2026-01-26
Blog Page 388

Nafarroako aurrekontuek ez dituzte langileok behar ditugun egiturazko aldaketak jasotzen

LAB sindikatuko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok agerraldia egin du Iruñean, Nafarroako 2022rako aurrekontu proiektuari buruzko balorazioa egiteko. “Nafarroako Gobernuaren zerga politika eta aurrekontu proiektua aztertu ondoren, ozen esan dezakegu ez dagoela egiturazko aldaketarik, ez dagoela politika publikoetan norabide aldaketarako erabaki politikorik”, adierazi du.

Honako hauek dira gure kritika nagusienak: 

– Parte hartze sozialik gabeko aurrekontuak dira hauek. Aurten ere, Kontseilu Ekonomiko eta Soziala egin baino hiru egun lehenago bidali zigun Gobernuak aurrekontu egitasmoa eta bilkura burutu ondotik ezertxo ere aldatu gabe berbidali zuen Parlamentura. Era berean, mugimendu sozialen eskariak jaso eta lantzeko prozedurarik ez dago.

– Bestalde, Estatuko legediak baldintzatutako aurrekontuak dira. Esaterako, Nafarroako Gobernuko langileen soldata, Estatuak baimenduko duen portzentaiara dago mugatua.

– PSN-Geroa Bairen Gobernuak Kapital errentak eta enpresen irabaziak gehiago zergapetuko dituen sakoneko zerga erreforma sakona blokeatzen jarraitzen du. Nafarroako presio fiskala Europako bataz bestekotik urrun dago: Europar Batasuneko batezbestekoa %40,1 bada Nafarroakoa %30,4. Sindikatu guztiok gaude zerga erreformaren alde, baina Gobernua Patronalaren betoa ontzat ematen ari da. Era honetan, Nafarroako etorkizuna hipotekatzen ari da Gobernua: gaur biltzen ez dena, ezin izango da biharkoan inbertitu.

– Aurrekontuetan ez dago zerbitzu publikoak eta bereziki osasun eta zaintza sisteman jauzi bat emateko apusturik. Areago, aurrekontuak aurreko urtearekiko %8,3 hazten badira ere, osasungintzan %0,5 besterik ez da hazten, alegia, inflazioaren azpitik. Pandemiaren garai zailena igarota, ez dago asmorik osasun sistema publikoa indartzeko, ezta zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko ere. Akats estrategikoa da hau LABen ustez. 

– Enplegurako aurreikusitako inbertsioan %28ko hazkundea badago ere, LAB oso kritikoa da diru horren erabilpenari dagokionez. Izan ere, 1.400 euroko gutxieneko soldata bezalako neurriak ezarriko lituzkeen akordio interprofesionala sustatu beharrean, prekarietatea ontzat eman eta eremu pribatura diru publikoa bideratzera mugatzen da Nafarroako Gobernuaren interbentzioa. Ildo beretik, jarduera ekonomikoa sustatzeko aurreikusitako inbertsioak enpresarien eskuetan uzten ditu nagusiki Nafarroako Gobernuak.

– Honela, Europako funtsek nahiz zorpetze arauen malgutzeak emandako baliabideak sektore publikoa indartu, eredu sozioproduktiboaren eraldaketari ekin eta lan nahiz bizi baldintzak hobetzeko baino, ekimen pribatuaren sustapenerako erabiltzen ari da. Norabide estrategikoa aldatu eta trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko zabaldutako aukera alferrik galtzen ari da Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk iragarritako aurrekontu akordioa

Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioak zenbait hobekuntza sozial eta laboral jasotzen baditu ere, aurrekontuen dimentsioarekin alderatuta eragin mugatua dauka eta, hortaz, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuek egiturazko gabeziak izaten jarraitzen dute.

Honako gako hauek azpimarratu nahi ditugu aipatutako aurrekontu akordioari dagokionez:

– Nafarroa demokratizatzeko agendari dagokionez, ontzat jotzen dugu Kontratazio Batzordean UGT eta CCOOena soilik ez baina sindikatu guztien parte hartzea ahalbidetzea. Enplegurako sarbidean ematen den diskriminazioa aztertzeko planteatzen den azterketa, berriz, LABen proposamenez Nafar Lansarek hartu zuen eta gauzatu ez duen konpromisoa litzateke jasotzen dena. Ikusita orain arte administrazioak ez duela ezertxo ere egin Volkswagen bezalako enpresetan ematen den diskriminazio sindikalarekin eta matxistarekin amaitzeko, gai honetan presioa egiten jarraituko dugu.

– Administrazio publikoetarako adostutako hobekuntzen artean hainbat aldarrikapen sindikal daude jasoak, hala nola, suhiltzaileak, SOS-Nafarroa, basozainak edota larrialditako garraioari dagokionez. Kontutan hartzekoa da, halaber, 0-3 zikloaren doakotasunaren bidean emandako urratsa 18.000 euro azpiko diru-sarrerak dituzten herritarrei begira.

– Langileon lan eta bizi baldintzei dagokionez, eremu soziosindikalean aldarrikatzen ari garenetik urrun geratzen da akordioa. LABen ustez, batazbesteko soldatarekin loturiko gutxieneko soldataren erreferentzia orokorra baino, bataz besteko soldataren %60a den 1400 euroko gutxieneko soldata ezartzeko akordio interprofesionalaren aldeko apustu zehatza egin beharko litzateke, Europa mailako gomendioei jarraiki. Pentsioen kasuan, akordioan ezarritako 800 euroko gutxieneko pentsioa Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen dituen 1080 euroetatik urrun geratzen da.

– Amaitzeko, Nafarroaren autogobernuari dagokionez, Foru Hobekuntzan duela 40 urte finkatutako eskumenak aldarrikatzera mugatzen da akordioa. Aldarrikapen hau beharrezkoa izanik ere, LABen ustez bada garaia Nafarroaren estatusaren inguruko eztabaida sozial eta instituzionalari ateak irekitzeko eta, zehazki, lan harremanen eta babes sozialaren esparruan ahalmen osoa eskuratzeko. Nafarroak bere Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioa izan dezan da LABen proposamena.

Amiantoaren biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzea urrats garrantzitsua da, baina oraindik asko dago egiteko

Atzo urrats garrantzitsua eman zen amiantoaren biktimentzako Konpentsazio Funtsa sortzeko; izan ere, beste batzuetan funtsaz hitz egin bazen ere, ez zen honetarako aurrekonturik jarri, eta atzoko akordioarekin 25 milioi euro bideratuko dira horretarako.

LABek urrats garrantzitsutzat jotzen du langileen, haien familien, gizarte-ingurunearen eta industria horietatik gertu bizi zirenen ondorioak, gaixotasuna eta heriotza aitortzeko. Hala ere, ezin gara triunfalismoetan erori. Oraindik asko dago egiteko Euskal Herrian hamarkada askotan amiantoa masiboki eta kontrolik gabe erabiltzearen ondorioei aurre egiteko. Ildo horretan, honako alderdi hauek azpimarra ditzakegu:

  • Amiantoa osasun publikoko arazotzat hartzea.
  • Jarrita dagoen amiantoaren kontrola Europako Ekonomia eta Gizarte Komitearen 2015eko irizpenabetetzeko, 2032rako amiantoa erabat erauztea adierazten duena.
  • Osasuna zaintzeko programak zabaltzea.
  • Osasunbidean eta Osakidetzan amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko programa bat ezartzea,profesionalentzako prestakuntza espezifikoarekin, gaixotasun profesionalaren susmoen jakinarazpenen erregistroa eta kontingentzien zehaztapenak aktibatzea, eta amiantoaren ondoriozko gaixotasunen erregistro bat sortzea irizpide epidemiologikoekin, Osasunbidearen, NOPLIren, Osakidetzaren eta Osalanen parte- hartzearekin.
  • Erregistro hori sortzen den bitartean, epaitegi espezializatuak izan daitezela amiantoaren ondoriozko erreklamazioez arduratzen direnak.
  • Amiantoaren eraginpean dauden pertsonen erretiro aurreratua.
  • Amiantoaren biktimei laguntza soziala eta psikologikoa ematea.
  • Babesa zabaltzea esposizio ez-profesionaletik eratorritako kasuetara (etxean eta ingurumenean)

Hauek dira beharrezkoak diren neurrietako batzuk, amiantoaren iraganeko, oraingo eta baita etorkizuneko problematikari erantzun erreala eman nahi badiogu. Atzokoa urrats bat izan zen norabide onean, baina asko falta dira eta Urkulluren eta Chiviteren gobernuek ezin dute Madrilera bakarrik begiratu, hemen ere premiazko pausoak eman behar ditugu eta urte askotako atzerapena dugu.

Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileak Basaurin mobilizatu dira, soldata arrakalaren kontra eta soldata duin baten alde

Bizkaiko garbiketa-sektorean une erabakigarri baten aurrean daude hitzarmen duin baten aldeko borrokari dagokionez. Patronala oso urrun dago lana duindu nahi izatetik. Lan feminizatua, prekarizatua eta ia beti ikusezina da honako hau. Egoera irauli eta mobilizazioetara irtetea erabaki dugu LAB, ELA eta ESK sindikatuok.

Soldata arrakalarekin amaitzea dugu helburu. Negoziazio honen gakoetako bat sektorean genero-soldata-arrakala dagoela onartzea da. Garbiketa sektoreak 29.000 langile baino gehiago ditu EAEn. Kopuru horretatik 26.000 ( %86a) eraikinen eta lokalen garbiketan lan egiten dute, non % 85 emakumeak diren eta 4.000 inguruk kale-garbiketan, non %76a gizonezkoak diren. Kolektibo baten eta bestearen arteko soldata-aldea %40 ingurukoa da. Eta hori kalean lan egitea konpentsatzen duen plus toxiko/nekagarri/arriskutsua alde batera utzita, beraz, bi kolektiboen arteko arrakala horren arrazoia eraikin eta lokaletako sektorearen izaera feminizatua da.

Soldata duinak ere exijitzen ditugu, 1.200 euro x 15. Horregatik guztiagatik, nahikoa dela diogu. Iritsi da langile hauen unea. Argi dugu garbiketako soldatak duintzeko unea orain dela, eta prekaritatearen aurkako borroka handiena Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileentzat 1.200 euroko gutxieneko soldatak 15 ordainsaritan bermatzea dela.

Garaia iritsi da funtsezkotasun hori soldata duin bihurtzeko Bizkaiko eraikin eta lokaletako garbitzaileen kolektiboarentzat.

Bat egiten dugu azaroaren 20an Brouard eta Muguruzaren omenez antolatutako ekimenekin eta EH Bilduk deitutako manifestazioarekin

Euskal Herrian mobilizazio ziklo berri bat irekitzeko lanean ari da LAB. Prekarizazio eta pobretzearen kontrako borrokan, lan, pentsio eta bizitza duinaren bidean eraldaketa sustatu nahi dugu. Eraldaketa, burujabetzaren bidean sakonduz. Hemen Euskal Herrian erabaki ditzagun gure lan eta bizi baldintzak.

Espainiako konstituzioaren babesean sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidak bere bidea egin du. Eredu horrek ezinezko egiten du bizitza duina. Politika neoliberal eta autonomistei aurre egin eta ezkerreko politika subiranistak sustatzeko garaia da. Ezker independentismotik eragiteko momentua.

Trantsizioa abiatu behar dugu, egungo eredu ekonomiko eta soziala gaindutu eta bizitza erdigunean jarriko duen eraldaketa sustatzeko, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako. Trantsizio ekosozialista eta feminista.

78ko erregimenarekin eta haren oinordekoekin kateak apurtzeko garaia da. Gure herriaren nazio askapenaren kontrako zapalkuntzak adiera asko izan ditu, urteurren beltz ugari ditugu egutegian markatuta. Azaroak 20 egun seinalatua da, Franco diktadorearen heriotzaren urtemuga (aurten Memoria Demokratikorako Espainiako Legearen eztabaida betean, eta oraindik ere frankismoko krimenak epaitzeke), eta HBko buruzagi Santi Brouard eta Josu Muguruza erahil zituztenekoa. Brouard eta Muguruzaren omenez goizean antolatutako ekimenekin bat egiten dugu LABetik. Aldi berean, eta aurretik aipatutako guztia aldarri hartuta, EH Bilduk Bilbon deitutako manifestazioari gure atxikimendua helarazten diogu.

