2025-12-21
Blog Page 36

LABek Bilboko Portuko zamaketarien soldata-diskriminazioarekin amaitzea dakarren garaipen judiziala lortu du

LABek beste garaipen bat lortu du langileen eskubideen aldeko borrokan. 2025eko ekainaren 18an, asteazkenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaia eman zuen, Bilboko Portuko zamaketarien artean soldata-diskriminazioa eragiten zuen egoerari amaiera emanez.

2005ean, hitzarmen kolektiboak antzinatasun-osagarria ezabatu zien egun horretatik aurrera kontratatutako langileei, aurretik lanean zebiltzanei mantendu zitzaien bitartean. Praktika horrek diskriminazio argia sortu zuen: lan berdina egiteagatik soldata ezberdina jasotzen zuten langileek.

Zer dakar epai honek?

– Soldata-diskriminazioaren amaiera: bidegabekeria historiko hau konpontzeko eta berdintasun-printzipioa bermatzeko atea irekitzen du.

-Eskubideen aitortza: enpresaren praktika arbitrarioa agerian geratu da eta honi amaiera jartzen dio.

-Indar sindikala sendotzea: LABen borroka antolatuak lorpen zehatzak ematen ditu langileen alde.

Epai honek 150 zamaketari baino gehiagori eragiten die. Oraindik bide judiziala abiatu ez dutenek aukera izango dute, BILBO ESTIBAk langile bakoitzari urteko 1.500 € baino gehiago zor baitizkio. Zenbateko horiek soldata-masaren parte izango dira aurrerantzean, 2005a baino lehen eta ondoren lanera sartutakoen artean bereizketarik egin gabe.

LABek dei egiten dio patronalari epaiari helegiterik ez jartzeko eta erabakia onar dezan. LABek sektoreko lan-baldintzen erabateko berdintasunaren alde lanean jarraituko du.

‘Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai’ mintegiko materiala publikazio batean jaso dute

Hego Euskal Herrian Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioaren inguruko gogoeta sustatzeko eta haren onurez aritzeko asmoz, Ipar Hegoa eta Manu Robles-Arangiz fundazioek mintegi bat antolatu zuten maiatzaren 16ean, Bilboko Bizkaia Aretoan. 150 lagunetik gora bildu ziren bertan, eta ekarpen ugari emateko tartea izan zuten hizlariek, soldata duin eta propio baten beharra ardatz hartuta. Ipar Hegoa Fundazioak eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak ekarpen horiek biltzen dituen txosten bat argitaratu dute, gutxieneko soldata propioak euskal langileriari ekarriko lizkiokeen eraginak eta horiei buruzko gogoetak biltzen dituena.

Gutxieneko soldata propioa ezartzea erabat egingarria da, esperientziak eta marko juridiko-politikoak aukera hori zabaltzen dutelako. Burujabetza ariketa praktiko gisa ere ulertzen du LABek. Zalantzarik gabe, LGS propioak onura ugari ekarriko lituzke: pobrezia murriztu, aberastasuna modu justuagoan banatu eta langile prekarizatuenen bizi-baldintzak nabarmen hobetzeko eta soldata arrakalari aurre egiteko tresna eraginkorra litzateke.

Hemen bertan irakurri dezakezue txostena:



Bi laneko heriotza egun berean

Ekainaren 16an bi langile hil ziren Euskal Herrian. Lehena, 58 urteko C.J.V.G., Mungiako Mesa enpresan, istripu ez traumatikoan. Eta bigarrena, J.M.B.P. 46 urteko Otis Mobility enpresako langilea, in itinere istripu batean, A-1 errepidean, Mendoza parean.

Lehenik eta behin, LAB sindikatuak bere elkartasuna eta babesa helarazi nahi die hildako langile hauen senide, lagun eta lankideei. Babes hau hildako langile guztien ingurukoei zabaltzen die.

LAB salatzen du Euskal Herriko langileek osasuna eta bizitza galtzen jarraitzen dutela. Sindikatuak askotan salatu du lan-baldintza prekarioek (lanaldi luzeek, estresak edo presioak) eragin zuzena dutela langileen osasunean. Horregatik dio gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen jarraitu, gertatutakoaren konplize izango dira bestela.

LAB sindikatuak argi dugu langileek bizi eta lan duinak behar dituztela, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dutela. Antolakuntza eta borroka dira gaitz indibidual, familiar eta gizarte osoarena den honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla. Lan harremanen eta joku-arauen aldaketa beharrezkoa da. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Arabako Herri Akordioa–Zaintzen Aldarrikapen Taula aurkeztu dugu, prozesu kolektibo baten emaitza

Duela astebete Gasteizen aurkeztu genuen Arabako Herri Akordioa–Zaintzen Aldarrikapen Taula. Egungo zaintza sistema iraultzera bidean Araban egin beharreko hainbat aldaketa eta exijentzia biltzen dituen aldarrikapen taula da. Denon Bizitzak Erdigunera dinamikaren baitan garatu dugun ikasturte ondoko prozesu baten ostean, Arabako eragile, norbanako, zaintzen sektoreko langile eta zenbait sindikaturen artean eztabaidatutakoaren eta adostutakoaren emaitza da. Mugimendu Feministarekin elkarlanean egon gara AEZLE (Arabako Etxeko eta Zainketako Langileen Elkartea), Pentsionistak, Enara Kooperatiba, Ernai, Harramazka gazte talde feminista, Zaintza Araba, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, eskualde ezberdinetako talde feministak, Lumagorri…

Tresna hau eragile ezberdinen arteko aliantzak sortzeko, instituzioak seinalatzeko eta presionatzeko eta zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko baliatu nahi dugu.

LABetik norbide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa adierazten dugu: Arabako Herri Akordioa ahalik eta gehien zabaldu, irakurri, partekatu, sozializatu eta hurrengo urratsetara adi egoteko deia egiten dugu.

Hemen duzue aldarrikapen taula:

LABek EAEko gizarte ekimeneko ikastxeetako Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei greba bukaerako akordioa betetzea exijitzen die

Patronalek erabaki dute adostuta zegoen ordu lektiboen jaitsiera ere ez aplikatzea. Aldarrikapen honekin, elkarretaratzeak egin ditu LABek Zarauzko La Salle eta Bilboko Berri Otxoak ikastetxeetan.

Aurreko astean, 34. mahai negoziatzailea egin ostean, Kristau Eskolak eta AICE-IZEA EAEko gizarte ekimeneko ikastetxeetako patronalek adierazi zuten 2025-2026 ikasturterako eskola ordurik ez dutela jaitsiko. Honela, sektoreko langileek 14 greba egun egin ondoren, 2024ko otsailaren 5ean greba bukaerarako akordioan adostu eta lortutakoa bertan behera utzi dute.

16 hilabete pasatu dira eta 15 mahai negoziatzaile egin dira greben amaiera ekarri zuen akordioa sinatu zenetik eta patronalak blokeoan gotortu dira, eta ez dira ari sinatutako betetzen. Horren erakusgarri, ez dutela gauzatuko datorren ikasturterako adostuta zegoen ordu lektiboen murrizketa.

Eskola orduen murrizketak bere biziko garrantzia du, hala nola lan kargak jaisteko, ikasleek kalitatezko hezkuntza jasotzeko, enplegua sortzeko, lanpostuak ez suntsitzeko, etab.

Ikasturtea amaitzen ari da eta lanpostuak ez galtzeko birkokapen prozeduraren aktak itxi berri edota ixten ari diren honetan, LABek ez du onartzen neurri hori ez dela martxan jarriko hurrengo ikasturterako.

Hori dela eta, LABek, ez betetzeen aurrean, bide juridikoa zein ekintza sindikala aktibatuko ditu.

Osasungintza publikoa indartzea eskatu dugu Bilbo, Donostia eta Gasteizen

LAB, ELA eta ESK sindikatuok elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen (Txagorritxuko ospitalean), Bilbon (Basurtukoa) eta Donostia ospitalean Osakidetzan benetako konponbideak exijitzeko. Era berean, bat egin dute gaur arratsaldean OPA Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformek deitutako mobilizazioekin.

OPA Herri Plataformek salatu dutenez, “zortzi hilabeteko lanaren ostean, osasun publikoaren defentsan funtsezkoak diren eragile sozial eta profesionalak baztertzea izan da Osasun Itunaren jomuga, unibertsitate pribatuei eta Confebask patronalari ahotsa eman zaien bitartean, hauen interesak osasunaren negozioari lotuta baitaude”. Plataformetatik kexu dira: “Prozesu hau opakoa eta antidemokratikoa izan da, arazo nagusiari heltzea saihestuz: pribatizazioa eta lankidetza publiko-pribatuko politikak”. Argitaratu duten oharraren arabera, Osakidetzaren krisian eta hondamenean gobernuak duen erantzukizuna ezkutatzeko aurpegia garbitze bat besterik ez da EAEko Osasun Ituna.

Salaketaz gain, osasun publikoaren aldeko plataformek osasungintza publikoa indartu eta pertsona guztien osasun eskubidea bermatzen duen osasun ereduaren proposamena egin dute, pertsona zaurgarrienei arreta berezia eskainiz. Neurrien artean: osasun %100 publikoaren aldeko konpromiso irmoa, elkarlan publiko-pribatua eta aparteko orduak arbuiatzea, osasun inbertsioa berehala handitzea Europako batez bestekoa lortzeko, Lehen Arreta lehenestea, arreta presentzial osoa berreskuratzea, gutxienez 15 minutuko kontsultarako denborekin eta gehienez bi eguneko atzerapenekin, plantilla nahikoa eta egonkorra bermatzea profesionalen ihesa saihesteko, itxaron-zerrendak nabarmen murriztea baliabide propioekin eta kontrol publikoarekin, osasun-sistemaren kudeaketa demokratikoa, parte-hartzailea eta gardena, eta Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat sortzea.

Euren ustez, “neurri zuzentzaileen gabeziaren eta politika pribatizatzaileen jarraipenaren aurrean, beharrezkoa da presio soziala mantentzea, Eusko Jaurlaritzari exijitzeko herritarren gaitzespena entzun dezala eta osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazoei benetako irtenbideak bila diezazkiela”.

LABek ez du sinatu Gipuzkoako ostatuetako hitzarmena langileen beharrei erantzun eraginkorra ematen ez dielako

Gaur sinatu dute ELA, CCOO eta UGTk eta ADEGI patronalak. Maiatzaren 15ean iragarri zuten aurrekordioa ELAk eta ADEGIk.

Nabaria da bere garai onena bizitzen ari den sektorea dela Gipuzkoako ostatuena, eta herrialdeko ekonomiari modu esanguratsuan eragiten dioten zifra historikoak lortzen ari da. Aldiz, enpresak etengabeko hazkundean dauden eta inoiz baino irabazi handiagoak jasotzen ari diren testuinguru honetan, gaur sinatutako hitzarmenak babesgabe uzten ditu langileak. Ikuspegi orokor batetik, bestelako onuraren bat tarteko, aurreakordioa KPI + %2,5-eko soldata igoerak bermatzera mugatzen bada ere, bertan jasotako bestelako edukiak ez dira nahikoak LAB sindikatuarentzat.

Dena ez da soldatara mugatzen. Egunez egun, sektoreko langileek jasaten dituzten lan-karga eta erritmoak ez dira gutxituko igoera ekonomiko esanguratsuekin. LABen ustez, honakoa da sektoreko langileek behar dutena:

> Lanaldi jaitsiera nabarmena, eta ez adostako 14 orduko jaitsiera datozen lau urteetan zehar.

> Arrisku psikosozialen ebaluazioak egiteko enpresen betebeharraz gain, eguneroko jardunak langileen eragiten dien desgastea identifikatu eta honi aurre egiteko neurriak adostu ahal izatea.

> Pisu garbitzaileen ratio planak badaudela eta hauek eraginkorrak direla bermatzea.

> Mota guztietako absentziak estaltzeko konpromisoa eta aldi baterako ezintasunak %100ean osagarritzea.

> Gutxienez hilean behin, asteko atsedena asteburuan gozatzeko aukera.

> Aldi Baterako Lan Enpresen eta azpikontraten mugapena.

> Onura sozialak, hala nola, errelebo kontratuen eskaerak onartzea, langileen eguneroko beharrak asetzeko baimen ordainduak, enpresak lan-eremu seguruak izatera bideratutako neurriak, doako mantenua, garraio-plusaren erregulazio aproposa, etab.

Guzti horiek LAB sindikatuak proposatutako edukiak dira, baina hitzarmenaren sinatzaileek alde batera utzi dituzte. Lan-ordutegiak hiru hilabeteko epearekin bermatzen saiatzeko ahalegin urria egin badu ere, enpresa guztiek ez dituzte gaur gaurkoz urteko egutegiak bermatzen eta, horren jakitun, ez dira beharrezko mekanismoak aurreikusten lan-ordutegiekin berdina gertatu ez dadin. Hortaz, LABek zalantzak ditu egutegiek eraginkortasunez beteko duten bizitza laboral eta pertsonala uztartzeko aukera.

LAB sindikatuak saiakera erreala egin du eduki guzti hauek negoziazio mahaian jorratu daitezen: aldarrikapen eta neurrien multzo propioa aurkeztu du, kolektiboaren eguneroko lan-baldintzak hobetu eta duintzera bideratuta dagoena. Aldiz, ADEGI eta ELA, UGT eta CCOOek sinatutakoarekin, LABen proposamenak albo batera uztea erabaki dute.

Gainera, hitzarmen hau lortzeko sektorean egindako dinamika zalantzagarria iruditzen zaio LABi, batez ere ELA sindikatuaren aldetik. Historikoki, greba deialdi errealekin sinatu izan dira hitzarmen kolektiboak Gipuzkoako ostatuetan eta horretarako, ekintza sindikala da giltza, langileek sortutako aberastasunaren banaketa bidezkoagoa borrokatu eta modu duinean lan egitera bideratutako neurriak eskura ditzaten. LAB sindikatuak benetan sinesten du sektoreko langileen batasuna eta ekintza sindikala zirela gakoa marko arautzaile on bat lortu ahal izateko. Benetan jakitun gara sektoreko langileen aldarrikapenak kalean babestuko lituzkeen sektore konprometitu gisa jardun izan bagenu lortu genezakeenaz? Borroka beti da bidea.

Gehiengoa duen ELA sindikatuaren konformismoak ordea, hurrengo urteetarako sektoreko enpresen lasaitasuna bermatu du, negoziazio prozesuan patronalak egindako bigarren proposamena onetsiz. ADEGI pozarren dagoen bitartean, langileak apurrekin gelditu daitezen onartu du ELAk.

Hitzarmena sinatu ez arren, sektorea eta kolektiboarekiko berezkoa duen konpromisoari eutsiko dio LABek eta enpresa eta lan-zentroetan langileak lagundu eta babestuko ditugu. Bide luzea dute aurretik sektoreko langileek, eta LAB sindikatua beraien bidelagun izango da.

Zaintza sistema publikoa helburu, lan baldintzak hobetzea eta ekiparazioa eskatu dituzte Arabako esku hartze sozialeko langileek

Kontzentrazioa egin dute gaur Gasteizen, Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean.

Duela urte erdi baino gehiagotik, LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuak askotan elkartu gara, eta indarrak batzea lortu dute, Arabako esku-hartze sozialaren sektorerako hitzarmen berri bat lortzeko helburuarekin. Beren helburua argia da: langile guztien lan baldintzak hobetzea, sektore publikoarekin ekiparatzeko helburuarekin. Zaintza lanek publikoak izan behar dutela argi dute.

Bide horretan, langileen aldarrikapenak jaso zituzten eta plataforma bat osatu zuten, duela hilabete batzuk patronalari eman ziotena. Gaur-gaurkoz, ez dute aldarrikapenei erantzunik.

Baina AISA patronala ez dirudi negoziazioaren alde dagoenik. Hilabeteak daramatza negoziazioa blokeatzen, bilerak atzeratzen eta langileen aldarrikapenak erantzun gabe.

Azken bileran aholkulari baten izendapenaren aitzakia erabili zuen mahaiak aurrera egin ez zezan. Proposamen bat duela dio, baina hilabeteak pasatzen dira eta ez dute ezer entregatzen.

Gaurko mobilizazioarekin, langileek salatu nahi izan dute AISAren jarrera eta negoziatzeko borondaterik ez duela. Sektoreak ez du onartuko negoziazioa luzatzea. Langileek esperientzia dute aurreko mahaiarekin, eta hortik ez dira pasako.

Benetako negoziazioa nahi dugu, gure lan baldintzak sektore publikoko langileei ekiparatuko dituena. Hala ez bada, eta gaur dinamika mobilizatzaileari hasiera ematen diotelarik, ez dituzte ekintza gehiago eta greba baztertzen etorkizunean.

Lehen lanuzte eguna Ramondin Capsulas-en, zuzendaritzak langile guztien soldatak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko asmoen aurrean

Gaur, erabateko lanuzteen lehen eguna izan da Ramondin Capsulas enpresan, lan-gatazka esanguratsu bati hasiera emanez. Lanuzteak erabateko jarraipena izan du ekoizpen-lerroetan, langileen batasuna eta determinazioa agerian utziz, eta eragina bulegoetan ere nabaritu da. Ramondín Cápsulas Arabar Errioxako enpresarik handienetakoa da, 400 langile inguru ditu eta Metalgrafien Estatuko Hitzarmena aplikatzen da bertan.

Langileen haserrearen jatorria zuzendaritzak soldata guztiak izozteko eta hitzarmenean jasotako igoerak ez aplikatzeko egindako proposamenean datza. Enpresak “egoera ekonomikoa txarra” dela argudiatuta justifikatu du neurria, eta, bere esanetan, langileen erosteko ahalmenari eustea eragozten dio. Hala ere, langileen artean haserrearen txinparta piztu duena izan da zuzendaritzak uko egin diola kontuak aurkezteari. Gardentasun falta horrek mesfidantza handia sortu du, eta langileek zalantzan jarri dute zein den konpainiaren benetako finantza-egoera.

Enpresaren jarrera horren aurrean, eta erosteko ahalmena ez galtzeko determinazio sendoa dutenez, langileek ekintzak areagotzea erabaki dute. Horrela, datorren astean, greba mugagabeari ekingo diote. Presio-neurri hori astearte eta ostegun guztietan gauzatuko da, eta dinamika horri enpresako zuzendaritzak jarrera aldatu arte eutsiko diote langileek. Izan ere, beren helburua da soldata bidezkoak eta egungo bizitzaren kostuari erantzungo diotenak bermatzea.