2024-04-18
HomeEkintza PolitikoaPentsio publiko duinak ez daude bermatuak

Pentsio publiko duinak ez daude bermatuak

Pentsio publiko eta duinak ez daude bermatuak. Azken urteetako pentsio erreformek, 2011 eta 2013koak, murrizketa gogorrak ezarri zituzten eta orain ezagutzen ari garen erabakiak ez nahikoak dira egoera hori iraultzeko. Pentsio publiko eta duinak bermatzeko soldatak duindu behar dira, kotizazioetatik jasotzen den dirua handitu eta beharrezkoa bada aurrekontu eta fiskalitatearen bidez bermatu behar dira pentsioak.

Hasteko, joan den larunbateko mobilizazioetan salatutakoaren ildoan, berriz ere salatu nahiko genuke pentsio erreformaren neurriak tantaka ezagutzen ari garela eta hau ez dela kasualitatea, argazki osoa izan dezagun ekidin nahi dute, orain hartzen ari diren neurriak partzialak, ez nahikoak eta epe ertainean kaltegarriak izanik ere, aurrerapauso moduan baloratu daitezen, eta aurrerago etorriko diren murrizketa berriei bidea irekitzeko.

Uztailean ezagutu genuen erretiroa aurreratzeko zailtasunak areagotu eta adina luzatzeko pizgarriak adostu zituztela, erretiro adin legala eta erreala parekatzeko helburuarekin. Pentsioak KPIaren arabera birbaloratzeko konpromisoa ere adierazi zuten orduan, baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salatu bezala honetan ere iruzurra egiteko asmoa azalarazi da: urteko KPIa erreferentzia baino, urteko bataz besteko adierazlea erabiliko da aurtengo aurrekontu proeiktuan ezarri bezala eta horrek egungo pentsiodunen eros ahalmena %3a murriztuko du.

Iruzur berri hau gutxi ez eta Bruselarekin kotizazio urteak 25etik 35era luzatzeko konpromisoa ezagutu berri dugu eta baita pentsio pribatuak hedatzeko egitasmoak aurrera egiten duela. Azken pentsio erreformetako murrizketak bere horretan mantendu eta eraso berriak, beraz.

Azaroaren 15ean Patronalaren oneritzirik gabe jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen Belaunaldiarteko Elkartasun Mekanismoa ez nahikotzat jo du LABek, kotizazioei eskua sartuta ere ez delako pentsio publiko duinak bermatzeko gai izango eta kotizazio topeak altxatzen ez dituelako.

Azken egunean eta Patronalaren oniritzirik gabe adostu du Espainiako Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen adierazle berria. 2022an %0,2 igoko dute kotizazioa, progresiboki 2026. urtean 0,6ra heldu arte. Era beran, 2033an Europako Batzordearen zahartze informeen arabera 2024 eta 2050 urteen arteko alderaketa egin eta gastuaren desbideraketa aurreikusiko balitz BPGren %0,2a erabiltzeko atea irekitzen da baita Toledoko itunean berriz aztertu eta pentsioen gastua murrizteko aukera.

Atzo ezagututako mekanismoak kotizazioei, alegia diru-sarrerei, erreparatzen badie ere neurriaren mugak agerikoak dira: Jasoko den dirua ez du egun eta etorkizuneko pentsiodunen egungo babesa eskaintzeko aukerarik ematen eta are gutxiago kopuruak igotzeko. Urrun gelditzen da beraz 1.080 eurotako gutxieneko pentsioaren aldarrikapenetik edota genero arrakala gainditzeko beharrezkoak diren neurrietatik. Norabide argia antzematen diogu erabakioi: pentsio publiko sistema hezurretan utzi, bizirauteko haina justu emango duen prestazio gisa eta pentsio pribatu osagarrien ereduari hedatu.

LABen iritziz, Madriletik eta elkarrizketa sozialetik datorrenari geldirik eta begira geratzea akatsa lizateke, eta gainera hemen artikulatu beharreko indar soziala moteldu egiten du. Sistema publiko, unibertsal eta propioa izatea da egungo eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko aukera erreal bakarra, eta utopia aldiz bere burua historiako gobernurik ezkertiarrena bezala izendatu duenak egin ez duena inoiz Madrildik etorriko dela pentsatzea.

Horregatik, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako sistema propioa eraikitzeko indarrak biderkatu eta hemendik eragiteko deia luzatu nahiko genuke beste behin. Lan eta pentsio erreformak bertan behera utzi eta prekarizazio prozesuari aterabidea emango dion neurriak behar beharrezkoak ditugu eta agertoki berriak soilik mobilizazio sozialaz eta borrokaz lortuko ditugu. Arrazoiak soberan daude Euskal Herritik eta Euskal Herrian errealki eragiteko Greba Orokorra egiteko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.