2026-01-22
Blog Page 405

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak patronalaren agendari bide ematea eta Eusko Jaurlaritzaren aurpegia zuritzea beste helbururik ez du

Gaurko akordioa marketing hutsa da, eta LABek hainbatetan esandakoa berresten du, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak patronalaren agendari bide ematea eta Eusko Jaurlaritzaren aurpegia zuritzea beste helbururik ez du. LAB hasieratik izan da oso kritiko ezarri izan den elkarrizketa sozialeko ereduarekin. Eta ereduarekin diogu, eta ez elkarrizketa eta akordioaren bidearekin, askotan aldarrikatzen dugulako akordioen beharra. 2019ko Greba Orokorraren testuinguruan gai zehatzen inguruko eta inolako desobedientzia ariketarik suposatzen ez duen Akordio Interprofesional baterako deialdia luzatu genuen, adibidez, gutxieneko soldata hemengo parametroen araberako erabakitzeko.

Industria 4.0.ri dagokionez, LABek zehaztu du enpresak langileak kaleratu eta enplegua suntsitzen ari direla. Langileak lanpostuen defentsan borrokan ari diren bitartan; Jaurlaritza patronala babesten ari da, langileak abandonatuz. Gaurko akordioarekin, beste behin, industriako transizioa ere langileek ordaintzea nahi dute, patronalari eskuak libre utziz kaleratzeak egiteko.

Bestalde, patronalak ez du benetako borondaterik berdintasunean behar diren pausoak emateko, negoziazio kolektiboan erakusten ari den moduan. Patronalak ez du arrakalarekin amaitu nahi eta ikusten ari garen moduan, Jaurlaritzak ere ez, bestela, berarentzat azpikontratatuta lan egiten ari diren emekumeen lan baldintzak hobetuko lituzke.

Espezializazioari dagokionez, patronalaren neurrira egindako kualifikazio eta espezializazio profesionala adostu dute, beraien irabaziak biderkatzen jarraitzeko. Kualifikazioa eta espezializazioak herri honetako gehiengoa den langileen lan baldintzak duintzeko eta enplegua bermatzeko balio beharko luke.

Hortaz, ondoriozta dezakegu Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adostutakoak patronalaren interesei soilik erantzuten diela, langileak baztertuz. Bestalde, adostutakoak bere marketing kanpainarekin jarraitzea ahalbidetzen dio Eusko Jaurlaritzari, Confebask-en politikak (prekarizazioa eta enplegu galera) babesten dituen bitartean. CCOO eta UGTri dagokionez, euren buruan saldu dute argazkian irtetzearen trukean. Amaitzeko, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak ez die EAEko langileen beharrei erantzuten.

Inbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu Mercedesi, etekin guztiak dibidendutan banatu ondoren

LAB sindikatuak Mercedeseko egoeraren azterketa ekonomikoa egin du eta bertatik hainbat datu argigarri atera ditugu: pandemia betean, 2019ko etekin guztiak banatu zituzten, eta, gainera, txip erdieroaleen krisian murgilduta, 2020ko mozkin guztiak banatzea proposatu dute. LABen ustez, jokabide horrek Mercedes enpresaren zekenkeria eta diru-gose mugagabeak islatzen ditu eta horregatik inbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu plantila ABEEan egonda, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta eta soldata-eskala bikoitza jasanda.

2020ko ekainean, pandemia betean, eta langileak ezinbesteko EEE batean sartu ondoren, Mercedes-ek dibidenduetan 150 milioi euro baino gehiago banatzea erabaki zuen, hau da, 2019ko mozkin guztiak.

Hori gutxi balitz, erdieroaleen hornikuntza gabezian murgilduta, 2020ko mozkin guztiak dibidenduetan banatzea proposatu du. Are gehiago, dibidenduen banaketa hori egiteko, Mercedes enpresak uko egin die 8/2020 Errege Dekretuaren ondorioz Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenen hobariei, joan den urtean Ezinbesteko EEE bat aplikatzeagatik. Guztira, Mercedes enpresak 4 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkio Gizarte Segurantzari dibidenduak banatu ahal izateko.

