2026-01-16
Blog Page 323

Bizkaiko garbiketa eta merkataritzako langileek indarrak batu dituzte euren hitzarmenen aldeko greba egunean

Gaur egin dute Bizkaiko garbiketa merkataritzako langileek aurreikusitako lehen greba eguna eta bihar izango da bigarrena. Gaurkoan, garbitzaileek manifestazioa egin dute Bilbo, Deustuko Eulen garbiketa-enpresatik abiatuta eta merkataritzakoek, Arriagatik abiatu dute euren manifestazioa. Bi kolektiboek CEBEK patronalaren egoitza aurrean bat egin dute, Gran Viaren 50ean.

Bi kolektibo hauek, prekarizatuta eta feminizatuta daudenek, hilabeteak daramatzate beren hitzarmenengatik mobilizatzen, eta oraingo honetan bi eguneko greba-deialdi batean bat egin dute euren borrokek.

Garbiketaren sektorearentzat borroka historikoa izaten ari da honakoa, ia 30 urte baitzeramatzan grebara irten gabe, eta bi egun hauekin 7. eta 8. lanuzteak egingo dituzte. Aldarrikapen nagusia 1.200 euroko gutxieneko soldatak 15 ordainsaritan aitortzea da, eta hori lortu arte mobilizatzen jarraitzeko hautua egin dute.

Merkataritzako langileei dagokionez, 4. eta 5. greba-egunak dira hauek, eta grebak merkataritza orokorra, ehun merkataritza eta larru-merkataritza eta oinetako dendei eragingo die. Azken honetan, 15 urte daramatzate hitzarmen berririk gabe, eta mobilizazioaren ondorioz negoziazio mahaia berpiztea lortu dute. Oraindik ere, bide luzea dago aurretik, oraingoz patronalak igoera miserableak baino ez ditu eskaintzen, baina merkataritzako langileek borrokarako prestutasun guztia erakutsi dute ere.

Bi sektore hauetako emakume langileek argi dute: “Amaitu da bigarren mailako langiletzat hartzearena, etxean ‘laguntza’ bat suposatzen duten soldata osagarriak izatearena. Gure lana aitortzea nahi dugu, gure baldintzak duintzea nahi dugu, eta prest gaude antolatzeko eta horren alde borrokatzeko”.

Bihar ostirala, bigarren greba eguna izango dute bi sektoreetako langileek. 12:30ean, CEBEK egoitza aurrean eserialdia egingo dute. Bilboko Gran Viaren 50ean.

EAJ-PSEren gobernuari kultur aldaketa exijitzen diogu, eta lehen mailako arreta desegiteko estrategia bertan behera utz dezala

Sagardui Osasun sailburuak adierazpen oso larriak egin zituen atzo, eta zalantzan jarri zuen egungo lehen mailako arreta-eredua. “Kultura-aldaketa” gisa planteatu zigun aspaldidaniko osasun publikoaren aurkako murrizketen eta erasoen ondorioz erabiltzaileek beren gain hartu beharko dituzten joan-etorriak. Oraingo honetan familia-medikuak eta pediatrak beren pazienteengandik aldenduko dituzte murrizketa hauek.

Profesionalen ustezko falta Osakidetzako langileek pairatutako lan-prekarietate izugarriak eragindako arazoa da, eta kasu honetan bereziki, familia-medikuak eta pediatrak kontratatzeko politika traketsak eta lehen mailako arretan inbertsiorik ez egiteak eragindakoa, Europar Batasunak bideratzen duena baino askoz ere txikiagoa baita inbertsio maila.

Ez da onargarria osasun publikoko kudeatzaileek, ospitalezentrismoak jota daudenek, hamarkadak daramatzatenek lehen mailako arreta gutxiesten eta baliabidez husten, orain kultura aldaketa bat eskatzea erabiltzaileei, beren familiako medikuak eta pediatrak gero eta urrunago egotea onar dezaten. LABen ustez, argi dago kultura aldaketa Osasun sailak egin behar duela, ospitalzentrismoa eta harrokeria alde batera utziz. Izan ere, konponbide gisa saldu nahi dizkigutenak, herritarren eskubideak urratzen dituzten neurri kaltegarriak baino ez dira.

