2026-01-26
Blog Page 395

Murriztutako anbulantzia zerbitzua berrezartzeko eta langileak berriz onartzeko eskatu diogu Jaurlaritzari

Urriaren 8an, Eusko Jaurlaritzak Covid-19ak kutsatutako pazienteak lekualdatzen zituzten 6 anbulantzia kendu zituen osasun-garraioko zerbitzutik, eta, horrekin batera, 60 langile inguru kaleratu zituen, guztiak zaintzeko lehen lerroan lanean aritu direnak.

Pandemia baino lehen ere ez zen nahikoa asistentziazko eta ez-asistentziazko osasun- garraioa Euskadin. Hobekuntza bat behar zuen: dauden ibilgailuen kopurua handituz zerbitzu hobea emateko, bai anbulantzia asistentzialetan, bai ez-asistentzialetan.

Pandemiaren bilakaerari buruzko datuekin: txertaketa masiboaren, covid kasuen jaitsieraren eta askok dena amaitu dela pentsatzearen ondoren, Eusko Jaurlaritzak kaleratzea erabaki du, zerbitzua hobetu beharrean.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok salatzen dugu ez dela ezer ikasi pandemiaren 18 hilabete baino gehiago hauetan; izan ere, osasunean inbertitutakoa mantendu beharrean, erretiratu egiten da eta pandemia aurreko prekarietate-egoera berera itzultzen da, ez da osasun publikoa indartzen, lehentasun osoa izan behar duela ikusi denean.

Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia herritarren zerbitzura egongo den osasun publiko indartsu bat sustatzearen aurkakoa da, eta ez arlo horretan negozioa egin nahi duten enpresen interes ekonomikoen zerbitzura egongo dena.

Horregatik guztiagatik, LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, Osasun Sailaren atarian. Bertan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari zuzendutako idazki bat erregistratu dugu. Idazki horretan, langileak berriz hartzea eta anbulantzia horien zerbitzua berrezartzea eskatzen dugu, garraio sanitarioaren zerbitzua hobetzeko. Era berean, Administrazioak zerbitzu garrantzitsu horren kontrol erreala eta zuzena egitea eskatzen dugu, anbulantzia asistentzialak eta ez-asistentzialak argitaratuz eta, aldi berean, gai horiek aztertzeko bilera bat eskatuz.

Deialdia egin dugun sindikatuok iragarri dugunez, Bizkaira eta Gipuzkoara ere eramango dugu protesta, gure herrialdean osasun publiko eta kalitatezkoaren alde egiteko eskatzeko.

Eusko Legebiltzarrak uko egin dio lantokietan euskara planak sustatzeko LABen, Kontseiluaren eta ELAren proposamena babesteari

Ekainean, LABek, Euskalgintzaren Kontseiluak eta ELAk bilerak izan genituen Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko, 50 langiletik gorako enpresetan, langileen ordezkariek edo enpresariak eskatuta, euskara plana negoziatzeko konpromisoa Lanbidearteko Akordioren bitartez arautzea, hain zuzen. Ekimenak helburu zehatza du, edozein lantokitan langilek zein enpresariak euskara normalizatzeko negoziazio bat ireki nahi izanez gero, beste aldeak negoziatzeko konpromisoa izatea, besterik ez. 

Lan munduak ez dio gizartearen euskararen ezagutzari erantzuten. Enpresen %1 baino gutxiagok dute euskararen erabilera normalizatzeko ekimenen bat martxan, eta egun hezkuntza sistemak euskaldundutako gazteek erabat erdalduna den lan-munduarekin egiten dute topo. LABen, Kontseiluaren eta ELAren ekimena oso oinarrizkoa da, euskara-planak lantokiz lantoki negoziatzea helburu duena, hain zuzen. 

Esandakoarengatik harrigarria da Legebiltzarrean adostutako Legez Besteko Proposamena, ez baitu bat egiten alderdiekin izandako bileretan jasotako erantzunekin. Legebiltzarreko erantzun honek, era berean, ez du bat egiten behin eta berriz patronalen aldetik negoziazio eta enpresa eredu berriei egindako adierazpenekin. Negoziazio eta adostasunean oinarritutako enpresa eredu batek ezinbestean aldeek aurkeztutako kezkei, dena delakoak izanik ere, elkarrizketaren bitartez erantzun beharko lieke, zaila da ulertzea Legebiltzarrak hori babestu nahi ez izatea. 

