2026-01-22
Blog Page 407

Lan heriotzen arrazoiak ikertzeko eskatzen dugu; lan-baldintzak, erritmoak eta ustiapen ereduak, barne

LAB sindikatutik irmoki salatzen dugu Zambranan (Araba) baso lanetan ari zela gertatu den 38 urtetako langilearen heriotza. Hildakoa Castellongo Contrachapados Archena enpresarentzat ari zen lanean, Arabako Foru Aldundiaren azpikontrata. Azken heriotza honen aurrean, gehiengo sindikalak kontzentrazioa egingo du astezkenean, irailaren 8an, 12:00etan Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, Gasteizko Probintzia plazan.

Azken egunetan hil den hirugarren langilea da gaurkoa, abuztuaren 31n langile bat hil baitzen Iruñeko TRWn istripu ez traumatikoan eta irailaren 4an Gruas Burguiko 54 urtetatako R.L.R. hil zen Berriobeitin makina batek harrapatuta. Dagoeneko basogintza sektorean 6 langile hil dira aurten eta 45 langile dira, gutxienez, urte hasieratik lan istripuz Euskal Herrian hildakoak.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildako langilearen senide eta adiskideei.

Basogintza sektorean ematen ari den istripu tasa izugarriak hausnartzera garamatza. Arrisku altuko jarduera da berez, non makinaria astunaren erabilpena, baldintza klimatikoak, orografiak, etab arrisku nabarmenak sortzen dituen. Egungo basogintza eredu intentsiboak arrisku faktore gehiago sortzen ditu, bideragarritasun ekonomiko eskasak eragindako lan erritmoengatik, makinaria astun ez egokiaren erabileragatik edozein mendi malkarretan, aparteko ordu orokortuengatik, prebentzio planen integrazio ezagatik, etab.

Bereziki larria da egoera izan ere Arabako Foru Aldundia izan da lan horien promotorea eta azpikontrata kate batek eraginda heriotza ekarri du azken kate-begian, langile arruntean, hain zuzen.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia da heriotza berri honen arduradun politikoa. Bere esku dago kontratazio pleguek lan segurtasun arauak betearazteko neurriak izatea, eta hauen kontrola eramatea eta betearaztea. Aldiz, pleguen malgutasunak hainbat azpikontratazio egitea baimendu du azken langile prekarizatuena bizitza galtzera iritsi arte.

Gaurkoan Araban egondako istripuaren arrazoiak ikertzeko eskatzen dugu; lan baldintzak, lan erritmoak, eta kontratazio pleguaren ezaugarriak. Ba al zegoen prebentzio arduradunik bertan? Erantzuleak seinalatu behar dira, politikoak zein teknikoak.

Kezkagarria eta asaldagarria iruditzen zaigu lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte. Lan istripuen gorakada prekarizazio politikaren ondorio zuzena da, baita erakundeek lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere. Lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan istripuek ez lukete zertan gora egin behar.

Instituzioei eta gobernuei beste aldera begiaratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzea exigitzen diegu, sarraski honen aurrean neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditzeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten. Horretarako, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubideen, segurtasunaren eta osasunaren alde. Klase sindikalismoak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.
Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko duen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta Zaldibar Argitu-k borrokan jarraituko dugu gertatu zena jakin eta erantzukizun guztiak argitu arte

Zaldibarko kasuan fiskala eta akusazioak adostasunera iritsi direla jakin berri dugu eta horren aurrean, Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, lehenik eta behin familiari adierazi nahi diogu adostasun batera iristeko familiaren erabakia guztiz errespetatzen eta ulertzen dugula. Urte eta erdi oso gogorrak izan dira beraientzat eta oraindik ere sufritzen jarraitzen dute. Berriro ere elkartasuna adierazi nahi diegu eta argi utzi Zaldibarren gertatutakoa ez ahazteko eta erantzukizunak argitzeko hartutako konpromisoarekin jarraituko dugula.

