2026-01-23
Blog Page 345

Madrilen izan den jatetxe-arloko marken negoziazio-mahaiaren osaketa gaitzetsi nahi dugu

LAB eta ELA sindikatuon oharra:

LAB eta ELA sindikatuok ulertzen dugu Euskal Herrian lan-baldintzak arautzen dituen lan-araudia egon badagoela, eta horregatik, jatetxe-marken (McDonalds, Goiko, KFC, La Mafia, Tagliatella, Ikea, Taco Bell…)  estatuko hitzarmen berri baten negoziazio-mahaia eratzearen aurka agertu gara.

Ildo horretan, gogorarazi behar dugu EAEn Ostalaritzako Esparru-Akordio Sektorial bat dagoela, sektore horretako negoziazio kolektiboaren egitura arautzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurraldeetan ostalaritzako hitzarmen sektorialak aplikatzeko lehentasuna ezartzen duena. Nafarroari dagokionez, egungo hitzarmen autonomikoak ere, bere funtzio-eremuan, jatetxe- arloko marken azpisektorea du araututa.

Ezin da azaldu CCOO eta UGT sindikatuek hitzarmen berri honen negoziazioari ekitea onartzea, jakin badakitenean lan-baldintza okerragoak aplikatuko direla, baita ekonomikoki indartsuenak diren ostalaritza-enpresetan ere. Honek erakusten du, oraindik ere ezinbestekoa dela estatuko hitzarmenei estatu mailako sindikatuek gehiengorik ez duten negoziazio esparruak inbaditzea ahalbidetzen dieten lan erreformak indargabatzea.

Horregatik guztiagatik, Jatetxe-arloko marken Estatuko hitzarmen bat sinatuko balitz, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa bere lurralde-eremutik kanpo uzteko eskatzen dugu. Gure eskaerari erantzuten ez bazaio, ez diogu uko egiten legezko ekintza guztiak aktibatzeari, ezta ere gure esparru arautzailea eta lan-baldintzak defendatzeko egoki ikusiko genituzkeen mobilizazioak aktibatzeari.

Ez dugu onartuko lurralde bakoitzeko ostalaritzakoa ez den beste hitzarmenik aplikatzea.

Zaintza lanen eta enpleguaren banaketa eta ondasunaren birbanaketa aldarrikatu ditu Garbiñe Aranburuk, langileok bizi dugun etengabeko krisiaren aurrean

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia elkarrizketatu dute Euskadi Irratian, “Faktoria” saioan. Egoera sozioekonomikoari buruz hitz egin du, pandemia dela, Ukrainako gerra dela, beti ere egungo koiunturaren atzean aurretik datorren egiturazko arazo bat dagoela nabarmenduta. “2008. urteaz geroztik, langileok etengabeko krisian bizi garela esan dezakegu. Prekarizazio orokor bat ematen ari da, bizitzako eremu guztietan eragina duena”, adierazi du, eta kapitalaren eta bizitzaren arteko talka agerian geratu dela esan du. “Langileek ezin dute beti izan ondorioak pairatzen dituztenak”, deitoratu du.

Zentzu honetan, Maiatzaren Lehenean kalera aterako ditugun aldarriak ekarri ditu, sistema errotik aldatu behar dela iritzita. Banaketa hirukoitzaz mintzatu da horrela, hots, zaintza lanen eta enpleguaren banaketari eta ondasunaren birbanaketari buruz: “Kapitalismo sistema honetan ezinezkoa da pertsonen bizitza erdigunean jartzea. Planeta bera ere suntitsen ari da. Honek norabide aldaketa bat eskatzen du, eta honek politika birbanatzaileei buruz hitz egitea eskatzen du”.

Mobilizazioa egin dugu ANSAREOn kaleratutako bi langileren berronartzea eskatzeko

Martxoaren 29an, LAB eta ESK sindikatuen eskutik hauteskunde sindikalak egiteko prozesua hasi zuten bi langile kaleratu zituen ANSAREO enpresak.

LAB eta ESK sindikatuok kaleratze horiek salatzen ditugu, eta langileak berehala berriz hartzea exijitzen dugu, errepresio sindikalaren kasu argi baten ondorioz kaleratu baitituzte.

Enpresari gurekin biltzeko deia egin ondoren, eta gaurko egunez erantzun egokirik jaso ez dugunez, mobilizazioa egin dugu enpresan Ortuellan dituen instalazioetan. Mobilizazioek jarraituko dute.

Txalogarritzat jotzen dugu AEK-k Donibane Garazin egindako adierazpena

Bidean dabil korrika aurtengoan ere. Atsedenik hartu gabe Euskal Herrian zeharaurrera dabil gau eta egun helmugara iristeko lanean. Horrela, helduen euskalduntzeak ere, 40 urte daramatza,  atsedenik hartu gabe. Eta ezin da gelditu, bere helmugara, oraindik, iritsi ez delako. Zoritxarrez, euskal herritar askok ezin dute euren herriko hizkuntza erabili, edo migratzaile askok, ezin dute eskuratu hartzen dituen herriko hizkuntza, ikasteko aukerak ez dituztelako.

Alde horretatik, LABen ustez, helduen euskalduntzea doakoa izan dadin AEK-k eta beste  euskaltegi batzuekin batera Donibane Garazin egin duten adierazpena oso garrantzitsua eta txalotzekoa da. Berriro ere, herri ekimena erakunde publikoen aurretik doa. Orain ere herri ekimenak, erakundeek bere gain hartu nahi izan ez duten erantzukizuna hartu du.

Doakotasunaz gain, LABen aburuz helduen euskalduntzeak oinarri hauek izan behar ditu, eta horretan lanean dihardugu azken urteetan. Sektoreko langileekin hartu emanean proposamen bat eraikiz eta plazaratuz Euskal Herri osorako:

1.- Helduen euskalduntzea unibertsala izan behar da. Euskal herritar orok euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko eskubidea eduki behar du, eta botere publikoek horretarako behar beste baliabide jarri beharko lukete.

2.- Helduen euskalduntzea doakoa izan behar da. Euskal Herri osoan euskara ikasteko behar besteko finantzaketa jarri beharko lukete administrazioek, benetako doakotasuna bermatuz herritarrei.

3.- Publikoa izan behar da. Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie. Hori dela eta, sektoreak finantziazio gehiago eta egonkorra behar du, herritar guztientzat eskuragarri egongo den zerbitzua izanez. Izan ere, eurei dagokie euskarari ospea ematea eta euskara lehenestea administrazioetan, komunikabideetan, euskarri digitaletan, etab.

4.- Helduen euskalduntzea kalitatekoa izan behar da. Bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eta abar eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Aldi berean, euskaltegietan lan egiten duten langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, aitortza eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.

Horiek horrela, LABek ere, Euskal Herriko Administrazioak interpelatu nahi ditu helduen euskalduntzea esandako oinarrien gainean eraikitzen hasteko Euskal Herri osoan. Bada garaia hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Helduen euskalduntzea unibertsala, doakoa, publikoa eta kalitatekoa Euskal Herri osoan orain!

“Osakidetzako langile ahaztuen plaza” inauguratu dugu Bilbon

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok osasun langileen plaza berrinauguratu dugu Bilbon, eta “Osakidetzako langile ahaztuen plaza” izendatu dugu.

Ekitaldi honen bidez, Osasun Sailaren hipokrisia eta propaganda salatu nahi dugu; izan ere, Osakidetzako langileen lan-baldintza eskasak hobetzeari uko egiten dion bitartean, osasun-langileen omenezko plaza bat inauguratzen du. Osakidetzako langileek ez dute edukirik gabeko propaganda-ekintzarik behar; benetako aitorpena behar dute, egunero jasaten dituzten eta herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzuan eraginzuzena duten lan-baldintza kaxkarrak hobetzeko.

Gogora dezagun plaza hori Bilboko alkateak eta Osasuneko Sailburuak inauguratu zutela martxoaren 9an, sindikatuok Osakidetzari Lan Harremanen Kontseiluan bilera bat egiteko deia egin genion egunean, negoziazioari eta elkarrizketari berriro ekiteko asmo sendoarekin. Zoritxarrez, Osasun Sailak propagandaren aldeko apustua egin zuen berriro ere, eta bizkarra eman zion benetako negoziazioari. Horrela, Osasun Saila bilerara joateari uko egin zion eta bitartean, Sailburuak, ahaztuta dituen langile horiei eskainitako plazabat inauguratu zuen. Agerian dago ez zaila bat ere axola langile horien lan baldintzak. 

Klabe horretan bakarrik uler daitezke azken asteetako gertakariak eta joan den ostiraleko Mahai Sektorialeko bileran gertatutakoa; bilera horren edukia etsigarria izan zen. Osakidetza ez dago prest grebara eraman gaituztenen aldarrikapen bakar bati ere erantzuteko. Sagardui sailburuak otsailaren 25eko grebaren aurretik iragarri zuen 300 milioi bideratuko zirela Garapen Profesionaleko osagarria ordaintzera, greba desaktibatzeko ahalegin argi batean. Gaur egun, ordainketa hori ez da egin, eta joan den ostiralean Osakidetzak jakinarazi zigun urtea amaitu baino lehen egiten saiatuko dela, joan den uztailean itxitako akordio bati buruz hitz egiten ari garenean.

Hori gutxi balitz, bilera horretan, Osakidetzak ukatu egin zituen Lehen Arretako plantillaren lan-baldintza eskasak. Adierazi zuen arreta-maila hori uzten duten langileek aukera propio baten baitan egiten dutela eta horrek ez daukala zerikusirik kolektiboaren lan baldintza prekarioekin. Era berean, uko egin zion itxitako PACak berriro irekitzeari edo ordutegia mugatu zaienei buruz hitz egiteari. Gauza bera esan daiteke gainerako errebindikazioei buruz, hala nola %4 edo txanda osagarria. Azken honi dagokionez, praktikan, Osakidetzak murrizketa bat aplikatu du hori ordaintzerakoan. Orain Osakidetzak esaten du ezin diela %4 hori ordaindu ospitale-eremuan lanik egiten ez duten langileei. Baina azpimarratu behar dugu justizian, Lehen Arretako plantillaren zati bati aitortu ziola, eta duela hilabete batzuk, proposamen bat jarri zuela mahai gainean, gero erretiratu zuena, beste kolektibo batzuei ordaintzeko.

Osakidetzak aurrekonturik eza aipatu zuen, Eusko Jaurlaritzak 2021. urtean 600 milioi euro aurreztu dituela adierazten duen egun berean. Argi dago, beraz, osasun arloko inbertsioa ez dela lehentasunezkoa Jaurlaritzarentzat. Osasun Sailak Osakidetzako langileak ahaztu izana salatu nahi dugu gaur, eta Sagardui Sailburuari gogorarazi nahi diogu Osakidetzako langileek ez dutela omenaldi hutsen edo propaganda hutseko ekintzen beharrik. Osakidetzako langileek beren lan-baldintzak duintzea eta hobetzea behar dute. 

Gipuzkoako metalgintzan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa adostea exijitzen diogu ADEGIri

2020an sinatu zen Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean adostutako konpromisoen artean, sektorean berdintasuna landuko zuen batzordea eratzea izan zen. Batzorde horrek urgentziaz landu beharreko helburu bat jarri zuen: sexu jazarpenaren kontrako protokolo bat adostea.

Izan ere, nahiz eta enpresa guztiak egon derrigortuak sexu jazarpenari aurre egiteko neurriak adostera, errealitateak argi erakusten digu, enpresa txikiek (50 langile baino gutxiago dituztenek) berdintasun planak negoziatzeko derrigortasuna ez duten heinean, gai hauetan ez dutela inolako neurririk aplikatzen. Hortaz, sexu jazarpenaren kontrako protokoloa bertan adostea ia ezinezkoa bilakatzen da bertako emakumeak babesgabean utziz.

Urtebete egon gara bilerak egiten, 2021ko martxoaren 9an egin baikenuen lehen bilera, eta urtebete nahikoa izan da LABentzat errealitate gordinaz jabetzeko: ADEGIk ez du indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo adostu bat egitea nahi. Araugilea, hau da, derrigorrezkoa izango den ezer adosteari uko egiten dio ADEGIk.

Indarkeria matxistak aspaldi behar zuen lantokietatik kanpo, baina datuek egoera horretatik urrun gaudela erakusten dute. Ez da onargarria horrelako egoera larriak ematen direnerako protokolo bat zehazteari uko egitea, jakinik protokoloaren helburu nagusia biolentzia matxistaren prebentzioa, sentsibilizazioa eta erasoa eragotzi ez denean, berau jasan duen emakumea babestea dela.

Honengatik, LABetik exijitzen diogu ADEGIri bere jarrera alda dezan, eta indarkeria matxistaren kontra aplikatu beharreko protokolo bat adostu dezala. Egoeraren larritasuna kontuan izanda, LABek sektoreko emakumeekin erantzun bat prestatuko du.

Sindikalgintza Antirrazista Baterantz izeneko jaialdia egingo dugu larunbatean Durangon

Apirilaren 9an, larunbata, Durangoko Institutuan hitzordu garrantzitsua dugu. Hain zuzen ere, bertan egingo dugu Sindikalgintza Antirrazista Baterantz izeneko jaialdia, 10:30 eta 18:30ak bitartean.

Topaketa hau aitortza eta elkar ezagutza kolektiborako espazio bat izango da, LABetik arrazakeriaren aurkako gure praxi sindikala elkarrekin ehuntzen jarraitzeko. Une eta aukera ezberdinak egongo dira: esperientzien mahaiak, tailer praktikoak, gaikako saioak, herri bazkaria, kontzertuak eta arrazakeriaren aurkako azoka.

Langile migratuak eta arrazializatuak izango dira eguneko protagonistak, baita migratu ez diren delegatu zein liberatuek ere, beren tokitik eta kokapenetik. Entzuteko, ekarpenak egiteko eta partekatzeko eguna izango da, azken batean.

Denok eroso parte hartu ahal izateko, itzulpengintza, garraioa, haurtzaindegi zerbitzua, bazkaltzeko erraztasunak, ramadan daudenentzako aukera… egongo dira.

Arabako metalgintzan hiru greba egun egingo ditugu maiatzean, hitzarmen duin baten alde

Sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako agerraldiaren harira:

Arabako metalaren negoziazioak 4 urte daramatza inolako aurrerapenik gabe. COVID-19aren krisiarekin negoziazioak gelditu ziren, baina ondoren patronalak beti aurkitu ditu aitzakiak aurrera ez egiteko. Ozen eta argi diogu: denbora honetan guztian SEAk bere horretan jarraitzen du.

Horren aurrean, LAB-ELA-CCOO akordio batera iritsi ginen iazko abenduan, Arabako Metalaren Hitzarmen Kolektibo duin bat izateko negoziazioak eta ekintza sindikalak bultzatzeko, eta, ondoren, USO-ESK-CGT batu zitzaizkion. 3 hilabete eta 4 bilera egin ondoren, SEAren egoerarekin bat datorren erantzunaren zain jarraitzen dugu, sektorean arazoak eta prekarietatea pilatzen ari baitira oraindik: bizitzaren garestitzeari aurre egin ezin dioten soldatak, lanaldi oso altua eta malgutasun handia, kontratazioan iruzurra, behin-behinekotasun handia eta ABLEak, azpikontratazioa gorantz, emakumeen diskriminazioa sektore oso maskulinizatu batean, lan istripu ugari egungo egoeretara egokitzea…

Horregatik guztiagatik, maiatzean hiru greba egun deituko ditugu, maiatzaren 18an hasita, eta ondoren, 24an eta 26an, patronala-SEA mugi dadin eta sektorearen arazoei erantzungo dieten edukiak lor ditzagun.

Plataforma bateratuak, besteak beste, honako aldarrikapen hauek ditu:

– KPIaren gaineko soldata igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin 14 ordainsarietan. – Lanaldia nabarmen jaistea
– Azpikontratetako langileentzako subrogazioa
– Kontratazioko iruzurraren aurkako neurriak

– Behin-behinekotasuna eta malgutasuna mugatzea
– Benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurriak
– Lan osasuna bermatzeko neurriak
– Baimenak hobetzea eta pertsonak zentroan jartzen dituzten beste lan baldintza batzuk
– Hitzarmena aplikatzeko bermeak: ultraktibitatea, alde bakarreko ez aplikatzea eragoztea eta aplikatzeko lehentasuna ematea.

Beraz, dei egiten diogu Arabako Metalaren Sektoreari maiatzaren 18an grebak egin ditzan, kalera irten dadin eta ekoizpena eten dezagun lan baldintza duinak lortzeko.

Langabezia-datuek enpleguaren ezegonkortasuna ezkutuan uzten dute

Aurtengo martxoan otsailean baino 1.975 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, 151.483 langabe hain zuzen ere. Igoera hori modu desorekatuan jasan dute langileek, gazteak eta migratuak izan baitira batez bestekotik gorako igoera izan dutenak. Gogoan izan behar dugu, emakumeak direla langabezia egoeran dauden gehienak, % 58 hilabete honetan.

Datu hauek enpleguaren eremuan gertatzen diren prekaritate egoeren isla dira. Izan ere, gogoan izan behar dugu enplegua sortzen den garaietan gazte eta migratuen enplegua dela lehena errekuperatzen, enplegu ezegonkor eta prekarioena, eta langabezia igotzen denean, kasu honetan bezala, langile horiek direla bazterrean uzten diren lehenak.

Datu ofizialek kontratazio finkoaren igoera bat erakutsi digute. Hala ere, Hego Euskal Herriko kontratazio guztiaren % 20a besterik ez dira. Edonola ere, datozen hilabete-urteetan enpleguaren ezegonkortasuna neurtzeko bestelako adierazle batzuk erabili eta sortzea ezinbestekoa izango da enpleguaren errealitatea ezagutzeko. Aldizkako kontratu finkoen igoera esanguratsua espero dugu, estatistiketan kontratu finko gisa ageri diren eta ezegonkortasun adierazle direnak. Izan ere, lan erreformak aldi baterako kontratatuei muga ezarri badie ere, beste modu bateko ezegonkortasun figurak zabaldu ditu, aldizkako kontratu finkoak egiteko posibilitateak zabalduz. Beraz, aldi baterako kontratuen gutxitzea aldarrikatzen duten diskurtso triunfalistekin adi egon behar dugu, atzean dauden ezegonkortasun egoerak ezkutatzen dituelako.

Testuinguru honetan ezin aipatu gabe utzi langabezia egoeren daudenez gain langile guztien bizi baldintzetan izaten ari diren atzerakadak. Azken hilabeteetan areagotzen ari den eros-ahalmenaren galera azpimarratuko dugu: soldatak, pentsioak igo gabe, edo KPI azpiko igoerekin, erregai, argindar zein oinarrizko produktuen prezioek gora egiten jarraitzen duten bitartean. Oraingoan ere langileok ari gara jasaten krisiaren ondorio latzenak, 2008an, pandemian eta jazotako beste krisietan bezala.

Ez zaio gehiegi axola izan langileon egoera Azpiazu jaunari, KPIaren azpiko soldata igoerak proposatu dituenean, argindarraren, erregaien edota produktu freskoen igoera aintzat hartu gabeko KPI deskafeinatua eskatuz. Patronalaren ordezkari gisa jokatu du herritarren gehiengoa osatzen dugun langileon interesak kontutan hartu gabe.

LABek langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko lanean jarraituko dugu, KPIaren araberako soldata igoerak borrokatuz, langile guztientzat izango den sindikalismoa eginez, kalitateko enplegua eta lana bermatzea bultzatuz, horretarako banaketa hirukoitzean (enplegua, zaintza eta errentaren banaketa) oinarrituriko gure proposamenak eremu guztietan landuz.