2026-01-23
Blog Page 352

Arrazakeriaren aurkako borrokarekin bat egin eta pertsona guztien erregularizazioa aldarrikatzen dugu

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a. Europan gerra-eskalada nagusi den testuinguru batean dator aurten, eta, testuinguru horren ondorio ugarien artean, asiloa eta aterpea eskatzen duten Ukrainatik etorritako pertsonen migrazio-prozesu handia eragin du,

Erakundeek egoera honi eman dioten erantzun azkarrak erakutsi du borondate politikoaren kontua dela: bizirauteko estrategia gisa migratzen duten pertsonak erregularizatzea posible eta egingarria da.

Gauzak horrela, beste behin, azalaren kolorean, jatorrian eta gotortutako Europa baten politiketan gauzatzen den arrazakeria instituzionala salatzen dugu. Politika arrazista honek milaka pertsona diskriminazioaren eta indarkeria-mota anitzen eraginpean egotera kondenatzen ditu; baita beren migrazio-prozesuan bizia arriskuan jartzera ere. Egoera batzuetan administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak zaintzeagatik langile publikoak zigortu eta beste batzuetan arreta hori bultzatzen duen politika hipokrita bera da.

Egoera horren aurrean, LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako borroka babesten du, eta bat egiten du Espainiako Estatuko atzerritarren ezohiko erregularizaziorako herri-ekimen legegilearekin. Gure afiliazioa ekimen honekin bat egitera animatzen dugu eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako gure egoitzak sinadurak biltzeko guneak izango dira.

Bada garaia Irun-Hendaia mugan militarizazioarekin, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrolekin eta “beroan” egindako itzulketekin amaitzeko. Hego eta Ipar Euskal Herria indarrez banatzen dituen muga inposatua heriotzaren muga bihurtu da transitoan dauden pertsona migratuentzat. Joan-etorri segurua bermatu, harrera segurua eta lan zein bizi baldintza duinak bermatzeko premiazko neurri politikoak hartzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta Ipar Euskal Herriko Mankomunitateari.

Migratzea eskubide bat da, eta pertsona guztiek izan beharko lukete aukera-berdintasuna eta bizitza eta enplegu duinak eskuratzeko aukera, norberak bizi nahi duen tokian. Atzerritarren legeak salatzeko eta Euskal Herria biolentzia arrazista, matxista, koloniala eta klasistarik gabeko lurralde gisa eraikitzeko erantzukizun politikoa dugu: egin dezagun gure harrera gizarte eta Herria izateko aukera.

Irmotasunez diogu: arrazista ez izatea ez da nahikoa. Horregatik, LABen aktiboki lan egiten dugu, zor kolonial baten partaide garela onartuz. Badakigu asko dugula des-ikasteko, gure burua antirrazismotik eraikitzeko eta urrats zehatzak emateko arpilatze, espoliazio, neo-kolonialismo, nekropolitika, militarizazio eta oinarrizko eskubideen urratze sare baten aurrean.

Gure lekutik, arrazakeriaren aurkako praxi sindikal bat eraikitzen ari gara azken hilabeteotan, gure erakundearen eta gure gogoen txoko guztiak zeharkatu nahi dituena. Ildo horretan, apirilean, arrazakeriaren aurkako sindikalismo baterantz topaketa egingo dugu, azken ikasturtean langile migratu eta arrazializatuekin, liberatuekin eta erakunde eta kolektibo sozialekin batera garatu dugun prozesu parte-hartzailearen amaiera gisa, eta hurrengo ikasturterako diseinatzen ari garen urratsei ateak irekitzeko.

Amaitzeko, dei egiten dugu mugimendu eta kolektibo antiarrazistek egun hauetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzera.                                                    

EAEko Hezkuntza Legea langileokin eraikitzea aldarrikatu dugu, sistema publikoa, euskalduna eta propioa izateko bidean

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok Gasteizko Legebiltzar aurrean bildu gara Hezkuntza Akordioaren zirriborroaren gaineko emendakinak bozkatzen diren egunean. Izan ere, hezkuntza akordioaren egungo zirriborroarekiko gure desadostasuna azaldu eta prozesu honetan eragin nahi dugula adierazi dugu, ditugun aldarrikapenak plazaratzeaz gain. Langileokin eraiki behar den hezkuntza legean honako aldarrikapen hauek ezinbestez jaso behar dira.

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza lege bat nahi dugu.

2.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

3.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza lege bat nahi dugu.

4.- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.

5.-Euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen Hezkuntza legea nahi dugu.

6.-Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.