LABek, Kontseiluak eta ELAk gure ekimena berresten dugu eta hurrengo hilabeteetan proposamena aurrera atera dadin urrats berriak emango ditugu, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eta euskal langileek euskaraz lan egiteko eskubidea gauzatze aldera gutxieneko urratsa dela iruditzen baitzaigu. 

Automobilgintzako langileen lan egoerak eta baldintzak hizpide izan ditugu sektoreko lehen topaketa sindikaletan

Urriaren 22 eta 23an, LABeko ordezkaritza batek, Gasteizko Mercedes eta Iruñeko Volkswaggen-eko  kideok osatuta, automobilgintzaren sektoreko 1. jardunaldi sindikaletan parte hartu dugu, Zaragozan, STOPEL sindikatuak antolatuta. 

Espainiako Estatuko automobilgintzaren sektoreko lantegietan ordezkaritza duten beste sindikatu batzuek ere parte hartu dute jardunaldi horietan: STOPEL (Opel Figueruelas – Zaragoza), STM Sindicato de Trabajadores del Metal de la Intersindical Valenciana (FORD Almussafes-Valencia), CUT Central Unitaria de Traballadoras (CitroĂ«n – Vigo) eta TU Trabajadorxs Unidos (Renault Valladolid-Palentzia).

Topaketa honetan mahai gainean jarri dira lantegien lan-egoerak eta baldintzak, eta askotan antzekoak dira, automobilgintzaren sektoreko multinazional handiak elkarren ispilu baitira langileei eskubideak murrizteko orduan, lan-baldintzak gero eta gehiago okertuz, langileen kontura etekinak handitzeko helburu bakarrarekin.

Sektorearen problematikari buruz eta patronalak sektore horretan egiten dituen erasoei aurre egiteko etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatu dugu, gero eta prekarizatuagoa baita, automatizatuagoa, lanpostuak suntsituz, lan-erritmoak handituz, lanak kanporatuz, lanaldiak handituz, etab.

Salatu dugu, halaber, EBtik, estatuko gobernutik eta gobernu autonomikoetatik milioika laguntza jasotzen jarraitzen dutela, enplegua bermatzeko inolako kontrolik gabe.

Gure aldetik, LABek 30 orduko asteko lanaldia aldarrikatu du sektorean lana banatzeko formula gisa, baita jendartean ditugun zaintza-beharrei erantzun ahal izateko ere. Era berean, edozein laguntza publiko enplegua eta lan-baldintza duinak bermatzera baldintzatzeko beharra aldarrikatu dugu. Horretarako, beharrezkoa da lantegiak aktibatzea, baita jendartea ere, multinazional handien handinahikeriaren aurrean, plantillak prekarizatu eta baliabide publikoak etekinak handitzeko baliatu nahi baitituzte.

Lehen jardunaldi hauen ondorio hauetaz gain, etorkizunerako erronka eta proposamen batzuk ere ezarri ditugu:

-Parte hartu dugun sindikatuok Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroari bilera bat eskatzea erabaki dugu, sektorearen problematikaren berri emateko.

-Komunikazio sare bat ehuntzea jardunaldi hauei jarraipena emateko

-Etorkizunean gerta daitezkeen patronalaren murrizketa eta eraso berriei aurre egitea, informazio sindikala eta juridikoa partekatuz, enpresen aurrean borrokatzeko tresna gisa.

Etxeko langileekin batzartu gara, Greba Orokorra ardatz

Etxeko langileekin batzarra izan genuen larunbatean, Greba Orokorra hizpide. Haien aldarrikapenak kalera ateratzea ezinbestekotzat jotzen dugu, baita emakume langile hauen aitortza eta lan baldintzen hobekuntza eta erregularizazioa exigitzea ere. Zentzu honetan, LAB aspalditik ari da etxeko langileentzat hitzarmen bat aldarrikatzen.

Egun ezinbestekoa dugu, klase zapalkuntzari aurre egiteko, etxeko langileak lehen lerroan egotea. Zaintza eta etxeko langileak antolatuak daude, espazio publikoa, politikoa eta eztabaida guneak hartzen ari dira, mugimendu feministaren agendan kokatzen ari dira. Bada, LAB sindikatutik gure babes eta aitortza osoa dute. Saretzean datza iraultza. 

