2026-01-27
Blog Page 412

Astelehenetik aurrera greba mugagabea egingo dute Legorretako Prodema enpresan, lanaldi jaitsiera eskatzeko

Legorretako Maderas Mejoradas Industrial (Prodema) egurgintza sektoreko enpresako langileak greba mugagabean hasiko dira uztailaren 26tik aurrera, enpresako hitzarmena lortzeko helburuz. Enpresak hiru ordezkari sindikal ditu, eta hiruak LAB sindikatukoak dira.

Azken bi asteetan hainbat lanuztea egin dituzte Prodemako langileek, 2 eta 4 ordukoak, hitzarmenaren negoziaketan ez aurrera ez atzera zebiltzalako. Lanuzteak erabatekoak izan diren arren, enpresako zuzendaritzak ez ditu langileen aldarriak onartu. Gogoratu behar dugu negoziaketa hasi zenetik urte eta erdi igaro dela.

Langileek lanaldia 8 ordu jaistea eta gaur egun enpresak eguneko 9. lanordua inposatzeko duen malgutasuna arautzea eskatzen dute grebaren bidez. LABentzat lana eta bizitzaren uztartzea erraztea eta lanaren banaketa bidezkoagoa jendarte osoan ditugun lehentasunezko erronkak dira, eta txalogarria da langileak horretarako borrokatzeko prest egotea.

Egunero 6 orduko  greba egingo dute langileek zuzendaritzak bere jarrera aldatu arte, hitzarmen duina lortu arte!

Urteko zortzigarren lan heriotz ez traumatikoa gertatu da Elorrion, AHTaren eraikuntza lanetan

Gaur, uztailak 23, beste lan istripu hilgarri baten berri izan dugu. Atzo, Elorrion, 52 urteko langile bat hil zen, Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanetan zegoela, Iguria  auzoan, bihotzekoak jota. Bertan hil zen. UTE SACYR-CAVOSA-MARIEZCURRENA enpresak azpikontratatutako Sondeos, Inyecciones y Trabajos Especiales enpresako (SITE) langilea zen. Joan den astelehenean, Bizkaian, beste lan heriotz ez traumatiko bat gertatu zen eraikuntza sektorean; Gernikak, kasu honetan.

Azken hildako honekin, gutxienez, 34 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil direnak 2021ean. LAB sindikatutik gure babesa helarazi nahi diegu hildako langilearen senide, lagun eta lankideei. 

Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez dira kasualitatez gertatzen, ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala. Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuetanpean. Lanean jasotzen diren presioa, estresa eta nagusien autoritarismoa giltzarri dira. Bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira aipatutakoak.

Dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak, besteak beste, bilakatu dira lan heriotzen lehen gauzatzaileak. 2020ean, heriotza guztien %25koak izan dira. Aurten, dagoeneko, 8 langile hil dira arrazoi honengatik.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ere, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena.

Azken lan istripu hau salatzeko deituko diren mobilizazioetara dei egiten ditugu langileak eta herritarrak LAB sindikatutik.

Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Gasteizen

Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Gasteizen, Andra Mari Zuriaren plazan.  Azken hamar urteotan Euskal Herrian izan den aldaketaren araberako espetxe-politika berriak premiazkoak direla aldarrikatu dugu elkarretaratzean, eta hau ez dugu LABetik bakarrik esaten, sindikatu gehienek eta hainbat eragilek eta alderdi politikok ere espetxe-legea betetzeko eta aplikatzeko eskatu dute.

14/2021 Dekretuaren baliozkotzeak ez du suposatuko euskal administrazioetan behin-behinean diren milaka langileren lanpostuak kontsolidatzea

Espainiako Diputatuen Kongresuan onartu den araua Euskal Herrian zuzenean inposatuko da eta milaka langileen egoera kolokan jarriko du; urteetan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileen egoera, hain zuzen ere.

