2026-05-14
Blog Page 381

CCOO eta UGT patronalaren zerbitzura jokatzen ari dira, gehiengo sindikalak errespetatu gabe

Kartel batzuen bidez LAB sindikatuak “patronalaren morroitzat” jo ditu UGT eta CCOO, azken hilabeteotan Nafarroan praktika antisindikala garatzen ari baitira. Hala, enpresaburuen zerbitzura, sindikatu horiek gutxiengoan ari dira akordioak sinatzen, langileek demokratikoki aukeratutako gehiengo eta ordezkaritza sindikalak errespetatu gabe.

2015ean UGT eta CCOO sindikatuek, UPNri eta PSNri plano politiko-instituzionalean gertatu zitzaien gisa berean, Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren gehiengoa galdu zuten. Aldaketa garrantzitsu hura ez zen anekdotikoa izan, gaurko egunean ere bi sindikatu horien ordezkaritzaren batura ez baita %49ra ailegatzen. Hala ere, badirudi CCOO eta UGT sindikatuek ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen jarraituko dutela, enpresaburuen eskakizunen zerbitzura eta Nafarroako milaka langilek hauteskunde sindikaletan demokratikoki adierazitako borondatea alde batera utzita.

Horrela, azken hilabeteetan, CCOO eta UGT sindikatuak, jarrera antisindikal argian, gutxiengoan akordioak lortzen ari dira hainbat enpresatan, plantillek demokratikoki aukeratutako gehiengo sindikalak errespetatu gabe. Eraginkortasun mugatutako akordioak izaten dira, langile guztiei aplikatzekoak ez direnak. Horrela, xantaia egiten zaie langileei, banaka sina dezaten, “ dena ala ezer ez” presiopean. Bestela esanda, enpresaburuek akordio horiek erabiltzen dituzte langileen legezko ordezkaritza baztertzeko, borroka sindikalak desaktibatzeko eta lan-baldintzak beherantz sinatzeko.

Adibidez, bai Tasubinsan, bai Caprabo-Eroskin, CCOO eta UGTk enpresetako zuzendaritzekin akordioak sinatu dituzte, gutxiengoan egonik ere, langileek demokratikoki aukeratutako ordezkaritza sindikala errespetatu gabe. Era berean, Nafarroako langile gehienak ordezkatzen ez dituen sinadura batekin PPren lan erreforma ez indargabetzea erabaki zuten; aitzitik, erreforma hori finkatu dute urteetan agindutakoaren aurka eginez.

Bestalde, FCCn (Iruñeko kaleak garbitzen dituen enpresan), UGTk eta CCOOk ordura arte arrakasta izan zuen borroka bateratua bertan behera uztea erabaki zuten, eta, gainera, LABeko ordezkariak Enpresa Batzordeko idazkari eta lan-osasuneko ordezkari postuetatik kendu zituzten. Sektore horretan berean, hilabete batzuk lehenago, CCOOk eta UGTk, greba-egunaren bezperan eta ordezkaritzaren %50era iritsi gabe, berriz hautsi zuten sindikatu batasuna, eta bost urterako hitzarmen bat sinatu zuten. Erabat ez nahikoak diren soldata igoerak jasotzen ditu hitzarmen horrek.

LAB sindikatuak badaki azken hamarkadetan enpresaburuek, UGT eta CCOO sindikatuek, gobernuen babesarekin batera, bat egin dutela beraien interesen defentsan. Hala ere, garai horiek igaro dira (edo igaro beharko ziren) eta gehiengoak aldatu egin dira. Ondorioz, beren jarrera antisindikalak alde batera uzteko eta Nafarroako plantillek demokratikoki aukeratutako ordezkaritza sindikalen errespeturantz igarotzeko exijitzen diegu UGT eta CCOO sindikatuei.

Osakidetzak osasun-sistema prekarizatzen jarraituko du eta milaka plaza egonkortu gabe utziko ditu

Mahai sektorialean ez dago elkarrizketarik, ezta egoerari buelta emateko borondaterik ere. Horren froga da Osakidetza ez dela aurkeztu Lan Harremanen Kontseiluan sindikatuek deitutako bilerara, eta bien bitartean Sagardui sailburuak Legebiltzarrean adierazi du zenbat plaza sartuko diren egonkortze-prozesuan.

