2026-07-17
Blog Page 391

13/13 auziko irregulartasunak salatu ditugu beste 9 sindikaturekin batera

Hilero egiten dugun bezala, mobilizazioa egin dugu Espainiako gobernu ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuekin batera espetxe-politikan aldaketak aldarrikatzeko. Gainera, 13/13 auziko epaiaren aurrean, presoen eskubideen alde egindako lanagatik  Arantza Zulueta abokatuari zazpi urte eta erdiko eta Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri hiru eta lau urte arteko espetxe zigorrak ezarri dizkiena, gaiaren inguruko irakurketa egin dugu.

Honela, kezka eta gaitzespena adierazi ditugu eragindako pertsonek kontatutako irregulartasunei buruz eta legez kanpoko polizia-operazioari buruz; telefono-erregistro eta entzuketa irregularrei buruz; CNIren esku beltzari buruz; eta oinarrizko eskubideak urratzeari buruz.

Honetaz gain, auzi hori artxibatzea eskatzen dugu, bai aipatutako irregulartasunengatik, bai epaitutako pertsonak kondenatzeaz gain, bakearen eta bizikidetzaren alde egin duen euskal gizarte osoa kondenatzeko helburua duen ekintza delako.

Era berean, Juan Mari Jauregi gogoratu dugu, prozesu honetan auzipetuetako bat, joan den irailaren 3an hil zena.

Azkenik, 2018an abiatu genuen mobilizazio dinamika honetako gure aldarrikapenak gogoratu ditugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea, gradu-aldaketak eta legeria arruntean jasotako espetxe-onurak lortzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten pertsonak espetxetik ateratzea, kartzeletik ateratzen direnak lan mundura bueltatzea edo legeria berrikustea zigorren salbuespeneko luzatzea saihesteko.

Gora Garbitzaileak: “Izkutatuta nahi gaituzte baina gu borrokaren lehen lerroan kokatu gara jada”

Gora Garbitzaileak kolektiboak, LAB eta ESKren babesa duen ekimenak, ekintza berri bat egin du gaur Bilboko Bolueta auzoan. Honela, FCC enpresa seinalatu du Bizkaiko garbiketa hitzarmenaren blokeoaren arduradunetako bat bezala. Hitzarmen honek 11.000 langileri eragiten dio eta sektoreko langileak borrokan ari dira 1.200 eurotako 15 paga jasoko dituen hitzarmenaren alde. Martxoaren 31n egin zuten lehen greba eguna eta apilaren 26 eta 27rako ere greba egunak deitu dituzte.

Gora Garbitzaileak kolektiboaren oharra:

Martxoan zehar hainbat ekimen burutu genituen GORA GARBITZAILEAKen izenean, hilaren 31ko egin genuen Bizkaiko Garbiketaren greba berotu asmoz. Bilboko iturriak morez tindatu, hirian dauden gizonen estatuetatik eskularruak eta fregonak zintzilikatu genituen, ISS Facility Services seinalatu genuen okupazio baten bitartez hitzarmenaren blokeoaren arduradunetako bat baita. Eta greba egunean San Mameseko polikiroldegian pintura morez beteriko extintorea hustu genuen.

Oraingo honetan Fomento de Construcciones y Contratas enpresara jo dugu. Enpresa honen jabea den Carlos Slimek munduko abertsanenen zerrendan hamairugarren postua du. Gaur bera seinalatzea erabaki dugu, guztiz salagarria delako garbitzaile batek urte osoko nekearen ondorioz irabazten duena gizon honek minutu soil batean irabazten duela. Gainera, jakin badakigu FCC enpresa Hitzarmenaren blokeoaren arduradunetako bat dela.

Argi esan nahi dugu hitzarmen duin bat sinatu arte borrokan jarraituko dugula, berau blokeatzen duen edozein seinalatuz. Bizkaiko garbitzaileontzat baldintza duinak lortu arte aurrean izango gaituzte, izkutatuta nahi gaituzte baina gu borrokaren lehen lerroan kokatu gara jada eta hor egoten jarraituko dugu.

Honengatik guztiagatik, hurrengo Apirilaren 26 eta 27an grebara irtengo gara, urtean gutxienez 1.200 euroko soldata nahi baitugu 15 pagaz osatuta. Beraz, argi izan dezaten guren eskubideen defentsan borrokan jarraituko dugula.

Langileok ezin ditugu laneko heriotzak normaltzat hartu, ezta hauetara ohitu ere

Mobilizazioa egin dugu Iruñean, CEN patronalaren egoitzaren aurrean, Nafarroan gertatutako azken laneko heriotza salatzeko. Izan ere, apirilaren 12an Iruñeko Arrosadia auzoko obra batean Construcciones Mariezkurrenako 52 urtetako langilea hil zen, paleak jasotzeko makina bat garbitzen ari zela, honen beso mugikorra gainera etorri eta jo eta bertan hil zuen. Urte hasieratik, gutxienez 20 langile hil dira Euskal Herrian eta 2021ean, 68 izan ziren laneko heriotzak, gutxienez.

Egoera jasanezina da, astero langile bat baino gehiago hiltzen ari da, eta erakundeek ez dute sarraski hau agenda politikoan kokatzen. Ez da zori kontua, prekarietatea da.

Adierazi dugu Nafarroan, gutxienez bertze 50 ikuskari beharko liratekela gaur salatutakoa bezalako laneko heriotzak ekiditeko. Hagitz adierazgarria iduritzen zaigu, adibidez, aurten Euskal Herrian egondako 19 hildakoetatikan 7 eraikuntzako langileak izatea, erorita edo makinak harrapatuta.

Sektore guztietan gertatzen ari dira hildakoak, astero, eta hemen ez da ezer gertatzen. Egoera horren aurrean, norbaitek sinets dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz honi aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.

Sindikatu eta eragileok Maiatzaren Lehen bateratura deitzen dugu Ipar Euskal Herrian

Inoiz baino beharrezkoagoa da gure indarrak batzea eta bizia eta lurra suntsitzen dituen sistema kapitalistaren aurrean alternatiba sinesgarri eta iraunkorra eraikitzea. Horrela, Ipar Euskal Herrian hainbat sindikatu eta eragilerekin batera antolatu ditugu Maiatzaren Leheneko mobilizazioak, CGT, BIZI!, FSU, ALDA, EBA, CFDT eta ETORKINEKIN Solidarite migrants-ekin batera, hain zuzen ere. Bi manifestazio egingo ditugu langileon egunean, biak ala biak 11:00etan abiatuko direnak, Baionan (Lan Burtsatik) eta Maulen (Gurutze Xuritik). “Mundu justu, jasangarri, solidario eta baketsu baten alde: gu gara alternatiba!” lemapean mobilizatuko gara.

Aipatu alternatiba guztiei lan duina emanez soilik egin ahal izango da, zerbitzu publikoak indartuz, ingurumenarekin dugun harremana errotik aldatuz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna jarriz, gure lurraldeetan pertsona migratzaileak duintasunez hartuz eta eskuin-muturraren ideien aurka etengabe borrokatuz! 

Bizigarria den lan bat

Kapitalismoa krisiez baliatzen da etekin gero eta gehiagoren egiteko, gure lan baldintzak fundituz eta enplegua prekario bilakaraziz. Langileok, langabetuok, ikasleok, erretretatuok… prekaritateanedo gabezian erortzen ari gira, gero eta gehiago. Fermuki galdetzen dugu gure lan baldintzak hobetuak izan daitezen, gure hilabete edo erretreta sariak emendatuak, bakotxa duinki bizi dadin. Denek ukan behar dugu etxebizitza, janari sanoa, artak, hezkuntza eta kultura behar bezala eskuratzeko manera.

Zerbitzu publiko azkar bat

Zerbitzu publikoak denen ondasuna dira, gure jendartearen oinarria. Azken urte hauek erakutsi dute funtsezkoak direla. Alta, azken aurrekondu eta erabaki politikoek frogatzen digute dena egina dela horien funditzeko. Bil gaitezen zerbitzu publikoen garapenaren alde, gizartearen beharrer erantzuteko, osagarri, hezkuntza, garraio, ur eta energia arloetan. Elkartasuna oinarri, zerbitzu publikoek denen arteko berdintasuna segurtatu behar dute.

Itxuraldaketa ekologiko bat

Larrialdi klimatikoa errealitatean sartua zaigu, gure belaunaldiaren eta ondokoenaren egun guzietako oreka mehatxatzen du. Klima gero eta fiteago berotzen ari zaigu, politikarien gelditasunak lekua segidan utzi behar dio ekintzari eta elkartasunari, klimaren berotzea +1,5°C-tan mugatzeko gisan. Gure jendarteko sektore guziak sakonki erreformatuak izan behar dira, eraldaketa ekologiko eta sozialaren hasteko. Gure geroa justu, iraunkor eta onargarria izateko bide bakarra da.