Pentsio propioen alde, azaroaren 13an kalera ateratzeko deia egiten dugu

Gaur elkartu da Iruñean LABeko Heldu eta Pentsiodunen Arloaren batzarra, 140 kideren parte-hartzearekin, horietatik 40 emakumezkoak. 2008an sortu zuen Arloa LABek eta gaurkoa izan da pandemiaren etenaldiaren ondorengo lehen batzarra, duela bi urte Usurbilen egindakoaren ondoren.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hartu du hitza bertan, eta bertaratutakoek azken urteotan Pentsiodunen Mugimendua indartu eta hauspotzeko egindako lana txalotu du. Pentsion propioen alde azaroaren 13an kalera ateratzeko deia ere egin du, Pentsiodunen Mugimenduak egindako deialdiotan parte hartzearen garrantzia azpimarratuz. Sistema publikoaren aurka Madrildik etor daitezkeen erasoen aurrean, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua indartzearen aldeko urratsak aldarrikatu ditu.

Pentsioen inguruan LABek dituen proposamenak ere gogoratu ditu Aranburuk, hala nola, Gizarte Segurantzako Legea, erretiroa 60 urtera aurreratzea, 1.080 eurotik beherako pentsioak kopuru horretaraino osagarritzea eta gizon eta emakumeen artean dagoen pentsio-arrakala ezabatzeko neurriak hartzea, guztiak ere sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan jasotakoak.

LABen Ekintza Sozialeko idazkaritzatik eta Heldu eta Pentsiodunen Arlotik ere interbentzioak egin dituzte batzarrean. Pentsiodunen mugimendua eta borroka indartzeko bideak ere landu dituzte, Arloa bera nola indar daitekeen ere eztabaidatu dutelarik.

Iberdrolaren xantaia, patronalaren lankidetza eta EAJk euren interesak lotsagabeki defendatzea salatzen dugu

Iberdrola eta oro har oligopolio elektrikoa egiten ari diren xantaia salatzen du LABek, eta baita bertako patronalaren lankidetza estrategia honetan eta EAJk oligopolio elektrikoaren interesak lotsagabeki defendatzea. Energia sektorearen jabetza eta kontrol publiko eta soziala izatea urgentea eta estrategikoa da.

Iberdrolak 2020an 3.610,7 milioi euroko irabaziak izan zituen. Urtero etekin ekonomiko izugarriak dituen oligopolio elektrikoak iragarri diren neurri gutxi batzuen aurrean hartutako jarrera oldarkorrak –atzoko Ignacio Sanchez Galanen adierazpenakadibide- etaenergiaberriztagarrietaninbertsioamugatzekomehatxuakargiadieraztendulapurbanda honek duen botereari muga jarri behar zaiola eta ezin diegula utzi haien eskutan gauzatu behar den trantsizio energetikoa (NextGenerationEU funtsekin egin nahi den bezala).

Gainera, egoera honetan, bertako patronala jokoan sartu da eta egoera baliatu nahi du. Sidenorrek gelditzeko hartutako erabakia lotsagabekeria hutsa da. 2016tik 103.650.000 euro bere bazkideen artean banatu dituen enpresak sinetsarazi nahi digu fabrika etetea besterik ez duela? Erabaki honek norbait kaltetzen badu langileak kaltetzen ditu, eta ez dugu uste Sidenorren apustua oligopolio elektrikoaren praktika mafiosoen kritika sakon bat egitea denik. Eta beste behin, patronala non, EAJ hor. Argindarraren prezioaren inguruan zerbait esan behar dutenean enpresa handi hauen alde egiteko izan da. Beste behin langileok ordaindu beharko dugu putre hauen diru gose aseezina?

Argindarraren prezioarekin gertatzen ari dena egungo sistemak dituen krisi eta hutsuneen adierazgarri nabarmena izaten ari da. Madriletik hartu diren neurriak urrats bat dira baina ez dira nahikoa. Energia sektorearen jabetza eta kontrol publiko eta soziala izatea urgentea eta estrategikoa da, eskubideekin negozio egiteari utzi diezaioten. LABen ustez, hemen eta orain egoerak behar duen erantzuna emateko garaia da. Bere burua “inoizko gobernu aurrerakoiena” bezala izendatu duenak ere ez du behar bezalako neurririk hartzeko gaitasunik ez eta borondaterik izan, eta beste behin euskal langileok oso gutxi espero dezakegu han hartzen diren erabakietatik.

