2026-06-18
Blog Page 35

FVEMek lan eskubideetan murrizketak eta atzerapenak jarri ditu mahai gainean Bizkaiko metalaren negoziazioan

Gaur Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren hirugarren bilera egin da, eta FVEM patronalak aurrez ohartarazi duguna baieztatu du: ez du sektoreko langileen lan-baldintzetan hobekuntzak negoziatzeko benetako borondaterik, eta dagoeneko finkatuta dauden eskubideetan atzera egiteari buruzko eztabaida ireki nahi du.

Patronalak sindikatuek aurkeztutako plataformei erantzun behar zien. Hala ere, ez du horien balorazio zehatzik egin, eta soilik adierazi du planteatutako soldata-igoerak enpresek beren gain har dezaketenaren “oso gainetik” daudela. Era berean, lanaldi-murrizketa oro baztertu du, eta kontziliazioa, lizentziak, telelana, berdintasuna edo lan-osasuna bezalako gaiak egungo hitzarmenera eta indarrean dagoen legeriara bideratu ditu, nahikotzat jotzen baititu.

Sindikatuen aldarrikapenei atea itxi ondoren, FVEMek hamar puntuko proposamena aurkeztu du, eta horietatik zazpik egungo hitzarmena nabarmen okertzen dute. Patronalak atzerapenak planteatzen ditu gai sentikorretan, hala nola gutxieneko bermean, malgutasunean (malgutasuneko orduak 100etik 200era igoz), lan-istripuagatiko eta lanbide-gaixotasunagatiko aldi baterako ezintasunaren osagarriaren denbora-mugan, kontratu-eteteen eta lizentzien aurreabisuetan, produkzio-arrazoiengatik behin-behineko kontratuaren gehieneko iraupena urtebetera luzatzean, praktikaldiko kontratuetan eta eskubide sindikaletan.

LABek uste du patronalaren jarrera ez dela koherentea eta kontraesankorra dela. Eskubideetan hobekuntzak errefusatzeko egungo legedia nahikoa dela babesten duen bitartean, atzerapenak eta eskubide-galerak justifikatzeko araudia nahasia edo eskasa dela dio.

LAB ez da mahai honetan murrizketak negoziatzera eseri. Bizkaiko metalgintzako langileen aldarrikapenak eta beharrak defendatzera eseri gara. Ildo horretan, gogorarazi dugu lau sindikatuetako plataformek elementu komunak jasotzen dituztela, eta patronalak benetako negoziatzeko borondatea badu, puntu partekatu horiek izan beharko liratekeela negoziazioan aurrera egiteko abiapuntua.

LABek irmotasunez eta erantzukizunez defendatuko du bere plataforma. Sektoreak ez du murrizketarik behar; hobekuntzak behar ditu soldatetan, lanaldian eta lan-eskubideetan. Eta patronalak atzerapausoak planteatzeko jarrera hori mantentzen badu, sektoreko langileak izango dira negoziazio honen norabidea markatuko dutenak. 

Enpresek 461 milioi euroko mozkinak ateratzen dituzte 1.500 euroz azpiko soldatekin

Bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata du Hego Euskal Herrian, eta azken 15 urteetan 3 puntu jaitsi da soldatek Barne Produktu Gordinean duten pisua. Horregatik, martxoaren 17an euskal langileek “argi hitz egingo dute”, Garbiñe Aranbururen arabera.

Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propiorik ez izateak langileentzat dituen ondorioak aztertu ditu Ipar Hegoa fundazioak, EHUko Ekonomia eta Kudeaketa saileko irakasleekin lankidetzan, eta argigarriak dira emaitzak: bost langiletik batek 1.500 euroz azpiko soldata dauka. Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean eta etxeko langileen erregimenean diharduten langileak izan dira azterketarako lagina.

