2026-01-22
Blog Page 335

Baiona-Miarritzen egingo dugu X. Biltzar Nagusia, mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautua ardatz

LAB sindikatuaren X. Biltzar Nagusia Bilbon aurkeztu genuen joan den astean. Bada, gaur, Lapurdin egin dugu agerraldia; biltzarra bera hartuko duen herrialdean, hain justu. Izan ere, Baiona-Miarritzen egingo dugu ekainaren 16an eta 17an, “Bagara bagoaz” leloarekin.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta LABeko Ipar Euskal Herriko ordezkari Argitxu Dufauk jakinarazitakoaren arabera, Biltzar Nagusia Ipar Euskal Herrian egiteak konpromiso bikoitzari erantzuten dio. Batetik, sindikatu nazional bakarra izanik, euskal langile guztiei begirako egitasmoa garatu eta mugaz gaindiko sindikalismoa praktikan jartzeko hautuari. Bestetik, Ipar Euskal Herrian sortu eta 22 urtera, lurralde honetan LABen egitasmoa indartu eta hedatzeko erabakiari.

Honela gauzak, eskualdez eskualde hautatutako 500 kide bilduko ditugu Biltzar Nagusian. Berritasunen artean, bi koordinatzaile orokor izateko proposamena eramango dugu osoko bilkurara, idazkari nagusi baten ordez. Garbiñe Aranburu eta Igor Arroyo dira hautagaiak.

Erabaki nagusiei dagokienez, testuingurua aldatu bada ere, hartutako bidea berretsi egingo dugu. Kapitala eta Bizitzaren arteko talka betean gaude. Pandemia eta Ukraniako gerra tartean, baina oinarrian dagoena arazo bera da: sistema hau, bidegabea ez ezik, bideraezina ere bada.

Ipar Euskal Herrian hedatzen

Osasun onarekin iristen gara. Afiliazioan gora egin dugu azken bost urtetan, 5.000 afiliatu gehiagorekin, eta egun 46.000 afiliatu baino gehiago ditugu. Parekorik ez duen igoera da hori, %12 bost urtetan. Era berean, prekarizatutako langileengana areago gerturatu eta euren sindikalizazioa errazteko, afiliazio kuota sistema berritu egin dugu. Bakoitzak bere diru sarreraren arabera ordainduko du orain kuota.

Azken bost urte hauetan izandako afiliatu berri horietatik gehienak emakumeak dira, sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean emandako urrats feministen ondorio.

Hauteskunde sindikaletan ere goraka goaz. Hego Euskal Herrian %19,24an gaude: EAEn %19,85ean; Nafarroan %17,31n; eta Ipar Euskal Herrian hedatzen jarraitzen dugu.

Jaurlaritzak onartu duen Gizarteratzeko eta Diru Sarrera Bermatzeko lege aurreproiektuaren aurrean, babes sistemaren inguruko eztabaida sakona eta erroko eraldaketa aldarrikatu ditugu

Gasteizko Gobernuak iragarri berri du DSBE Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrerak (BGDS) elkartuko dituen lege egitasmoa. LABek sakonki aztertu, ondorioak partekatu eta ekarpenak egingo baditu ere, gaurkoan garrantzitsutzat ditugun hainbat gakotan jarri nahiko genuke arreta.

Hasteko, aurreproiektu honen abiapuntua okerra dela deritzogu. Idoia Mendia egungo sistemaren “arrakastaz” mintzo zaigu eta LABen ustez diagnostikoa guztiz kontrakoa da. Egun EAEn dugun babes sistemak ez die egungo pobrezia eta prekarietate sozial egoerei aurre egiten. Porrot egin duen eredua da, egungo egoera kronifikatzen duen sistema den heinean.

Eredu asistentzialistan oinarrituta, urtez urte diru kantitatea murriztuz eta sarbide baldintzak gogortuz, eskubide gisa murriztuz joan den prestazioa izan da DSBErena. Hau gutxi balitz, hartzaileen kontrol neurriak areagotu eta kriminalizazio kanpaina etengabeak bizi behar izan ditugu.

2021ean, 54.145 onuradunek jasotzen dute DSBE, % 57,8 emakumeak da eta % 42,2 gizonezkoak. Horietatik % 47,4ak etxebizitza osagarria jasotzen du, % 23,7a pentsioduna zen eta %16,2 guraso bakarreko bizikidetzaunitatea. Era berean, pobrezia egoeran dauden herritarren %31ak ez du prestaziorik jasotzen, eta jasotzen dituztenetatik % 52,6a ez da pobrezia egoeratik ateratzen, 2020ko Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen inkestaren arabera. Horra Mendiarentzako “arrakastatsua” den eredua.
Bigarrenik, agerikoa da pobretzeaz eta bazterketa sozialaz, honen arrazoiez zein honi aurre egiteko neurriez luze eta sakon hitz egin behar dugula. Are gehiago langileok dagoeneko bizi dugun krisi ekonomiko eta soziala areagotu dituen bi urteetako osasun larrialdia zein Europaren bihotzean irekitako gerra testuinguru batean.

Babes sistema indartu eta garatzea premiazkoa da. Eta horretarako, pobretutako eta egoera prekarioan dauden herritarren diru sarrerak bermatu beharra dago. Beste neurrien artean, prestaziook Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren neurrira parekatu behar dira, etxebizitza partekatuta ere, eskaria egiten duten pertsona bakoitzak jaso behar du prestazioaren kopuru osoa eta errolda eskakizuna urtebetera luzatu behar da gehienez.

2018an Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 50.000 sinaduratik gora aurkeztu zituen Gasteizko legebiltzarrean eta EAJ-PSE-PP hirukoteak tramitea galarazi zuen. Iaz, LAB sindikatuak Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren Lege-egitasmoak erregistratu zituen parlamentuan. Bertan egungo eskumenekin erroko aldaketak gauzatzeko proposamenak jaso genituen, besteak beste babes sistema propioaren aldeko neurriak proposatuz. Duela egun gutxi, Oinarrizko Errenta Bermatuaren inguruko Herri Ekimen Legegilearen inguruko eztabaida ukatu dute EAJ, PSE eta PPk, oraingoan Vox-en bozka faxistarekin.

Amaitzeko, eztabaida sozial zabal eta demokratikoa galdegiten diogu Gasteizeko gobernuari, bizi dugun errealitateari erantzungo dion egiturazko aldaketak gauzatuko dituen proposamena egin dadin eta hedatzen ari diren pobretze eta prekarietate egoerarekin amaitzeko benetako neurri politikoak hartu daitezen.

Lan heriotzek ez dutela etenik salatu dugu Iruñean

Apirilaren 30ean hildako kamioilaria gogoan, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Iruñean, Nafarroako Garraio Zuzendaritza Orokorraren egoitzaren aurrean.

Lan heriotzen odolusteak ez du etenik, eta prekaritatea dagoela sarraski honen atzean salatu dugu berriro ere. Aurten, gutxienez, 25 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian.

Jarraipen zabala Bizkaiko garbikuntzako greban

Bizkaiko eraikin eta bulegoetako langileak kalera atera dira gaur euren lan baldintzak duindu behar direla aldarrikatzeko. Kalejira zaratatsua egin dute Bilbon, Berastegi kaletik abiatuta eta blokeoaren erantzule diren zeinbat enpresetan geldialdia eginez. Izan ere, laugarren greba eguna dute gaurkoa, eta bihar eta etzi, maiatzaren 11 eta 12an jarraipena izango du negoziazio mahaiaren gehiengoa osatzen duten LAB, ELA eta ESK sindikatuek deituta. 

Orain dela urte bat baino gehiago eratu zen Bizkaiko Garbikuntzako hitzarmenaren negoziazio mahaia eta ordutik patronalak eskaintza eskasak besterik ez ditu egin. Garbitzaileen egoerak, ordea, hobekuntza nabarmenak behar ditu. Bizkaiko langileen soldatak ez baitira 16.000 eurotara iristen, eta gehienek jardunaldi partzialak dituzte. Hori gutxi ez,  eta bi urteko pandemiaren ondoren, soldatek izoztuta jarraitzen dute, KPI inoiz baino puztuago dagoen une hauetan. 

Ondorioa garbia da: soldata arrakala. Gizonak nagusi diren kale garbikuntzarekin erkatuz gero, eraikinetako garbitzaileek kale garbitzaileek baino %45a gutxiago irabazten dute. Hortaz, greba deitzaileek 1.200 euro x 15ko soldatak aldarrikatzen dituzte.

Gaurkoaren ondotik, biharko mobilizazioei dagokionez, Bilboko Erribera Merkatutik hasita, garbikuntzako prekarietatearen Free Tourra egingo dute turistaz mozorratuta eta Bilboko Udaleko garbitzaile azpikontratatuen egoera salatuz, eta maiatzaren 12an, ostegunean, manifestazio nagusia Bilboko Deusto auzoko Lehendakarik Agirre kaletik Eusko Jaurlaritzaraino (Gran Vía, 85).

Gure babes osoa eskaini diegu Adunako Irizar E-Mobility enpresako grebalariei

“Beharrezkoak dira diskurtsoak eta txostenak, baina sindikalismoari bizitza ematen diona langile jendearen eguneroko borroka da”.

Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoaren hitzak dira hauek, Adunan esandakoak, Irizar E-Mobility enpresaren lantegiaren aurrean. Hain zuzen ere, bertako langileek 16 egun bete dituzte jada greba mugagabean, euren lan baldintzen defentsan, LAB sindikatuak ia gehiengo osoa duen enpresa batzordeak deituta (9 ordezkarietatik 8 dira LABekoak). “Langile gazte hauen borrokak hauspoa ematen dio euskal sindikalismoari”, adierazi du sindikatuko ordezkariak.

Igor Arroyoren bisita enpresa batzordeak egindako prentsaurrekoaren biharamunean dator. Zentzu honetan, hedabideen aurrean egindako agerraldian, langileek nabarmendu zuten ez dutela atzera egingo eta borrokarekin bukaera arte jarraituko dute. Era berean, jakinarazi zuten maiatzaren 14rako manifestaziora deitu dutela Andoainen.

Hona hemen enpresa batzordeak atzo igorritako oharra:

Irizar E-Mobiliyko langileontzat gaurkoa 15. greba eguna da. Dakizuen moduan, greba mugagabean gaude apirilaren 25etik.

Merezi dugun enpresa ituna eskatzen dugu, gutxieneko lan baldintza batzuk bermatuko dituena. Negoziazioekin berrabiarazteko 5 baldintza kualitatibo eskatzen ditugu, puntu kuantitatiboak negoziaziorako utziz. Zehazki, jarri ditugun baldintzako ndorengoak dira:

E-mobilit-ko kontratua dugun langileoi lan berdinagatik soldata bera ordaintzea, lan irteeretarako lan baldintzak duindu eta berdinduak langile guztioi, egiten diren esfortzu gehigarriak konpentsatzea, lana eta bizitza uztartzeko neurriak jartzea bizitza pertsonala eta kontziliazioa bermatzeko, Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena bere osotasunean betetzea.

Irizar E-Mobility ez da edozein enpresa. Frantziar estatuko lehen ekoizleak gara eta Europan ekoizten diren 10 autobus elektrikoetatik 1 gurea da. Etorkizunean industriaren oinarri izan nahi duen sektoreetako bat da, hain beharrezkoa den trantsizio energetikoan gako. Hala aitortzen diote instituzioek, eta horregatik laguntza ugari jaso ditu. Etorkizuneko industria bigarren mailako lan baldintzetan oinarrituko da? Urtez urte langileen joan etorria izugarria da, askok ez dute euren etorkizuna hemen ikusten eta alde egiten dute. Honek garbi isladatzen du lan baldintzak nolakoak diren. Aldi berean,kontratazio berriak egiterakoan arazoak daude. Horrela sortuko dugu industria lehiakorra, bigarren mailako lan baldintzekin?

Instituzioak ezin dira entzungor geratu, enpresa hauek laguntzen dituzuen moduan, zuen ardura ere bada enpresa horietan lan baldintza duinak daudela egiaztatzea. Horrela, instituzioei eskatzen diegu esku har dezaten dugun egoeran eta mugiarazi dezatela zuzendaritza eskatzen ditugun 5 puntuak bermatuko dituen proposamen bat egitera.

Egoera irauli behar dugu, eta horregatik ari gara borrokan. Gure borrokari dagokionez, jakinarazten dugu beti gabiltzala adostasunak lortzearen alde,baina egoera jasanezina bilakatu da. Ez dugu atzera egingo eta Irizarri exijitzen diogu gure baldintzak onar ditzala, gatazka hau amaitu eta negoziazioekin jarraitzeko.

Jakinarazi nahi dugu manifestazio bat egingo dugula larunbat honetan, maiatzaren 14ean, 17:30etan Andoaingo goiko plazatik abiatuta zuzendaritzari eskatzeko pausua eman dezala. Ondoren,elkartasun kontzertuak egingo dira Andoaingo gaztetxean greban dauden langileen erresistentzia kutxarako dirua biltzeko. Dei egiten diegu herritar orori parte har dezaten. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu guri babesa eman diguten eragile sozial eta politikoei. Borroka hau etorkizuneko lanpostuen aldeko borroka da, herrialdeoso baten borroka izan behar da, eta ez dugu zalantzarik lortuko dugula!

Amaitzeko gure elkartasuna adierazi nahi diegu Berangoko Alconzan greban dauden lankideei 25 kaleratzeen kontra eta Irizarri eskatzen diogu kaleratuak berriz har ditzala.

Grebara deitu dugu maiatzaren 19rako Gipuzkoako egoitzetan, lan hitzarmenaren eta ratioak hobetzearen alde

Gipuzkoako egoitzetako egoera jasanezina da. 5 urte baina gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako.

Argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako.

2 urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia biltzea lortu dugu. Orain, ordea, Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna da mahaia berriro ez blokeatzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik harago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira.

Borroka da bide bakarra. LAB sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko.

Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Hori dela eta, maiatzaren 19ko greba egunera batzen gara eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu. Zaintza lanak aitortu, zerbitzua hobetu!

Bertan behera utzi dugu Arabako kirol jardueretako greba, lan baldintzetan hobekuntza garrantzitsuak lortu eta gero #LortuDugu

Arabako kirol jardueren sektoreak ordezkaritza dugun sindikatuok deituta genuen 5 eguneko greba deialdiaren bezperan, langileek patronalak egindako azken eskaintza batzarrean ontzat ematea erabaki dute, eta, ondorioz, lan gatazka amaitutzat eman eta gaur hasi behar zen greba bertan behera utzi dugu.

Beste behin ere, enpresek muturrera eraman nahi izan dute hitzarmen kolektibo honen negoziazioa, baina langileek erakutsitako determinazioari esker eta egindako borrokari esker, akordio on bat lortu dugu, eta horrek aurrerapen garrantzitsuak dakartza gure lan-baldintzetan; 2020-2023 urteak hartzen dituen hitzarmenak KPIaren arabera eguneratzen ditu gure soldatak; sektoreko gutxieneko soldatak 1200 € garbiak gaindituko ditu; esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen duen antzinatasun-plus bat lortzen dugu; urteko lanaldia 55 ordura arte murriztuko da kategoria batzuetan; lan zentroen arteko joan-etorriak mugatzen dira; subrogazio eskubideari berme gehiago ematen zaizkio; barne promozioak arautzen dira,…

Baina lortutako edukiez haratago, LABek beste behin ere langileek negoziazioa beharbezala gauzatzeko izan duten antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna nabarmendu nahi du. Nabarmentzekoa da langileen ordezkariek azken aste hauetan egindako laneskerga, lantokiz lantoki joan baitira greba-deialdira lankideak batzeko eta konbentzitzeko.Horregatik,aurreikuspenenarabera,grebaarrakastatsuaizangozenaren zantzuakbagenituen.

Jakin badakigu Gasteizko Udalak, sektoreko enpresa esleipendun nagusien bezero nagusia herrialdean, bitartekari lanak egin dituela greba-deialdia saihesteko. Joan den ostiralean bilera bat burutu zuen enpresekin, eta azken hauek atzoko egunean egindakomugimenduak ikusita, badirudi hala izan dela; guztiz adierazgarria da zenbait hilabeteren ondoren eta inolako aurrerapenik gabeko bileren ondoren, atzo egindako bileran hainbat proposamen trukatzeko aukera izan genuela bi ordu baino gehiagoz, besteak beste batzarrean langileen oniritziarekin onartu zena.

Azkenik, LAB sindikatuak sektoreko langile guztiak zoriondu nahi ditu egindako borroka eredugarriagatik, beste behin ere agerian geratu baita antolaketarik eta borrokarik gabeezinezkoa dela lan-baldintzak hobetzeko aurrerapausoak ematea.

Eusko Jaurlaritzak inposatutako telelan eredua aukera berdintasunean eta lan baldintzetan inboluzio bat da

Pasa den astean EAEko Mahai Orokorraren bileran Eusko Jaurlaritzak bere azken zirriborroa aurkeztu zigun sindikatuoi itxurazko aldaketa batekin. Horrela, tramite hutseko mahaiari negoziazio itxura bat eman nahi izan zion, baina beste hainbatetan bezala, prozesuaren hasiera-hasieratik argi zegoena berretsi zuen: Eusko Jaurlaritzak telelanaren dekretua sindikatuon babesik gabe inposatu du, halaxe nahi eta ahal duelako.

LABek, kritika orokor hori egiteaz gain, zirriborroari hainbat ekarpen egin zizkion, baina Jaurlaritzak ez ditu jaso nahi izan. Telelan sistema hau langilearekiko mesfidantzan, botere harremanetan eta adiskidekerian oinarrituta dago eta langileen indibidualizazioan sakontzen du.

Telelana eta lan presentziala bateratu egin behar dira. Hurrenez hurren astean 3 egun telelan eta 2 egun presentzial proposatu ditugu, baina Jaurlaritzak ez du hori jaso nahi izan. Gainera, administrazioak soilik arrazoi teknikoak edo antolakuntzakoak izan beharko lituzke langilea lan presentzialera itzularazteko, betiere sindikatuokin adostuta.

Era berean, gehienezko lan denborak, gutxieneko atseden denborak eta ordutegia finkatuta egon beharko ziren, eta ez da bermatzen langilearen deskonexio digitala, ezta pribatutasuna ere.

Ez da telelana egin ahal izateko beharrezko materiala eta tresneria hornitzeko eta ordaintzeko berme argirik agertzen.

Genero ikuspegiari dagokionez, idazkera tranpatia agertzen da. Gai are garrantzitsuagoa pandemian garbi geratu denean gainkarga bat suposatu izan duela, batez ere emakumeentzat. Telelanak ez du balio izan kontziliaziorako tresna bezala, baizik eta kontrakoa. Modalitate honek gizon eta emakumeen artean duen proportzioari jarraipena egiteko aukera egon beharko litzateke.

Lan mota honek behar dituen teknologien eta lan osasunaren inguruko berariazko prestakuntza ere ez ditu jasotzen.

Aipatu bezala, Eusko Jaurlaritzaren agintekeria eta langileekiko begirune falta agerian gelditzen da bai arautegian bertan zein negoziazio prozesu osoan ere. Gehiengoa edukita, bere interesei begira dagoen proiektu hau ere inposatuko du, nahi eta ahal duelako. Arrabol honi aurre egiten jarraituko dugu langileok eta sektorez sektore, lantokiz lantoki, lan ez presentzialaren eskubidea langileon mesedetan kokatzeko borroka egingo du LABek.

EAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu dugu Lan Harremanen Kontseiluan

LABek, sindikatuko etxeko langileen sail sindikala osatu ondoren, EAE mailako etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu du gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan.

Premiazkoa da sektorea arautzea eta kolektibo honekiko zor historikoa kitatzea. Hona hemen hitzarmen kolektibo honetarako LABek proposatzen dituen puntuetako batzuk:

  • Argi eta garbi definitzea zein funtziotarako kontratatu diren langile hauek.
  • Gizarte Segurantzan aitortutako bajen alten, tarteen eta arrazoien berri ematea eta horien jarraipena egitea, engainuak eta/edo arau-hausteak saihesteko.
  • Kontratu bukaerako prozedurak egiaztatzea, jardunbide okerrak saihesteko. Izan ere, atzera egitearen figurak bidegabeko kaleratzeak ahalbidetzen ditu, eta likidazioak eta kalte-ordainak dagokien epean eta moduan kobratzea eragozten du. Helburua etxeko langileen kaleratzea hain merkea ez izatea da.
  • Benetako lan-denbora eta lanaldien luzapena arautzea, presentzia-orduak eta aparteko orduak zenbatuz, eta ezarritako ordutegia, atsedenaldiak, jaiegunak eta langile guztientzat ezarritako lan-egutegia betetzen dela zainduz.
  • Gaueko ordutegiko lanordu bakoitza onartzea eta ohiko lanorduaren % 125ean zenbatzea konpentsazio gisa.
  • Familia-unitateei dagokienez:
    • 3 pertsona baino gehiago badaude, hileko oinarrizko soldataren % 10eko plusa ordainduko da.
    • 7 urtetik beherako pertsona bat edo gehiago izanez gero, hileko oinarrizko soldataren % 5eko plusa ordainduko da.
    • Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak zainduz gero, hileko oinarrizko soldataren % 25eko plusa izango du.
  • Igandeetan, jaiegunetan eta gaueko ordutegian lan egiteagatik plus bat exijitzea.
  • Urteko aparteko bi ordainsari bermatzea, oinarrizko soldataren zenbateko berekoak.
  • Joan-etorrien gastuak ordaintzea.
  • Egindako aparteko orduak, denbora librean hartzea edota ordainduak izatea.
  • Senideei laguntzeko, kontsulta medikoetarako, heriotzagatik, eszedentziengatik eta abarrengatik ordaindutako lizentziak benetan betetzen direla egiaztatzea.
  • Enplegatzaileek langileei laneko arropa eman behar dietela egiaztatzea: mantalak eta oinetakoak.
  • Prebentzioaren eta laneko osasunaren arloko elementuak jaso daitezen eskatzea: berotik babesteko heldulekuak dituzten eltzeak eta zartaginak eskuratzea, eskuko eskailera homologatu bat jartzea, oinetako irristagaitzak jartzea, pertsonak mugitzeko garabiak ematea…
  • Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak mugitzearen ondorioz etxeko langileek dituzten arriskuak jasotzea: gehiegizko esfortzuak, erortzeak, kutsatze biologikoak, arrisku psikosozialak…
  • Lantokietan indarkeria fisikoa, sexuala eta/edo psikologikoa gertatuz gero, prebentzio-neurriak eta zigorrak ezartzea.
  •  Diziplina-araubidea betetzea, enplegatzailearentzako zigorrekin, araudia betetzen ez duenean.

LABek dei egiten die gainerako sindikatuei negoziazio mahaira joan daitezen, eta CONFEBASK interpelatzen dugu, patronal gisa, erantzukizuna bere gain hartzeko eta hitzarmena sinatzea ahalbidetu dezan.