7.-Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

8.-Hezkuntza lege parte hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

Sare publikoko eta itunduetako hezkuntzako langileok (hezkuntza premia bereziko hezitzaileak, 0-3ko haur hezitzaileak, jangeletako sukaldari eta garbitzaileak eta irakasleak) gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, martxoaren 25erako antolatu dugun greban parte hartzera dei egiten dugu. ā€œPUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA, Hezkuntza legea langileokin eraikiā€lelopean.

Aldundiari eta enpresari langileen segurtasuna bermatzeko eskatu diegu, Buruntzaldeko BU40G autobus linean gertatutako istiluen harira

Aurreko larunbatean Buruntzaldeko BU40G lineako langileak ertzaintza deitu behar izan zuen, gertatzen ari ziren istiluak zirela eta, bere burua arriskuan ikusten zuelako.

Onartezinak dira langileen aurka gertatzen ari diren erasoak. Ezin dugu normaltzat eman, asteburuetan bereziki, langileak beldurrez eta ezinegonaz lanera joan beharra.

Honen guztiaren ardura Aldundia zein enpresena da bereziki. Hauek zerbitzua eman bai, baina hau modu seguru batean eman dadin hartu behar diren neurriak ez dituzte hartzen. Dagoeneko nekatzen hasi gara, nahiko gogorra da asteburuetan lan egin behar izatea eta gau osoan egin behar izatea gainera. Eta hau guztia beldurrez egin behar dugu? Ez gaude hau onartzeko prest.

Baina honen ardura nagusia Aldundiarena eta enpresena bada ere, ezin dugu erabiltzaileen ardura ezkutatu. LAB sindikatutik, erabiltzaileei honakoa eskatzen diegu: utzi langileak pakean. Denak gara langileak. Gure artean babestu eta zaindu beharrean, gure artean erasotzen bagara ez goaz ongi. Langileen arteko elkartasuna berebiziko garrantzia du garai hauetan bereziki, baita parrandan ere.

Lan heriotzen odolusteak eramandako azken langilea gogoan izan dugu, bizia galdu zuen eraikuntza obren aurrean

Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkari EƱaut Aramendik lore sorta utzi du Baionan, beste sindikatu batzuetako kideekin batera, aurten hildako azken langilearen omenez. Hain zuzen ere, eraikuntzako langile bat zendu zen Lapurdiko hiriburuan, joan den martxoaren 9an, garabi bat erori eta gero. Garabi horretako gidaria zen hildakoa.

Lan istripu hilgarria izan zen leku berean egin dugu lore eskaintza, Santizpiritu auzoko obra batean, Alsace Lorraine etorbidean, Baionan greba interprofesionala dela-eta deitutako manifestazioa bertatik igaro denean.

Odolusteak ez du etenik. 11 dira, gutxienez, 2022an lanean hildako langileak Euskal Herrian.

Lan eskubideen alde mobilizatu gara Baionan, Frantziako Estatuaren etengabeko erasoen aurrean

Baionako kaleak hartu ditugu berriro, Ipar Euskal Herrian deitutako greba interprofesionalaren harira, Frantziako Estatua langileak etengabe erasotzen ari dela salatzeko: hitzarmen kolektiboen suntsiketak, lan-baldintzen okertzea, bajan diren langileen ez ordezkatzea, erretretara joaten direnengatik ere ez, kudeaketa tratu-txar egile sistemikoa, beherantz botatako soldatak, lanen lerratze antolatua…

Asko dira mobilizatzeko arrazoiak. Horren aurrean, langileek antolatu eta elkarrekin borrokatu behar dugu, hemen, Euskal Herrian, erabaki behar dugula aldarrikatzeko. Utz diezaiogun akziodunen poltsikoen betetzeari, eta aberastasunak partekatu ditzagun, guztiontzako bizi-baldintza duinak eta iraunkorrak ziurtatzeko.

Hauek dira kalera eraman ditugun aldarriak:

-Zerbitzu publiko guztiak berehala indartzea; bereziki, zaintza eta jendartearekin lotutakoak.

-Txertatu gabeko langileak berriz integratzea.

-Lansarien eta indizeko puntuaren emendaketa.

-Soldata arrakalaren amaiera eta inposatutako kontratu partzialenak.

-Lan denboraren murrizketa eta lanaren banaketa 30 orduko asteari esker. 

-Langabezia erreforma kentzea.

-Tokiko negoziaketa gune bat sortzea.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek greba egingo dute apirilaren 7, 8 eta 9an

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta bertan iragarri ditugu grebak, hitzarmen berri baten defentsan eta homologazioaren alde.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Negoziazio-mahaiak 40 bilera egin ditu, eta dagoeneko enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi digute. Homologazioa galtzeko arrisku larrian gaude. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi genuen, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langilentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.

Baina, enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan eta malgutasunik gabe azaldu dira. Mahaia blokeatuta dago eta badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun egin dizkiegun bilera-eskaera desberdinei.