Martxoaren 18an sailburuak egindako agerraldiari esker, bi gauza egiaztatu ahal izan ditugu:

1.- Osakidetzak ez du kontuan hartzen koiunturazko izendapena duten milaka lanpos- tuen egonkortzea. Prozesu horretan 1.200 lanpostu sartuko direla adierazi du, LABek erreklamatzen dituen 3.000 lanpostutik gorako zifretatik oso urrun. 2019. urtean, LABek kontratazio-txosten bat argitaratu zuen, Osakidetzako kontratazioaren egoera salatuz. Txosten horretan, Osakidetzako kontratazioan iruzur masiboa eta protokoliza- tua salatu zuen, hitzarmenak ezartzen dituen betebeharrak ekidin eta 3.000 lanpostu baino gehiago egonkortzea saihestea helburu duen iruzurra. Osakidetzak egiturazkot- zat hartzen dituen lanpostuen zifrak ikusita, egoera horri eusteko arrazoi bakarra osa- sun publikoa apurka apurka desmantelatu nahia da. Egia da 2019an, gure txostena argitaratu eta gutxira, Osakidetzak plantilla handitzeko bi espediente egin zituela, eta plantilla 1.000 lanpostutan handitu zela, baina geroztik ospitale eta zerbitzu irekierak egin dira, hala nola Eibarko Ospitalea, Arabako ESIko zerbitzu orokorren eraikina ireki da, etabar. Zerbitzu berri hauen irekierak plantilla handitzeko espediente horren eragi- na leundu egin du, eta gainerako zentroetako beharrak bete gabe geratu dira.

2.- Seguruenik, Osakidetzak propaganda helburua besterik ez duen mahai sektorial bat deituko du berriz ere, sailburuak argitaratu duen informazioa helarazteko: 2.800 lanposturen egonkortzea, bitarteko funtzionarioen 1.600 lanpostu eta 1.200 lanpostu berri. Ez dago elkarrizketarik, ez dago negoziaziorik, erabakia eta kopuruak eramango dituzte, mahai gainean jarriko dituzte eta plantillaren ordezkariei ez digute utziko ezer negoziatzerik. Erakundearen funtzionamendu erabat antidemokratikoa eta herritarren interesen aurkako maniobrak salatzea besterik ezingo dugu egin.

LABek ozen eta argi esan nahi du Osakidetzako egungo zuzendaritza ez dela gai egonkortze-prozesu bat aurrera eramateko, osasun-egitura indartuko duen egonkortze-prozesua, eta behin-behinekotasuna eta prekaritatearekin amaituko duena.

38.000 pertsonako plantilla batean (horietatik finkoak 20.000 baino gutxiago dira), 2.800 lanpostu kontsolidatuz % 8ko behin-behinekotasuna lortuko dugula sinestarazi nahi digute. Zenbakiek berez hitz egiten dute, kalkulagailua eskutan hiruko erregela bat egitea baino ez da behar. Horrez gain, urtero 1.000 langile baino gehiago erretiratuko direla kontuan hartu behar da. Egonkortze prozesu serio batek gutxienik 5.000 lanposturen egonkortzea ekarri beharko luke.

Denbora daramagu Osakidetzan gehiegizko behin-behinekotasuna (zenbaitzutan %58ra iritsi eta %50etik inoiz jaisten ez dena) salatzen, izan ere, egoera honek zerbi- tzuaren kalitatea nabarmenki jartzen du arriskuan. Egituraren ahultze horri esker, Osa- kidetzak murrizketak aplika ditzake nahi duen tokian plantilla estrukturala ikutu gabe. Estrategia horrek irtenbiderik gabeko kalezulo batean jartzen du euskal osasun publi- koa, eta EAJk eta PSOEk, aldebakarreko ekintzen politika honek sorturiko egoera baliatuz, konplexurik gabeko pribatizazioa planteatuko dute, “lankidetza publiko-pribatua” bezalako hitzak erabiliz. Kontratazio koiunturaletan iruzur protokolizatua egiteak osasun-egitura publikoa nahita ahultzea dakar.

Osakidetzak konpromiso argia hartua du gure osasunaren pribatizazio eta merkantilizazioarekin, erabiltzaileen osasuna eta profesionalen lan-baldintza duinak zaintzeko konpromisoaren gainetik. Gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldien osasuna hipo- tekatzen duten politikak aplikatzen ari direnei gizarte eta langile moduan erantzun irmoa emateko ordua da.