Hasiera batean dekretua bertan behera geldituko zela bazirudien ere, Gobernuak egindako azken orduko mugimendu batzuen ondorioz aurrera jarraitzen du administrazio publikoetan behin-behinekotasuna murrizteko gobernuaren egitasmoak. Jatorrizko proposamenean txertatuko diren berrikuntzak guztiz partzialak dira, eta ez dute inolaz ere bitarteko langileek bizi duten egoera sakonean aldatzen. Milaka langilerentzat berebiziko garrantzia duen gaia Kongresuko pasiloetan modu horretan amaitzea etsigarria da erabat. Gainera, lege prozedura batekin jarraitzea adostu da; horrek esan nahi du alderdien arteko negoziazioak ez direla gaur amaitu. Horren haritik, EAJren iritzi aldaketa onartezina dela uste dugu. Euskal gehiengo sindikal zabalak garbi adierazi du arau honekiko bere kontrakotasuna, eta, lehen esan bezala, adostu diren berrikuntzek ez dute egiturazko aldaketarik suposatzen. Era berean, EH Bilduri eskerrak eman nahi dizkiogu dekretu honen tramitazioan erakutsi duen koherentziarengatik.

LAB aspaldi esaten ari da bitarteko langileen egonkortasuna ez dela ez Madrilen ez epaitegietan lortuko. Helburu hori lortzeko mobilizazioetan tinko jarraitu behar dugu, baita negoziazio kolektiboa bultzatzen ere. Kontsolidazio prozesu hauek aurrera eramateko marko propio bat sortu egin behar dugu, eta proposamen horrekin aurrera jarraituko dugu. Ezinbestekoa da tresna legal ezberdinak arautzea, ondoren negoziazio kolektiboaren bidez eremu bakoitzean prozesu hauek adostu daitezen.

Espainiako Gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek ez zuten, akordioa erdietsi zutenean, euskal langile publikoen egoera kontutan hartu. Tamalez, Espainiako Diputatuen Kongresuko gehiengo batek bide berdina jarraitu du. Horren aurrean, LABek kontsolidazio prozesuak egiteko lege propioak aldarrikatzen jarraituko du, behin-behineko langile publikoen egonkortasuna gure lehentasuna delako. Zerbitzu publikoen defentsan eta pribatizazioaren aurrean tinko jarraitu behar dugulako, hain zuzen ere.

Larrialdi zerbitzu bat ezin da egon egunero txandaz kanpo dauden suhiltzaileen borondatearen menpe

Bero garaia heldu da, alerta gorria baso-suteengatik eta Nafarroako suhiltzaile-parkeak berriz ere minimoen azpitik eta langile gaietan kudeatzeko gaitasunik gabe daude.

Larrialdi zerbitzu bat ezin da egon egunero goizeko 8etan txandaz kanpo dauden suhiltzaileen borondatearen menpe, ez eta arduradunak oporretan edo bajan egotearen menpe ere.

Gurea bezalako zerbitzu batek planifikazioa behar du, eta, horretarako, bi aldeak (Nafarroako Gobernua eta sindikatuak) ados jarri behar gara, egunero parke guztietan gutxieneko segurtasun neurriak beteko direla bermatuko duten mekanismoak bilatzeko.

Nafarroako Suhiltzaileak emandako hitza betetzen ari gara, eta LAB SUHILTZAILEAK horretan saiatu da buru-belarri, baina zalantza handiak ditugu Nafarroako Gobernuak borondaterik ote duen langile faltaren arazoa konpontzeko eta kudeaketa hobetzeko mekanismoak negoziatzeko.

Premiazko neurri gisa, egiteke dauden deialdiak bizkortzea eskatzen dugu. Horretarako, datorren urtearen hasieran 2 deialdi elkartzea proposatzen dugu (2021ekoa eta 2022koa).

Sindikatuen aldetik egiten dugun proposamen hau beste hautapen prozesu batzuk oztopatu gabe bete daiteke, ez du birjartze-tasa arriskuan jartzen, eta irtenbide bakarra da etorkizunean berriz gerta ez dadin uda honetan gertatzen ari dena. Erabakia Javier Remirez lehendakariordearen esku dago, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria eta arduradun nagusia den aldetik.

Datorren urteko baso-suteak itzaltzen hasteko unea orain da. Gero, berandu izango da.

