2026-11-04
HomeFederazioakIndustriaInbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu Mercedesi, etekin guztiak dibidendutan banatu ondoren

Inbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu Mercedesi, etekin guztiak dibidendutan banatu ondoren

LAB sindikatuak Mercedeseko egoeraren azterketa ekonomikoa egin du eta bertatik hainbat datu argigarri atera ditugu: pandemia betean, 2019ko etekin guztiak banatu zituzten, eta, gainera, txip erdieroaleen krisian murgilduta, 2020ko mozkin guztiak banatzea proposatu dute. LABen ustez, jokabide horrek Mercedes enpresaren zekenkeria eta diru-gose mugagabeak islatzen ditu eta horregatik inbertsioak eta enplegu duina exijitzen dizkiogu plantila ABEEan egonda, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta eta soldata-eskala bikoitza jasanda.

2020ko ekainean, pandemia betean, eta langileak ezinbesteko EEE batean sartu ondoren, Mercedes-ek dibidenduetan 150 milioi euro baino gehiago banatzea erabaki zuen, hau da, 2019ko mozkin guztiak.

Hori gutxi balitz, erdieroaleen hornikuntza gabezian murgilduta, 2020ko mozkin guztiak dibidenduetan banatzea proposatu du. Are gehiago, dibidenduen banaketa hori egiteko, Mercedes enpresak uko egin die 8/2020 Errege Dekretuaren ondorioz Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenen hobariei, joan den urtean Ezinbesteko EEE bat aplikatzeagatik. Guztira, Mercedes enpresak 4 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkio Gizarte Segurantzari dibidenduak banatu ahal izateko.

Orokorrean, 2016tik Mercedesek ia 1.000 milioi euro banatu ditu dibidenduetan. Gaur egungo egoeran, eskandalagarria iruditzen zaigu enpresak logika kapitalistarik gaiztoenari jarraitzea, etekin guztiak bereganatuz. Mugarik gabeko zekenkeriari erantzuten dio; izan ere, ziurgabetasun-egoera honetan egiturak indartu eta enplegua eta lan-baldintza duinak bermatu ordez, Mercedes-ek nahiago du poltsikoak betetzea.

Hori dela eta, dibidenduak banatu beharrean, etorkizunari aurre egiteko behar diren inbertsioak egitea eta langileen enplegu duina bermatzea exijitzen du LABek. Ezin dugu ahaztu plantilla ABEEan dagoela, langabezia-prestazioa kontsumitzen, enpresak blokeatuta duela Hitzarmenaren negoziazioa, langile berriei soldata-eskala bikoitzarekin zigortzen dituela,…

Azkenik, erakundeei dei egin nahi diegu behar diren neurriak har ditzaten jarduera horiek saihesteko. Egoera koiuntural baten aurrean, ezin da izan herritar guztien zerbitzu publikoak lan-falta koiunturalaz arduratzea eta enpresak berak ehunka milioi euro poltsikoratzea. Bada garaia enpresa handien dibidenduen banaketari mugak jartzeko, muga gabeko zikoizkeria horrekin amaitu behar da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.