Orokorrean, 2016tik Mercedesek ia 1.000 milioi euro banatu ditu dibidenduetan. Gaur egungo egoeran, eskandalagarria iruditzen zaigu enpresak logika kapitalistarik gaiztoenari jarraitzea, etekin guztiak bereganatuz. Mugarik gabeko zekenkeriari erantzuten dio; izan ere, ziurgabetasun-egoera honetan egiturak indartu eta enplegua eta lan-baldintza duinak bermatu ordez, Mercedes-ek nahiago du poltsikoak betetzea.

Hori dela eta, dibidenduak banatu beharrean, etorkizunari aurre egiteko behar diren inbertsioak egitea eta langileen enplegu duina bermatzea exijitzen du LABek. Ezin dugu ahaztu plantilla ABEEan dagoela, langabezia-prestazioa kontsumitzen, enpresak blokeatuta duela Hitzarmenaren negoziazioa, langile berriei soldata-eskala bikoitzarekin zigortzen dituela,…

Azkenik, erakundeei dei egin nahi diegu behar diren neurriak har ditzaten jarduera horiek saihesteko. Egoera koiuntural baten aurrean, ezin da izan herritar guztien zerbitzu publikoak lan-falta koiunturalaz arduratzea eta enpresak berak ehunka milioi euro poltsikoratzea. Bada garaia enpresa handien dibidenduen banaketari mugak jartzeko, muga gabeko zikoizkeria horrekin amaitu behar da.

Instrukzioak gure eskuetan jartzen dituen tresna guztiak erabiliko ditugu Osakidetzako EPEan gertatutakoa argitzeko

Aurkeztu dugu Gasteizko epaitegietan, Arabako Probintzia auzitegiaren aurrean, Osakidetzako 2016-17ko EPEaren filtrazioen inguruko instrukzioaren azken autoaren aurkako apelazio errekurtsoa.

Lan juridiko honetan, LABek indar guztiak eta instrukzioak bere eskuetan jartzen dituen tresna guztiak erabiliko ditu EPE horretan gertatutakoa argitzeko. Osakidetzako eta HAEEko zuzendari ohiek dituzte inkognita garrantzitsuenen erantzunak kasu honetan.

Medikuak kontrolpean izateak esan nahi du Osakidetzaren gobernantzaren zati inportate bat kontrolpean izatea, eta Osakidetzak badaki eskasian obedientzia sortzen dela. Fakultatiboen kategorian beste kategorietan baino %30 handiagoa da lanpostuen eza. Historikoki, Osakidetzak eskasia hau erabili du filtrazioen bidez ospitaleetako funtsezko pertsonen obedientzia erosteko.

Azterketetan emandako filtrazioak ez dira Darpon, Mugica, Balerdi, Soto, Arcelay eta Apariciotik kanpo gertatu, baizik eta nukleo operatibo horrek hartutako erabakiei esker. Nukleo operatibo honetako kideek neurri batzuk inplementatu zituzten legezkotasunaren itxura emateko helburuarekin, baina gauzek berdin egiten jarraituko zuten.

HAEEren parte hartzea da, agian, neurri horien artean garrantzitsuena da: HAEEk azterketak egingo zituela berme bezala aurkeztu zuten Osakidetzatik kanpoko erakunde bat izateagatik, baina instrukzio honi esker, jakin dugu HAEEk erabilitako azterketen egileak Osakidetzak izendatu zituela, Darpon eta Arcelay buru zirela egin zen bilera batean.

Norabide berdinean aurkeztu zuten “eskuliburu operatiboa”, prozedurako beste berme bat bezala, baina gero, instrukzioari esker, jakin dugu nukleo operatibo honek eskuliburua ez betetzeko baimena ematen ziela epaimahaietako kideei, adibidez, oposiziogileen anonimotasuna apurtzeko. Baimen horiek idatzita daude eta auzian daude.

Salaketa publikoa egin arte, salaketa desberdinak heltzen ari ziren Osakidetzara, kategoria batzuetan (plastika, kardiologia, angiologia, anestesia, etab.). Kasu guztietan, Osakidetzaren jarrera salaketak ez bideratzearena izan zen, adibide ugari daude, baina kardiologian, angiologian eta plastikan oso agerian geratu da nukleo operatibo honen jarrera pasiboa eta buxatzailea.