Errekurtsoa kentzeko exijitzen diogu, berriro ere, Tubacex-i

Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren eta enpresa-batzordearen arteko gaurko bileraren eta kaleratutako pertsonak birkokatzeko Tubacex-ek egindako proposamenaren aurrean, LAB sindikatuak honako hau adierazi nahi du:

– Berriro lanean hastea, kaleratutako plantilla birkokatuz, borrokaren eta langile eta eskualde oso baten irmotasunaren emaitza da.

Mobilizazioekin eta langileen greba mugagabearekin jarraitzeko apustu argiak ahalbidetu du garaipen hau, eta horrek erakutsi du borroka dela bide bakarra lanpostuak eta lan-baldintza duinak defendatzeko.

– Hala ere, ezin dugu ahaztu enpresak, gaur egun, errekurtsoarekin aurrera jarraitzeko asmoari eusten diola Espainiako Auzitegi Gorenean, eta, beraz, kaleratzeekin aurrera jarraitu nahi duela. Hori dela eta, LABetik Tubacexi errekurtsoa kentzeko eskatzen diogu, eta, era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, gaur egin duen bezala, enpresarekin bitartekaritza egin dezala errekurtso hori behin betiko ken dadin.

Haurreskolak Partzuergoko gerente Zorione Etxezarragaren kargugabetze eskaeran berresten gara

Uztailak 20, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek Haurreskoletako mahai negoziatzailerako hitzordua genuen lan hitzarmenaren negoziazioarekin jarraitzeko eta ikasturte berrirako langileen hornidurari buruz hitz egiteko. Bezperan jakinarazi ziguten ordea, 5. aldiz bertan behera uzteko erabakia Haurreskolak Partzuergoa eta administarazioaren partetik.

Hau horrela, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok hainbat eskaera egin ostean eta erantzun ezaren aurrean, Lakuara bertaratzea erabaki dugu Hezkuntza Sailetik eta Haurreskolak Partzuergotik Haurreskoletako langile eta sindikatuekiko erakusten ari diren errespetu faltarengatik azalpenak eskatzera. Bilera aretoan sartu eta gutxira, inolako azalpen gehiagorik gabe, ostiralerako beste bilera baterako deialdia egiteko asmoa azaldu digute baina gertatutakoaren azalpenak eskatu ondoren eta ia 2 ordu beranduago, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordekokidea den Hezkuntza Saileko sailburuordearekin hitz egitea lortu dugu. Elkarrizketa horretatik, ostiralerako deialdi berriaren gai ordenean moldaketak exijitu eta onartu dizkigute. Ikasturte berrirako giza baliabideen antolaketari buruzko puntua soilik jartzea lortu dugu, haurreskola gehienen azken eguna den honetan 2021/22 ikasturteari dagozkion zehaztapen faltari beharrezko garrantzia eta lehentasuna emanez.

Jokin Bildarratzek hainbestetan azpimarratu duen elkarrizketarako prestutasuna ez du haurreskolekin erakutsi. Hori dela eta, 0-3 zikloarekiko utzikeria, gerentearen noraeza eta familia eta langileekiko errespetu falta salatu nahi ditugu.

Beraz, inoiz baino ageriago geratzen da, Zorione Etxezarraga gerenteak ez dituela bere ardurak eta funtzioak betetzen eta horregatik, berriro ere bere kargugabetzean berresten gara.

Irabazi asmoa duen Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua salatu dugu

Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseilua izan da gaur, eta, sindikatu eta ikasle eta gazte eragileren izenean (LAB, STEILAS, CCOO, ELA, CGT/LKN, EHUko Ikasle Kontseilua eta Ernai), adierazpen bat irakurri dugu Euneiz unibertsitate pribatuaren proiektua salatzeko.

Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek soldata arrakala salatu dute Kursaal aurrean

Gipuzkoako Eraikin eta Lokaletako garbitzaileek soldata arrakala salatu dute Donostian, Jazzaldiaren bezperan. Hain zuzen ere, mosaiko bat itsatsi dute lurrean, Kursaal parean.

Garbitzaileen hitzetan, “egitateak nahi ditugu, soldata-arrakalarekin amaitu nahi dugu eta gure lan-baldintzak hobetu. Herri honetako politikariek behingoz neurriak hartzea nahi dugu, jendarte hau bidezkoagoa izan dadin, benetako politika egin dezaten eta patronalari mesede egiteari utz diezaioten”.