Premiazkoa da lehen mailako arreta indartzeko behar besteko partida ekonomikoa bideratzea. Inbertsioa handitu gabe ez da hobekuntzarik egongo lehen mailako arretan, baina inbertsioak eta jarduera-planak iragarri beharrean, EAJren eta PSOEren gobernuak ordutegietan murrizketak egingo direla eta familiako mediku edo pediatra bat eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak izango direla iragarri digute.

Harrigarria da sailburua profesional faltaz hitz egitera ausartzea, %55eko behin-behinekotasuna duen erakunde batean. Gero eta nabariagoa da Urkulluren gobernuak gero eta murritzagoa den osasun-eredu bat planteatzen duela, herritarren osasun eskubidea bermatzen ez duen lehen mailako arreta bateruntz pausoak emanez.

Horrekin guztiarekin batera, eta sinkronizazio eta ados jartze lotsagabean, aseguru pribatuek publizitate- kanpainetan murgilduta jarraitzen dute, osasun publikoa oro har eta lehen mailako arreta bereziki jasaten ari den higadura aprobetxatuz, eta, horren ondorioz, herritar ugari aseguru pribatuak kontratatzen ari dira. Bi abiadurako osasuna jada aurre egin beharreko errealitatea da.

EAJ eta PSOE dira lehen mailako arretaren hondamen programatu horren erantzuleak, baita atzo egindako adierapenenmodukoekin osasunpublikoarenizenonagaltzearenerantzuleakere.

Duela egun batzuk, osasun-zentro guztiak 17:00etan itxiko zirela iragarri zen, eta horietako askok ordutegi horiek udatik aurrera mantentzeko arriskua dago, landa-eremuetan neguan izandako itxierako ordutegiak finkatu diren moduan.

Osasuna guztiontzat ondasun komuna eta bakarra bada ere, argi dago joan-etorrien gaia bereziki landa- eremuetan bizi diren pertsonei zuzenduta dagoela, horiek baitira arretaren murrizketa sakonena jasaten urteak daramatzatenak.

Osasun Sailaren politika pribatizatzaile eta antisozialak ezin dira aldatu biztanleriaren etengabeko presiorik gabe. Gaur egun aldaketa kultural gisa aurkezten diren eta murrizketak eta betiko osasun publikoaren aurkako erasoak besterik ez diren neurriek sortuko dituzten arazo larriez jabetu behar gara.

Egonkortze prozesuei buruzko dekretuaren aurka mobilizatu gara Iruñean

Nafarroako Parlamentuan plantillak egonkortzeari buruzko foru lege dekretuaren konbalidazioa eztabaidatzen zen bitartean, elkarretaratze bat egin dugu Parlamentuaren aurrean.

LAB dekretu horren aurka dago Administrazioan dauden behin-behinekotasun indize ikaragarriak konpondu behar ez dituelako eta langileen artean konparaziozko bidegabekeria handiak eragin behar dituelako. LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak ez dio behar den seriotasunez heldu gaiari, eta Madrilek ezarritako baldintzei men egin die.

Zerbitzu publikoetako langileek euskara jakin behar dute #LortuDugu

Duela gutxi, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Uliazpi Fundazioaren deialdi publikoan eskainitako plazei HE2 hizkuntza-eskakizuna esleitzearen aldeko epaia eman da. Deialdi hori 34 zaintzaile-plaza betetzeko da, oposizio- lehiaketa bidez.

Alderdi demandatzaileak zalantzan jarri zuen aipatutako deialdian hizkuntza-eskakizuna eskatzeko beharra, eta alderdi demandatuak, LAB sindikatuko ordezkariek eta langileek parte hartu zutenak, argudiatu zuen errekurritutako ebazpena indarrean dagoen araudian aitortutako hizkuntza-eskubideen ondorioa baino ez zela.

LABen ustez, azken epai horrek argi eta garbi azpimarratzen du euskararen aurkako eraso guztien aurrean legearen, sindikatuen eta herritarren defentsa bideratzeko beharra.

Orain arte bezala, LAB sindikatuak berretsi du euskararen aldeko jarrera aldaezina izaten jarraituko duela, hizkuntza-eskakizuna ezinbestekoa baita artatutakoen eta haien senideen hizkuntza-eskubideak errespetatuak izan daitezen.

Gure ustez, euskara jakitea nahitaezko da Administrazioak hizkuntza ofizialetako edozeinetan lan egin eta zerbitzuak eman ahal izateko, euskaraz lan egin dezakeen administrazioak bakarrik bermatuko baititu herritar guztien hizkuntza-eskubideak.