Bizitza erdigunean jartzeko, herri burujabetzaren bidea jorratu behar dugu. Eredu berria posible egingo duen Euskal Errepublika Sozialista eta Feminista ortzimugan.

“Lan, pentsio eta bizitza duina; lan eta pentsio erreformei ez; bizitza duinerako, burujabetza. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte”

Herri mugimenduko hainbat eragilek eta kolektibok agerraldia egin dute, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuok deitutako mobilizazio egunarekin bat egin dutela adierazteko. Hain zuzen ere, egun horretan, 11:00etan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu, eta, arratsaldean, herrietan. Hala, deitzaileok eta deialdira atxikitutakoek mobilizazioaren beharra nabarmendu dugu.

Hauxe da agerraldian egindako irakurketa:

Gaur, hemen bildu gara herri mugimenduko hainbat eragile eta kolektibo anitz, abenduaren 1erako Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek deitutako mobilizazio egunarekin bat egiten dugula adierazteko.

2008ko krisiaren ondorio lazgarriak gainditu gabe genituela harrapatu gaitu COVID19ak eragin duen osasun krisiak. Hau baina, ez da soilik osasun krisi bat izaten ari. Pandemiak azkartu egin ditu jada bizi genituen krisi anizkoizak eta sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu dira.

Aurreko guztiaren kudaketa negargarriak argi utzi du boteregune ekonomiko eta politikoen hautua bizitzaren sostenigarritasuna alboratu eta kapital metaketari eusteko erabakiak inposatzea dela. Irakaspenak atera eta norabide aldaketa sakonari ekin baino, datozen hileotako eta urteotako aurreikuspenek argi uzten dute erabakiek ildo berean jarraituko dutela: Europar funtsen baldintzapekotasun eta norabidetik hasi, Madrilen hileotan eztabaidagai dauden lan eta pentsio erreformetatik igaro eta gure herriko aurrekontu eta berdintasun politika zein politika sozialetaraino.

Lan, pentsio eta bizitza duina. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizitza duinerako, burujabetza. Oinarrizkoak diren aldarrikapen hauek batzen gaituzte.

Lan guztiak aitortu eta banatzeko neurriak beharrezkoak dira, eta enplegurako baldintza duinak bermatzeko ordua ere bada. Prekaritatera kondenatutako langile belaunaldi berrion aldarrikapena da hau, bazterrean eta izkutuko lanetan gauden emakumeona, bizirauteko nahikoak ez diren langabezia prestazioak jasotzen ditugunona.

Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala.

Finean, gutxi batzuen diru eta botere gosearen gainetik, pertsona guztien bizitzak, gure herriaren eta planeta beraren biziraupena erdigunean jarriko dituzten neurri politikoak aldarrikatzen ditugu. Ezinbestekoa da, beraz, norabide aldaketa sakon bat, ezinbestekoa den bezala erabaki burujabeak hartu eta gauzatzeko eskubidea eta gaitasuna izatea.

Honek guztiak egunotan eztabaidagai diren lan eta pentsio erreformen batailan posizioa hartzera garamatza. Ez gaude prest gure bizitzak pobretu eta prekarizatuko dituzten murrizketa berriak onartzeko. Euskal Herriko feministak, ekosozialistak, gazteak, ikasleak, eskubide sozialen aldeko aktibistak, antimilitaristak eta independentistak ez gaude eszenatoki hau onartzeko prest.

Horregatik, testuinguru honetan, begi onez ikusten dugu sindikatuek luzatutako proposamena eta abenduaren 1ean mobilizaziorako deia egiten dugu Hego Euskal Herriko eragile sozialek. Aipatu dugun bezala, arrazoiak ez zaizkigu falta. Ozen eta argi adierazi nahi dugu badagoela gauzak beste era batean egiteko modua eta hemen gaudenok prest gaudela norabide horretan borrokan jarraitzeko. Bereizita eta desmobilizatuta nahi gaituzten honetan, elkarrekin indartsuagoak gara.

Gauzak horrela, abenduaren 1ean goizeko 11:00etan Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egingo ditugu. Zehazki, Bilbon Udaletxetik, Donostian Gobernu Zibiletik, Iruñean CENetik eta Gasteizen Probintzia plazatik.