Baina kasu hau aurrera eraman den modua salatu nahi dugu berriro ere. Uztailean Zaldibar Argitu eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta langileen eskubideen aurkako auzipide honetatik kanpo utzi gintuzten. Orduan salatu genuen inolako arrazoi juridikorik ez zegoela horretarako. Gainera, susmagarria da guztiz herri akusazio gisa kasutik kanpo utzi eta fiskaltzarekin adostasun batera iristea batera gertatu izana. Herri akusazio gisa onartu bagintuzten, ez dakigu zer gertatuko litzateken, baina adostasun batera iristeko akusazio guztiekin hitz egin behar da eta gu herri akusazio izanik gurekin ere adostu beharko lukete. Eta hasieratik hori saihestu nahi izan dutela dirudi.

Gainera, hilabete eskasean epaitegietako kasu bat itxi eta zabortegia bera ere itxi dute. Badirudi denboran ongi antolatuta zegoela dena azkar egitea eta gainera oporraldian. Hau ere zarata gutxi atera nahi denean Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen trikimailua izan ohi da.

Gertatutako ikusirik, salaketa irmoa egin nahi dugu. Herritarron parte hartzea eta egia ezagutzea oztopatzen aritu dira. Baina langilen eskubideen aurkako delituaren auzia laister itxiko den arren, oraindik ere ingurumen delitua egon den epaitzea falta da eta kasu horretan herri akusazio gara. Hasieratik hartu genuen Zaldibarren gertatutakoa argitu eta erantzukizun guztiak, baita politikoak ere, argitzeko konpromisoa. Eta horretan jarraituko dugu, egia jakin eta benetan justizia egin dadin.

Langileak, osasuna eta erantzukizunak ORAIN!

Albiste txarra da epaitegiak ezinbesteko ateak itxi nahi izatea Osakidetzako EPEan gertatutakoa argitzeko

LABentzat ondorio larriak izango lituzkeen akatsa izango litzateke filtrazioen gaia sekretuak jakinaraztearen delitu bakar batera murriztea. Ez dugu konpartitzen elementu diskordante batzuek mundu guztia alde batera utziz jarduten zutenaren ideia. Alderantziz, ziur gaude Osakidetzako zuzendaritza izan dela filtrazioak bermatzeko estrategia eraginkorra diseinatu duena, baita bere inpunitatea ere. Zuzendaritza hori izan da kezko gortinak sortu dituena praktika ustel hori ezkutatzeko.

Gure ustean, EPEaren diseinu eta plangintzak, besteak-beste, jarduera feudal irregularrak iraunarazteko helburua dute, zuzenbidezko estatu batean tokirik ez duten praktikak. Harrigarria da ere zuzendaritzaren inputazioa eskatzen duen akusazioaren alde bakarra LAB izatea.

Eremu publiko eta pribatuaren arteko desberdintasuna ezinbestekoa da. Eremu publikoko kontratazioa berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioetan oinarritu behar da, eta ezein epaimahaik ez luke onartu behar irizpide edo kidetasun pertsonalen zein politikoen arabera taldeak modu irregularrean eratzea.

Instrukzio fasearen helburua gertakariak argitzeko elementuak biltzea da, eta egileak identifikatzea. Hasierako salaketatik hiru urte baino gehiago pasa ostean, argitu beharreko hainbat zalantza daude eta haien artean nabarmentzen da jakinarazi berri den autoan erantzunik eman ez izana EPEari gardentasun-itxura emateko antolaketari, Osakidetzak EPE honen erabateko kontrol geroratua zuen arren.

Epaitegiak gertakariak argitzeko ezinbestekoak diren hainbat ate itxi nahi izatea berri txarra da, dagokion helegitearen bitartez zuzentzen saiatuko garena.

Leioan egingo diogu Patriri herri-agurra

Aste honetan hil da Patri Alvarez, Eskumaldeko LABkide sutsu eta konprometitua, lehen lerroko militantea, ez zen etxean gelditzen den horietakoa. Leioakoa auzokidea zen, eta, sindikatutik aparte, bestelako mugimenduetan ere konprometitu zen, hala nola, mugimendu feministan, hezkuntzaren aldekoan eta Ezker Abertzalean. Azken urteotan pentsiodunen borrokan ere buru-belarri inplikatu zen; batez ere ezkutuan zegoen emakume pentsiodunen egoera ikustarazteko egin zuen lan. Larunbatean, irailaren 4an, egingo diogu herri-agurra. Leioako Ondizeko plazan izango da, 19:00etan.

