Datorren astean, ekainaren 29an eta 30ean, NATO erakundearen goi bilera izango da Madrilen. Horren harira, LAB sindikatuak ohartarazi nahi du NATO bakearentzat, egonkortasunarentzat eta justizia sozialarentzat mehatxu bat dela.
NATOren goi bileraren atarian, Igor Arroyok salatu du gerra eta aliantza militarrek langileak kaltetzen dituztela
Era berean, Ukrainako Errusiaren inbasioa salatzeaz gain, gerrek herri zein langile klasearentzat dituzten ondorioak salatu nahi ditugu, gerrek eliteen eta estatuen interesei erantzuten dietelako. Zentzu honetan, NATO eta aliantza militar guztien desagertzea eskatzen dugu eta herrien burujabetzaren eta bizitzaren errespetutik eraikiko diren nazioarteko harremanak aldarrikatzen ditugu.
Aurrera doa pentsiodunen mugimenduak ekainaren 13an abiatutako bizikleta martxa, eta oraingoan Baionan egin diogu harrera ekimenari. Larunbatean amaituko da Donostian, baina aurretik Euskal Herri osoa zeharkatzen ari da. Hala, Lapurdiko hiriburura iritsi da ostegun arratsaldean, eta LAB sindikatuko zenbait ordezkarik harrera egin diogu martxari herriko etxearen ondoan. Hala, LABeko ordezkari Eñaut Aramendik hitza hartu du udaletxearen ondoan egokitutako gunetik.
Eñaut Aramendik nabarmendu du Ipar zein Hego Euskal Herrian pentsiodunek pairatzen dituzten murrizketek bide bera jarraitzen dutela pic.twitter.com/iax4PXPrvK
Bizikleta martxaren hiru aldarriekin egin dugu bat: zerbitzu publikoen defentsa, zaintza lanen banaketa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa Hego Euskal Herrian. Horretaz gain, Eñaut Aramendik Frantziako Gobernuaren politika salatu du.
Hamaika mobilizazio
Urteetan zehar mugimenduak duen indarra eta konpromisoa agerian utzi dute pentsiodunek, astelehenero milaka izanik herrietako plazak bete eta hamaika mobilizazio propio antolatuz, baita ere beste hamaika borroketan ere haien ekarpena eginez.
Askotan esana dugu. Pentsio duinen aldeko borroka langile guztion borroka da. Parisen zein Madrilen gauzatzen ari diren erreformak sistema publikoaren erauspena eragiten ari dira, eta Gasteiz eta Iruñetik ez dute borondate politikorik kalean etengabe presente dauden aldarrikapenei irtenbide bat eskaintzeko.
Tubacex-ek atzo argitaratu zuen prentsa oharra aztertu ondoren, bereziki larria iruditzen zaigu burutu nahi duten produkzioaren deslokalizazioa. Asmo hori jada erakutsi ziguten EEEaren aurreko negoziaketetan. Lan baldintzen jaitsiera onartzeko erabili zuten Abu Dabin produkzio lantegiak sortzearen mehatxua. Horren ostean, EEEa aplikatu ziguten taldea barruan txikiagoak bihurtzeko asmoz. Atzo, baieztatu zen da instalazio berriak sortuko dituztela lan baldintzarik ere ez dagoen herrialdeetan.
Atzokoa ez zen albiste on bat izan LABentzat, ezta euskal gizarte osoarentzat ere. Gu plan honen aurka agertu ginen, eta horren aurka borrokatu genuen. Zoritxarrez, enpresa komiteak onartu egin zuen hitzarmenean adostutako baldintzak ez betetzea eta lan orduak gehitu zizkiguten.
Orain, Eusko Jaurlaritzari dagokio zerbait esatea, enpresari enpleguaren suntsiketan babesa eman zioten, lan baldintzen prekarizazioan, lanaldia handiagotzen eta soldata izozten.
Ezin izango dugu inoiz prekarizazioa borrokatu sortuko dituzten lantegi berri hauen aurrean. LABen beti izan dugu argi; orain, zuzendaritzaren mezuak modu akritikoan errepikatzen zituztenek jakitea falta da.
