2026-01-19
Blog Page 356

Modu positiboan baloratzen dugu ISNko akordioa, aurreikusitako mobilizazioak bertan behera uztea ekarri duena #LortuDugu

Enpresa batzordeak eta ISN enpresak aurreakordioa lortu dute, eta, horren bidez, bertan behera utzi dituzte Volkswagen-eko Iruñeko lantegian martxoaren 2an hastekoak ziren mobilizazioak.

ISN Volkswagenen soldata igoerak ordaindu ez izanak egoera jasangaitzera eraman zuen plantilla. Hori dela eta, greba mugagabea deitu zuen enpresa batzordeak, hainbat mobilizaziorekin batera. LAB eta Solidari sindikatuek sinatutako aurreakordioarekin (enpresa-batzordean 9 ordezkaritik 7 dituzte), %5eko soldata-igoera bermatuko da, baita 3 atseden- egun ere.

Greba-deialdia aurtengo soldata-igoerak bermatzeko aurreikusita zegoen arren, datorren urterako %2ko soldata-igoera lortu da, 2022ko KPIaren igoeraren araberako soldata-igoera eta lanaldia hobetzeko egun bat, enpresak 15 egunetik gorako aldi baterako lan-erregulazioa aplikatzen badu.

LAB sindikatuak eskerrak eman nahi dizkie langileei mobilizazioarekin eta borrokarekin izan duten konpromisoagatik; izan ere, berriro ere erakutsi du bere fruituak ematen dituela, eta hori gabe ez zatekeela langileen lan-baldintzak hobetzeko akordio honetara iritsiko, soldaten eta lanaldiaren esparruan.

Horrekin batera, ELA sindikatuaren jarrera deitoratzen dugu, gainerako langileekin batera borrokatu beharrean, oporretan egotea nahiago izan duelako, eta, ondoren, akatsez betetako informazioa zabaltzeagatik, ez baitu negoziazioetan parte hartu aisialdian egoteagatik.

Basozainek Nafarroako Gobernuari exijitu diote 15 lanpostu berri sortzeko konpromisoa bete dezala

Nafarroako Basozainak taldeko hainbat kide Diputazioaren jauregiaren aurrean elkartu dira, Nafarroako Gobernuari eskatzeko bete dezala 2022an 15 lanpostu berri sortzeko hartu zuen konpromisoa, Basozainen Plan Zuzentzailean agertzen den bezala.

Kolektibo horrek bere harridura eta haserrea azaldu du Nafarroako Gobernuak orain esaten duelako lanpostu horiek ezin direla sortu, aurrekontu-esleipenik ez dagoelako. Basozainen iritziz, hori izugarrizko burugabekeria da, lanpostu horiek EH Bilduk eta PSNk sinatutako aurrekontu-akordioaren ondorioz sortu zirelako. 

Horregatik, Nafarroako Gobernuari exijitu diote sinatutako akordioak bete ditzala eta behar den guztia egin dezala 15 lanpostu horiek lehenbailehen sortzeko eta diruz hornitzeko.

Emakumeak, langabe zein enplegudunak, daude prekaritatearen erdigunean

Herrialdeen artean alde nabariak badaude ere, Hego Euskal Herrian 747 langabe gehiago daude urtarrilarekin alderatuta. Nafarroan eta Araban langabezia igo bada, Bizkaian eta Gipuzkoan urtarrilean baino langabe gutxiago daude gaur publikaturiko datuen arabera. Herrialdeen artean aldeak daude, baita adin tarte edo sexu generoari dagokionean ere. Izan ere, oraingoan gazteak eta emakumeak izan dira langabeziaren igoera pairatu dutenak oro har, zerbitzuen sektorean lanean dabiltzanak.

