Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera larria ezagutarazi eta lehenbailehen irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzeko grebarako deialdia luzatu dugu irailaren 23 eta 24rako. hala iragarri dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako agerraldian.

Greba deialdi hauek langileek aspalditik martxan daukaten borroka prozesuaren segida gisa ulertu behar dira; bai eta pasaden urtarrilaren 26an eta martxoiaren 4an zaintza zerbitzuetako langileek, erabiltzaileen senideekin eta bestelako mugimendu sozialekin egindako borroka egun bateratuen jarraipen gisa ere.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten arreta eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, oporrak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak…

Gipuzkoan bizi dugun egoera, ordea, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; Bizkaian sektoreko langileen soldatak izoztu dituzte eta Nafarroan eta Araban, bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu publifikazioaren aldeko apustua egiten dugula, eta egoera hau zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarizazioaren eta sektore feminizatuek duten aitortza sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela.

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela, nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek zaharren zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

Horregatik diogu ezinbestekoa dela Gizarte Zerbitzuen sistema bere osotasunean berrantolatzea. Guztiok dugulako bakoitzaren beharretara egokitzen diren zaintza eta Gizarte Zerbitzuak jasotzeko eskubidea, baita eta zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa ere. Bitartean, Gipuzkoako Helduen Egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, Osasun Larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta Administrazio Publikoari zein patronalari langileek merezi duten aitortza sozial eta ekonomikoa exigitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da. Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, irailaren 23 eta 24rako. Egun horietan antolatuko diren mobilizazio eta ekimen ezberdinetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa izango baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu.