2024-04-18
HomeEkintza PolitikoaOinarrizko lehengaien eta bizitzaren garestitzearen aurrean, neurri ausartak, iraunkorrak eta egiturazkoak aldarrikatzen...

Oinarrizko lehengaien eta bizitzaren garestitzearen aurrean, neurri ausartak, iraunkorrak eta egiturazkoak aldarrikatzen ditugu

Berriro ere, larritzen ari den egoera ekonomiko eta sozialari aurre egiteko neurri koiunturalak iragarri ditu Sanchezen Gobernuak. COVID-19aren pandemiarekin bezala, orain ere langile eta herri sektoreon premiei erantzuteko egiturazko neurriak hartu baino, irismen mugatua izango duten erabakiak iragarri dituzte. Neurriok sakon aztertuko ditugu, baina lehen balorazio bat ere egiteko moduan gaude.

Argindarraren prezioa mugatzeko zergak murrizteko epea Uztailera arte zabaldu da, guztiz urria den bono energetikoa zerbait gehiago hedatu nahi dute eta, iberiar penintsularen salbuespen izendapenaren arabera, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasaren prezioan aldi baterako mugak ezartzeko aukera bat dago. Azken hau garaipen gisa iragarri zaigu, baina lorpen eskasa izango da prezioa azken urteko balioetan mantentzeko erabiltzen bada. Gogorarazi nahi dugu duela urte beteko igoera lotsagabearen aurretik gasaren ekoizpen prezioa 40 euroren bueltan zegoela.

Erregaiei dagokionez, litroko 20 zentimoko deskontua finkatu du Madrilek, hiru laurdenak administrazio publikoak bere gain hartuta eta soilik 5 zentimo petroleren ahaleginarekin. Ezaguna zaigu, zoritxarrez, honen eragina zein den. Batzuk herritarron eskubideekin negozioa egiten jarraitu eta neurrion bidez haien irabazietan ezer gutxi nabarituko duten bitartean, dagoeneko eraisten ari diren zerbitzu publikoetan murrizketa gehiago ekarriko dituen neurria.

Badira bestelako neurriak ere, gurean eraginik apenas nabarituko den bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren % 15eko igoera eta alokairuen gehienezko % 2ko igoera hurrengo hiru hilabeteetan edota ABEEn malgutasuna eskaintzea kaleratzeak ekiditzeko. Iragarritakoak, guztira, 16.000 miloi dira eta hortik 6.000 egoera zaurgarrian dauden sektore eta familiei laguntza eta zergen jaitsiera bidez.

Norabide berdinean, gaur ezagutu dugu baita ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ogasunek, egoerak kalteturiko sektore batzuei lagundu asmoz, hainbat neurri fiskal planteatu dituela.

Egoera larria da eta berriro ere bereziki langileak gara ondorioak pairatzen ari garenak, eta egoerak neurri ausartagoak eskatzen ditu. Kapitalismo basatiaren ordezkariek ez dute aukerarik galtzen, eta zergak jaisteko eskaria errepikatu badute ere, bada garaia aberastasunaren birbanaketa egiteko eta premiazko neurriak hartzeko.

Oligopolio energetikoari muga jarri eta xantaiarako duen boterea kentzea eskatzen dugu. Energia ondasun publikoa da, unibertsala, ezinbestekoa guztiontzat. Pobrezia energetikoa langileen pobretze estrategia da. Horregatik aldarrikatzen dugu energiaren gaineko kontrol publiko eta soziala, energiaren kontsumoa eta eskuragarritasuna ezin direlako herritarren errentaren arabera ezarri, herritarren premien arabera baizik. Bestalde, zerga politika berrikusteko garaia da, besteak beste, oligopolio energetikoaren zein bestelako enpresen irabazietan eskua sartuz, kapital errentei zergak handituz.

Etengabeko krisian sartuarazi gaituen sistema politiko ekonomikoan bizi gara eta Madrileko gobernuaren politikek ez digute euskal langileoi gure bizi baldintzak ziurtatzen. Bide beretik ari dira gainera Gasteizko eta Iruñeko gobernuak, borondate, proposamen eta iniziatiba falta, eskumen mugatuen diskurtsoaren atzean ezkutatuz. Burujabetzak behar ditugu, beraz. Gure bizi baldintzak duintzeko eta langile eta herri sektoreon interesak lehenesteko politikak egiteko gaitasuna.

Azkenik, badira bi aste Euskal herriko garraiolari autonomoek grebari ekin ziotela HIRUren babespean, beraiek ere egoera bidegabe honen ondorioak pairatzen ari direnez, ohar honen bidez gure elkartasun osoa adierazten diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Oso positiboki baloratzen ditugu baraualdiko hiru egunak eta gaurko greba eguna, eta seriotasuna eskatzen diogu Gizardatzi

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok prest gaude egiten dugun lan publikoaren aitortzaren alde borrokatzeko. Orain arte eginiko baraua eta gaurko greba adibide garbiak dira. Bada, Gizardatzi eta Geroani seriotasuna eskatzen diegu.

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.

Envases Metalurgicos de Álava enpresan bi langile kaleratu dituzte azken 6 hilabeteetan

Pasa den martxoaren 27an egin zuen Laudioko enpresak azken kaleratzea.