Era berean, arratsaldez, besteak beste, hurrengo herrietan mobilizazioak izango dira:

Bizkaia (12)

– Bilbo
– Durango -Algorta -Basauri -Barakaldo -Zalla
– Galdakao -Mungia -Erandio -Zornotza -Igorre
– Ondarru

Gipuzkoa (10)

-Donostia -Beasain -T olosa -Hernani -Irun -Errenteria -Azpeitia -Zarautz -Eibar

– Arrasate

Nafarroa (3)

-Iruñea -Tutera -Lizarra

Araba (3)

-Gasteiz -Agurain -Laudio

Deialdi honekin bat egiten dugun eragile, herri mugimendu eta kolektiboen zerrenda hurrengoa da:

  • Arabako Osasun Publikoa Aurrera plataforma
  • Argilan-ESK
  • Ari Du Elkartasun Sarea (Plentzia Gorliz Lemoiz)
  • Arrigorriagako pentsionisten asanblada
  • AsociaciĂłn Colectivo Bachue Elkartea
  • AsociaciĂłn Mujeres en la Diversidad
  • AsociaciĂłn Posada de los Abrazos
  • ATH-ELE
  • Berri-otxoak (Plataforma contra la exclusiĂłn y por los derechos sociales)
  • Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista
  • Bizkaiko Emakumeen Asanblada (AMB-BEA)
  • Congreso de los Pueblos
  • Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendua
  • Ekologistak Martxan
  • Emakume Askeak.Mujeres Libres
  • Eragin
  • Ernai gazte antolakundea
  • Euskal Gune Ekosozialista
  • Euskal Herriko Bilgune Feminista
  • Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa
  • Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta
  • Euskal Herrian Euskaraz
  • Euskal Herriko Neska* Gazteak
  • FeministAlde
  • Gu ere bagara Bilbo
  • IKAMA (Ikasleria Martxan)
  • Iniciativa por el Derecho a Techo y Contra la ExclusiĂłn Social de Gasteiz
  • Irauli
  • Izartu Mungialdea
  • Kakitzat (Koordinakunde Antimilitarista)
  • Laumunarrieta Memoria Elkartea
  • Marimatraka Santurtziko Talde Feminista
  • Mugarik Gabe ONGD
  • OKA elkartea (Berriz)
  • OMAL-Paz con Dignidad
  • Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionistak elkartea
  • Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba
  • Sare Antifaxista
  • Trabajadoras No Domesticadas

Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azaroaren 13ko mobilizazioetan adierazi zuen bat egiten duela abenduaren 1eko deialdiekin.

EAEko Hezkuntza Saileko sukaldari eta garbitzaileen kontsolidazioa exijitzea eta hitzarmen berria negoziatzea uztargarriak dira

EAEko Hezkuntza Publikoko gainerako kolektiboetan lan hitzarmen berrien negoziazio-prozesuak zabalik dauden bitartean, ELA, CCOO eta UGT sindikatuen oposizioak oztopatu du garbiketa eta sukaldeetako lan-hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren osaera eta egutegia ezartzea. Bigarren aldiz, aipaturiko sindikatuek indarrak batu dituzte langile kolektibo feminizatu, prekarizatu eta adindu honen lan-baldintzak hobetu ahalko lituzkeen prozesua blokeatzeko.

Atzo, EAEko Hezkuntza Sailak deituriko sukaldari eta garbitzaileen mahaian, lehenengo puntuan, lan hitzarmen berriaren negoziazio-mahaia osatzeko proposamena bazegoen ere, gure harridurarako gainerako sindikatuek berriz ere geldiarazi zuten prozesu negoziatzailea abiatzeko aukera.

LAB sindikatuak, mobilizazio dinamika luze eta arrakastatsuen ondorioz, 2018an hezkuntza publikoko kolektibo guztietako akordioak sinatu zituen. Harrezkero lan hitzarmenen negoziazioa irekitzea eskatu zuen, eta orduko akordioak prozesu negoziatzaileen oinarrian daude gaur EAEko Hezkuntzarekin irekitako negoziazio-prozesuetan. Gainerako sektoretan negoziazio-bilerek aurrera darraiten arren, kolektibo feminizatu, adindu eta prekariezatuenak diren sukaldari eta garbitzaileen lan hitzarmenaren negoziazioa abiatzea blokeatzen jarraitzen dute ELA, UGT eta CCOO sindikatuen ordezkariek.

Hezkuntza Sailak bi aldiz jarri ditu mahai gainean lan hitzarmen berriaren negoziazioarekin hasteko proposamena – bat aurreko ikasturtean, eta bestea, atzo-, baina ELA, UGT eta CCOOk eskaintzari uko egin diote berriz ere. Beraien aitzakia da kolektibo honen EPEa negoziatu nahi dutela lan hitzarmena berritu baino lehen.

EAEko hezkuntza publikoko langile-kolektibo guztietan —irakasleak, heziketa berezia eta Haurreskolak Partzuergoan— egoera berdina ematen bada ere, hau da behin behinekotasunarekin aldatzeko EPEak behar badira ere, mahaiak eratu dira eta gai biak mahai gainean daude, negoziazioak motel edo bizkorrago badoaz ere. Beraz, LABetik ezin dugu ulertu besteetan posiblea dena kolektibo hauetan ukatzearen atzean dauden interesak, are gehiago, langileen eskubideak defendatu behar dutenen partetik.

Sukalde eta garbiketan, beste aldarrikapenen artean, ratioak eta lan-zamak arintzea, gazte-berritze planak, lan osasuna zaintzea eta arrisku psikosozialen prebentzioa, funtzioak zehaztea, formakuntza hobetzea, euskalduntzea eta langileen lan-baldintzak hobetuko lituzkeen beste neurrien negoziazioari mugak jartzen dizkiote aipatutako sindikatuek, langileak 2009tik berritu gabe dagoen hitzarmenarekin jarraitzera kondenatuz.

Langileen ekubideen defentsan, behin-behinekotasun tasa jaistea, pribatizazioa geldiaraztea, lanpostuak sortzea, edo kontratazioan egon daitekeen iruzurrarekin amaitzea ahalbideratuko lukeen kontsolidazio prozesua exijitzea eta lan hitzarmen berria negoziatzea prozesu uztargarriak direla argi dugu LABetik. Hori dela eta, biak lortu arte burrukatzen jarraituko dugu, ematen zaizkigun aukerei uko egin gabe.

1.400 euroko gutxieneko soldatari bide emateko lanbide arteko akordioa proposatu diegu Confebask eta CEN patronalei

LABen deialdiari jarraituz, sektore feminizatuetako langileek (garbitzaileek, merkataritzakoek, zaintzaileek edo jangeletakoek) mobilizazio bana egin dute Bilbon eta Iruñean, Confebask eta CENen patronalen egoitzen aurrean, “1.400 euro gutxieneko soldata nahi dugu! Egin dezagu posible Euskal Herrian” lemapean. Guztiak pandemian zehar ezinbestekoak izan diren langileak dira, baina 1.400 eurotik beherako soldatak dituztenak. Ekimen honekin 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu du LABek EAE eta Nafarroako patronalen aurrean, eta honen alde egitea eskatu diegu enpresarien ordezkariei. Eskaerari bide emateko patronalei lanbide arteko akordiorako proposamena egin die LABek.

Maddalen Dorador LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko idazkariak hartu du hitza Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean: “1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko mobilizatu gara”. Aberastasunaren banaketan kokatu du gakoa: “Sortzen den aberastasuna modu justu batean banatzea eskatzen dugu”, langileek eta enpresariek jasotzen dutena alderatuz. “Dirua egon badago: gaurkoan hainbat enpresaburuk jasotzen dituzten soldatak bistaratu ditugu. Adibide bat: Sanchez Galanek jasotzen duena, Iberdrolako lehendakaria. Berak hilero zahar egoitzetako 660 langilek beste irabazten du, 799 garbitzailek adina”, azaldu du.

Doradorren hitzetan, “gure lanak aitortu eta duintzea eskatzen dugu. Patronalak zor bat dauka emakume langileokin, zor patriarkala. Bi aldiz aberastu da gure lanarekin, gure enplegu prekarioari esker, eta etxean musutruk egiten ditugun zaintza lanen kontura”, gaineratu du.

