2026-09-21
HomeEkintza PolitikoaEAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu dugu...

EAEko etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu dugu Lan Harremanen Kontseiluan

LABek, sindikatuko etxeko langileen sail sindikala osatu ondoren, EAE mailako etxeko langileen lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaia irekitzeko eskaria erregistratu du gaur Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluan.

Premiazkoa da sektorea arautzea eta kolektibo honekiko zor historikoa kitatzea. Hona hemen hitzarmen kolektibo honetarako LABek proposatzen dituen puntuetako batzuk:

  • Argi eta garbi definitzea zein funtziotarako kontratatu diren langile hauek.
  • Gizarte Segurantzan aitortutako bajen alten, tarteen eta arrazoien berri ematea eta horien jarraipena egitea, engainuak eta/edo arau-hausteak saihesteko.
  • Kontratu bukaerako prozedurak egiaztatzea, jardunbide okerrak saihesteko. Izan ere, atzera egitearen figurak bidegabeko kaleratzeak ahalbidetzen ditu, eta likidazioak eta kalte-ordainak dagokien epean eta moduan kobratzea eragozten du. Helburua etxeko langileen kaleratzea hain merkea ez izatea da.
  • Benetako lan-denbora eta lanaldien luzapena arautzea, presentzia-orduak eta aparteko orduak zenbatuz, eta ezarritako ordutegia, atsedenaldiak, jaiegunak eta langile guztientzat ezarritako lan-egutegia betetzen dela zainduz.
  • Gaueko ordutegiko lanordu bakoitza onartzea eta ohiko lanorduaren % 125ean zenbatzea konpentsazio gisa.
  • Familia-unitateei dagokienez:
    • 3 pertsona baino gehiago badaude, hileko oinarrizko soldataren % 10eko plusa ordainduko da.
    • 7 urtetik beherako pertsona bat edo gehiago izanez gero, hileko oinarrizko soldataren % 5eko plusa ordainduko da.
    • Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak zainduz gero, hileko oinarrizko soldataren % 25eko plusa izango du.
  • Igandeetan, jaiegunetan eta gaueko ordutegian lan egiteagatik plus bat exijitzea.
  • Urteko aparteko bi ordainsari bermatzea, oinarrizko soldataren zenbateko berekoak.
  • Joan-etorrien gastuak ordaintzea.
  • Egindako aparteko orduak, denbora librean hartzea edota ordainduak izatea.
  • Senideei laguntzeko, kontsulta medikoetarako, heriotzagatik, eszedentziengatik eta abarrengatik ordaindutako lizentziak benetan betetzen direla egiaztatzea.
  • Enplegatzaileek langileei laneko arropa eman behar dietela egiaztatzea: mantalak eta oinetakoak.
  • Prebentzioaren eta laneko osasunaren arloko elementuak jaso daitezen eskatzea: berotik babesteko heldulekuak dituzten eltzeak eta zartaginak eskuratzea, eskuko eskailera homologatu bat jartzea, oinetako irristagaitzak jartzea, pertsonak mugitzeko garabiak ematea…
  • Menpekotasun-egoeran dauden pertsonak mugitzearen ondorioz etxeko langileek dituzten arriskuak jasotzea: gehiegizko esfortzuak, erortzeak, kutsatze biologikoak, arrisku psikosozialak…
  • Lantokietan indarkeria fisikoa, sexuala eta/edo psikologikoa gertatuz gero, prebentzio-neurriak eta zigorrak ezartzea.
  •  Diziplina-araubidea betetzea, enplegatzailearentzako zigorrekin, araudia betetzen ez duenean.

LABek dei egiten die gainerako sindikatuei negoziazio mahaira joan daitezen, eta CONFEBASK interpelatzen dugu, patronal gisa, erantzukizuna bere gain hartzeko eta hitzarmena sinatzea ahalbidetu dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.