Langileoi dagokiguna eskuratzeko unea da. 2008ko krisitik atera gabe, pandemiaren ondorioak gure bizkarrean jarri nahi dituzte; argindarra, gasolina eta oinarrizko ondasunen prezioa gora doa, eta oro har langileon bizi baldintzak okertuz gutxi batzuen poltsikoak betetzen jarraitzen dute. Aski esateko unea da. Arrazoiak soberan ditugu eta baita indarra eta gaitasuna ere: orain greba orokorra!

“Ibilian ibilian, presoak etxera” manifestazioarekin bat egin dugu

Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan, ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon euskal presoen eskubideen alde. Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adieraztearekin batera, bihar, urriak 23, arratsaldeko 17:00etan SAREk Donostian antolatu duen «ibilian Ibilian, presoak etxera» manifestazioan parte hartuko dugula iragarri dugu.

ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuon IRAKURKETA

“ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek azken 3 urteotan neurri hauek hartzeko beharra adierazi diegu euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozialei:

• Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea;

• Gaixo dauden eta adinekoak diren presoak berehala espetxetik ateratzea;

• Graduen progresioa eta legeria arruntean aurreikusitako espetxe-onurak eskuratzea, inolako diskriminaziorik gabe;

• Eta salbuespenezko legeria oro gainditzea.

Neurri horiek premiazkoak dira eta ezin dira gehiago atzeratu; izan ere, espetxeetako salbuespenek, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoaren aldeko aurrerapenak zailtzen dituzte eta sufrimendu handiagoa eragiten dute.

Gaur, halaber, aipamen berezia egin nahi diogu Aieteko Adierazpenaren sinaduraren 10. urteurrenari. Adierazpen horren partaide izan ziren Alderdi Politikoak, Nazioarteko pertsona ospetsuak, Euskal erakundeak, Patronalaren elkarteak eta hemen, “Izan Bidea” dinamika honetan gauden sindikatuetako batzuk.

2011ko urriaren 17 hura mugarri izan zen Euskal Gatazkan, bost puntuko akordioa sinatu baitzen gatazka konpontzeko:

1. Jarduera armatua behin betiko amaitzeko deia, handik egun gutxira gertatu zena.

2. Espainiako eta Frantziako gobernuei alderdiekin elkarrizketak hasteko eskatzea.

3. Gatazka konpontzeko, adiskidetzeko eta alde biko sufrimendua aitortzeko behin betiko urratsak ematea.

4. Elkarrizketarako deia egitea eta herritarrei kontsulta egitea sustatzea.

5. Prozesuaren jarraipen-batzorde bat sortzea.

Bihar, urriak 23, arratsaldeko 17:00etan SAREk Donostian antolatu duen «ibilian Ibilian, presoak etxera» manifestazioan parte hartuko dugula ere iragartzen dugu.

Herritarrak animatu nahi ditugu, bereziki langileak, bakoitzak bere espaziotik, modu aktiboan parte hartzera, gai honen ebazpenak behin betiko aurrera egin dezan.”

Auzitegi Gorenak ez du onartu INDESAk aurkeztutako ABEEaren inguruko helegitea #lortuDugu

Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio LABi, eta ez du onartu INDESAk pandemiaren aurrean aurkeztutako ABEEaren inguruko helegitea.

Joan den urriaren 18an, Auzitegi Gorenak auto bat kaleratu zuen. Honen bidez, ez du onartzen LABek salatu zuen eta INDESAk, pandemiak eragindako ABEEaren inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurka jarritako kasazio-helegitea. Arabako udalen eta Foru Aldundiaren zerbitzura dagoen enplegu-zentro berezia da INDESA, 347 langile ditu, gizarte-etxe eta beste zentro batzuetan garbiketa-lanak eta bestelako lorezaintza-lanak ere egiten dituztenak.

2020ko martxoaren 31n, Covid- 19aren pandemiak eragindako alarma-egoera deklaratu ondoren, enpresak Ezinbesteko ABEEa aurkeztu zuen, Arabako zentro guztietako 347 langileei eragiten ziena.

LAB sindikatuak salatu zuen Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin Gomendioak edo Mandatuak egiten dituzten langile guztiek egiten dituztela garbiketa-lanak gizarte-etxeetan eta beste zentro batzuetan, bai eta lorezaintza-lanak ere. Ez lirateke enpresak egindako ezinbesteko ABEEaren barruan egon beharko, Sektore Publikoko Kontratazioaren Legea urratzen baitu honek.