Arabako Esku-hartze Sozialean bi greba egun egingo ditugu, ekainaren 17an eta 22an

Arabako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioan izandako blokeoa salatzeko mobilizazio askoren ostean, sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok greba-deialdi bateratu bat adostu dugu, eta funtsezko sektore hau sostengatzen duten langileek merezi duten benetako hitzarmen duin bat lortzeko, negoziazioan berehala aurrera pausuak ematea eskatu dugu. Grebak ekainaren 17an eta 22an izango dira.

Patronalak hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen jarraitzen duela salatu dugu LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok, Gasteizen egindako agerraldi bateratuan.

Grebara joatea erabaki dugu Bizkaiko metalgintzan, aho batez, hitzarmen duin baten defentsan

LAB sindikatuko Bizkaiko metalgintzako delegatuek batzarra egin dugu asteartean, eta bertan erabaki dugu, aho batez, grebara joatea. Borrokarako prest gaudela berretsi dugu horrela, patronalak eman nahi ez duen hitzarmen duina lortzeko.

Bizkaiko metalgintzako gainontzeko sindikatuok ere grebaren aldeko apustua egin dute, FVEM patronalaren egoitza aurrean gaur egin dugun agerraldi bateratuan azaldu dugun bezala.

Hauxe da sindikatuok egin dugun irakurketa:

Gaur, ekainak 8, asteazkena, Bizkaiko metalgintzako hitzarmena negoziatzeko mahaia osatzen dugun 4 sindikatu nagusiek (ELA, CCOO, LAB, UGT) eta sektoreko gainerako sindikatuek (ESK, USO, CGT, CNT) Bizkaiko metalgintzako patronalaren egoitzaren aurrera deitu dizuegu.

Izan ere, FVEMen egoitzaren aurrean deitu izana ez da kasualitatea. Joan den maiatzaren 26an izan genuen azken negoziazio bilera. Bertan, patronalak ezetz erantzun zien sindikatuek batera planteatutako 17 puntuei. FVEMek mespretxatu egin zuen Bizkaiko metalgintzako langile klasea. Bilera horretan, sindikatuek FVEMi adierazi genion beste proposamenik izanez gero bilera batera deitu behar gintuela. Ez dugu haien berririk izan.

Bada, patronalaren blokeo horren ondorioz, ELA, CCOO, LAB, UGT eta ESK, USO, CGT eta CNT sindikatuek publikoki adierazi nahi dugu:

-3 greba egun deitu ditugu Bizkaiko metalgintzan.
-Greba egunak ekainaren 23an eta 30ean eta uztailaren 1ean izango dira.

Grebak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari jakinarazi zaizkio jada, eta prentsaurreko hau amaitzen denean deialdiak patronalean, FVEMen, erregistratuko ditugu.

Sektorean mobilizazio eta sozializazio dinamika duela aste batzuk hasi zen. Lantokietan mozioak jasotzen ari dira, eta Bizkaiko metalgintzako enpresei zuzendutako idazkiak erregistratzen, enpresak interpelatuz, FVEMekin harremanetan jar daitezen negoziazioa desblokeatu dadin.

Joan den ostiralean, ekainaren 3an, sindikatuetako militanteek hainbat elkarretaratzetan parte hartu genuen patronalaren batzorde exekutiboko kide diren enpresa batzuen aurrean (Tecuni, ITP Aero, Arteche, Astilleros Murueta, Sidenor, Eldu edo Ormazabal). Enpresa horiek FVEMen parte hartzen dute eta blokeoaren erantzule direla salatu genuen. Egun horretan, Patronalak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak mobilizazio horiei (baketsuak eta aldez aurretik jakinaraziak) emandako erantzuna pertsona ugari identifikatzea eta isunak eta salaketak jartzeko mehatxua izan zen. Badirudi hori dela gure eskubideen alde mobilizatzea erabaki dugun langileontzat nahi duten errezeta.

Hemendik aurrera, Bizkaiko metalgintzan ordezkaritza duten sindikatuok badakigu oso egun intentsoak geratzen direla greba lantzeko. Ehunka batzar izango dira lantokietan. Sozializazio dinamika desberdinak eskualdeetan. Eta datorren ekainaren 13an, Barakaldoko BECen egingo den Makina Erremintaren Bienala dela eta, manifestazio bat egingo dugu Bizkaiko Metalgintzaren Hitzarmen bat eskatzeko, hobekuntza nabarmenekin.

