2024-12-07
HomeEkintza PolitikoaMaiatzaren Lehenean 8 mobilizazio egingo ditugu Nafarroan zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren...

Maiatzaren Lehenean 8 mobilizazio egingo ditugu Nafarroan zaintza lanak, enplegua eta aberastasunaren banaketa eskatzeko

Maiatzaren Lehenerako LAB sindikatuak Nafarroan 8 mobilizazio egingo ditu, “Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu” leloarekin. Mobilizazio horien inguruan, espazio ludikoak (Txoko Gorriak) prestatuko ditu, errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilaka dadin. Horrela azaldu du Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak Iruñeko Gaztelu plazan egindako agerraldian.

Maiatzaren Lehen honetan LABek enplegua eta zaintzak banatzeko politiketan eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra. LABek banaketa hirukoitzaren alde egin du. Horretarako, lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz. Aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu: soldatak hobetuz, zerbitzu publikoak hobetuz eta erreforma fiskala garatuz.  

Egoera jasanezina da sozialki eta ekologikoki. Kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen. Testuinguru horretan ulertu behar dugu Ukrainan gertatzen ari dena. Gatazka horrek oligarkiaren interes geopolitikoei erantzuten die. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka bizi dugu, zuzen-zuzenean.

Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen. Egoerak egiturazko neurriak eskatzen ditu, ez eznahikoak diren partxeak, Estatuetako Gobernuak eta Gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan. Gainera, laguntza horietako askok gastu publikoa handituko dute eta politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere. Iraingarria da Iberdrola eta Petronorren gisako energia enpresak aberasten jarraitzea, herritarren kontura. Instituzioek ezin dute hori onartzen eta babesten jarraitu. Oligopolio energetikoak duen xantaiarako botereari eta gaitasunari mugak jartzea exijitzen du LABek, energiaren prezioa mugatzea. Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa.

Kapitalismoan etorkizunik ez dugu langileok, beste eredu ekonomiko eta sozial baterako bidea egiten hasi behar dugu. Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu. Pandemian osasuna eta ekonomia zaintzeaz hitz egiten ziguten bezala, orain antzeko paralelismoa egiten da, pertsonak eta ekonomia babesteaz ari direnean.  Benetan pertsonak babestu nahi badira, langile klasea eta herri-sektoreak zaindu nahi badira, asmo hori eslogan hutsean uzterik ez dago. Bada ordua pertsonen beharrak eta bizitza erdigunean jartzeko. 

  • Hori guztia hemen, Nafarroan, Euskal Herrian egin behar dugu posible. Kapitalismoari alternatiba batekin erantzutea afera globala da, herrialdez herrialde gauzatu beharrekoa. Nafarroan egin ahal izateko burujabetza eskuratzea behar dugu, Madrilen posible ez diren aldaketan Nafarroan gauzatu ahal izateko.

Hauek dira Maiatzaren Leheneko LABen deialdiak Nafarroan:

  • Iruñea. 12:00etan, Gaztelu plazatik. Txoko Gorria: Monton Tabernan (Jarauta kalea) eta Piparrika plazan.
  • Azkoien. 12.00etan, BMko aparkalekutik.
  • Lizarra. 12.30ean, geltokitik.
  • Tafalla. 13.00etan, Nafarroako Plazatik.
  • Tutera. 12.30ean, Queiles pasealekutik.
  • Doneztebe. 12.00etan, Avia gasolindegitik.
  • Altsasu. 12.30ean, Foruen plazatik.
  • Leitza. 12:00etan, Herriko plazatik.

Bestalde, nabarmendu nahi dugu aurten ez dugula plastiko serigrafiaturik erabiliko Maiatzaren Lehena iragartzeko. Ez dugu plastikozko 2.500 metro jarriko. Urrats asko egin behar ditugu trantsizio ekosozialistaren alde, eta hori da horietako bat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.