Behin salaketa publikoa eginda eta eskandaluaren tamainak behartuta, ikerketa-espedienteak ireki ziren lehenago ikertzeko elementurik ez zegoela erabaki zuten egoeretan.

Ikerketa-espedienteak egiteko, Osakidetzak EPEaren antolakuntzaz arduratzen ziren batzuk (nukleo operatiboko kideak zirenak), EAJko kide nabarmenak eta epaimahaietako kideak izendatu zituzten.

Ikerketa guztiekondorio bera jaso zuten, “ez dago frogarik”. LABek esan behar du ez zituztela bilatu. Bitartean, filtrazioak salatu genituenok, mehatxuak eta mespretxuak jasotzen ari ginen Darponen aldetik legebiltzarrean.

Oviedoko txosten psikometrikoak ere ikerketa argigarria ez egitea zuen izkutuko helburu bezala. Bere egileak, bai legebiltzarrean, bai epaitegietan argi utzi du eskatutako ikerketak ez zuela balio filtrazioak identifikatzeko ezta kokatzeko ere. Horrela jakinarazi zien nukleo operatiboko kideei lehen momentutik.

Hauek dira guztien artean dauden argudioetako batzuk nukleo operatibo horretako kideen deklarazioa berriz eskatzeko, ikertu gisa. Elementu askoz gehiago existitzen dira, horregatik nukleo operatibo honek delitu asko eta larriak egin zituela pentsatzen jarraitzen dugu.

Nukleo operatibo honek egindakoaren ondorioak badaude: milaka fakultatibori iruzurra egin diote, 13 kategoria geldituta daude eta horietan ez da EPE berririk egongo ezta lekualdatze prozesurik ere, etab. Pertsona hauek eta osasun sistema publikoa dira benetako biktimak. EPEa desastre hutsa izan zen eta gainera, legea hautsi zen.

Ez dago argudio posiblerik kudeaketa honen aurrean harrotzeko eta, bai aldiz, barkamena eskatzeko eta epaitegietan argibide guztiak eskatzeko.

Askatasunen defentsan borrokatu zuten herritarrak izan ditugu gogoan Donostian

Frankoren tropa kolpistak Donostiara sartu zirela 85 urte bete dira. LABen proposamenaren ondorioz, Oroimen Historikoaren Kontseilu Sektorialak errepresaliatu eta eraildako Donostiarren oroitzapenerako egun gisa onartu zuen irailaren 13a.

LABetik Memoria Historikoaren Kontseilu Sektorialean proposamen bat egin genuen, eta, bertan, jendartearen sentsibilitate guztiak kontuan izanik, Francoren diktadurak errepresaliatutakoei oroitzapen ekintza eta omenaldi bateratua sustatzea proposatu genuen. Tamalez, alkatetzaren jarrerak, aurten ere, korapilatu du dei bateratua egitea.

Nolanahi ere, egungo egoera gorabehera, errepresaliatuen aldeko omenaldi ekintzari eustea erabaki du LABek. Hala, aurten ere, LABek Estatuaren errepresioak hildako guztiak, estatu-kolpe frankistatik gaur artekoak, gogoratu ditugu.

Oraingo honetan, aipamen berezia egin diegu diktadura frankistak errepresialatu edo/eta erail zituen Donostiako Udaleko langileei. Izan ere, gogoratu behar dugu bide judizialak eta Argentinako kereilaren ibilbidean Udal honek bere burua aurkezteko aukera eta betebehar morala duela LABen ustez, frankismoaren diktadurak hildakoen ordezkari eta Udal langileen izenean kaltetutako alderdi interesatu/afektatu gisa aritzeko.

Ez ditugu askatasunen defentsan borrokatu zutenak ahaztuko. Horregatik, oroitzapen eta omenaldi ekintza antolatu dugu, Ijenteako frankismoaren biktimen oroimenezko monolitoan.