Gasteizko Lan Arloko 2. Epaitegian hasitako prozesu juridiko luze baten ondoren, non enpresaren ABEEa abalatu zen, eta, horren aurrean, LABek helegitea jarri zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian; azken honek, 2020ko azaroan, baliogabetzat jo zuen ABEEa. Hala ere, enpresak helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta horrek, azkenean, amaiera eman dio prozesu luze honi, helegitea ez onartuz eta ABEEa baliogabetzat joz.

Ondorioz, INDESAk SEPEri ordaindu beharko dizkio (hau ere eskariari atxiki zitzaion) gomendioei atxikitako langileei ordaindutako langabezia-prestazioak, eta, aldi berean, eraginpeko kontzeptuen aldea (oporrak, aparteko ordainsariak, etab.) ordaindu beharko die langileei, eta dagozkion kotizazioak erregularizatu beharko ditu.

INDESA Arabako Udalen eta Foru Aldundiaren zerbitzura dagoen enplegu-zentro berezia dela kontuan hartuta, epai honek garrantzia handia du LAB sindikatuarentzat eta langileentzat.

Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde mobilizatzen jarraitu behar dugu

Aieteko Konferentziatik 10 urtera egindako aurrerapenak txalotu eta egiteko daudenak gogoratuz, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde mobilizatzera deitzen du LABek.

Sarek manifestazioa deitu du urriaren 23rako Donostian. “Ibilian ibilian, etxerako bidean” lemarekin, mobilizazioa 17:00etan abiatuko da Antiguoko tuneletatik. LABek bat egiten du mobilizazio honekin eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei, herri aktibazioa eta kalera ateratzea garrantzitsua baita indarrean dagoen salbuespenezko kartzela politikarekin amaitzeko. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoa buru izango duen sindikatuko ordezkaritza zabalak parte hartuko du mobilizazioan.

Testuinguru oso berezian dator larunbateko manifestazioa, Aieteko Konferentziaren 10. urtemugarekin bat eginez. Garrantzia historiko handiko gertakaria, zalantzarik gabe. Aieteko konferentziak bake eta bizikidetza demokratikorako bideorria ezarri eta handik egun gutxira ETAk bere ekinbidearen amaiera iragarri zuen.

Nazioartekobestegatazkapolitiko-armatubatzurekinalderatuta,ezhoikoezaugarriakizandituEuskalHerrikoak. Ez zen bide erraza izan. Estatu espainiarrean, PPk Gobernua berreskuratuta, ez zen inolako borondate politikorik gatazkaren amaierarako bide adostu eta partekatua egiteko. Ezker Independentismoak alde bakarrez aurrera egin zuen, ausardiaz.

Aietera itzuliz, 10. urtemugaren karietara EH Bildu eta Sortutik adierazpen garrantzitsua egin zen joan den astelehenean. Berriro ezker independentismoaren eremutik Aietek markatutako bide orrian aurrera egiteko borondate eta konpromiso irmoa agerian geratzen dira.

Urte hauetan guztietan asko aurreratu da, baina asko dugu egiteko oraindik; eragile politiko sindikal eta sozial guztioi dagokiogu bake eta bizikidetzan aurrera egiteko konpromisoa geureganatzea; horrela egin du LABek, besteak beste, Foro Sozialaren ekinbideekin estuki engaiatuz eta gure ekarpenak eginez.

Urratsak ematen jarraitzeko beharra ikusten dugu, garaia da biktimen kategorizazioaren amaitu eta biktima guztien aitortza eta erreparazioa sustatzeko; premiazkoa da gatazka politikoari irtenbide demokratikoa ematea, tortura kasuak eta giza eskubide urraketak argitu, aitortu eta erreparatzea; urgentziazkoa da preso, iheslari eta deportatuak etxerako bidean jartzea.

Gai honen inguruan, salbuespen neurriak alde batera uzteko beharra aldarrikatzen dugu, eremu sindikal zabalak – gaur bertan Bilbon egingo dugu elkarretaratze sindikala horren adibide- eta gehiengo sozial eta politiko zabalak eskatu izan dugun moduan. Aurrera egin dugu azken hilabeteetan, ukaezina da presoen gerturatzeek ekarri dituzten aurrera urratsak, baina salbuespen legeriak eta eskubideen urraketak indarrean jarraitzen dute oraindik. Horrela, presoen afera konpontzeko helburuarekin, aktibazio soziala hauspotu eta ezberdinen arteko akordio zabalak sustatzen jarraitzeko konpromisoan berresten da LAB. Orain inoiz baino gehiago kalera ateratzeko garaia dugulako, bihar Donostiako manifestazioan izango gara.