Greba eta mobilizazio eguna dugu Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritzan, lan hitzarmen duinen defentsan. Bizkaitarren kasuan, aurreko asteetako protestei eman diete jarraipena, eta merkataritza orokorra, ehun merkataritza eta larru-merkataritza eta oinetako dendei eragin die grebak. Gipuzkoarrei dagokienez, ehun-merkataritza sektorean egin dute greba.
Gaur, ekainaren 23an, Bizkaiko metalgintzako langileek lantokiak hustu eta kaleak bete dituzte. Zailtasun guztien aurrean, patronalaren eta poliziaren mehatxu eta presioen aurrean elkartasuna eta konpromisoa gailendu dira. Gaur horrek bakarrik izan behar du albiste: grebak jarraipen zabala izan du eta hitzarmen duinaren aldeko borrokan urrats garrantzitsua eman dugu. Zorionak kalera atera zareten langile guztiei.
Egon dira greba eguna desitxuratzeko saiakerak: besteak beste gure kideei emandako kolpeak eta identifikazioak salatu nahi ditugu. Patronalarekin, ordea, beste era batean jokatu du Ertzaintzak: Sidenorreko greba batzordeari ez dio Sidenor barrura sartzen, greba eskubidea era larrian urratuz. Esandakoa, kolpeka ez dute kaleak langilez beteta egon izana estaliko.
2019an bezala 10 greba egun edo gehiago egin beharko ditugun ez dakigu, baina FVEM patronalak gatazkaren aldeko apustua hartu duela argi dago: lan baldintzak okertu, irabazi geroz eta handiagoak metatzeko.
Sindikatuok aurkeztutako proposamenak sektorea bidezkoagoa egingo luke, aberastasunaren banaketa justuago bat egongo litzatekeelako. LABek ez dio horri uko egingo, justiziazkoa delako.
FVEM patronalari bere jarrera aldatzeko exijitzen diogu. Gainontzean, gainontzeko sektoreetako langileak egiten ari diren bezala, borrokan jarraituko dugula jakinarazten dugu. Hurrengo urratsa, jadanik deituta dauden bi greba egunak izango dira.
Hamaika sektore, borroka bakarra.
Bizkaiko metalgintzako langileak, eutsi borrokari, jo ta ke irabazi arte!
Cementos Rezolak 6 langile auzitara sartu ditu, “greba eskubidearen gehiegizko erabilera” argudiatuta, eta uztailaren 7an epaituko dituzte. Egoera honen aurrean, LABeko ordezkaritza bat gaur Donostiako Udaleko osoko-bilkuran egon da eta langileok babesteko eskatu dio Udalari, instituzioak gaiaren inguruko presaz aztertzeko interpelazio zuzena ez lantzea erabaki arren, EAJ, PSE eta PPren botoekin.
2020ko urtarrilaz geroztik, Cementos Rezola enpresako langileak eta zuzendaritza Hitzarmenaren negoziaketan dabiltza. Langileek salatu izan dutenez, ordutik hona lanpostuak suntsitzen ari da enpresa, aldi bakarreko kontratazioak eginez eta azpikontratazioa erabiliz lanpostu horiek betetzeko.
Cementos Rezolako langileak Donostiako Udalera bertaratu dira, uztailaren 7an epaituko dituzten 6 langileak babes ditzan eskatzeko
Mozioa ez dute jorratuko, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak bakarrik babestu dutelako proposamena
Egoera honen aurrean, enpresa batzordeak hainbat greba egun deitu ditu . Cementos Rezolan 24 orduz egiten da lan, hiru txandatan eta honela, greba orduak txandetan banatu dituzte; lanera joan nahi zuena nahiz azpikontratetako langileak lantokira sartzeko inolako eragozpenik sortu gabe. Hala ere, berriki enpresako zuzendaritzak greba batzordea osatzen duten LAB sindikatuko 6 pertsona auzitara sartu ditu, “greba eskubidearen gehiegizko erabilera” argudiatuz eta uztailaren 7an epaituko dituzte.