Arabako Foru Aldundiak ez ditu aktibatu berdintasun-baliabide eta egiturak, eta EAEko administrazioen artean mugatuena da arlo honetan

LABek egiaztatu du Arabako Foru Aldundiak, berdintasun-politikak lehenetsi beharrean – webgunean argitaratu duen bezala–, guztiz kontrakoa egiten duela: ez ditu betetzen bere konpromiso instituzional estrategikoenak, ez die erantzuten langileen egiturazko beharrei, eta, beste erakunde bikoitz batzuekin alderatuta, nabarmen urruntzen da eskura dituzten berdintasun-baliabideetatik eta -egituretatik.

Foru erakundearen ekintzarik ezak eta bidean jartzen dituen oztopoek, lurraldean berdintasunak aurrera egiteari kalte handia egiteaz gain, ondorio larriak dituzte Arabako Foru Aldundiko Berdintasun Arloak egiten duen lanean eta pertsonengan.

2016az geroztik, pixkanaka handitu da berdintasun-aurrekontua (betiere aurrekontu orokorraren %1eko erreferentera iritsi gabe), eta Berdintasun Arloak ere bere gain hartu ditu funtzio estrategiko berriak. Hala ere, eskumen-gehikuntza horrekin batera ez da langile-kopurua gehitu, murriztu ere egin baita. Horrela, ezinezkoa da –eta hori guztia arrisku psikosozialetan kontuan izan gabe gabe– egiten ari ziren gaiak behar bezala kudeatzea, berriak bere gain hartzea, baztertu behar izan direnak berriz hartzea eta egin gabe jarraitzen dutenak egitea, nahiz eta legezko betebeharrak izan.

LABek aldarrikatzen du, lehentasunez, Aldundiak konprometitutako egiturak sortzea: Berdintasunerako erakunde espezifikoa eta sailetako unitate espezializatuak; eta Arabak behar dituen berdintasun-politika eraldatzaileei benetako bultzada emateko behar diren langileez hornitzea.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordearen 2018ko abenduaren 12ko Erabakiaren bidez, Arabako Foru Aldundiak, organo hori osatzen duten EAEko gainerako erakundeekin batera, kalitate- estandarrak aplikatzeko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen, besteak beste:

  • Emakumeen eta gizonen berdintasunerako berariazko administrazio-organo edo -unitate bat egotea.
  • Eusko Jaurlaritzako, EAEko foru-aldundietako eta hiriburuetako udaletako sailetan berdintasun-unitate espezifikoak eta espezializatuak egotea.Emakundek, Berdintasunerako Euskal Legearen berehalako aldaketaren ondorioz, lege-aurreproiektuaren memoria ekonomikoan hauteman zuen beharrezkoa zela Arabako Foru Aldundiko Berdintasunerako Erakundeari lanaldi osoko sei teknikari ematea, haren legezko aginduak betetzeko soilik. Gaur egun, Arabako Foru Aldundiak bi lanpostu ditu, eta ez dira %100ean ere betetzen.Denbora horretan ez dugu borondate politikoa ikusi egoera hori aldatzeko, eta berau are gehiago larriagotzeko, ukatu egin dituzte Berdintasun Arloak eskatzeko errefortzuko langileen azken eskaerak. Eta zentzugabekeria handitzeko, zortzi hilabeteko atzerapenarekin erantzun diote azken eskaerari. Argi dago Arabako Foru Aldundiaren gobernu-ekintzan berdintasun politikek ez dutela inolako berdintasunik.

Azken hiru urteetan, Arabako Foru Aldundiaren barruan, Berdintasun-Arloko langileen egiturazko beharrak antzeman dira. Horregatik ukatu dira aldi baterako lanpostuak. Denbora horretan, ordea, ez da ezer egin lanpostu egonkorrak sortzeko.