Sindikatu subiranistok Europako testuinguruaren eraldaketa prozesuan dugun papera hizpide izango dugu Euskalduna Jauregian

Eraldaketa prozesuak Europan. Horixe izango dugu hizpide ostegunean, Bilboko Euskalduna Jauregian, LAB sindikatuak antolatutako sindikatu subiranisten topaketetan. Hain zuzen ere, goiz eta arratsaldez, Katalunia, Galiza, Aragoi, Asturies, Valentzia, Kanariak, Kortsika, Sardinia, Aosta, Kanakia, Irlanda eta Eskoziatik etorritako sindikatuetako ordezkariak ariko dira, LABen gidaritzapean. Beste euskal sindikatu batzuk ere egongo dira, gonbidatu gisa.

Europako testuinguruko sindikatu eta sindikalisten topaketan honekin saretzearen garrantzia nabarmendu nahi dugu, sindikatu subiranistok elite ekonomikoen eta estatuen Europa eraldatzeko tresnak baititugu.

Horrenbestez, pandemia osteko fasean eta Ukrainako inbasioak kolpatutako testuinguru honetan, sindikatu subiranistok ditugun erronkei buruz gogoeta egingo dugu, herri langilearen defentsan.

Eguna 9:00etan abiatuko da, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen ongi etorri eta kokapen hitzartzearekin. Ondoren, sindikatu bakoitzak bere herrialdearen egoerari buruz hitz egingo du. Hori amaituta, nazioarteko testuingurua izango dugu hizpide guztiok, sindikalismo subiranista eraldaketarako alternatiba gisa hartuta. Ondorioen txanda arratsaldean etorriko da, eta, ondoren, 17:30ak aldera, amaiera ekitaldia egingo da. Topaketetan lortutako adostasunak aurkeztuko ditugu bertan.

Lan istripuak ez direla kasualitatearen ondorio salatu dugu Zegaman eta Lakuntzan

Azken bi lan heriotzak salatu ditugu horiek gertatu ziren enpresetan bertan. Hain zuzen ere, elkarretaratzea egin dugu Zegamako Goi Laser enpresan, euskal gehiengo sindikalak deituta; eta protesta egin dugu Lakuntzako Sakana Kooperatiban, LABek ordezkaritza osoa duen enpresa batzordearen izenean.

Aurten, gutxienez, 13 langile hil dira Euskal Herrian. Odolusteak aurrera egiten duen bitartean, Administrazioak beste alde batera begiratzen jarraitzen duela salatu dugu.

Gipuzkoako helduen egoitzetan greba egingo dugu martxoaren 24an, langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako langileei martxoak 24ko greba egunera batzeko deia luzatzen diegu, bai eta Gipuzkoako jendarteari langileen aldarrikapenak babestu eta elkartasuna adierazteko eskatu ere.

Urriaren 28ko greba egunean bilera-eskaera formal eta publikoa egin genion Gipuzkoako Foru Aldundiari helduen egoitzetako egoeraz hitz egin eta irtenbideak bilatzen hasteko asmoz.

Azaroaren 12an ordea, erantzunik jaso ez genuenez beste greba egun bat burutu genuen; oraingoan, Gipuzkoako Foru Aldundiko ateak itxi zizkiguten muturren aurrean.

Abenduaren 17an, bilera egun baten zain jarraitzen genuenez, Gizarte Politiketako egoitza okupatu genuen.

Maite Peñak hitzordu bat emateko konpromisoa hartu zuen arren, gaur gaurkoz ez da sektoreko langileokin harremanetan jarri. Langileok ordea ez gara Markel Olano edota Maite Peñaren borondatearen zain geldituko.

Otsailaren 16ko greba egunean aldiz, 60 mugimendu sozialek babesa eman zioten sindikatuek egindako bilera eskaera eta aldarrikapenei; mugimendu feministak, mugimendu pentsionistak, auzo elkarteak,… Gero eta jende gehiago da egoera honi irtenbide bat eman behar zaiola exigitzen dugunok, baina Administrazio Publikoak entzungor egiten jarraitzen du.

Osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata- arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean, egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea, protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak, …

Argi diogu hau ez dela langile eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat, Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala baizik. Kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari da eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Zaintza negozio bihurtu dute eta diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak izaten ari dira gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz. Hau ez da beraz, langileon eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; Gipuzkoako jendarte osoari eragiten dion auzi soziala baizik. Guztion eskubidea delako kalitatezko zaintza zerbitzuak jaso edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan eskaintzea.

Gipuzkoan bizi dugun egoera gainera, ez da salbuespen bat eta modu sistematikoan errepikatzen ari da Euskal Herriko beste herrialdeetan ere; greba deialdiak egin dituzte Bizkaiko eta Nafarroako langileek, eta Araban bestalde, ez dago herrialdeko lan hitzarmenik.