Guzti hau oso larria da eta Rezola izanda udalerriko lantegi garrantzitsuetako bat, ezinbesteko iruditzen zitzaigun herritarron borondatea ordezkatzen duen estamentu batek, Donostiako Udalak kasu honetan, horren inguruko posizio argi bat azaltzea.
Osakidetzako zentroen garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunetako langileek mobilizazio berriak burutuko dituzte haien hitzarmen kolektiboaren defentsan.
Osakidetzako garbiketa zerbitzuko langileok 4 urte baino gehiago daramatzagu hitzarmenik gabe. Denbora horretan, ezin konta ahala aldiz bildu gara enpresa esleipendunekin, baina enpresa horiek ez dute inolako borondaterik erakutsi akordio batera iristeko.
Gure hitzarmena Osakidetzako langileen baldintzekin benetan homologatzea aldarrikatzen ari gara. Hor sartzen dira, besteak beste, karrera profesionalerako sarbidea eta txanda-kontratuari lotutako erretiro partziala. Gogorarazi behar dugu gure hitzarmenak berez Osakidetzako langileen baldintzekin homologatuta gaudela adierazten duela, baina praktikan ikusten ari gara enpresak homologazio hori indargabetzen ari direla, Osakidetzako langileek azken urteotan izan dituzten hobekuntzak aplikatzeari uko egiten diotenean.
Are gehiago, azken hamarkada hauetan arautu zaigun homologazio-printzipioa akabatzeko aitortu gabeko asmoa dagoela uste dugu. Zentzu horretan, homologazioa arriskuan dagoela uste dugu. Enpresek zurrun eta irmo jokatzen dute, eta badirudi Osakidetzak egungo blokeoa babesten duela, azken horren zuzendaritzak ez baitio erantzuten egin dizkiogun bilera-eskaera ezberdinei.
Horregatik, sektoreko langileok gure hitzarmenaren defentsan mobilizatzera behartuta gaude. Ziur gaude borrokaren bidez bakarrik lortuko dugula guri aldarriei kasu egin diezaioten.
LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuok adostu dugun mobilizazio-egutegiari jarraituz, atzo gutun erraldoi bat utzi genuen Gasteizen, Osakidetzaren egoitza nagusian, bilera bat eskatzeko eta zuzendaritzak behingoz kasu egin diezaigun. Gainera, herrialdeetan mobilizazioak burutuko ditugu, eta kanpaldi bat Gasteizko Txagorritxu Ospitalearen aurrean, eta San Juan gaua igaroko dugu bertan.
Gaur asteazkena, Barakaldon egin dugu protesta, Gurutzetako ospitalean, bezperan Gasteizen mobilizatu ondoren, Osakidetzaren egoitza nagusian, non eskutitz erraldoi baten bidez bilera bat eskatu genuen.
Bihar osteguna, ekainaren 23an, mobilizazioak egingo ditugu Donostian (10:30ean ospitalean) eta Gasteizen (10:15ean Txagorritxuko ospitalean, eta gauean kanpaldia).
Bulegoen eta langelen hitzarmena erabat blokeatuta dago. Maiatzaren 12an Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren aurrean egindako elkarretaratzearen ondoren, gaur mobilizazioekin jarraitzen dugu, 3 orduko lanuztearekin, patronalari hitzarmen duin bat negoziatzea eskatzeko.
LAB, UGT, CCOO, ELA eta Lankide sindikatuok, mobilizazio hauekin, bulegoen eta langelen hitzarmenak bizi duen egoera salatu nahi dugu eta patronalari presioa egin nahi diogu negoziazioa desblokeatzeko eta sektoreko ia 3.000 langileentzako baldintza duinak adosteko.
Hilabete askoko aurrerapenik gabeko negoziazioaren ondoren, negoziazio-mahaian ordezkaritza duten sindikatu guztiok bat egitea erabaki dugu, patronalari elkarrekin proposamen bat egiteko: KPIaren igoera, igoera hori plusekin ez konpentsatzea, lanaldi gutxiago izatea eta hitzarmen honek beste edozeinen aurretik lehentasuna izatea.
Erabat zentzuzkoak diren aldarrikapen horiei, patronalak nahita motel eta aurrerapenik gabeko negoziazioarekin erantzuten die. 2020ko urtarriletik aurrera, negoziazioan aurrera egiten saiatzeko egin diren bilera guztiak ez dira nahikoak izan akordio batera iristeko. Are gehiago, bihozgabeak izan direla esan genezake. Gaur egun, % 2,5eko igoera irrigarria eskaintzen dute 2022rako, gehi % 1 eko igoera ez-finkagarria urte bereko urrian. Ezezkoa erabatekoa da lanaldiari eta negoziazioaren gainerako alderdiei dagokienez.
Kontzentrazio hau CPENen egoitzaren aurrean amaitu dugu; izan ere, sektoreko langileen erdia baino gehiago korporazio horretakoak dira, eta hitzarmen bera aplikatzen zaie; beraz, uste dugu haren erantzukizun argia dagoela.
Azkenik, patronalari negoziazio arduratsua eskatzen diogu, honako hauetan oinarrituta:
• Erosteko ahalmenari eustea. Benetako KPI orain! 6,5 2021ean. • Benetako soldata berreskuratzea eragozten duten soldata-igoeren irenstea eta konpentsazioa ezabatzea. • Lanaldia murriztea, duela 20 urte baino gehiagotik izoztuta. • Hitzarmena blindatzea.
Gaur, ekainak 22, Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenaren negoziazioan ordezkaritza sindikalaren % 100 duten bost sindikatuek (LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT) deitutako bigarren greba eguna da. Helburu bakarrarekin egiten dira grebak: AISA patronala egungo blokeo-jarreratik mugitzea eta sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzea 2021-2024 aldirako negoziatzen ari den hitzarmena indarrean dagoen bitartean.
Hilaren 17an egin zen lehen greba-eguna, eta jarraipen eta eragin handia izan zuen sektoreko arlo eta zerbitzu guztietan, nahiz eta zerbitzuetan artatutako pertsonen babes-ezaugarri bereziek eta, beraz, oinarrizko premiak gutxieneko zerbitzuen bidez betetzeko beharrak asko mugatzen duten langileen grebarako eskubidea.
Mobilizazioak 200 pertsona baino gehiago bildu zituen eta egun osoan zehar protesta ekintzak egin ziren. Gainera, Gasteizko Udaleko Osoko Bilkuran mozio bat eztabaidatu zen, eta aurrera atera zen talde politiko guztien babesarekin. Bertan, AISA patronalak eta sindikatuek adostutako baldintzen finantzaketa ekonomikoa bermatzen da.
Abal horrek, AISAk ez dela erreala esan arren, negoziazioan aurrerapauso argia izan behar du; izan ere, patronalak aukera du gaur egun duen jarrera aldatzeko, bihar, ekainak 23, 12:00etan, PRECOn izango dugun negoziazio-mahaiaren bileran.
Joan den ostiralean, Udalera eta patronala osatzen duten enpresetara zuzendu ziren aldarrikapenak. Gaur, ordea, Foru Aldundiaren aurrean egongo gara, eta goizetik mobilizatuko gara hor, Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak ez baitigu harrera egin, joan den astean bilera bat eskatu arren. Foru Gobernuari eskatzen diogu, Gasteizko Udalbatzak egin duen bezala, berma dezala patronalaren eta sindikatuen akordioen finantzaketa.
Gaur goizean, AISA patronalari berehala mugimenduak eskatzeko ekintza batekin jarraituko dugu, eta arratsaldean kafe-solasaldi bat egingo dugu Arabako gizarte-zerbitzu pribatizatuen egoeraz eztabaidatzeko, sektorean 1.000 langile baino gehiago lan egiten dute, horietatik % 75 baino gehiago emakumeak.
Hilaren 17an bezala, gaur ere Gasteizko Udaleko Langileen Batzordearen eta GOFEko Langileen Batzordearen babesa dugu.
Elkarrekin gaude gizarte-zerbitzuen prekarizazioaren aurrean eta EAJren eta PSEren gobernuek gizarteko pertsona ahulenei arreta ematen dieten zerbitzuak uztearen ondorioen aurrean.