Arabako Foru Aldundian ez dago berdintasunerako unitate administratibo esklusiborik ere. EAEko gainerako foru- aldundiek eta hiriburuetako udalek badituzte, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan, gainera, zuzendaritza politikoaren maila dute. Berdintasun Arloa delakoa, berez, ez dago Aldundian. Administrazio-egitura, emakumeen eta gizonen berdintasunaz gain, garapenerako lankidetza eta kulturartekotasuna ere jorratzen dituen zerbitzua da. EAEko hiriburuetako udalek eta beste bi aldundiek gure erakundeak baino berdintasun-arloko langile dezente gehiago dituzte, eta zenbait erakundetan bertako langile espezializatuak dituzte, nahiz eta egia den gabezia handiak daudela kasu guztietan.

Arabako Foru Aldundiak aspaldi utzi dio EAEko politiken erreferente izateari, 1991n Berdintasunerako lehen Aholkularitza sortu zuenean EAEko berdintasun-erakundeen artean. Orain mugatuena da arlo honetan eta bidea laburtu behar du.

Egungo egoera ikusita, LABek proposatzen du irtenbide bat ematea erakundeak berak detektatu dituen eta egiteko konpromisoa hartu duen beharrei, eta ez gaude prest egoera horrek langileei kostu pertsonalak eta osasun-kostuak eragiteko, eta, jakina, ez dugu onartuko zerbitzua are gehiago ahultzea.

Garbiñe Aranburu: “Langile pobreen errealitatea gero eta gehiago hedatzen ari da”

Garbiñe Aranburu elkarrizketatu dute Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan, aktualitateko gaiak ardatz. Enplegua izan du hizpide, besteak beste, eta LABeko idazkari nagusiak mezu baikorrak ematen dituzten haien jarrera salatu du:  “Lanerako itzuleran kezka da nagusi langileen artean. Sistema honek behar dituen eraldaketa sakonak bultzatu nahi ez dituztenek mezu baikorrak bidali nahiko dituzte, baina errekuperazioa nola eta noren mesedetan den da eztabaidatu behar dena”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Langile pobreen errealitatea gero eta gehiago hedatzen ari da”. Azken finean, sindikatuko arduradunaren esanetan, “fokoa gehiago zabaldu behar da, ezin da bakarrik langabezia tasan jarri. Azken urteetan erreformek zer nolako lan eredua, prekarizazioa eta kontratu motak ekarri dituzten ikusi behar da”.

Greba Orokorrari buruz ere galdetu diote, eta, aipatutakoarekin lotuta, mobilizazio sozialaren beharraz aritu da: “Orain da momentua erreformak bertan behera uzteko eta murrizketa berriei ateak ixteko. Ez dago borondate politikorik. Beraz, mobilizazio soziala areagotzea beharrezkoa da, eta hor kokatzen dugu Greba Orokorraren beharra”.

Lan heriotzak eragiten ari diren sarraskiaz ere hitz egin du: “Ez dugu ikusten konpromiso politikorik patronalari prebentzio neurriak bete ditzan eskatzeko. Jarraituko dugu patronala eta instituzioak interpelatzen. Gure ekintza sindikalean lehentasunezko ardatz bat da”.

Jaurlaritzak patronalarekin duen konplizitatea eta Lan Sailaren inakzioa mahai gainean jarri ditugu

Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan eta Enplegu sailarekin bildu gara. Xabier Ugartemendia sindikatuko Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko idazkari eta Oihana Lopetegi analisien arduradunak hainbat gaitan Jaurlaritza eta Sailaren inakzioa eta jardun eza salatu dute.

Lehenik, pandemiak sortutako krisiaren inguruan, Jaurlaritzak enpleguarekiko izan duen jarrera salatu du LABek. Jaurlaritza patronalaren ondoan jarri da, eta hauen interesak defendatu ditu, langileak abandonatuz; halaber, beraien lanpostuen defentsan ari diren eta aritu diren langileak kriminalizatu ditu. Egoera koiuntural baten aurrean, enpresek erabaki estrukturalak (enplegu suntsiketa) hartzea babestu duela ikusita, LABek galdegin dio Jaurlaritzari hori al den jendartearen gehiengoa ordezkatzeko era.