2020tik ari gara mobilizatzen, EAEko Ospitale eta Anbulatorio desberdinetan. Pauso berri bat emateko unea heldu da. Atera gaitezen grebetara hitzarmen berri bat eskatzeko, atera gaitezen mobilizazioetara argi eta garbi esatera homologazioa ez dela ukitzen!

Honengatik guztiagatik, eta egoerak pausu berri bat ematea exijitzen duelako, greba deialdia egiten dugu datozen apirilaren 7, 8 eta 9rako.

Eserialdia egin dugu Bizkaiko Aldundiaren aurrean, adinekoen egoitzetako gatazkan foru erakundearen inplikazioa eskatzeko

LABek eserialdia egin du Bizkaiko Aldundiaren aurrean, herrialdeko adinekoen egoitzen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen blokeoaren aurrean foru erakundearen inplikazioa eskatzeko, gaurko greba egunean egindako mobilizazioen baitan.

Aurreko greba-deialdietan zuzenean interpelatu du LABek Aldundia, pertsona nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioan aktiboki parte hartu behar dutela eskatuz. Azken egunotan, bilera bat eskatu dio sindikatuak Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari eta Bizkaiko Batzar Nagusietan parte hartzeko eskaria ere egin dio. Eskari hauei entzungor egin dienez, eserialdia egin du LABek.

LAB sindikatuak ezinbesteko ikusten du nagusien egoitzetako gatazka konpontzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa. Borrokan dauden langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzea eta egungo ratioa lehenbailehen berrikustea eskatzen du LABek. Negoziazioa desblokeatzeko, eta gure lan-baldintzen hobekuntza negoziatu ahal izateko, Aldundiak negoziatzera eseri behar du.

Ekiparazioa aldarrikatu dute Transfuzioen Euskal Zentroko langileek

Sindikatuok manifestazioa egin dugu Galdakao-Usansoloko ospitalean, Transfuzioen Euskal Zentroko langileek pairatzen duten diskriminazioarekin amaitu eta Osakidetzako gainontzeko langileekiko soldata ekiparazioa eskatzeko.

IƱaki eta Rosa Mariren etxegabetzea salatu eta babesa adierazi nahi diegu Azora funts putreak Donostian kaltetutako bizilagun guztiei

Gaur Donostiako Ategorrieta 43ko eraikinean bizi diren bi bizilagunen etxegabetzea burutu dela eta beste behin ere babes polizial osoarekin eta bertaratutakoen aurkako biolentziaz aurrera eramana izan dela salatu nahi du LABek.

Bizilagunek hasieratik salatu dute Azora funts putrearen ofentsiba eta haien egoera, Donostian jasaten dugun etxebizitza problematikaren aurpegirik gordinena ezagutaraziz. Bizilagunek auzoan bizi eta zahartzeko eskubidearen alde abiatu duten borrokarekin bat egiten dugu eta LABen elkartasun oso adierazi nahi diegu etxegabetutako IƱaki eta Maria Rosari. Gainera, lehenbailehen etxebizitza alternatiba bat emateko exijitzen diogu udalari.

Azora funts putreak Immboliaria Vascongadaren pisuak erosiz Donostian lur hartu zuenetik hamarnaka bizilagunek etxebizitzaren espekulazioaren ondorioak pairatu behar izan dituzte, besteak beste % 33ko alokairu igoerak eta hilabeteko kontratu luzapenak, etxegabetzeko mehatxuak tarteko. Bestalde, duela 6 urte udal gobernuak etxegabetzerik gabeko hiri izendatu zuen Donostia eta orduz geroztik etxegabetze egoerak kudeatzeko mediazio marko baten baitan, EAJk arazoa errotik hartu beharrean, hirian halako gertakari antisozialek dakarten irudi desegokirik ez ematea lortu nahi izan du.

Gaurkoan, funts putreen botere eta interesen aurrean Eneko Goiaren itxurakera agerian geratu da. Beraz, lehenbailehen exijitzen dugu gobernuek etxebizitza eskubide subjektiboa gauzatzeko betebeharra berma dezaten.

Etxebizitzaren merkantilizazioa eta espekulazioa langileon bizi baldintzen prekarizazioan auzi zentrala da. Horregatik azken asteetan ABIATUren bidez martxan jarri dugun kanpainan eta etxebizitzaren auziaren lanketan esan bezala, beharrezkoa ikusten dugu etxebizitzen prezioak arautzea eta alokairu soziala lehenetsiz, parke publikoa handitzea, funts putre eta jabego handiak desjabetzea eta euren inpunitatearekin amaitzea eta etxegabetze GUZTIAK gelditzea.

Etxebizitza ez da negozioa, eskubidea da. Etxegabetze guztiak gelditzea eskatzen dugu.