Langabeziaren datuek enplegu bila aktiboki dabiltzanetatik enplegurik ez duen lortzen langile kopurua neurtzen digute. Enpleguaren bilakaera aztertzeko informazio garrantzitsua eskaintzen digute datuok. Ez dute azpienpleguan lanean ari den langile kopurua neurtzen ordea, ez eta esperantza galdu dutelako edo beste arrazoi batengatik enplegua bilatzeari utzi dioten langabeena. Enplegu bila ez dabiltzan eta doan etxeko eta zaintza lanak burutzen dituzten langile horien datuak ere ez daude gaur publikatu dituztenetan, nagusiki emakumeak diren milaka horienak, 182.000 langile Hego Euskal Herrian. Langabezia datuek beraz izebergaren punta soilik erakusten digute, eta lan eta enpleguaren eremuan gertatzen diren hainbat eta hainbat errealitate isilpean geratzen dira.

Gaurkoan, aurreko hilarekin alderatuta, langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian. Eta, gainera, enplegua duten langileen baldintzak okertuz doaz urtez urte. Gaurkoan emakume gehiago ditugu langabezian, eta enplegua dutenen emakumeen errealitatean ere arreta jarri beharrean gaude. Izan ere, sektore feminizatuen lan baldintzak hobetzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugula salatu beharrean gaude. Borrokak piztu eta garatu arren, patronalak uko egiten dio akordioari, uko langileen lan baldintzak hobetzeari. Ez da kasualitatea Hego Euskal Herrian emakumeen soldatak gizonezkoenak baino %20 baxuagoak izatea. Sexu-generoaren araberako lan banaketak balio gutxieneko enpleguetan kokatu ditu nagusiki emakumeak, bizitza sostengatzeko balio handienetakoa dutenean oro har. Patronalari hori ez zaio gehiegi axola ordea, balio erantsi gutxiago dutela argudiatzen baitute soldata baxuagoak justifikatzeko.

LABek, sektore eta enpresetan lan baldintzak hobetzeko borrokan jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen du, eta ez hori bakarrik, beharrezkoa dugu langile guztiei gutxieneko zoru amankomun bat ezarriko dien akordioa, gutxieneko soldata, soldata arrakala, lanaldi partzial inposatu eta lanaldi murrizketaren ingurukoa hain zuzen ere.

Otsailaren 22a, soldata arrakalaren aurkako nazioarteko eguna, pasa berri denean, eta Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, diskurtsoetatik harago konpromiso konkretuak hartzeko garaia da. Patronalei arduraz jokatzea exijitzen diegu eta instituzioei eta eurak kudeatzen dituzten alderdi politikoei, ez ikusiarena ez egiteko, eta errealitate honen aurrean busti daitezela, euren ardura ez baita soilik enplegua sortzea, baita enplegu hori kalitatezkoa izatea eta banaketa orekatua izatea ere.

Enpleguaren defentsan esku har dezatela eskatu diegu erakundeei, Alconzan aurreikusitako kaleratzeen aurrean

Greba mugagabean daude Berangoko Alconzan, Irizar Taldeko enpresan, 38 langile kaleratu nahi dituen EEEa dela-eta. Langileek erakundeei egin diete dei, enplegu suntsiketaren kontra egin eta lantegiaren etorkizuna berma dezaten.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu dira gaur, bilera baitute. Atzo gauza bera egin zuten Berangon. Bertako Udalbatzarekin bildu ziren, kasu honetan.

LAB sindikatuak Alconzan inor ez dagoela soberan nabarmendu nahi dugu. Hala, erakundeei eskatu diegu enpleguaren defentsan esku har dezatela, eta Jaurlaritzari, konkretuki, diru laguntzarik eman ez ditzala kaleratzeak dauden bitartean.

Artiach-eko langileek ehun egun bete dituzte greban, lan baldintza duinen defentsan

Orozkon dagoen Artiach enpresako langileek ehun egun bete dituzte greban, eta, euren lan baldintzen alde borrokan sendo jarraituko dutela berresteko, mobilizazio eta aldarrikapen egun berezi bat egin dute. Bizikleta martxa, ekitaldia eta manifestazioa egin dituzte, besteak beste. Manifestazioari dagokionez, Deustuko Erriberatik Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaraino joan dira.

Hitzarmen duin baten alde ari dira borrokatzen Artiach-en. Enpresak soldaten jaitsiera, lanaldiaren igoera eta osagarrietan murrizketak proposatu ditu. LAB lehen indarra da enpresa batzordean, eta sindikatutik berretsi nahi dugu, zuzendaritzaren jarrera ikusita, berriro agerian geratu dela antolakuntza, borroka eta mobilizazioa direla bidea langileen lan baldintzak defendatzeko. 

Langile guztiei etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzeko aldarrikatu du Abiatuk, Ekintza Sozialeko komunitate berriak

LABeko kideok ekimenak egin ditugu Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen ordezkaritzaren eta Gasteizko Udalaren aurrean, negozioa babesten duen egungo etxebizitza politika salatu eta langileoi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatu behar zaigula aldarrikatzeko. Arrasaten ere mobilizatu ginen astelehenean, “etxebizitza duina langile guztientzat” leloarekin.

Ekimena Abiatu-ren, LABeko Ekintza Sozialeko komunitate berriaren, lehen kanpainaren baitan kokatu dugu; langile guztioi etxebizitza eskuragarri eta duina bermatzearen aldeko kanpaina, hain zuzen ere. Abiatu LABeko kideon espazio berria da, langileon bizi-baldintza duinen alde ekiteko. Prekarizazioa lantokietan bezala lantokietatik kanpo pairatzen dugu langileok, eta horregatik prekarizazio hau pairatzen dugun eremuetan borrokak abiatzea da gure apustua. Ez dugu onartuko lantokietan borrokatzen duguna hauetatik kanpo lapurtu diezaguten.

Etxebizitza eskubidea errealki bermatzea langileon oinarrizko bizi-baldintzak duintzeko ezinbestekoa da, baina jabetza pribatuan, merkantilizazioan eta espekulazioan oinarritzen den egungo ereduak ondorio sozial larriak eragiten ditu. Etxebizitza duin eta eskuragarri baterako sarbide eza langileon prekaritatearen elementu giltzarria da.

Datu batzuk aipatze aldera, 2019eko bataz besteko soldatarekin (23.183 euro) 19 urte behar dira Babes Ofizialeko etxebizitza bat ordaintzeko eta ia 42 urte merkatu librean etxebizitza jabetzan eskuratzeko, honek dakartzan baldintzapen guztiekin. EAEn 80m2-ko etxebizitzaren alokairua 986 eurokoa izan da bataz beste 2021ean eta langileok soldataren ia erdia bideratu behar dugu hau ordaintzera (bestelako gastuak kontuan hartu gabe). Etxebizitza babestuaren eskaria 2011-2019 tartean ia bikoiztu egin da; aldiz, eskari horri erantzuteko eskaintzaren ehunekoa gutxitu egin da.

Etxegabetzeei dagokienez, datuak bortitzak dira oso. 2020. urtean, 889 etxegabetze gertatu ziren Hego Euskal Herrian.

Erakundeei mezua

Horregatik guztiagatik, etxebizitza eskubide subjektibo bezala aitortu eta hau errealki bete dadin bermatzeko neurriak hartzea eskatu dugu Bilbon eta Gasteizen egindako mobilizazioekin, erakundeak interpelatzeko asmoz. Horrekin batera, herritarrekin eskuz eskuko harremana bilatu dugu ekimenetan, inkesta baten bidez eta gure aldarrikapenak partekatuz bizi dugun errealitatez hitz egin eta hausnartzeko, zein honen aurrean antolatzeko deia luzatuz.

LABen ustez, lehentasunezkoa da, etxebizitza eskubide subjektibo erreala izan dadin, neurri zehatzak hartu eta tresnak garatzea. Horretarako, espekulazioari ateak itxi eta alokairu sozial arautuari lehentasuna eman behar zaio, eta etxebizitzaren prezioa mugatu behar da etxebizitza gastuak diru-sarreren %30 izan daitezen gehienez (%15 egoera zaurgarrian dauden pertsonen kasuan eta etxebizitza publikoetan).