Bigarrenik, hainbat sektoretan pairatzen ari den prekarietatea ere mahai gainean jarri du LABek. Gehienak administrazioko azpikontratak dira, asko sektore feminizatuak ere (zahar egoitzak, etxez etxeko zerbitzua, eskola jantokiak, garbiketa…). Bertan diharduten  emakumeek lan baldintza lotsagarriak dituzte, eta sailburuari kritika helarazi dio sindikatuak, administrazioek, Lan Saila buru, ez dutelako ezer egiten langile horien lanpostuak duintzeko —nahiz eta, azpikontratatuta bada ere, administrazioarentzat lan egin—.

Soldata arrakalari aurre egiteko eskaeraren aurrean ere zorrotz aritu dira LABeko kideak bileran, salatuz, emakume hauek lan baldintzak hobetzeko greba egiten dutenean Jaurlaritzak ematen dien erantzuna, gehiegizko zerbitzu minimoak ezartzea alegia,  borroka ahultzeko asmoz.

Bileran LABek hizketagai izan duen hirugarren gai nagusia lan istripu eta laneko heriotzena izan da. Hauek ez dute etenik, 2021ean jada 46 langile hil dira lanean Euskal Herrian. LABek mahai gainean jarri du Osalan eta Jaurlaritzatik gai honekin egiten ari diren jarduna guztiz ez nahiko dela, eta beste norabide bat hartzearen beharra. Konkretuki, batetik patronala interpelatu eta señalatu behar da, beraiek baitira enpresetan prebentzio neurriak ez betetzearen errudunak, eta bestetik lan ikuskarien kopurua handitzeko inbertsioak behar dira.

Lan heriotzen arazoari heltzeko borondate politikorik ez dagoela salatu dugu Iruñean

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, azken egunotan izan diren lan istripu hilgarriak salatzeko eta agintariei erantzukizunak eta ardurak eskatzeko. Hain zuzen ere, dagoeneko 46 langile hil dira aurten Euskal Herrian, horietatik 14 Nafarroan. Azken honetan, 11 langilek galdu zuten bizia iaz. Beraz, urtea amaitzeko hilabeteak geratzen direnean, jada lan heriotzen kopuruak gora egin du.

Elkarretaratzean salatu dugu 1997tik Estatu mailan abian dagoen prebentziorako legea ez dela betearazten ari eta hori, Nafarroari dagokionez, Chiviteren Gobernuaren ardura zuzena da: “Ez dugu sekula dagozkion eskumenak eskuratzen saiatzen ikusi, ez du borondate politikorik”.

Ezinbestekoa da arazo larri hau jendarteratzea dagokion terminotan: “Erabaki politiko batek hilkortasun tasa berehala jaitsiko luke. Horretarako inspektore kopurua eta euren lanerako konpetentzia kuantitatiboki areagotu behar da urgentziaz”.

Grebara deitu dugu irailaren 23 eta 24rako Gipuzkoako helduen egoitzetan, bizi duten egoera larriari lehenbailehen irtenbidea emateko

Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera larria ezagutarazi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko grebarako deialdia luzatu dugu irailaren 23 eta 24rako. hala iragarri dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako agerraldian.

Greba deialdi hauek langileek aspalditik martxan daukaten borroka prozesuaren segida gisa ulertu behar dira; bai eta pasaden urtarrilaren 26an eta martxoiaren 4an zaintza zerbitzuetako langileek, erabiltzaileen senideekin eta bestelako mugimendu sozialekin egindako borroka egun bateratuen jarraipen gisa ere.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten arreta eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, oporrak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…

Gipuzkoan bizi dugun egoera, ordea, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; Bizkaian sektoreko langileen soldatak izoztu dituzte eta Nafarroan eta Araban, bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu publifikazioaren aldeko apustua egiten dugula, eta egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten aitortza sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela, nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek zaharren zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

Horregatik diogu ezinbestekoa dela Gizarte Zerbitzuen sistema bere osotasunean berrantolatzea. Guztiok dugulako bakoitzaren beharretara egokitzen diren zaintza eta Gizarte Zerbitzuak jasotzeko eskubidea, baita eta zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa ere. Bitartean, Gipuzkoako Helduen Egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten aitortza sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da. Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, irailaren 23 eta 24rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa izango baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu.