2026-09-21
HomeEkintza SindikalaGreba eta mobilizazioetarako deia egiten dugu OEIS patronalak Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena...

Greba eta mobilizazioetarako deia egiten dugu OEIS patronalak Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena inpugnatu duela salatzeko

Maiatzaren 17an, Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren inpugnazioaren epaiketa izanen da. Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) aurrera jarraitzen du zentzugabekeria horrekin, eta, horregatik, egun horretan grebarako deialdia egitea beste aukerarik ez dugu izan, langile guztiok kalera atera ahal izan gaitezen harrapaketa hori argi eta garbi salatzeko.

Greba deialdia Lan Departamentuan erregistratu dugu, eta Nafarroako CEN, ANEIS eta OEIS patronalei ere jakinarazi diegu.

Grebak hiru lan txandei eraginen die (gauekoa, goizekoa eta arratsaldekoa). Hortaz, maiatzaren 16ko 20:00etan hasiko da, eta maiatzaren 17ko 23.59an bukatuko. Horrela, hiru txandek izanen dute greba egiteko legezko estaldura.

Hauek dira grebaren helburuak:

  • Estatuko OEIS patronalak (Gurutze Gorria, Cáritas, Secretariado Gitano, Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea eta Gosearen aurkako Elkartea) Nafarroako Esku-hartze Sozialeko I. Hitzarmen Sektoriala epaitegietan inpugnatu izana salatzea.
  • Sektoreko bi mila langileren lan baldintzak defendatzea; izan ere, hitzarmenari esker, langile horien lan baldintzak hobetu dira, hamarkada luzetan erakundeen utzikeria eta oso soldata kaxkarrak jasan ondoren.
  • Gizarte egoera zaurgarrian dauden herritarrei ematen zaizkien gizarte zerbitzu publikoen kalitatea defendatzea.

Era berean, zenbait mobilizazio prestatu ditugu greba aurreko egunetarako:

  • Maiatzaren 7an, 12:00etan, manifestazioa Gurutze Gorriaren egoitzatik abiatuta (Leire kalea 6, Iruña).
  • Maiatzaren 16an, 10:00etan, elkarretaratze burrunbatsua Gurutze Gorriaren Iruñeko bulegoen aurrean.
  • Maiatzaren 17an greba eta mobilizazioak:
    • 9:00etan, giza katea Cáritasek Iruñeko San Anton kalean duen egoitza inguratzeko.
    • 10:30ean, elkarretaratzea Nafarroako epaitegien aurrean.
    • 11:30ean, epaiketa Nafarroako Auzitegian

Mezu hau zabaltzera eta mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu, greba denon artean prestatu beharra dagoelako. OEISek Nafarroako langileen borondatea errespetatu behar du; bestela, argi eta garbi entzunen digute.

Hurrengo egunetan sortzen diren nobedadeen berri emanen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.