Jagoba Zulueta Ipar Hegoa fundazioko arduradunak xehetu ditu azterketaren emaitzak. LGS Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propio bat ezartzeari uko egiteak Hego Euskal Herriko milaka eta milaka langile zuzenean kaltetzen dituela azaldu du, eta langileria osoa zeharka. Izan ere, soldaten zorua 1.500 eurotan kokatuta egon beharrean 1.184 eurotan egoteak (%21,07 beherago) langile guztiei eragiten die, soldata egitura osoa desitxuratu eta debaluatu egiten delako. 

Azterketak erakusten du Hego Euskal Herrian BPG Barne Produktu Gordinarekiko pisua galdu dutela soldatek. Izan ere, Zuluetak azaldu du Espainiako Estatuan LGSa igo egin dela azken urteetan, baina, hala ere, horrek ez duela inpakturik Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoan. Zehazki, azken 15 urteetan soldaten pisuak 3 puntu egin du behera Hego Euskal Herriko BPGean. Aldiz, goranzko joera antzematen da Europako Batasunean estatu egiturak dituzten nazioetan. Estatu egiturarik ez izateak edo gutxieneko soldata propiorik ez izateak, hortaz, soldaten pisua galtzea dakarrela ondorioztatu du azterketak. 

1.500 euroren azpitik lan egiten duten langileen artean, hirutik bi (%66,91) emakumeak* direla zehaztu du Zuluetak, eta emakume* enplegatu guztiena artean herena baino gehiago direla gutxieneko horren azpitik daudenak. Halaber, langile migranteek nozitzen dituzten baldintza kaskarren erakusle ere bada argazkia: 1.500 euroren azpitik jasotzen duten 239.535 langile horietatik 118.999 Hego Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira; alegia, bitik bat. Gazteei ere egin die aipamena. 30 urtez azpikoen kasuan, aztertutako laginaren laurden bat (%25,84) dago 1.500 euroko soldataren azpitik: 61.896 pertsona. 

1.500 euroren azpitik lan egiten dutenek jasotzen duten solataren eta LGS propio batekin jasoko luketenaren arteko tartea ere aztertu dute. Argia izan da Zulueta: “Dirua ez da arazo bat. Enpresen mozkinak gorantz doaz; gorantz doaz, langileen soldatak igo direna baino askoz gorago”. Izan ere, 2024ko abenduko soldatak erreferentziatzat hartuta, ikusi dute 461 milioi eurokoa litzatekeela zenbateko hori; alegia, urteko soldatetan langile horiek 1.500 euroko soldata ez izateagatik irabazten ez dutena hori dela. Ondorioa argia da, Zuluetak gogoratu duenez: 461 milioi euro gehitu dituzte enplegatzaileek, enpresari pribatuek eta administrazio publikoak, euren mozkinetara. Edo, bestela esanda: 461 milioi euroko plusbalia erantsia atera diete langile zaurgarrienei Hego Euskal Herrian. 

Horrenbestez, 1.500 eurotik beherako soldatak ez daude Hego Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren, bizi mailaren eta prezioen arabera doituta, eta langileak erosahalmena galtzen ari dira. 

Zentralizazioarekin, prekarizazioa

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak azken urteetako lan harremanei erreparatu die, eta azaldu du Espainiako Estatuko erregulazioak “lan harremanak zentralizatzeko grina” duela, “batez ere, azken lan erreformen ondorioz”. Horrek “beheranzko uniformizazioa eta soldaten eta lan baldintzen prekarizazioa” dakartza berekin, haren esanetan. 

Horregatik, LGS propio bat ezartzeko gaitasuna izatea “estrategikoa” dela gogorarazi du, bertako errrealitate sozioekonomiko eta sindikalaren araberako soldatak izateko, eta baita “aberastasunaren banaketa ekitatiboagoa izan dadin eta langileen prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko” ere. Hori dela eta, gutxieneko soldata propioa lortzeko euskal gehiengo sindikalak hainbat iniziatiba martxan jarri dituela oroitu du, “guztiak bideragarriak eta osagarriak”. Ordea, orain arte aukera guztiak itxi zaizkiela eta, martxoaren 17an greba orokorrera deitu du gehiengo sindikalak, azaldu duenez. 

Edozein kasutan, itxitako ateak irekitzako aukerak egon badaudela nabarmendu du Aranburuk. Batetik, EAEn eta Nafarroan, lan harremanetarako gutxieneko soldata bat ezartzeko Gai Zehatzeko Akordio Marko bat negoziatu daiteke patronalarekin EAEn eta Nafarroan. “Hori da Confebasken aurka sartu genuen demandaren sententziatik ondorioztatzen duguna” adierazi du LABeko ordezkariak. “Patronal esplotatzaile eta harroputza dugu aurrean, lehenago edo beranduago negoziazio mahai batean esertzera behartuko duguna”, gaineratu du.

Bigarrenik, aipatu du LGS propioa ezartzeko eskuduntzak eskuratzeko, legebiltzarretan lege proposamenak egin daitezke. Aranburuk nabarmendu du EAJ eta PSE-PSNk eztabaida ukatu nahi dutela, “jarrera antidemokratikoa erakutsi dute”, zehaztu du, baina gaineratu du beste talde batzuek lege proposamenak eraman ditzaketela parlamentuetara. “Nafarroan dagoeneko EH Bildu eta Geroa Baik erregistratu dute eta EAEn era aukera hori mahai gainean dago”, gogoratu du.

Hirugarrenik, Langile Estatutua aldatu daiteke. Katalunia eta Galizako sindikatuekin Madrilera egindako bidaia izan du hizpide. Honela, PSOE, Sumar, Podemos eta nazio bakoitzeko alderdiekin egindako bilerak aipatu ditu eta adierazi du Langileen Estatutuaren 27.en artikulua moldatu eta LGS propio baten aukerari babes legala emateko proposamen oso zehatza eraman dutela sindikatuek bertara. “Talde politiko batek baino gehiagok iniziatiba hartu eta eztabaida Espainiako Diputatuen Kongresura eramateko aukerak irekiak daude”, nabarmendu du.

Aukera badagoelako, “euskal langileek argi hitz egiteak” duen garrantzia azpimarratu du, gogorarazita martxoaren 17an horretarako aukera izango dutela: “grebara atera, mobilizazioak indartu eta gutxieneko soldata propio bat nahi dutela adierazteko, soldata guztiak hobetu nahi ditugula argi uzteko”. 

Azkenik, gutxieneko soldata sexuaren araberako lan banaketak sortzen dituen arrakala matxistei aurre egiteko neurria ere badela adierazi du koordinatzaile orokorrak, eta, horregatik, otsailaren 22aren (Soldata Arrakalaren kontrako Nazioarteko Egunearen) testuinguruan, LABek gutxieneko soldata propioaren beharra kalera aterako duela aurreratu du. Bi mobilizazio egingo ditu otsailaren 20an sindikatuak, Bilbon eta Iruñean.

LABek Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera salatzeaz gain, antolatzeko eta mobilizatzeko beharra azpimarratu, eta elkarlanean aritzeko deia luzatzen du

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileon egoeraz eta oro har sektore osoaren errealitatearen inguruan, honakoa adierazi nahi du LAB sindikatuak:

Herrialdeko hitzarmenaren negoziazio erreala aldarrikatzen dugu. Sektoreak behar dituen lan baldintzak arautuko dituena eta dituen arazoei irtenbidea emango diena.

LAB, beste sindikatuekin elkarlanean, Matia fundazioan, Zorroaga Fundazioan, Sanitas Miramonen eta beste hainbat lan zentrutan asanbladak, elkarretaratzeak eta mobilizazioak egiten ari gara. Izan ere, herrialdeko hitzarmenaren blokeoak eragina izaten ari da Gipuzkoan zehar dauden helduen egoitza ezberdinetan: ratioekin zerikusi zuzena duten lan kargen egoera kaskarra, aldi baterako ezintasunekin (IT, bajak) loturiko murrizketak, absentismoaren mamua baliatuz eskubideak murrizteko saiakerak, KPIa bermatzen ez duten soldata igoerak, eta beste hainbat arazo larri.

LABen iritziz, ZAINTZA LANAK PUBLIFIKATZEA da alternatiba bakarra, garbi dugulako zaintza lanak ezinbestekoak izateaz gain, negozio izateari utzi behar diotela, pribatizazioa gaindituz, eta zerbitzu publikoek behar dutela izan hauek bere osotasunean kudeatzeko ardura.

LAB sindikatutik Gipuzkoako helduen egoitzetako egoeraren aurrean, elkarlanerako deia luzatzen diegu gainontzeko sindikatuei nahiz eragin zuzena pairatzen duten egoiliarren senideei ere, ezinbestekoa baita gauden ataka honetatik atera eta langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko pausoak emanez jarraitzea eta egoiliarren arretaren kalitatea bermatzeko baldintzak eskaintzea.

Honenbestez eta beste behin ere: Diputazioari eta patronalei deia luzatzen diogu, beraien ardura hartu dezaten, hitzarmenaren benetako negoziazioari ekitea, behingoz ratioak aldatzea eta Helduen egoitzak publifikatzeko prozesua bere gain hartzea.

Borrokan jarraituko dugu, borrokan topatuko gara! 

LAB sindikatuak eta Martxoak 3 Elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute dokumentazio funtsen lagapen eta dohaintzarako, haien azterketa eta zabalkundea sustatu asmoz

LAB sindikatuak, ZABALTZEN Dokumentazio Zentroaren bidez, eta Martxoak 3 Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dugu; hitzarmen horren bidez, bakoitzak dituen dokumentuazio-funtsak elkarri eskuragarri jarriko dizkiogu, funtsen kontserbazioarekin bateragarriak diren dohaintzei ateak irekiz.

Lankidetza honen helburua da bi erakundeek egiten duten zabalkunde- eta ikerketa-lana erraztea, ahalik eta informaziorik osatuena eta fidagarriena eskaintzeko, ikuspegi zabala emanez, eskuragarria ditugun baliabideetan oinarritua.

Bi erakundeek argi dugu langile-klase gisa eta modu kolektiboan egiten den memoria lanak duen balio politikoa. Izan ere, memoria gordetzea, lantzea, transmititzea eta zabaltzea ez da soilik kontserbazio ariketa bat; ezinbestekoa dugu aurrera egiteko, gure identitatea indartzeko eta komunitate zein klase-kidetasuna eraikitzeko. Eskuin muturraren gorakada, balio demokratikoen inboluzio eta faxismoaren zuriketaren testuinguruan, premiazkoa dugu ideologikoki berrarmatzea eta belaunaldi berriei memoria lantzeko tresnak eskaintzea.

Azkenik, Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urteurrenaren atarian, oroitzapenaren eta aitorpenaren aldeko konpromisoan berresten gara, eta justizia eskatzen dugu gertakari horien biktimentzat.

LABek Santurtziko Udaleko langileen kudeaketan eredu opakoa eta klientelarra dagoela salatu du

Santurtziko Udaleko LAB sindikatuak EAJko gobernu taldea langileen kudeaketari buruz ezagutzen diren azken gertakarien inguruan eskaintzen ari den ikuskizuna gaitzetsi nahi du. Azken asteetan gertatutakoa ez da gertakari isolatu bat: urteak salatzen daramatzagun kudeatzeko modu baten izebergaren punta da.

EAJren hainbat agintalditan, langileak kudeatzeko eredu bat finkatu da, gardentasun faltan, laguntasunean, bulegoetako promesetan, betoetan eta mesedeetan oinarritua. Arduradun politiko desberdinek hertsiki teknikoak izan beharko luketen gaietan esku hartu dute, hariak mugituz eta irizpide objektibo eta legalen arabera zuzendu behar diren prozesuak baldintzatuz.

Gainera, jarduteko modu horrek arrasto gutxi uzten du askotan, eta zaila da justiziaren aurrean fiskalizatzea edo frogatzea. Eta horretaz baliatu dira urteetan zehar.

Lanbideren bidez langileak sistematikoki aukeratzeak, agentzia laguntzaile bati emanez gainera, (Gehilan, Muskizko ETT bat), denbora luzez prozedura opaku bihurtu zuen kontratazioa. Horrez gain, oinarriak prestatzerakoan irizpide homogeneorik ez izateak, lanpostu jakin batzuk betetzeko sistemaren aukeraketa interesatua egiteak, lan-poltsen kudeaketan gardentasunik ez izateak, sindikatuen ordezkariei jakinarazten ez zaizkien osagarri pertsonalak egoteak, etab, dena zikindu du.

Horrek guztiak, plantilla saritzeko eta zigortzeko eta bezero sareari eusteko pentsatutako sistema bat eratu du.

Bereziki larritzat jotzen ditugu berriki ezagututako gertakariak: oposiziogile bati azterketa bat ustez filtratu izana, zinegotzi bat proba selektibo batera sartu izana eta bere alderdiak antzeko pertsona jakin batzuei mesede egiteko egindako presioei buruzko adierazpenak. Noiztik ari da hau gertatzen?

LABetik gobernu taldeari eta EAJri exijitzen diegu azalpen publikoak eman ditzatela eta erantzukizunak har ditzatela. Ezinbestekoa da langileen kudeaketan 180 graduko aldaketa egitea, sarbidean eta barne sustapenean berdintasun, publizitate, merezimendu eta gaitasun printzipioak bermatuz, ordezkaritza sindikalari bere lana egiteko aukera emanez eta giza baliabideen kudeaketa erabat gardena eta objektiboa ziurtatuz.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu udal langileok ez garela egoera horren erantzule, baizik eta zuzenean eragiten digun jarduteko modu baten biktima. Hala eta guztiz ere, Santurtziko herritarrei zerbitzu publikorik onena emateko konpromisoa hartzen jarraituko dugu. 

Papresako Enpresa Batzordeak lanuzteak deitu ditu salmenta aukeraren eta 110 langileri eragingo liekeen EEEaren aurrean

LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen duten Papresako Enpresa Batzordeak iritzi publikoari helarazi nahi dio bere kezka sakona joan den urtarrilaren 17an prentsan agertutako informazioen aurrean, zeinetan adierazten baitzen enpresako zuzendaritza aztertzen ari zela Papresaren salmenta, makina produktibo baten gelditzea eta 110 langileri eragingo liekeen Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) baten aplikazioa.

Enpresa Batzordeak salatu nahi du Papresako egungo Zuzendari Nagusiarekin izandako bilera batean izan zuela asmo horien berri, eta ez zuela inolako daturik eman. Onartezina iruditzen zaigu Papresaren enpleguari eta etorkizun industrialari zuzenean eragiten dioten erabaki garrantzitsuak prentsari jakinaraztea, langileen legezko ordezkariekin elkarrizketak hasi aurretik.

Egoeraren larritasuna ikusita, Enpresa Batzordeak uste du ezinbestekoa dela mobilizazio dinamika bati ekitea, lanpostuen defentsan, lantegiaren etorkizunaren defentsan eta langileriarentzako edozein neurri traumatiko kentzea exijitzeko.

Helburu horrekin, joan den otsailaren 11n langileen batzar bat egin zen, eta enpresa batzordeak lanuzte partzialak egitea proposatu zuen. Langileek aho batez babestu dute proposamena.

Lanuzteak otsailaren 17, 20, 24 eta 27an egingo dituzte, 12:00etatik 16:00etara.

Enpresa Batzordeak zuzendaritzari eta CL Grupori dei egiten die erantzukizunez joka dezaten, egiazko informazioa eman dezaten eta elkarrizketa prozesu erreal bat ireki dezaten, Papresaren enplegua eta bideragarritasuna bermatzeko.

Era berean, langile guztiak animatzen ditugu adostutako mobilizazioetan aktiboki parte hartzera.

Papresaren enpleguaren eta etorkizunaren defentsan.

Papresako enpresa batzordea
LAB – ESK – ELA – CCOO

Erakundeek ez dute konpromisorik hartu Tubos Reunidoseko enplegu-suntsiketaren aurrean

LAB, Trapagarango eta Amurrioko lantegietako langileen ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Enplegu Sailekin, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiekin, bai eta Trapagako eta Amurrioko alkateekin ere bildu da gaur, kaleratze kolektiboko prozesuan Tubos Reunidosen egoerari aurre egiteko. Bileraren ondoren, sindikatuak kezka adierazi nahi du, erakundeek ez dutelako konpromiso argirik Tubos Reunidoseko zuzendaritzak planteatzen duen enplegu-suntsiketaren aurrean.

Prozesu hau ez da enpresak planteatutako 301 kaleratzeetara mugatzen. Erabaki horrek askoz ere eragin handiagoa izango du, azpikontratetako plantillei ere eragingo die eta enplegua gehiago suntsituko da Aiaraldea eta Ezkerraldea eskualdeetan. Gainera, kostuak murrizteko zuzendaritzak planteatutako estrategiak langileak kaleratzea eta lanak kanpora ateratzea eskatzen du, eta horrek lan-baldintzen prekarizazio argia ekarriko du.

Bileran, oso galdera zehatzak helarazi dizkiegu erakundeei, enpresarekiko duten papera eta eskakizun-mailari buruz. Industriako sailburuordeari behin eta berriz galdetu zaio ea enpresaren bideragarritasuna EEEtik pasatzen ote den, eta horren erantzuna izan da zorra berregituratzea. Era berean, altzairutegirik gabe proiektu industriala bideragarria izan daitekeela uste duen ere interpelatu egin zaio, eta horri ere ez zaio erantzunik eman. Enplegu Sailak enplegu-suntsiketaren kontra agertu da, eta enplegu-erregulazioko espedienteari alternatibak bilatzen saiatuko direla adierazi dute.

Halaber, azalpenak eskatu ditugu Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin harremanetan noiztik dauden azaltzeko, zer bideragarritasun-plan helarazi zaien eta balizko inbertitzaileekin harremanik badagoen argitzeko. Hala ere, ez dugu erantzun argirik jaso, ezta konpromiso zehatzik ere, enpleguaren eta lan-baldintzen defentsari dagokionez. Gaurko bilerak gardentasun falta kezkagarria erakutsi du berriro ere, bai enpresaren aldetik prozesu honetan guztian, bai Eusko Jaurlaritzaren beraren aldetik, eta horrek ere ez du argitu zeintzuk diren bere benetako eskakizunak eta mugak egoera honen aurrean.

LABen ustez, bereziki larria da Aiaraldea berrindustrializatzeko mahai bat egotea, erakundeak Tubos Reunidoseko zuzendaritzarekin batera esertzeko, eta, aldi berean, ez egotea inolako eskakizun publikorik, ezta egungo enpleguari eusteko konpromiso irmorik ere. Ezin da eskualdeko etorkizun industrialaz hitz egin, egungo enplegua suntsitzea baimentzen den bitartean.

Beldur gara Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren zeregina berriro ez ote den Glavista, Guardian edo Maderas Llodio bezalako beste industria-gatazka batzuetan ikusi dugun bera izango: beste alde batera begiratzea, langileen erantzukizuna eskatzea itxierak eta kaleratzeak onar ditzaten, eta praktikan enpresa-zuzendaritzen aldean kokatzea, horiek baitira egungo egoeraren erantzule nagusiak.

Erakundeek laguntzaz, konpromisoaz eta etorkizunaz hitz egiten dute, baina behar dena ekintzak dira. Elkartasun gutxiago argazki eta adierazpen publiko moduan, eta benetako inplikazioa enpleguarekin, lan-baldintzekin eta Aiaraldea eta Ezkerraldearen etorkizunarekin. 

Euskal Herrian, 2026eko otsailaren 13a 

Diru publikoa eta erakundeen laguntza baldin badaude, baldintza argiak egon behar dira enplegua babesteko eta suntsitzea saihesteko. Ezin da enpresa babestu berme sozialik eskatu gabe, zuzendaritza bere benetako asmoei eta bere planen benetako irismenari buruz argia eta gardena izaten ari ez den bitartean. 

LABek berretsi egiten du lanpostu guztiak, lan-baldintzak eta gure eskualdeen etorkizuna defendatzeko konpromiso irmoa. Ez dugu onartuko, beste behin ere, krisitik ateratzeko industria-ehuna ahultzea, prekarizatzea eta kaleratzeak egotea, erakundeek prozesua modu irmoan eskua hartu beharrean, berau jarraitu besterik egiten ez duten bitartean.

[IRITZIA]: Adin txikikoen zentroaren utopia Eusko Jaurlaritzaren aurrean

M. Luisa Fernández, LABeko delegatua Ibaiondoko adin txikikoen zentroko batzordean.

Dagoeneko badira urte batzuk Ibaiondoko enpresa batzordea, Eusko Jaurlaritzako lan talde ezberdinekin, bertako langileen lan baldintzak negoziatzeko ahaleginetan dabilela. Denbora honetan guztian, legegintzaldi ezberdinak izan dira eta arduradun politiko ezberdinak ezagutu ditugu, baina beti ohikoa ez den zerbait mantendu dugu: enpresa batzorde elkartu bat. Batzuetan utopiak horrela lortzen baitira, elkarrekin.

Ibaiondo, epaileek adin txikiko gazteei ezarritako neurriak betetzeko zentro bat da. Jokabide oso disruptiboak dituzten gazteekin egiten dugu lan, 365 egunetan, eguneko 24 orduz. Estres eta antsietate maila altupean eginiko lana da, eta helburu argia duena: gazte hauek herritar aktibo bezala gizarteratzea, eta berrerori gabe. Lana konplexua eta exijentea da, baina hala eta guztiz ere arrakasta maila oso altua da.

Zentroa ireki zela 20 urte pasa dira, eta urte hauetan guztietan langileon lan baldintzak progresiboki hobetzen saiatu gara. Mundua aldatu da, lan kargak handitu, ordutegiak gogortu egin dira eta famili kontziliaziorako beharrak ere gero eta handiagoak dira, seme-alabak izan ditugu, gurasoak zahartu zaizkigu, lana egiten dugun gazteen profilak aldatu dira,… Ondorioz, ditugun lan baldintzak ez dira inondik inora erritmo hau eta exijentzia emozional hau eusteko egokiak.

Lan baldintzen benetako egokitzapena eta hobekuntza da eskatzen ari garena: konpentsazio egokiak, kontziliaziorako neurriak, lan egutegi aproposa, eta langileon zahartzearen aitortza talde errealitate moduan. 2019. Urtean, urte batzu lehenago sinatua genuen ordutegi bereziko akordioan hobekuntza minimo batzuk lortu ziren. 

Gaur egungo Eusko Jaurlaritzaren lan taldea ordea izukaitz mantendu da, eta denbora asko pasa ondoren enpresa batzordeari lan baldintzak hobetu beharrean okertu egiten dituen dokumentu berri bat aurkeztu dio. Zentroaren errealitateari, ibilbideari eta etorkizunari muzin egiten dion dokumentua. Kostuen merketzea soilik bilatzen dute, nahiz eta ondorioa agian alderantzizkoa izan daitekeen.

Dirudienez hau da Eusko Jaurlaritzaren politika: eskatu, negoziatzen hasi, aurreratzen ari garenaren itxurak egin eta bapatean atzera pausu itzela. Horrela, lan baldintzen, hitzarmen eta eskubideen hobetzea denboran zehar luzatuz. Sistemaren idiosinkrasiaren parte da: ez eman, mozketak egin eta gero hitz egingo dugu.

Gero bajez eta lan absentismoaz hitz egiten dute, arrazoiak aztertzeko inongo asmorik izan gabe. Eusko Jaurlaritzak bere langileen ongizatea zainduko balu, eta bere zaintzan erreferente balitz (kolektibo feminizatua izanik are eta gehiago), agian aurrerapen garrantzitsuak lortuko lirateke, hala nola, motibazio altuagoa, lan giro hobea, profesionalen jarraipena zerbitzuan urteetako esperientzia eta jakinbidea transmititu ahal izateko,… Hau guztiak lan on batekin noraino iritsi gaitezkeen erakusten utziko luke, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrerak bideratu nahi gaituen aurkako bidea ekidin ahal izango litzateke.

Hala eta guztiz ere, utopiak jarraitzen du. Bideak hor jarraitzen du, eta nahiz eta batzuetan pareta handi batekin topo egin aurrera pausuak ematen jarraituko dugu, bidea berriro hasiz. Kasu egin arte. Entzun gaitzaten lortu arte.

Eduardo Galeanok zioen moduan: “Garena aldatzeko egiten duguna gara”. 

HEGOAK plataformatik Kubaren kontrako blokeo kriminala salatzen dugu

Berriro ere, inperialismoak Kubari begira jarri du bere etsaitasun iraunkorra. Oraingoan, uhartearen petrolio-hornidura guztiz blokeatuz.

Ez dira kasu isolatuak edo une bateko gertakariak: Kubako subiranotasunaren aurkako mehatxuak politika historiko baten jarraipena dira; politika hori ekonomia itotzeko, diplomazia erasokorra egiteko, komunikabideetan kanpaina gatazkatsuak sustatzeko eta egonkortasun politikoa hausteko diseinatuta dago, herri bat zigortzeko helburuarekin, bide propio bat aukeratu duelako.

Blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioa —ilegala eta urtero nazioarteko komunitatearen gehiengo handiaren aldetik gaitzetsia— eraso horren tresna nagusia izaten jarraitzen du. Bere eragina kontzienteki eragindakoa da: elikagai, sendagai, energia, finantzaketa eta garapen teknologikorako sarbidea mugatzea, zuzenean Kubako herriaren eguneroko bizitzan eraginez. Ez dira “zigorrak”; gerra ekonomiko baten forma da, Kubako herriari oinarrizko hornidura guztietarako sarbidea erasotzen diona.

Hori guztia gezurren eta desinformazio-kanpainekin, nazioarteko isolamendu-saiakerekin, hirugarren herrialdeen gaineko presioekin eta giza eskubideen diskurtsoa xantaia-tresna gisa erabiliz osatzen da. Gaur Kubaren epaile gisa aurkezten direnak, kasu askotan, gerrak, baliabideen lapurreta, estatu-kolpeak eta Hegoalde Globaleko oinarrizko giza eskubideen urraketa sistematikoak sustatu edo babestu dituztenak dira.

Mehatxu inperialista hauek salatzen ditugu, ez bakarrik Kubaren aurka doazelako, baita Kubako herriaren subiranotasunaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen aurkakoak direlako ere. Kubaren defentsa egitea edozein nazioren eskubidea defendatzea da: bere etorkizuna kanpoko esku-hartzerik gabe, presio ekonomikorik gabe eta aginte kolonialik gabe erabakitzeko eskubidea.

Nazioarteko ikuspegitik, gure elkartasun aktiboa adierazten dugu Kubako herriarekin, haren erresistentziarekin eta duintasunarekin. Blokeoa berehala kentzea, eraso-politikak amaitzea eta Kubaren subiranotasun osoa errespetatzea eskatzen dugu. Eta nazioarteko komunitateari dei egiten diogu halako inposaketarik ez onartzeko; izan ere, horrek Kubarekin merkataritza egin nahi duten estatu subirano guztiei ere eragiten die.

Inperialismoaren eta haren mehatxuen aurrean, mezu argi bat berretsi nahi dugu: Kuba ez dago bakarrik. Herriaren aurkako zigor kolektiboa amaitu beharra dago.