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Patronalaren erantzukizun osoa azpimarratu nahi dugu, irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako. Elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten dituzte, langileen lan baldintza duinak edota egoiliarren kalitatezko zaintza zerbitzuak bermatzetik urrun; bestela nola uler daiteke diru publikoz finantzatutako enpresa pribatuek adinduen zaintza lanak baliatuz dirua egiten jarraitzea?

LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dugu egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Horregatik, zaintzaren eta Gizarte Zerbitzuen egiturazko eredu aldaketaren beharra mahai gainean jarri nahi dugu, kalitatezko zaintza sistema publiko-komunitario baten bidean. Bitartean, Gipuzkoako Helduen Egoitzetako Lan Hitzarmen Kolektiboa eta ratioak zehazten dituen katalogoa egungo egoerara egokitzea izango dira gatazka honi amaiera emateko behin behineko baldintza nagusiak.

Negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da, osasun larrialdian zehar langileek egindako esfortzu eta sakrifizioa mahai gainean jarri eta administrazio publikoari zein patronalari langileek merezi duten errekonozimendu sozial eta ekonomikoa exijitzeko momentua da. Jendartea sentsibilizatzen jarraitu eta borroka sindikalaren bitartez presio soziala biderkatzeko momentua da. Egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko duelako, ezinbestekoa izango da sektore guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Langileen, egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan, LAB sindikatutik martxoaren 24ko greba eguneko mobilizazioan parte hartzera deitzen dugu; ezinbestekoa baita guztion inplikazioa egoera irauli nahi badugu. Goizeko 11:00etan izango da, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan.

Atariak eta bulegoak garbitzen dituzten langileak gogora ekarri ditu Gora Garbitzaileak kolektiboak

Martxoan astero egin ohi bezala, LABek sustatatutako Gora Garbitzaileak kolektiboak beste ekintza bat egin du, Bizkaiko garbitzaileek martxoaren 31rako deitutako grebari babesa emateko. Hain zuzen ere, erratzak hartu, patronaleko bulegora hurbildu eta mezuak utzi dituzten haien bulegoetan eta banketxe garrantzitsuetako beirateetan.

Orozkoko Madres Mercedarias egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen du bere sukaldeetarako, gastu horretarako diru publikoa jasotzen duen bitartean

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako Orozkoko Ibarrako Madres Mercedariasen egoitza-zentroak 80 pertsona baino gehiagori eskaintzen dizkie zaintza zerbitzuak. 43 langilek lan egiten dute zentro horretan. Langileen ordezkaritza LAB-eko bi ordezkarik eta ESK-ko ordezkari batek osatzen dute.

Langileek hilabeteak eman dituzte mobilizatzen, enpresako zuzendaritzarekin negoziazioa ireki nahian eta hari gardentasuna eskatuz. Enpresak adierazitako negoziatzeko borondate eza dela medio, 9 greba egun egin dituzte orain arte, gaurkoa barne, eta beste bi greba egun gehiago dituzte iragarrita, martxoaren 23an eta 24an.

Langileen borrokak hitzarmen kolektibo bat du helburu:

– Soldaten igoera ziurtatuko duena, Euskal Autonomia Erkidegoko KPIaren arabera.

– Langileei urteko 1.648 orduko lanaldia itzuliko diena.

Langileekiko gardentasun eza praktika ez oso etikoetan ere ikusten da, jasotzen duen finantzaketa publikoari dagokionez. Horregatik, salaketa jarri dugu Bizkaiko Foru Aldundiko Ikuskaritzan, baina oraindik ez dugu horri buruzko erantzunik. Salaketa honetan Ikuskaritzari jakinarazten diogu familiei COVID-19az babesteko materiala kobratzen zaiela eta egoitzak Elikagaien Bankua erabiltzen duela, besteak beste, zaintza zerbitzua jasotzen dutenei jaten emateko, nahiz eta jasotzen duten diru publikoarekin bateraezina izan.

Gaur, martxoak 22, langileak greban daude eta bilera egin dute alderdi politikoekin Bilbon, Batzar Nagusien egoitzan, eta ondoren, mobilizazioa egin dute bertan.

Gipuzkoako Aldundiko garbitzaile azpikontratatuek mobilizazioekin jarraitzen dute

Otsailaren 22tik 25era greban egon ziren EULEN enpresako langileek KPIa ordaintzeko mobilizatzen jarraitzen dute. Kolektibo honetako garbitzaileen %90 emakumeak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinak garbitzen dituzte. 2021eko maiatzetik ari dira hitzarmena negoziatzen, eta enpresak ez du inolako aurrerapenik egin nahi arlo ekonomikoan.

