Astelehenean hildako langilea gogoan izan dugu Eibarko Azitain industriaguneko biribilgunean, euskal gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzearen bitartez. Handik metro gutxira gertatu zen azken lan istripu hilgarria, langile batek altueratik erori ondoren pairatutako zauri larrien ondorioz.
LAB, ELA eta ESK sindikatuok, negoziazio mahaiaren gehiengoaren ordezkari, Bizkaiko Garbikuntzan deitutako sei greba egunetatik lehena egin dugu. Hilabeteak doaz negoziazioa hasi zenetik, eta, orduz geroztik, patronalak apurrak besterik ez dizkigu eskaini negoziazio mahaian. Egoerak hala eskatzen duelako irten gara kalera, goizean goizetik.
Greba historikoa izan da, ia 30 urte pasa baitira gehiengo sindikal batek Bizkaiko garbiketa-sektorean grebarik deitu ez duela.
Bizkaiko langileen soldatak ez dira 16.000 eurotara iristen, eta, gainera, Bizkaiko garbikuntzaren hitzarmen pean lan egiten duten langile gehienak lanaldi partzialeko langileak dira. Euren aldarrikapen nagusiak soldata arrakalarekin amaitzea eta 1.200Ă—15 euroko soldata jasotzea dira.
Mahaia mugitzen ez dela eta patronalak kea besterik ez duela eskaintzen ikusita, grebara joatea erabaki dute.
Auzitegi Gorenak AERNNOVA Aeroestructuras de Alava enpresaren kaleratze kolektiboari buruz emandako epaia ezagututa, LABek uste du PPren 2012ko lan-erreforma izan dela enpresak gauzatutako kaleratzeak ahalbidetu dituena, Madrilen onartu berri den lan-erreformak ukitu nahi izan ez zituen alderdi batzuei esker, horrek ere langileak lanera itzultzea ere eragotzi dutelarik. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak prozesu osoan izan duen pasibotasuna salatu nahi dugu, dozenaka lanpostu suntsitzearen aurrean ezer egiten ez duen begirale huts bat bezala egon baita. Gure ustez, argi dago ezin dela langileen etorkizuna eta enplegua auzitegien esku utzi, eta horiek defendatzeko modurik onena aktibazioa dela berresten dugu.
LABen ustez, indargabetu gabeko lan-erreformari esker, enpresa batek eta talde batek dozenaka lagun kaleratu ahal izan dituzte, irabaziak izan arren, eta 2019an eta 2020. urtearen hasieran lanaldia handitu nahi bazuten ere eta boluntarioen irteera oztopatu arren, ezin ziotelako lan-kargari aurre egin.
AERNNOVAk covid-19ak eragindako krisi koiuntural bat aprobetxatu zuen berregituraketa basati bati ekiteko. Hori EAEko Auzitegi Nagusiaren sekzio baten epai tranpati batek bermatu zuen, aurretiko errealitate produktibo- ekonomiko hori alboratu baitzuen, eta orain Auzitegi Gorenak berretsi du egiturazko krisiaren tesi faltsu hori.
Izan ere, egiturazko krisi horretan saihestezinak ziren kaleratzeen ondoren, AERNNOVAk 2 lantegi bereganatu ditu Portugalen, ITP-PCB erosteko saiakeraren ostean. Ekoizpena hainbeste berreskuratu denez, kaleratze kolektiboarekin batera zetorren ABEE indarrik gabe utzi zuen. Izan ere, gaur egun produkzio-plan zorrotz bat ezarri du, eta robotizazio prozesu betean egonda, baliteke epe laburrean AERNNOVAk 4. eta 5. txandak aktibatzea Beranturiko lantegian, kaleratze kolektibotik urtebete eskas igaro denean.
Aipamen berezia merezi du Eusko Jaurlaritzak, denbora honetan guztian ezer egin ez duen begirale hutsa izan baita, baita AERNNOVAren konplize eta aliatua. Langileen eta enpleguak suntsitzen dituen zuzendaritzaren artean, ekoizpena deslokalizatzea ekar lezaketen operazioak egiten dituztenak aukeratu ditu. Gainera, AERNNOVAk ITP-PCB, dozenaka pertsona ere kaleratu zituen enpresa, erosteko operazioa bultzatu zuen. AERNNOVAko langileek, oro har enpleguarekin eta enplegu duinarekin konprometitutako erakundeak behar dituzte, gure herriarentzako benetako industria-politika garatuko dutenak, eta hori da Eusko Jaurlaritzari exijitzen dioguna.