Irtenbide bat proposatu dugu Nafarroan, suhiltzaile falta larriaren aurrean

Berriro ere, Nafarroako suhiltzaileen LABeko kideok iritzi publikora jo behar dugu, gogorarazteko Nafarroako Suhiltzaileen parkeetako langileak minimoen azpitik daudela. Deialdietan izandako atzerapenak, pandemian sortutako egoerak eta erretiroek egoera kritikora eraman dituzte langileak.

Idatzizko zein ahozko konpromisoa du Javier Ramírez Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak, gure parkeak langile nahikoz hornitzeko, gure lanaren segurtasuna bermatzeko eta gure zerbitzuan urtero egiten diren milaka aparteko orduak bukatu daitezen balioko duten plaza-kopuru bat deitzeko.

Kontseilariari, Barneko zuzendari nagusiari eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Zuzendaritzari berriz helarazi nahi diogun proposamena erraza eta egiteko modukoa da, ez ditu birjartze-tasak kolokan jartzen eta ez ditu oztopatzen Nafarroako Gobernuak planteatutako beste hautaketa-prozesu batzuk.

Proposatzen dugu 2021erako programatutako 30 plazak 2022rako programatutako 30 plazekin elkartzea, 2022ko lehen hiruhilekoan deituko litzatekeen 60 lanpostuko lan-eskaintza publiko baten bidez.

Legegintzaldia aurrera doa eta hitz politetatik ekintzetara pasatzeko unea da, gure ustez; LAB Suhiltzaileok pentsatzen dugu konpromisoak betetzeko daudela. Nafarroako suhiltzaileok gurea bete dugu, eta espero dugu Barneko kontseilaria eta zuzendari nagusia egoerak eskatzen duen mailan egotea, eta haien hitza betetzea. Gure erkidegoko segurtasunaren alde.

Tubos Reunidos-ek aurkeztutako plan industrialak diru publikoz ordaindutako desindustrializazioa eta enplegu suntsiketa dakartza

Trapagaran eta Amurrioko lantegietako enpresa-batzordeek komunikabideen bidez izan dute zuzendaritzaren proposamenaren berri. Honelako errespetuarekin tratatu ditu beti taldeko zuzendaritzak bere langileak.

LABek, aurtengo otsailean, zuzendaritzak SEPIri diru publikoa eskatu zionez, diru hori enplegua suntsitzeko erabiliko zelako kezka adierazi genuen. Horregatik, LAB eta ESKk enplegua eta lan-baldintzak mantentzeko klausula negoziatzeko eskatzen diogu zuzendaritzari. Enpresak uko egin zion horrelako ezer negoziatzeari.

Uztailean, SEPIk 112,8 milioi euroko laguntza publikoa eman zion taldeari. Gaur aurkeztutako plan industrialean gure susmoak eta beldurrak baieztatu egin dira.

Enpresak diru publiko hori erabiliko du enplegua suntsitzeko. Neurri ez traumatikoez hitz egiten du, baina errealitatean diru publikoa erabiliko da, guztiona, lanpostuak suntsitzeko; diru publikoarekin ordainduko diren aurre-erretiroez (26 Productos Tubulares-en kasuan) hitz egiten du, diru publikoarekin ordainduko diren pizgarridun bajez hitz egiten du (hau da, langileek euren eta gainerako herritarren diruarekin ordainduko dituzte beren kalteordainak). Langile horiek guztiak ez dituzte langile berriek ordezkatuko, eta, beraz, enplegu-suntsiketa handia izango da. Enpresak, bere plan industrialean, ez du hitz egiten aldi baterako langileekin zer gertatuko den. Kaleratuko dituztelakoan gaude. Lege-iruzurrean egindako kontratuak dituzten langileak dira.