Gainera, parke publikoa handitzeko estrategiak beharrezkoak zaizkigu, lehentasunez jabego handiei eta funts putreei mugak jarriz. Azkenik, eta urgentziazko neurri gisa, alternatiba duinik ez duten etxegabetze guztiak eraginkorki debekatzeko eskatzen dugu.

Jarraipen zabala izan dute KPIaren araberako soldata-igoeraren alde Aludium-eko langileek egindako bi greba egunek

Zornotzako Aludium enpresan, beste askotan bezala, soldata-igoera KPIarekin baldintzatuta dago, langileek erosteko ahalmena gal ez zezaten. Azken urteetan, baldintza hori ez da arazo izan, ematen zuen igoera ez baitzen oso handia, eta enpresek onartzen dute KPIak igoera markatu behar duela.  

Aludiumen, 2018. urteaz geroztik, enpresa-hitzarmen bat dago, eta hitzarmen horretan ezartzen den igoera 2022. urterako KPI gehi %0,5 da. Jakina denez, Covid-19aren ondorioz, KPIa %6,5ekoa izan da eta horregatik egin beharreko soldata igoera  %7 izan behar da.         

Hala ere, igoera egiteko unea iritsi denean, enpresak uko egin dio eta zenbait bileratan ez du ezertara eraman %3,5 igotzea, %7 igo eta atzerapenak ordaindu behar zituenean. Arazoa eta eztabaida dagoen tokian, soldata-igoera finkatzeari uko egiten diola da, eta horrek esan nahi du datozen urteetarako soldatak bere horretan jarraitzen duela. Diru kopuru bakarra ordaintzen da, baina hurrengo urteetako nominetan ez da agertzen.            

LABentzat, sinatutakoa bete egin behar da. Aldeak ados jartzen direnean, hobea edo okerragoa izan adostutakoa, kontsekuentea izan behar da emandako hitzarekin. Hori dela eta, langile asanbladan galdetu ondoren, bi greba egun adostu eta egin dira otsailaren 24 eta 28an.            

Grebak %60ko jarraipena izan du bi egunetan. Gure ustez arrakasta handi bat lortu da, LAB sindikatuak bakarrik deitu ditu mobilizazioak eta. CCOOk eta UGTk, enpresa-batzordean gehiengoa izanik, ez dute deialdirik egin. Bainaa, sindikatu horietako afiliatu batzuek bai egin dituztela grebak.

Ez da aipatu gabe utzi behar enpresa hitzarmena 2021ean amaitu zela eta orain negoziatzea dagokiola. LABentzat ezinbestekoa da sinatutako %7ko igoera aplikatzea. Izan ere, sinatutakoa bete ezean, ezingo litzateke zuzendaritzarekin ezer adostu. Nola fidatu sinatutakoa betetzen ez duen enpresa batekin? Gainera, zuzendaritzak xantaia egiten du soldata-igoerarik ez aplikatzerakoan. %7a igotzea nahi baldin bada, hitzarmen prekario bat sinatzera bultzatzen da trukean.

LABek soldata-igoeraren alde borrokatuko du, eta, ondoren, Aludiumeko enpresa hitzarmenarengatik borrokatuko du. Langile guztiei egiten diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin diegu. Lortzen ez den bitartean, sindikatu honek borrokan jarraituko du. Era berean, orain arte bezala, CCOO eta UGT sindikatuei dei egiten diegu %7ko igoera alde batera ez usteko eta berarengatik borrokatzeko.

“Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen Osakidetzaren egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin jarraituko dugu”

Lehen Arretan greba egin genuen ostiralean eta hiriburuetan manifestazioak gauzatu genituen larunbatean. Bada, astelehenaren etorrerarekin, Osakidetza osoan egin dugu greba, LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, osasungintza publikoaren desegite politikei erantzuteko. Mobilizatzeko eta Osakidetza bere posizioak mugitzera behartzeko unea dela azpimarratu dugu, Osasungintza publikoaren egoera larriaren eta Jaurlaritzako Osasun Sailaren konponbiderik ezaren aurrean. “Osasun Sailak ez badu aurrerapausorik ematen Osakidetzaren egungo egoera larriari buelta emateko, mobilizazioekin jarraituko dugu”, ohartarazi dugu sindikatuok.

Hain zuzen ere, lan zentroetan bizi den egoera gero eta prekarioagoa den bitartean, Osakidetzaren erantzuna da propaganda egitea eta aitzakiak bilatzea, neurri bakar bat ere proposatu gabe eta aldarrikapen bakar bati ere erantzun gabe. Are gehiago, pandemia aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko. Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan.

Sindikatuon iritziz, hauek dira Osakidetzak martxan jarri behar dituen aldarrikapenak:

-Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz.

-Plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko.

-24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz.

-Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea, Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne.

-EAGetan aplikatutako murrizketa guztien rebertsioa: berriro irekitzea edota arreta-ordutegiak berrezartzea.

-Kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea.

-Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan.

-Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak.

-Irekita dauden gatazkak konpontzea: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.

-Plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko duten neurriak.

 

Bizkaiko garbikuntza sektoreko langileek grebara joatea erabaki dute, patronalak kea besterik ez duelako eskaintzen

LAB, ELA eta ESK sindikatuon oharra:

ELA, LAB eta ESK sindikatuek, negoziazio mahaiaren gehiengoa ordezkatuz, Bizkaiko Garbikuntzan greba deitzen dute. Hilabeteak doaz negoziazioa hasi zenetik eta ordutik patronalak negoziazio mahaian apurrak besterik ez dizkigu eskaini. Egoerak hala eskatzen du. Greba hau historikoa da, ia 30 urte baitziren gehiengo sindikal batek Bizkaiko garbiketa-sektorean grebarik deitu ez duela.

Izatez, Bizkaiko langileen soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen eta gainera, Bizkaiko garbikuntzaren hitzarmen pean lan egiten dugun langile gehienak lanaldi partzialeko langileak gara. Momentu honetara arte patronalak egin duen eskaintza bakarra hurrengo hau da:

-2021 %0,5

-2022 %2

-2023 %2

Testuinguru ekonomiko honetan, KPI-a maximo historikora iritsi dela, %6,5 an 18 zentimoko igoerak eskaintzen dizkigute. Bi urteko pandemiaren ondoren, gure soldatak izoztuta daude oraindik; izan ere, bizkarra tolestu behar izan dugu zentroak modu kontzientean desinfektatzeko eta higienizatzeko. Eraikinen garbitzaileek kale- garbiketako garbitzaileek baino % 45 gutxiago irabazten dutela salatu eta exijitu ondoren, oraindik ez dute onartzen generoko soldata- arrakala dagoenik. Hortaz, greba deitzen dugun hiru sindikatuok 1.200 euro x 15 – ko soldatak aldarrikatzen ditugu orain!

Gauzak horrela, pasadan azaroan kaleak hartzea erabaki genuen eta elkarretaratzeak eta manifestazioak egin genituen Bizkaia osoan zehar, Basauritik hasita, Getxon, Portugaleten Durangon eta Bilbon. Gure aldarrikapen nagusiak SOLDATA ARRAKALAREKIN amaitzea eta 1.200×15 euroko soldatak ziren. Baina mahaia mugitzen ez dela ikustean eta patronalak kea besterik ez duela eskaintzen ikusita, grebara joatea erabaki dugu.

Pasadan urtean adierazi genuen bezala, agerian geratu da garbikuntzako sektoreak daukan antolatzeko ahalmena eta lan baldintzak hobetzeko beharra. Hortaz, egindako mobilizazioak abiapuntua besterik ez ziren izan eta jarraipena emateko asmo osoarekin amaitu genuen.

Greba egunak hurrengo hauek izango dira: martxoak 31, apirilak 26 eta 27 eta maiatzak 10, 11 eta 12. Grebak eragina izango du garbikuntzako hitzarmena aplikatzen den lan-zentruetan. Egun horietan, patronalari argi geratu behar zaio, bere eskaintza ez dela gure aldarrikapenetara hurbiltzen ere egiten eta horien alde borrokatzeko prest gaudela.