Nolanahi ere, LAB sindikatuak berretsi egiten du enpleguaren defentsarekin duen konpromisoa, borroka judiziala azken aukeretaraino eramanez banakako demandekin eta aktibazioa defendatuz, hori lortzeko biderik onena baita.
Atzoko egunean komunikabideen bidez jakin dugu Steilas Sindikatuak Hezkuntza sare publikoan eta Haurreskola Partzuergoan apirilaren 7rako lanuztera deitu dituela bertako langileak. Deialdi hau Hezkuntza Akordioaren harira sortutako intersindikaletik at egiten da, aldebakarrez eta aurretiazko inolako komunikaziorik gabe.
Intersindikalaren azkeneko bileran sindikatu guztiok aho batez erabaki genuen deituta genituen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea. LABek greba bertan behera utzi eta mobilizazioak berrezaugarritzea proposatu zuen; Steilas sindikatuak ordea dinamika guztia bertan behera uztea lehenetsi zuen. Hori guztiarengatik, lanuzte deialdi honen aurrean gure harridura adierazi nahi dugu. Gure ustez, hezkuntzan lan egiten dugun langileok erronka itzelak ditugu lege honen negoziazioaren aurrean. Gure artean hainbat iritzi eta posizio egon daitezke, baina orain arte langileen interesak elkarrekin defendatu eta mobilizazio bateratuetara jo izan dugu. Ez dugu ulertzen alde bakarreko deialdi batek zer ekarpen egingo lukeen.Â
Bukatzeko, etorkizuneko hezkuntza legeari begira ditugun erronkak borrokatzeko gure prestutasuna berretsi nahi dugu. Horretarako greba eta mobilizazioak egin beharko ditugula garbi dugu, beti ere sindikatuon eta, garrantzitsuena, langileon adostasuna kontutan hartuta.
LAB eta ELA sindikatuon oharra, gaurko greba egunaren harira:
Gaur, 2022ko martxoaren 30ean, Arabako egoitza pribatuetako langileok Aldundiaren aurrean elkartu gara berriro, 3 urtez hainbestetan hartu gaituen plazan.
3 urte helburu batekin, patronalaren osaketa sektorearen baldintza duinak negoziatu ahal izateko.
3 urte gogor, non hilabetero enpresen eta erakundeen ateak jo ditugun. Irailean, eta mobilizazio guztiei esker, mahai negoziazioa osatzeko helburua lortu genuen, ZORIONAK ESFORTZU GUZTIAGATIK.
Orain, zazpi hilabete baino gehiago patronalak sektore honetarako baldintza prekarioak proposatzen jarraitu besterik egiten ez duen honetan, elkartu gara ozen eta argi esateko, EZ!! EZ GAUDELA HEMEN BALDINTZA PREKARIOAK NEGOZIATZEKO. GURE BALDINTZAK HOBETZEKO BORROKATUKO DUGU.
NAHIKOA DA, ORDU KALKULAEZINEZ LAN EGITEA SOLDATA KASKAR BATEN TRUKE, GURE BALDINTZAK HEMEN NEGOZIATZEN DIRA ETA EZ DUGU ONARTUKO EGOERA PREKARIO HONETAN BIZITZEN JARRAITZEA.
Gaur mezu bat bidali nahi diogu patronalari eta adinduen egoitza guztiei. Sektorea duintzeko negoziatzera eseri nahi ez duten bitartean, langileok kaleetan jarraituko dugu eta borrokan jarraituko dugu!!!
Erakundeei ere mezu bat bidaltzen diegu, % 100eko gutxieneko zerbitzuak inposatzen dizkigutelako; izan ere, isilarazten saiatu arren, gutxi izango gara aterako garenak, baina kalean jarraituko dugu gure eskubideen alde borrokatzen.
Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da martxoak 30. Data honen harira, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta hainbat etxeko langilek agerraldia egin dute, aipatutako sektoretako hitzarmenaren borrokan emango ditugun pauso berriak aurkezteko; hala nola, etxeko langileen lehen hitzarmenaren negoziazio mahaia osatzera deituko dugula iragartzeko.
Hain zuzen ere, etxeko langileak, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorretik kanpo daudelako, eskubide gutxiagoko erregimen berezi batean daude, lan-osasunerako edo langabeziarako eskubiderik gabe. Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe daude, hortaz; langile gisa dituzten eskubideen defentsa kolektiborako eskubiderik gabe. Orain badirudi Espainiako Gobernuak langabeziarako eskubidea arautuko duela nolabait, langile horiek gainerako langileekiko jasaten duten diskriminazioarekin amaitzeko, baina ez du bere ekimenez egngo, baizik eta Europako Justizia Auzitegiaren epai baten ondorioz.
Garbiñe Aranburuk azaldu bezala, “LAB langile guztien zerbitzurako tresna erabilgarria izatea helburu duen sindikatua da. Horretarako, kolektibo bakoitzaren errealitateari erantzun egokia emateko gai izan behar dugu, eta ikusten dugu klase sindikalismoarentzat gainditu gabeko ikasgaia zela langile horien eskubideen defentsa. Jendartearen zaintza-behar asko betetzen dituzten langileak dira”.
Sektore horietan emakume migratu eta arrazializatuen presentzia handia dago, kalteberatasun handiagoa duten kolektiboena: “Ikusi genuen haien arazoetara hurbildu behar genuela, entzun egin behar genituela, haien beharrak jaso eta haiengandik ikasi behar genuela. Bi urte daramatzagu lanean, eta, horrela, batzarrez batzar, etxeko langile asko hurbildu dira LABera, eta sindikatuan afiliatu dira. Guztion artean ikasi dugu zer-nolako garrantzia duen antolaketa kolektiboak eta borrokak eskubideetan aurrera egin ahal izateko”.
Hala, gaur, Etxeko Langileen Nazioarteko Egunarekin bat, beste pauso bat emango dugula iragartzeko agerraldia egin dugu. “Etxeko langileen LABen atal sindikala osatu dugu. Langile horien antolaketan beste urrats bat da honako hau, etxeko emakume langileen sare bat osatzeko modu bat da, ahalduntze kolektiborako oso garrantzitsua dena, informazioa eta esperientziak partekatzeko, ekintza sindikala kolektibo horren errealitate espezifikoen arabera hobeto prestatu ahal izateko”, adierazi du LABeko idazkari nagusiak.
Eta atal sindikala sortuta, jauzi horrek esan nahi du langile horiek sindikatuan bertan beste entitate bat izatera pasatzen direla. Hori bai, atal sindikal hau ez da hutsetik abiatzen eta langile hauen aldarrikapenei bultzada bat eman nahi die.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, “jendarte gisa ezin dugu onartu langile horiekiko dauden eskubideak urratzea. Etxeko langileen egoera erregularizatu behar da, eta LABek langile horien egoera erregularizatu eta duinduko duen hitzarmen kolektibo duin bat lortzeko lanean jarraituko dugu”.
Confebask, mahaiaren beste aldean
Lehen hitzarmena negoziatzeko aldarrikapen-plataforma bat egin dugu, etxeko langileekin lan egiten duten hainbat elkartek egindako topaketen eta jasotako ekarpenen emaitza. Laster, EAEko etxeko langileen lehen hitzarmenerako negoziazio-mahaia osatzera deituko dugu. Aurrerago, Nafarroan urrats hori emateko aukera planteatuko dugu.
Bide honetan, gainerako sindikatuekin harremanetan jarri gara, eta inork ez du horrelako hitzarmen baten aurkako jarrerarik hartu. Muturreko prekaritatearen eta langile horien eskubiderik ezaren egoera soziolaborala kezka iturri dira sindikatu guztientzat, eta uste dugu garaia dela langile horiek eskubideetan aurrera egin dezaten ahaleginak areagotzeko.
Patronalaren aldetik, Confebask da legitimatuta dagoena horrelako hitzarmen bat negoziatzeko, eta horregatik joko dugu patronal honengana mahaia osatzeko eta etxeko langileentzako lehen hitzarmenaren negoziazioari heltzeko exijitzeko.
Era berean, Eusko Jaurlaritza eta Enplegu Saila interpelatu ditugu agerraldian, hitzarmen hau egitearen aldeko konpromiso politiko eta instituzionala erakuts dezaten eta negoziazioaren balizko blokeoaren aurrean jarrera axolagabea izan ez dezaten.
Otsailaren 22tik 25era greban egon ziren EULEN enpresako langileek KPIa ordaintzeko mobilizatzen jarraitzen dute.
Kolektibo honetako garbitzaileen %90 emakumeak dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinak garbitzen dituzte. 2021eko maiatzetik ari dira hitzarmena negoziatzen, eta enpresak ez du inolako aurrerapenik egin nahi arlo ekonomikoan. EULEN enpresak azpimarratu du ez duela KPIri lotutako planteamendu ekonomikorik egingo, eta zuzenean langile-klasearen pobretzera bideratuko duela. Horren aurrean, langileek lau eguneko greba egin dute, eta orain mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute.
LAB, ELA eta ESK sindikatuetatik EULEN enpresari erantzukizunak eskatzen dizkiogu. Enpresa horrek milioi askoko irabaziak ditu urtean, eta ez die KPIa bermatu nahi langileei. Enpresak KPIri lotutako planteamendu ekonomikoak egitea eskatzen dugu. Baina administrazio publikoari ere erantzukizunak eskatzen dizkiegu, Gipuzkoako Foru Aldundiari kasu honetan. Gu administrazioaren erabaki politiko eta ekopnomiko batek azpikontratatutako langileak gara, eta haiek dira gure zerbitzuaren azken arduradunak. Horregatik, gatazka konpontzeko inplikazioa eskatzen diegu, haien esku baitago diru publikoa enpresa priobatuen edo garbikuntzako langileen mesedetan erabiltzeko erabakia. Eta argi diogu administrazioaren aurrean: greba garaian gutxieneko zerbitzuak eskatzeko funtsezkoak bagara, funtsezkoak gara lan eta bizi baldintza duinak izateko.
Horregatik guztiagatik, mobilizazioen txanda berri honetan, gaur, Donostiako Gipuzkoa Plazan elkarretaratzea egin dugu; Aldundiaren aurrean, alegia.
Berriro ere, larritzen ari den egoera ekonomiko eta sozialari aurre egiteko neurri koiunturalak iragarri ditu Sanchezen Gobernuak. COVID-19aren pandemiarekin bezala, orain ere langile eta herri sektoreon premiei erantzuteko egiturazko neurriak hartu baino, irismen mugatua izango duten erabakiak iragarri dituzte. Neurriok sakon aztertuko ditugu, baina lehen balorazio bat ere egiteko moduan gaude.
Argindarraren prezioa mugatzeko zergak murrizteko epea Uztailera arte zabaldu da, guztiz urria den bono energetikoa zerbait gehiago hedatu nahi dute eta, iberiar penintsularen salbuespen izendapenaren arabera, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasaren prezioan aldi baterako mugak ezartzeko aukera bat dago. Azken hau garaipen gisa iragarri zaigu, baina lorpen eskasa izango da prezioa azken urteko balioetan mantentzeko erabiltzen bada. Gogorarazi nahi dugu duela urte beteko igoera lotsagabearen aurretik gasaren ekoizpen prezioa 40 euroren bueltan zegoela.
Erregaiei dagokionez, litroko 20 zentimoko deskontua finkatu du Madrilek, hiru laurdenak administrazio publikoak bere gain hartuta eta soilik 5 zentimo petroleren ahaleginarekin. Ezaguna zaigu, zoritxarrez, honen eragina zein den. Batzuk herritarron eskubideekin negozioa egiten jarraitu eta neurrion bidez haien irabazietan ezer gutxi nabarituko duten bitartean, dagoeneko eraisten ari diren zerbitzu publikoetan murrizketa gehiago ekarriko dituen neurria.
Badira bestelako neurriak ere, gurean eraginik apenas nabarituko den bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren % 15eko igoera eta alokairuen gehienezko % 2ko igoera hurrengo hiru hilabeteetan edota ABEEn malgutasuna eskaintzea kaleratzeak ekiditzeko. Iragarritakoak, guztira, 16.000 miloi dira eta hortik 6.000 egoera zaurgarrian dauden sektore eta familiei laguntza eta zergen jaitsiera bidez.
Norabide berdinean, gaur ezagutu dugu baita ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunek, egoerak kalteturiko sektore batzuei lagundu asmoz, hainbat neurri fiskal planteatu dituela.
Egoera larria da eta berriro ere bereziki langileak gara ondorioak pairatzen ari garenak, eta egoerak neurri ausartagoak eskatzen ditu. Kapitalismo basatiaren ordezkariek ez dute aukerarik galtzen, eta zergak jaisteko eskaria errepikatu badute ere, bada garaia aberastasunaren birbanaketa egiteko eta premiazko neurriak hartzeko.
Oligopolio energetikoari muga jarri eta xantaiarako duen boterea kentzea eskatzen dugu. Energia ondasun publikoa da, unibertsala, ezinbestekoa guztiontzat. Pobrezia energetikoa langileen pobretze estrategia da. Horregatik aldarrikatzen dugu energiaren gaineko kontrol publiko eta soziala, energiaren kontsumoa eta eskuragarritasuna ezin direlako herritarren errentaren arabera ezarri, herritarren premien arabera baizik. Bestalde, zerga politika berrikusteko garaia da, besteak beste, oligopolio energetikoaren zein bestelako enpresen irabazietan eskua sartuz, kapital errentei zergak handituz.
Etengabeko krisian sartuarazi gaituen sistema politiko ekonomikoan bizi gara eta Madrileko gobernuaren politikek ez digute euskal langileoi gure bizi baldintzak ziurtatzen. Bide beretik ari dira gainera Gasteizko eta Iruñeko gobernuak, borondate, proposamen eta iniziatiba falta, eskumen mugatuen diskurtsoaren atzean ezkutatuz. Burujabetzak behar ditugu, beraz. Gure bizi baldintzak duintzeko eta langile eta herri sektoreon interesak lehenesteko politikak egiteko gaitasuna.
Azkenik, badira bi aste Euskal herriko garraiolari autonomoek grebari ekin ziotela HIRUren babespean, beraiek ere egoera bidegabe honen ondorioak pairatzen ari direnez, ohar honen bidez gure elkartasun osoa adierazten diegu.
Beste lan-istripu hilgarri bat deitoratu eta salatu behar dugu. Atzo Eibarren, M.J.G.B., Proyectos y Reformas Leireko 60 urteko eraikuntzako langilea, zapaltzen ari zen teilatuak huts eginda erori zen 5 metroko altueratik. Aurtengo 14. hildakoa lan istripuan Euskal Herrian, 5.a altueratik erorita.
Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta samina adierazi nahi diegu senide, lagun eta lankideei. Jakin dugunaren arabera, langilea lantoki batetako teilatuan konponketak egiten ari zen inongo segurtasun neurririk hartu gabe. Teilatuaren eremu ahul bat zapaltzean honek huts egin eta beheraino erori da arnes eta sokarik gabe zihoalako.
Altuerako erorketak behin eta berriz ematen ari dira. Honela,“errekurtso prebentiboaren”ardura guztiz desitxuratu du patronalak Lan Ikuskaritza eta Osalanen utzikeriari esker eta errealitatean, inork ez du ikuskatzen obretan lanak behar bezala egiten direnik segurtasun ikuspegitik. Errealitate honek sortzen ditu emaitza beldurgarri hauek, esan bezala urtea hasi denetik 5 langile hil dira altueretatik erorita.
Zerk bultzatzen du langile bat, segurtasun neurririk hartu gabe altueretan ibili behar izateak? Prekaritateak hain zuzen. Lana galtzeko beldurrak, segurtasunak patroiari sortu diezazkiokeen gainkostuak, aldarrikatu behar izate hutsak, etab.
Egoera horren aurrean, norbaitek sinets al dezake kasualitatea edo zorte txarraren aurrean gaudenik? Administrazioei, lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen gaitz horri aurre egiteko azalpenak eta berehalako neurriak, kontrol handiagoa eta politika zehatzak eskatzen dizkiegu.
Erakundeei neurriak eskatzen dizkiegu, bereziki eraikuntzan inspekzio eta jarraipenak areagotu ditzaten segurtasun arauak integratuaraziz. Modu honetan beharrezko neurriak har daitezen eta benetako prebentzio- politikak egin ditzaten. Tamalez badakigu praktikan, laneko ikuskaritza eta Osalan ez direla inon ageri. Bestalde, sektoreak eta langileek ezin dute egoera hau normaltzat eman ezta honetara ohitu ere.
Azkenik, dei egiten dugu datorren ostegunean, martxoaren 31n, gehiengo sindikalak 12:00etan Eibarko Azitain industriaguneko biribilgunean egingo duen elkarretaratzean parte hartzera.