskola jangeletako langileok, eta Gasteizko Gobernuko Hezkuntza Sailari eskatu diogu sindikatuokin lehenbailehen eser dadila, datorren ikasturteko antolaketa adosteko.

Mosaikoak, soldata arrakala salatzeko

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kudeaketako lanpostuak arautzera zigortu du Haurreskolak Partzuergoa, sindikatuari arrazoia emanda #LortuDugu

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko salak Haurreskolak Partzuergo Publikoa kondenatzen du 2018ko martxoaren 6an LAB sindikatuarekin sinaturiko akordioaren lehenengo atala betetzera; beraz, partzialki onartzen du LABek aurkeztutako demanda.

2018ko akordioaren lehenengo artikuluan, jasotzen denaren arabera, “Partzuergoko kudeaketa alorreko lanpostuak arautu beharra ikusita, beharrezkoa deritzogu lanpostu zerrendatan islatzea, beraien funtzioak adostuz. Beraz, gaur egun, kudeaketa arloan dauden lanpostuak, lanpostu zerrendan arautuko dira, funtzioak zehaztuz (…) Lan Eskaintza Publikoaren egutegia eta baldintzak sindikatuekin negoziatuko dira”. Era berean kudeaketako langileen ordezkoen eta barne promozioenaraudiaknegoziatubeharkoziren, adosturikoegutegi,metodologiaetaprozedurabatenbidez.

Alde sozialetik LABek soilik sinatutako 2018ko akordioaren lehenengo artikuluan kudeaketa lanpostuak erregularizazioaren aldeko hautua egin zuen, eta artikulu hau garatze bidean aurreakordioa sinatu zuen 2020an, hau ere LABek soilik. Azken honetan kudeaketako langileen barne sustapenen araudia eta ordezkoen araudia adostu ziren. Haurreskolak Partzuergoak, ordea, ez du bata ez bestea bete, ezta ahaleginik egin ere beste bide batetik adostasunetara heltzeko.

Bitartean, 2019ko otsailean, indarrean dagoen eta barematu beharko den kudeaketako langileen lan-poltsak irekitzeko akordioa lortu zuen LABek, ordezkapenak betetzeko zegoen arazoa konponduz.

2003an sortu zen Haurreskolak Partzuergoa. Ordutik kudeaketako langileen lanpostuen kopurua handitzen joan da inongo erregularizaziorik egin gabe, lanpostuen zerrenda sortu gabe, alegia. LABetik negoziazioaren bidea lehenetsi badugu ere, epaitegietara jotzea baino ez zaigu geratu. Administrazioaren utzikeria, fede txarra eta egin diguten iruzurrak epaitegian bukatu du. Gainera, gai honekiko gainontzeko sindikatuen jarrerak ez du lagundu bidean; gerora mahaietan akordioaren eta aurreakordioaren defentsa egin badute ere, epaiketan ez zirela agertu esan behar dugu.

Orain Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digunez eta oinarriak ezarrita daudenez, ahalik eta lasterren zigorra betetzea eskatzen dugu; LAB sindikatuak enplegua egonkortzeko bidean lehenengo urratsa sortu du. Kontsolidazio prozesua izan dadin ekarpenak egiten jarraituko dugu, eta lan-hitzarmen berriaren negoziazioan langileen baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugu. Era berean, lanpostuen kategoria eta soldaten ekiparazioa gauzatzea eskatuko dugu.

Bide batez, zoriondu egin nahi ditugu kudeaketako lankideak. Bidea luzea izan da eta borrokan jarraituko dugu.

Arabako enpleguaren eta lan-baldintza duinen defentsan mobilizatu gara

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan, Arabako enpleguaren eta lan-baldintza duinen defentsan. Urteko lehen sei hilabete hauetan, langileok kaleak hartu ditugu, bakoitzak bere sektore edo errealitatean oinarrituta, baina guztiok lotura komun batekin: enpleguaren eta lan-baldintzen defentsa.

Beti jakin izan dugu mobilizaziotik eta borroken bateratzetik soilik sortu ahal izango ditugula beharrezko baldintzak indar-korrelazioa aldatzen hasteko, eta aldaketa horrekin, ezinbestean, sistema neoliberal honek gero eta zailtasun gehiago izango dituela bere ekonomia eta enplegu estrategietan.

Estrategia neoliberal hauetan, sistemak kapitalaren interesak lehenetsi ditu eskubide sozial eta laboralen gainetik. Sistemaren diru-goseak ez du mugarik, baldin eta bere posizioak sendotzen badira, pribatizazioak, kaleratzeak, EEEak, hitzarmenetako eskubide-murrizketak, iruzurrezko kontratazioak, emakumeen diskriminazioa, lan-ezbeharrak… emaitza bereziki larriak dituztenak sektore feminizatuenetan, pandemiaren zatirik gogorrena eta horretatik datorren krisi ekonomikoa jasatera behartuta daudenak.

Horregatik guztiagatik, langileek oso ondo ulertzen dute mobilizazioaren eta aktibazioaren garrantzia: Alestis, Aernnova, Tubacex, Tubos Reunidos, Mercedes, Olazabal y Huarte, Osakidetza, Haurreskolak Partzuergoa, lehen hezkuntza, administrazio publikoa, egoitza publiko eta pribatuak, aisialdia, etxez etxeko langileak, garbiketa, Arabako metalgintza, zurgintza… urteko lehen sei hilabete hauetan kalea hartu duten enpresa eta sektoreen zerrenda luzea da, eta kalean jarraitzen dutenak, merkataritza bezala, datorren ekainaren 25ean greba egingo dutenak.

Mobilizazio bakoitzean, erakundeek enpleguaren defentsan inplikaziorik ez dutela salatu dute. Patronalari egindako interpelazioa, hitzarmenak negoziatzeko, EEEak aplikatzeko, lan-baldintzak okertzeko… eta horren arabera, irabaziak handitzeko duen zikoizkeriagatik.

Gaur berriro mobilizatu gara eta behar den bakoitzean kaleak hartzen jarraituko dugu. Esparru guztietan borrokatuko dugu, administrazioei langileriaren aldeko jarrera aktiboa eskatuz, lan-erreformak indargabetzea eskatuz, pentsio bidezkoak aldarrikatuz eta patronalari mezu argia bidaliz: kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkan, bizitza duinen alde mobilizatuko gara.

EUNEIZ unibertsitate pribatuaren aurka mobilizatu gara Gasteizen

Gasteizko Europa Jauregiaren aurrean mobilizatu gara, zenbait sindikatu eta gazte eta ikasle eragilerekin batera, EUNEIZ unibertsitate pribatuaren egitasmoaren aurka eta hezkuntza unibertsitario publikoaren defentsan.