1.400 euroko gutxieneko soldata Euskal Herriko batez besteko soldataren %60 da. LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, “zer gutxiago, hori bermatzea baino.  Eta horrela izan dadin, EAEn Confebaski eta Nafarroan CEN patronalari enplegu duinerako akordio proposamena aurkeztu diegu”. Jarraian, beste aldarrikapen batzuk ere zerrendatu ditu Doradorrek: “Gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzearekin batera, sektore feminizatuei zuzenean eragiten dieten hainbat neurri jasotzen ditu proposamenak:  gehieneko lanaldia arautu, soldata arrakala gainditu  eta lanaldi partziala mugatzeko, besteak beste”.

Aldarrikapena esparru politiko-instituzionalean kokatuz amaitu du LABeko ordezkariak bere hitzartzea, “bidezkoa da eta bideragarria da eskatzen duguna. Urkulluri eta Chiviteri dei egiten diegu gai honetan esku har dezaten patronala akordiora bultzatzeko”. LABek honen alde borrokan jarraituko duela adierazi du.

Frantziako Estatuak Kanakiako erreferendumarekin aurrera jarraitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Urte luzez LAB eta Kanakiako USTKE sindikatu independentista borrokari lotuak egon dira; langileok duintasunez bizi ahal izateko eta gure herriek libreki erabaki ahal izateko borrokarekin, hain zuzen ere. LABek betidanik oso hurbiletik jarraitu du Kanakian gertatzen dena, eta hasiera-hasieratik bere askapen nazional eta sozialerako borroka babestu egin du.

Kanakiako herriak, Euskal Herriak bezalaxe, Frantziako Estatuko Gobernuaren erabakiak larrutik ordaintzen ari da. Austeritate gero eta handiago baten izenean, osasun zerbitzu publikoa ahultzen ari dira eta ondorioak oso larriak dira: erabiltzaileekiko zerbitzu txarra, langileen nekea, pertsona askoren heriotza…

LAB sindikatutik azken hilabete hauetan hildako USTKE-ko burkideak omendu nahi ditugu eta lerro hauen bitartez haien lan nekaezina goraipatzen dugu. Pertsona militante hauen heriotzak tristura handia sortu zuen LAB sindikatuan.

Beste aldetik, Frantziako Gobernua berriro ere Kanakian indar kolonizatzaile moduan inposatzeko saiakeran dabil, horretarako abenduaren 12ko erreferenduma inposatu nahian. Berriro ere su gehiago pizten eta Kanakiako herria zatitu nahian dihardu. Erreferendumaren antolaketarekin aurrera jarraituko balu, Frantziako Gobernua erreferendumak ekar litzakeen ondorio guztien erantzule bakarra izango litzateke, eta, beraz, ondorio guztien ardura bere gain hartu beharko du.

Euskal Herria eta Kanakia milaka kilometrotara egon arren, Kanakiako prozesu politikoa oso hurbiletik jarraitzen dugu beti eta jokoan zer dagoen oso ongi dakigu. LAB sindikatuak Kanakiako herriari eta bereziki USTKE sindikatuari bere babes osoa adierazten dio auto-determinazioaren aldeko borrokan.

Gauzak horrela, COVID 19ari lotutako osasun-egoera larria ikusita, erreferenduma atzeratzeko bidezko eskaerari gure babes osoa berretsi nahi dugu. Erreferendumaren data mantentzeko xedea benetako probokazio politikoa da, eta berriro ere Frantziako Estatuaren burugogorkeria, eta elkarrizketarekiko nahiz ariketa demokratikoarekiko duen ikusmoldea agerian uzten du. Alde horretatik, Kanakiako independentismoak erreferendumean parte ez hartzeko egiten duen deia sustengatzen dugu.

Pentsio publiko duinak ez daude bermatuak

Pentsio publiko eta duinak ez daude bermatuak. Azken urteetako pentsio erreformek, 2011 eta 2013koak, murrizketa gogorrak ezarri zituzten eta orain ezagutzen ari garen erabakiak ez nahikoak dira egoera hori iraultzeko. Pentsio publiko eta duinak bermatzeko soldatak duindu behar dira, kotizazioetatik jasotzen den dirua handitu eta beharrezkoa bada aurrekontu eta fiskalitatearen bidez bermatu behar dira pentsioak.