Bere plan industrialean, Trapagarango eta Nafarroako altzairutegien itxieraz hitz egin du zuzendaritzak, Amurriora eramateko. Bi kasuetan, horrek bi lantegiak erabat ixtea dakar. Gogorarazi nahi dugu zuzendaritza 2018an saiatu zela Trapagarango lantegia ixten, eta langileen borrokak bakarrik lortu zuela itxiera geldiaraztea. Oraingoan, gainera, diru publikoa erabiliko du bi lantegiak ixteko eta, Trapagaranen kasuan, Ezkerraldeko desindustrializazioan sakonduko du, Euskal Herriko eskualde zigortuenetako batean. Nafarroaren kasuan, langileak Amurrioko lantegira lekualdatzeaz hitz egiten du, hau da, zeharkako kaleratzeez.

Beraz, zentzugabekeria eta astakeria iruditzen zaigu planteamendua, eta erakundeei zuzenean galdetzen diegu, eta berriz ere errepikatzen dugu ezin dela diru publikoa erabili enplegua suntsitzeko eta eskualdeak desindustrializatzen jarraitzeko. Plan industrial honetan, zenbat diru jartzen du Tubos Reunidos taldeak? Beste behin ere, gogorarazi nahi dugu zuzendaritzak aurkeztu nahi dituen zenbaki txarrak zuzendaritzak berak sortutako egoeraren ondorio direla; izan ere, langileek ez dugu inoiz erantzukizunik izan, eta, orain, 112,8 milioi euroko saria ematen zaie enplegua suntsitzen jarrai dezaten, pobrezia sortuz, haiek poltsikoak gizentzen dituzten bitartean.

MMI Prodeman akordioa #LortuDugu

Legorretako Maderas Mejoradas Industrial (Prodema) egurgintza sektoreko enpresako langileek bi astetan lanuzteak eta hiru asteko greba egin zuten beraien eskubideak bermatuko dituen hitzarmena lortzeko eta azkenean, lortu dute. Enpresak hiru ordezkari sindikal ditu, eta hiruak LAB sindikatukoak dira.

Proposamen ezberdinak eginez eta enpresarekin edukitako hartu emanak eta gero gaur aurreakordioa lortu dute, eta goizean bertan langileek ontzat eman dute.

Borrokaren bidez beraien eskaerak eta eskubideak jasotzen dituen hitzarmena lortu dute: KPIaren gaineko soldata igoerekin, baimenetan berrikuntzak…

Enpleguaren egoerak mobilizazioetan sakontzea eskatzen du

Azken hilabeteetan bezala langabeziak beheranzko joerari eutsiko ziolakoan bageunden ere, abuztuko datuek langabeziaren igoera erakutsi digute. Nafarroa izan da langabezia txikiagoa zenbatu duen herrialde bakarra, baina beste herrialde guztien baturarekin Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin du abuztuan. Udako denboraldiak eta COVID- 19aren aurkako murrizketak malgutu izanak langabeziaren jaitsiera bat eragin izan badu ere, abuztuak dagoeneko datozen hilabeteetako joera zein izan daitekeen aurreikuspen bat egiteko moduko datuak eskaini dizkigu.

Urte arteko datuei erreparatuz, langabeziak beherantz egin du, baina iazko urtea enpleguari begira desastre hutsa izan zela kontuan izanik hori ez da pozik egoteko motiboa. 2019ko datuekin alderatuz ordea langabezia %6,22 altuagoa daukagu eta gazteena da, beti salatu ohi dugun moduan, muturreraino igo den langabezia %22,62ko igoerarekin.

Gainera, egin diren kontratuen nolakotasunak ere ez digu optimismorako tarterik uzten, abuztuan egin diren kontratu berri guztietatik %94 behin-behinekoa baitzen. Hego Euskal Herrian enpleguaren eremuan dugun prekarietate maila eskandaluzkoa da, egungo sistema neoliberalaren helburua ez da inolaz ere kalitatezko eta nahiko enplegu eskaintzeko euskal gizarteari.

Egun, 156.313 pertsona daude langabezian Hego Euskal Herrian, eta beste hainbatetan salatu izan dugun moduan, bi herenek ez du inolako langabezia-prestaziorik jasotzen.