EULEN enpresak azpimarratu du ez duela KPIri lotutako planteamendu ekonomikorik egingo, eta zuzenean langile-klasearen pobretzera bideratuko duela. Horren aurrean, langileek lau eguneko greba egin dute, eta orain mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.

LAB, ELA eta ESK sindikatuotatik, EULEN enpresari erantzukizunak eskatzen dizkiogu. Enpresa horrek milioi askoko irabaziak ditu urtean, eta ez die KPIa bermatu nahi langileei. Enpresak KPIri lotutako planteamendu ekonomikoak egitea eskatzen dugu. Baina administrazio publikoari ere erantzukizunak eskatzen dizkiegu, Gipuzkoako Foru Aldundiari kasu honetan.

Langileen esanetan, “gu administrazioaren erabaki politiko eta ekonomiko batek azpikontratatutako langileak gara, eta haiek dira gure zerbitzuaren azken arduradunak. Horregatik, gatazka konpontzeko inplikazioa eskatzen diegu, haien esku baitago diru publikoa enpresa priobatuen edo garbikuntzako langileen mesedetan erabiltzeko erabakia. Eta argi diogu administrazioaren aurrean: greba garaian gutxieneko zerbitzuak eskatzeko funtsezkoak bagara, funtsezkoak gara lan eta bizi baldintza duinak izateko”.

Horregatik guztiagatik, mobilizazioen txanda berri honetan, elkarretaratzea egin dute Donostian, EULEN enpresaren atarian.

EAEko hezkuntza akordioak ezarri duen testuinguru berriaren aurrean, martxoaren 25eko greba bertan behera uztea erabaki dugu, edukiak sakontasunez aztertu eta langileekin partekatzeko

Langileon eskaerak jorratzeko prozesuak abian jarriko ditu LABek, aurkeztu genuen dekalogoaren baitan beharrezko diren mobilizazio-dinamikak bultzatuz

EAEko hezkuntza akordioari begira, euskal eskola publiko komunitarioa sortzeko konfluentzia ipar, LAB sindikatuak proposamen orokor nahiz laboralak biltzen dituen Dekalogoa aurkeztu zuen hala Legebiltzarrean nola ikastetxeetan.

Otsailaren 8an Ponentziako batzorde buruak aurkeztutako zirriborroak egindako proposamenak aintzat hartzen ez zituela ikusita, LAB gainontzeko sindikatuekin jarri zen harremanetan, elkarrekin partekatzen ditugun gutxienekoak jasotzen dituen aldarrikapen taula publiko eginez: “Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza Legea langileokin eraiki”. Lortutako adostasunak balioan jarri nahi ditugu, egun toki ezberdinetan gauden arren. Hala ere, Hezkuntza Legea idazteko bide luze honetan, intersindikalean lortutako aldarrikapenak oinarri, batasun sindikalaren alde egingo dugu.

Mobilizazio dinamika bateratua abian jartzea erabaki genuen, besteak beste, martxoaren 25erako hezkuntza sistema osoari begirako greba deialdia eginez. Gure helburua, aukera historiko baten aurrean gaudela jakitun, hezkuntza akordioa eta legea osatzeko prozesuan langileok aintzat hartu eta gure aldarrikapenak jasotzeko eragitea zen.

Aurreko astean alderdi politikoen artean hartu-eman andana izan zen eta, ostiralean, lau alderdik osatutako gehiengo zabal batek akordioa lortu zuen. Negoziazioen emaitzak sakon aztertu behar ditugu, testu berriak aurrera pausu batzuk eta gabeziak izan ditzakeelakoan. Eduki berriak eta horiekiko LABen ikuspegia langileekin ikastetxez-ikastetxe eta bihar eskualdeetan burutuko ditugun bileretan partekatuko ditugu.

Orain arte ez da ireki gai hauen inguruan sindikatuokin mintzatzeko biderik eta legearen erredakzioa egin aurretik, hezkuntza langileei begirako neurriak adosteko prozedura abian jartzea ezinbestekoa da LABentzat.

Gauzak horrela, hezkuntza akordioa zehaztasunez aztertu eta balorazio orokorragoa egingo du LAB sindikatuak. Langileekin bileretan landu eta gure aldarrikapenak lortzeko beharrezkoak izango diren borrokarako dinamika berriak planteatuz.