2026-08-02
HomeEkintza PolitikoaFrantziako Estatuak Kanakiako erreferendumarekin aurrera jarraitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Frantziako Estatuak Kanakiako erreferendumarekin aurrera jarraitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Urte luzez LAB eta Kanakiako USTKE sindikatu independentista borrokari lotuak egon dira; langileok duintasunez bizi ahal izateko eta gure herriek libreki erabaki ahal izateko borrokarekin, hain zuzen ere. LABek betidanik oso hurbiletik jarraitu du Kanakian gertatzen dena, eta hasiera-hasieratik bere askapen nazional eta sozialerako borroka babestu egin du.

Kanakiako herriak, Euskal Herriak bezalaxe, Frantziako Estatuko Gobernuaren erabakiak larrutik ordaintzen ari da. Austeritate gero eta handiago baten izenean, osasun zerbitzu publikoa ahultzen ari dira eta ondorioak oso larriak dira: erabiltzaileekiko zerbitzu txarra, langileen nekea, pertsona askoren heriotza…

LAB sindikatutik azken hilabete hauetan hildako USTKE-ko burkideak omendu nahi ditugu eta lerro hauen bitartez haien lan nekaezina goraipatzen dugu. Pertsona militante hauen heriotzak tristura handia sortu zuen LAB sindikatuan.

Beste aldetik, Frantziako Gobernua berriro ere Kanakian indar kolonizatzaile moduan inposatzeko saiakeran dabil, horretarako abenduaren 12ko erreferenduma inposatu nahian. Berriro ere su gehiago pizten eta Kanakiako herria zatitu nahian dihardu. Erreferendumaren antolaketarekin aurrera jarraituko balu, Frantziako Gobernua erreferendumak ekar litzakeen ondorio guztien erantzule bakarra izango litzateke, eta, beraz, ondorio guztien ardura bere gain hartu beharko du.

Euskal Herria eta Kanakia milaka kilometrotara egon arren, Kanakiako prozesu politikoa oso hurbiletik jarraitzen dugu beti eta jokoan zer dagoen oso ongi dakigu. LAB sindikatuak Kanakiako herriari eta bereziki USTKE sindikatuari bere babes osoa adierazten dio auto-determinazioaren aldeko borrokan.

Gauzak horrela, COVID 19ari lotutako osasun-egoera larria ikusita, erreferenduma atzeratzeko bidezko eskaerari gure babes osoa berretsi nahi dugu. Erreferendumaren data mantentzeko xedea benetako probokazio politikoa da, eta berriro ere Frantziako Estatuaren burugogorkeria, eta elkarrizketarekiko nahiz ariketa demokratikoarekiko duen ikusmoldea agerian uzten du. Alde horretatik, Kanakiako independentismoak erreferendumean parte ez hartzeko egiten duen deia sustengatzen dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.