Bizkaiko metalgintzako enpresek oso urte ona izan zuten 2021ean emaitzei dagokienez. 2022 hau ere oparoa izango da. Sektorean lan karga handia dago. Hala ere, patronalak negoziazio mahaian eskaintzen diguna eros ahalmena galtzea da, eta ez du jakin nahi sindikatuek proposatutako beste hobekuntza batzuen berri. FVEMen jarrera arduragabe horren aurrean, gurena denaren alde borrokatzeko garaia dela uste dugu. Bada garaia sortzen den aberastasunaren banaketa justua eskatzeko. Bizkaiko metalgintza grebara joateko ordua da.

Mobilizazioak areagotuko ditugu Gipuzkoako grafikagintzan, benetako negoziazio bat abiatu ezean

Aurreko hitzarmenaren indarraldia amaitu ostean, urte hasieran hasi genituen hitzarmen berri baterako negoziaketak. Baina, Adegik mahai negoziatzailea blokeatu du, herrialdeko hitzarmenaren etorkizuna kolokan jarriz.

Egoera hori salatzeko elkartu gara gaur Adegiren aurrean sektoreko delegatuak.

Mahai negoziatzailean gauden sindikatuok gure lanak egin genituen, plataformak landu eta hauek Adegiren esku utziz. 4 hilabete pasatxotan, Adegi sektoreak bizi duen egoera kaxkarraz bakarrik mintzatu zaigu, langileengan beldurra sartzeko helburuarekin.

Baina, Grafikagintzako langileek ondo ezagutzen dute sektorea eta badakite urtez urte txikituz joan den sektorea izan dela, baina azken urteetan jaitsiera hori geratu dela ikusi dute eta beraien lan kargak pandemia garaian ere nabarmen handitu direla, beraien lan baldintzak prekarizatuz, lan karga handiak sufrituz…

Beraz, argi daukate hitzarmen duin bat nahi eta behar dutela, eta lehenbailehen behar dutela.

Eta Adegik ekarritako azken proposamenarekin grafikagintzako langileei barre egiten ari zaiela dirudi. Energiaren garestitzea eta materiaren garestitzea azpimarratzen dute, eta, bai, langileak kontziente dira guztiaz, izan ere, beraiek ere egunerokotasunean pairatzen baitituzte igoera guzti horiek, beraz: 

Ezin dute beraien eros ahalmena murriztuko duen hitzarmenik onartu eta patronalak ezin du beraiek esandakoa eskaintza moduan saldu soilik legeak dioena bermatzen duenean eta kasu batzuetan legeak berak dioena okertu nahi duenean.

Argi esan nahi diogu Adegiri eta grafikagintzako enpresei, benetan herrialdeko hitzarmen baten aldeko apustua egiten badute (esaten duten moduan) lehenbailehen  deitu dezatela mahai negoziatzailea proposamen duin bat egin eta benetako negoziazio bat hasteko helburuarekin. Sektoreko langileak horren zain daude, baina, eman ezean, epe motzean langile guztien parte hartzea eskatzen duten mobilizazioez hitz egin beharko dugu.

Mobilizazio eta lanuzteei ekin diegu Norbega SLn, honek ez duelako inolako hobekuntzarik eskaintzen langileen soldata eta lan-baldintzetan

Norbegako (Coca Cola bezala ezagunagoa) hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren aurrean, LABek enpresaren jarrera salatzen du, ez baitu inolako hobekuntzarik eskaintzen langileen soldata- eta lan-baldintzetan. Adibide batzuk jartzearren, soldata-eskaintzak erosteko ahalmenaren galera argia dakarkie langileei, plantilla osatzeko hamar kontratu finko baino ez egitea proposatzen du, eta bigarren baja eta ondorengoetan ordainsaria osatzeari utzi nahi dio.

Hau hitz bakar batekin bakarrik azaldu daiteke, berekoikeria, 2020. urteko datu ekonomikoen arabera (urte txarra, enpresaren arabera) mozkinen eta dibidenduen artean 80 milioi euro sortzen dituen enpresa baten aurrean gaudelarik. Ikusten dugu enpresak gutxienez hilabete luzatzen duela bilera batetik hurrengora arterako tartea. Nork uste du horrela akordiorik sinatu daitekeenik? Ze borondate dago bi aldeentzat onuragarria izango den akordio bat sinatzeko? Bestalde, bileretan enpresak larderia handia erakusten du; izan ere, sindikatuen puntuetan horietako batzuetaz ez du hitz egiten, eta lasai esaten du ez dituela sinatuko eztabaidatu gabe ere.

Egoera horretan, enpresan dauden sindikatuok elkarrekin lan egin beharko genukeela uste dugu. Abiapuntu horretatik, ELA eta LAB sindikatuok nobilizazioen dinamika bati ekingo diogu, ekainaren 7an eta 9an lan- ordutegitik kanpoko kontzentrazioak eginez, eta ekainaren 14an eta 16an bi orduko lanuzteekin jarraitzeko. Espero dezagun mobilizazio horiek enpresa negoziazio serio eta errealetara eramango dutela. Enpresak sei hilabete izan ditu langileekin akordio batera iristeko, eta nahiago izan du soka tenkatzea egungo egoerara iritsi arte.

LAB sindikatuak argi utzi nahi du eduki justuak dituen akordio batera iristeko prest gaudela, baina argi utzi nahi dugu gure borrokarako grina langileen eskubideen alde borrokatzeko. Norbegako langileak bidezkoa dena soilik eskatzen ari dira, beren soldatak eta baldintzak hobetzea enpresaren etekin handien neurri berean.

Aniztasun funtzionalaren sektoreko enpresak ukatu egin dira Bizkairako hitzarmen sektoriala negoziatzera

Aniztasun funtzionalaren sektorea Bizkaian aniztasun funtzionala duten pertsonak zaintzen dituzten langileek osatzen dute. Zerbitzu publikoa ematen du, Bizkaiko Foru Aldundiaren titulartasunekoa. Hala ere, ez dira langile publikoak. Aldundiak pribatizatu egin du zerbitzu publiko hau, hainbat enpresa-elkarterekin hitzartuta.

Gaur, GORABIDE, APNABI, ASPACE, FUTUBIDE eta GAUDE enpresek osatzen duten FEVAS elkartea ukatu egin da langileekin esertzera aniztasun funtzionaleko Bizkaiko hitzarmen kolektibo bat egiteari ekiteko.

LABek enpresa horien negoziatzeko borondate eza salatzen du eta Bizkaian sektore horretan lan egiten duten 2.000 langile baino gehiagoren lan-baldintzak arautuko dituen hitzarmen bat lortzeko beharrezko urratsak ematen jarraituko duela iragartzen du.

Aniztasun funtzionaleko langileek jasaten duten prekaritatearen eta desberdintasunaren aurka borrokatzeko beharra azpimarratzen dugu. Gehienbat emakumez osatutako kolektibo bat osatzen dute langileek, pandemian zehar lehen lerroan egon dena eta orain, patronalak eurekin eseri ere ez du egin nahi.

Sektorean asko dira prekarietate-guneak asko dira; horregatik, hitzarmen sektorialaren negoziazio honetan honako eduki hauek defendatuko ditu LABek, besteak beste:

  • –  Sektoreko langile guztientzat erosteko ahalmena berreskuratzea, KPItik gorako soldata-igoerekin.
  • –  Lanaldi partzialak mugatzea, lanaldi partzialak dituzten langileen baldintzak hobetuz.
  • –  1.592 ordutako urteko lanaldia.
  • –  Kontratazio mugagabea sustatzea, % 30etik gorako behin-behinekotasun-tasa onartezinei aurre egiteko.
  • –  Langileei azken lan-etapa duina ziurtatuko dieten neurriak, hala nola erretiro partziala edo ordaindutako murrizketak.
  • –  Bajak lehen egunetik ordezkatzea eta % 100ean osatzea.

Sektoreko langileek, LAB eta ESKk deituta, manifestazioa egingo dute gaur asteartea ekainaren 6an, 18:00etan, Deustuko San Pio X plazatik Aldundiak Gran Viako 25.ean duen egoitzaraino. Enpresei eta Bizkaiko Foru Aldundiari exijituko diote funtsezko lana egiten duen sektore baten aldarrikapenak entzun ditzatela. Funtsezko langileak dira eta mobilizatzen jarraituko dute, bidezkoa iruditzen zaiena lortu arte, inork zalantzarik izan ez dezan.

LABek aurpegia ematea eskatzen die enpresei eta Bizkaiko aniztasun funtzionaleko lehen hitzarmen sektorialaren negoziazioari aurre egiteko.