Emazteen eta gizonen arteko berdintasuna

Emazteek eta gizonek eskuratzen dituzten lan sarien arteko desberdintasuna segidan desagerrarazi behar da. Berdintasun profesionala, lanbideetako mistotasuna, pentsione duinak eta funtsezko tresnak segidan plantan ezarri behar dira bortizkeria sexual eta sexisten kontra borrokatzeko. Emazteek dituzte gehienik lan partzialak jasaiten, emazteek dute gehienik lanbide profesionala bazter uzten etxeko betekizunak beren kargu hartzeko edo haurren hezkuntzaz arduratzeko, horrek ekartzen duen ardura soberakinarekin. Anitzetan, beren asteden edo aisialdi denboraldien eta engaiamendu sozio-politikoen kalteetan egiten dute, nahiz eta horiek beharrezkoak izan herritarrak beren buruen jabe izateko.

Migratzaileen harrera

Egonaldi-baimen agirik gabe, migratzaile ainitzek ezin dute lanik aurkitu. Laguntza juridikorik gabe, ustiaketan eta miserian sartzen dira. Fermuki galdetzen dugu erregulartuak izan daitezen, lan bati esker edo lan egiteko hitzarmen bati esker. Fermuki galdetzen ere dugu gazteenak eskolatuak izan daitezen (dispositibo inklusiboetan) eta Estatuak haien oinarrizko beharrak bere kargu har ditzan, ez badira beste manera batez lagunduak. Hemendik iragaiten direnentzat, fermuki galdetzen dugu batzarri duina, segurtasuna bermatzen diena, baldintzarik gabekoa, edozoin tokitatik etorririk ere, eta edozoin larru kolore, erlijio edo herritartasun izanik ere. Diskriminaziorik gabeko batzarria segurtatu behar zaie.

Atzoko, egungo eta biharko langileei egiten diegu dei Maiatzaren Lehenean Baiona eta Maulen mobilizatzera.

Greba eta mobilizazioetarako deia egiten dugu OEIS patronalak Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena inpugnatu duela salatzeko

Maiatzaren 17an, Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioaren epaiketa izanen da. Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) aurrera jarraitzen du zentzugabekeria horrekin, eta, horregatik, egun horretan grebarako deialdia egitea beste aukerarik ez dugu izan, langile guztiok kalera atera ahal izan gaitezen harrapaketa hori argi eta garbi salatzeko.

Greba deialdia Lan Departamentuan erregistratu dugu, eta Nafarroako CEN, ANEIS eta OEIS patronalei ere jakinarazi diegu.

Grebak hiru lan txandei eraginen die (gauekoa, goizekoa eta arratsaldekoa). Hortaz, maiatzaren 16ko 20:00etan hasiko da, eta maiatzaren 17ko 23.59an bukatuko. Horrela, hiru txandek izanen dute greba egiteko legezko estaldura.

Hauek dira grebaren helburuak:

  • Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) Nafarroako Esku-hartze Sozialeko I. Hitzarmen Sektoriala epaitegietan inpugnatu izana salatzea.
  • Sektoreko bi mila langileren lan baldintzak defendatzea; izan ere, hitzarmenari esker, langile horien lan baldintzak hobetu dira, hamarkada luzetan erakundeen utzikeria eta oso soldata kaxkarrak jasan ondoren.
  • Gizarte egoera zaurgarrian dauden herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzu publikoen kalitatea defendatzea.

Era berean, zenbait mobilizazio prestatu ditugu greba aurreko egunetarako:

  • Maiatzaren 7an, 12:00etan, manifestazioa Gurutze Gorriaren egoitzatik abiatuta (Leire kalea 6, Iruña).
  • Maiatzaren 16an, 10:00etan, elkarretaratze burrunbatsua Gurutze Gorriaren Iruñeko bulegoen aurrean.
  • Maiatzaren 17an greba eta mobilizazioak:
    • 9:00etan, giza katea Cáritasek Iruñeko San Anton kalean duen egoitza inguratzeko.
    • 10:30ean, elkarretaratzea Nafarroako epaitegien aurrean.
    • 11:30ean, epaiketa Nafarroako Auzitegian

Mezu hau zabaltzera eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu, greba denon artean prestatu beharra dagoelako. OEISek Nafarroako langileen borondatea errespetatu behar du; bestela, argi eta garbi entzunen digute.

Hurrengo egunetan sortzen diren nobedadeen berri emanen dugu.

Hitzarmen duina helburu, hiru greba egun erregistratu ditugu Arabako metalgintzan maiatzaren 18a, 24a eta 26rako

Arabako metalgintzako langileek hitzarmen duina behar dute. Ondorioz, eta SEA patronalaren inmobilismoaren aurrean, LAB, ELA, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuok hiru greba egun erregistratatu ditugu gaur, maiatzaren 18a, 24a eta 26rako.