Estatuko babes-sistemak ematen duen estaldura-maila hain txikia izatearen arrazoien artean ditugu sistemaren ahulezia bera eta gurea bezalako lan-merkatu prekarioaren errealitatera egokitzeko ezintasuna. Gainera, pandemiaren ondorioz gora egin du iraupen luzeko langabeziak, izan ere, egoera horretan daude langabeen erdia baino gehiago.

Euskal Herriko langileriak kalitatezko enplegu nahikoa eta babes sistema behar du premiaz, eta ez Espainiako Gobernua, ez Eusko Jaurlaritza eta ezta Nafarroako Gobernua ere ez dira gai jendartearen beharrei erantzuteko. Lan erreformaren indargabetzea behar dugu, pentsio sistemaren erreforma atzerakoiak alde batera utzi eta burujabetzan sakonduz lan kode eta gizarte segurantzako lege propioaren garapenean urratsak eman.

Urrats horiek ordea ez dira bere kabuz emango. Mobilizatzeko garaia dugu, langileriak kaleak hartzea ezinbesteko baldintza izango baita geure beharrizanak agenda politikoaren erdigunean kokatzeko.

Bizitza duina helburu, Greba Orokorrak aldaketa sozialak eta burujabetza hauspotzeko balio behar du

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak agerraldia egin du Bilbon, kurtso hasiera markatzen ari diren aktualitateko gai nabarmenen irakurketa egiteko. Hala, besteak beste, bizitza erdigunean kokatuko duen eredu berri baterako trantsizioa egin behar dela nabarmendu du, eta LABek trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen duela berretsi. “Datozen hilabeteetan, estatuaren lurralde-ereduaren krisiak eta hura bideratzeko beharrak agenda politikoan zentralitatea hartuko duela dirudi. Gure lana izango da borroka politiko horretan langileen interesak bermatzea. Funtsezko gaietan, hala nola enpleguan, pentsioetan edo gizarte-babesean, eskumenak eta legegintza-gaitasuna behar izatea eskatuko dugu”, adierazi du.

Greba Orokor baten beharra planteatu du berriro kurtso honetarako: “Langileok kalean gaude aldaketak bultzatzen eta haien alde borrokatzen. Maiatzaren Lehenean, LABek mahai gainean jarri zuen urrats berriak eman behar zirela ziklo mobilizatzaile horretan, eta adierazi zuen egoerak beste Greba Orokor bati buruzko eztabaida irekitzea eskatzen zuela. Hilabete batzuk geroago, gero eta gehiago dira ideia horrekin bat egiten duten ahotsak. Dagoeneko gehiengo sindikala gara grebaren beharrarekin bat egiten dugunak, pentsiodunak ere zentzu berean azaldu dira”, azaldu du.

Hain zuzen ere, Greba Orokorrak lantokietan eta kalean ematen ari diren borroka sindikalak eta sozialak bultzatzeko eta bateratzeko balioko du. Greba hori ofentsiban planteatu beharko litzateke:

– Patronalari aurre egiteko eta argi uzteko ez dugula onartuko prekaritatea ezartzen jarraitzea, lantokietan enplegu duinaren alde borrokatzen jarraituko dugula argi izan dezan.

– Madrilgo Gobernua presionatzeko balio behar du, lan eta pentsio erreformak bertan behera uzteko eta murrizketa gehiago ez ezartzeko.

– Gobernu autonomikoak interpelatu behar ditu, itunaren eta hitzarmenaren aukerak erabil ditzaten fiskalitatearen arloan bira emateko, zerbitzu publikoak indartzeko eta bestelako politika publikoak bultzatzeko.

– Burujabetza eta esparru propioa edukiz betetzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko balio behar du, inolako esku-sartzerik gabe.

Madrilen irekita dagoen Elkarrizketa Sozialaren mahaiari buruz ere hitz egin du. Lan harremanei dagokionez, azken urteetan erreformaz erreforma, prekaritatea legeztatu egin dela aipatu du, negoziazio kolektiboa zentralizatu eta ahultzearen aldeko aukera egin dela eta ia erabateko boterea eman zaiela enpresei, nahieran ari daitezen. Ez dago inolako orekarik.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “eraldaketa handi baten premia dago. Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira, zaintza barne. Horretarako, bertan behera utzi behar dira 2010 eta 2012ko lan erreformak”.