Hasteko, joan den larunbateko mobilizazioetan salatutakoaren ildoan, berriz ere salatu nahiko genuke pentsio erreformaren neurriak tantaka ezagutzen ari garela eta hau ez dela kasualitatea, argazki osoa izan dezagun ekidin nahi dute, orain hartzen ari diren neurriak partzialak, ez nahikoak eta epe ertainean kaltegarriak izanik ere, aurrerapauso moduan baloratu daitezen, eta aurrerago etorriko diren murrizketa berriei bidea irekitzeko.

Uztailean ezagutu genuen erretiroa aurreratzeko zailtasunak areagotu eta adina luzatzeko pizgarriak adostu zituztela, erretiro adin legala eta erreala parekatzeko helburuarekin. Pentsioak KPIaren arabera birbaloratzeko konpromisoa ere adierazi zuten orduan, baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salatu bezala honetan ere iruzurra egiteko asmoa azalarazi da: urteko KPIa erreferentzia baino, urteko bataz besteko adierazlea erabiliko da aurtengo aurrekontu proeiktuan ezarri bezala eta horrek egungo pentsiodunen eros ahalmena %3a murriztuko du.

Iruzur berri hau gutxi ez eta Bruselarekin kotizazio urteak 25etik 35era luzatzeko konpromisoa ezagutu berri dugu eta baita pentsio pribatuak hedatzeko egitasmoak aurrera egiten duela. Azken pentsio erreformetako murrizketak bere horretan mantendu eta eraso berriak, beraz.

Azaroaren 15ean Patronalaren oneritzirik gabe jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen Belaunaldiarteko Elkartasun Mekanismoa ez nahikotzat jo du LABek, kotizazioei eskua sartuta ere ez delako pentsio publiko duinak bermatzeko gai izango eta kotizazio topeak altxatzen ez dituelako.

Azken egunean eta Patronalaren oniritzirik gabe adostu du Espainiako Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen adierazle berria. 2022an %0,2 igoko dute kotizazioa, progresiboki 2026. urtean 0,6ra heldu arte. Era beran, 2033an Europako Batzordearen zahartze informeen arabera 2024 eta 2050 urteen arteko alderaketa egin eta gastuaren desbideraketa aurreikusiko balitz BPGren %0,2a erabiltzeko atea irekitzen da baita Toledoko itunean berriz aztertu eta pentsioen gastua murrizteko aukera.

Atzo ezagututako mekanismoak kotizazioei, alegia diru-sarrerei, erreparatzen badie ere neurriaren mugak agerikoak dira: Jasoko den dirua ez du egun eta etorkizuneko pentsiodunen egungo babesa eskaintzeko aukerarik ematen eta are gutxiago kopuruak igotzeko. Urrun gelditzen da beraz 1.080 eurotako gutxieneko pentsioaren aldarrikapenetik edota genero arrakala gainditzeko beharrezkoak diren neurrietatik. Norabide argia antzematen diogu erabakioi: pentsio publiko sistema hezurretan utzi, bizirauteko haina justu emango duen prestazio gisa eta pentsio pribatu osagarrien ereduari hedatu.

LABen iritziz, Madriletik eta elkarrizketa sozialetik datorrenari geldirik eta begira geratzea akatsa lizateke, eta gainera hemen artikulatu beharreko indar soziala moteldu egiten du. Sistema publiko, unibertsal eta propioa izatea da egungo eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko aukera erreal bakarra, eta utopia aldiz bere burua historiako gobernurik ezkertiarrena bezala izendatu duenak egin ez duena inoiz Madrildik etorriko dela pentsatzea.

Horregatik, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako sistema propioa eraikitzeko indarrak biderkatu eta hemendik eragiteko deia luzatu nahiko genuke beste behin. Lan eta pentsio erreformak bertan behera utzi eta prekarizazio prozesuari aterabidea emango dion neurriak behar beharrezkoak ditugu eta agertoki berriak soilik mobilizazio sozialaz eta borrokaz lortuko ditugu. Arrazoiak soberan daude Euskal Herritik eta Euskal Herrian errealki eragiteko Greba Orokorra egiteko.