Arabako metalgintzaren negoziazioak hainbat urte daramatza inolako aurrerapenik gabe. Denbora honetan guztian SEAk inmobilismoa besterik ez du eskaini. Joan den apirilaren 12ko bileran, greba-deialdiaren berri izan ondoren, patronalak berriro eskatu zuen sindikatuok mugitzea. Bitartean, patronalak ez du lanaldia jaisteko proposamenik aurkeztu, ezta subrogaziorik ere, eta ez du sektoreko langileentzako erosteko ahalmenari eusteaz edo beste lan-baldintza batzuk hobetzeaz hitz egiten.

Horren aurrean, gogorarazi nahi dugu LAB, ELA eta CCOO sindikatuok iazko abenduan akordio batera iritsi ginela negoziazioak eta ekintza sindikalak bultzatzeko, Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo duin bat izatera iristeko. Ondoren, USO, ESK eta CGTk bat egin zuten aldarrikapen taula argi batekin, baina oraindik ez du erantzunik jaso SEAren aldetik.

Orain arte mobilizazio ugari egin ditugu, metalaren hitzarmen duin baten aldeko milaka sinadura biltzen ari gara, eta orain grebetara goaz SEA mugitu behar izateko, edozein aitzakia alde batera utziz eta sektoreak dituen arazoei erantzun argiak emanez.

Ildo horretan, greba horietarako aldarrikapen nagusiak honako hauek direla azpimarratu nahi dugu:

– KPIaren gaineko soldata-igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin, 14 ordainsaritan.
– Lanaldia nabarmen jaistea.

– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa.

– Kontratazioan emiten den iruzurraren aurkako neurriak.

– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea.

– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak.

– Lan-osasuna bermatzeko neurriak.

– Baimenak hobetzea eta pertsonak erdigunean jartzen dituzten beste lan-baldintza batzuk.

– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraaktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

6 sindikatuok egiten dugu 3 eguneko greba-deialdi hau, baina Arabako metalgintzako langile guztiei dei egiten diegu bat borroka egun hauekin, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Beraz, Arabako metalgintzako sektoreari dei egiten diogu, lehenik eta behin maiatzaren 18an eta, ondoren, 24an eta 26an, grebak egin, ekoizpena eten eta kalera atera dadin, deituko ditugun mobilizazioetan parte hartuz, sektorean lan-baldintza duinak lortzeko.

Maiatzaren Lehenean 8 mobilizazio egingo ditugu Nafarroan zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren banaketa eskatzeko

Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak Nafarroan 8 mobilizazio egingo ditu, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak (Txoko Gorriak) prestatuko ditu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin. Horrela azaldu du Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Iruñeko Gaztelu plazan egindako agerraldian.

Maiatzaren Lehen honetan LABek enplegua eta zaintzak banatzeko politiketan eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra. LABek banaketa hirukoitzaren alde egin du. Horretarako, lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz. Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz.  

Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean.

Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen. Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere. Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren kontura. Instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen du LABek, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.

Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean.  Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko. 

  • Hori guztia hemen, Nafarroan, Euskal Herrian egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Nafarroan egin ahal izateko burujabetza eskuratzea behar dugu, Madrilen posible ez diren aldaketan Nafarroan gauzatu ahal izateko.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak Nafarroan:

  • Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik. Txoko Gorria: Monton Tabernan (Jarauta kalea) eta Piparrika plazan.
  • Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik.
  • Lizarra. 12.30ean, geltokitik.
  • Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik.
  • Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik.
  • Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik.
  • Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik.
  • Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik.

Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 2.500 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

Mobilizazioak Arabako Esku-hartze Sozialean, patronalaren blokeoaren aurrean

Ia urte eta erdiko negoziazioen ondoren, Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak hitzarmen duin baten alde borrokatzen jarraitzen du. Horrela, LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok kontzentrazioa egin dugu gaur Gasteizko Probintzia plazan, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Patronala negoziazioa blokeatzen ari dela salatu dugu, erakundeen finantzaketan aitzakipean, eta esanez KPIari lotutako igoera batek elkarte askoren amaiera ekar lezakeela. Esan beharrik ez sindikatuok ez dugula bat egiten patronalaren iritziarekin.

Hain zuzen ere, sindikatuek sektoreko 1.000 langile baino gehiagoren erosahalmena bermatzea eta lan baldintzen duintzea eskatzen dute. Horregatik, sektore osoari dei egiten diogu apirilaren 26an goizeko 10:00etan Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatzeko. 

Greban daude Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak

LAB, SATSE, ELA, UGT, CCOO, ESK eta UTESE sindikatuon deialdiari jarraituz, greban daude Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileak apirilaren 19tik 22ra.

Osakidetzako gainontzeko langileei baino % 4 gutxiago ordaintzen diete eta ekiparazioa eskatzen dute.