2026-01-15
Blog Page 321

Greba egunera deitu dugu ekainaren 23rako, Gipuzkoako ehungintza merkataritzan

Gipuzkoako ehun-merkataritzaren sektorean 2.262 langile daude gaur egun. Kolektiboaren egoera desberdina da, batzuei 2006-2009 hitzarmena aplikatzen baitzaie (eta soldata izoztuta dute 2009 urtetik) eta beste batzuei 2010-2018 hitzarmena.

ADEGI eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioak 2010-2018 urteetako hitzarmena inpugnatu zuten eta, ondorioz, estatutuz kanpoko hitzaremena kontsideratu zen. Baina, errealitatean, aplikatzera iritsi den hitzarmena da. Adibidez,  Donostiako kaleko dendetan eta Donostia eta inguruko merkataritza zentroko langileen egoera aztertu dugu, guztira 970 langileen datuak ditugu, hau da,  esparruan totalean dauden % 42,88, eta horietatik 734ri 2010-2018 hitzarmena aplikatzen zaie, hau da %75,67ri.

Hori kontuan hartuta eta historian haratago joz, esan behar da lan-baldintzetan aurrerapenik izan ez duen sektoreaz ari garela.

2021 urte amaieran, ehungintza merkataritza hitzarmena berritzeko negoziazioekin hasi genuen. Harrezkero, hainbat negoziazio-bilera izan ditugu. Bilera hauetan, hainbat arazoekin aurkitu gara, eta horrek akordio batera iristea eragozten digu. Lehenengoa, patronalek ez dutela 2010-2018 hitzarmena onartzen eta 2009ko egoeratik abiatu nahi dutela. KPIren pareko soldata-igoerak, ordu osagarrien kontsolidazioa, inauterietako arratsaldearen eta Aste Santuko larunbataren ordainketa, lanaldiaren distribuzio erregularra eta igande eta jaiegunetako lana arriskuan jartzen dira, besteak beste.

Sektorearentzat egoera hau jasanezina da. Urtean 1.748 lanorduetatik jaitsi ezin izan duten langileetaz ari gara,  20 urte baino gehiago borondatezkoa ez den 20 orduko lanaldi partzial bat duten langileez ari gara, kontziliatzeko ezintasuna eta  promoziorako aukerarik ez dutenetaz ari gara,  eta digitalizazio prozesuen ondorioz dendak itxi, eta kaleratzen dituzten langileez ari gara. Hilean gordinean 950 euro jasotzen duten langileez ari gara.  Baina, zorionez, antolatu eta aski dela esan duen kolektibo bati buruz ere ari gara. 

Horrenbestez, LAB eta ELA sindikatuok beste greba-egun bat deitu dugu ekainaren 23rako, Gipuzkoako ehungintza merkataritzako langile guztientzat. Ezinbestekoa da, beraz, patronalek kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko proposamen bat egitea, sektoreak pairatzen duen partzialtasunerako, eta urteko lanorduen jaitsierarako irtenbideak barne, besteak beste. Gainera, digitalizazioari aurre egiteko neurriak hartu behar dira; izan ere, merkataritza azken aldian online salmentaren ondorioz denda itxierak jasan  ditu. 

Gipuzkoan, 2020ko abendutik 2021eko abendura bitartean, hainbat katetako dendak itxi dira; Irungo eta Eibarko Stradivarius, Zara Home Garbera, Masssimo Dutti urbil, Woman Secret zentroa  eta Irun, Eibarko Springfield, Donostiako COS, e.a. Guztira, zuzenean suntsitutako 70 lanpostu baino gehiago. Enpresak ezarritako salmenta-helburuetara iristen diren denda errentagarriak itxi dira, eta horri buruz hitz egin behar da eta neurriak hartu behar dira, urjentea da. 

Merkataritzaren egoerak nabarmen egin du okerrera azken urteotan, gero eta gutxiago gara eta gero eta lan-baldintza okerragoak ditugu. Premiazkoa da Gipuzkoako ehun-merkataritzaren errealitatea jasoko duen hitzarmen bat, lan-baldintzak hobetuko dituena eta kalitatezko enpleguaren bermea izango duena.

Greba egun honetarako informazio-piketeak egingo dira Donostia eta inguruko merkataritza-gune guztietan, Urbil, Mendibil eta Txingudi  eta, 12:00etan, AKELARRE bat egingo dugu, patronalaren proposamenak erretzeko. Ondoren kalejira egingo dugu Donostiako kaleetan zehar. 

Patronalek, berriro ere, ez dute Gipuzkoako helduen egoitzetako gatazka konpontzeko borondaterik erakutsi

Helduen egoitzetako erresidentzien mahai negoziatzailearen bilkura burutu dugu gaur LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok patronalarekin (Adegi, Lares, Acgg eta Matia). Aurreko bilkuran sindikatuok plataformak aurkeztu genituen, eta patronalak konpromisoa hartu zuen hauek aztertu eta baloratzeko. Horretarako denbora behar zutela esan ziguten eta horregatik luzatu zen denboran bilera berri baten data. Gure harridurarako, gaur patronala mahaia zartatzera etorri da, negoziaketak aurrera jarrai dezan aurrebaldintzak jarriz eta gure plataformen gaineko balorazioak egitea exigentzia berriekin azpiratuz.

Hainbeste denbora eta gero, hainbeste sufrimendu eta gero, halako jarrera eta arduragabekeriaz jokatzea ulertezina da. Ez dago borondaterik, ez dute borondaterik negoziatzeko. Horren argigarri gaur jazotakoa.

Langileoi honen aurrean ez zaigu besterik geratzen borrokatzen jarraitzea baino. Inoiz baino ozenago entzun gaitzatela. Zentruz zentru indarrak biderkatu eta herrialdeko hitzarmen baten bidean borrokan jarraituko dugu helduen egoitzetako langileok.

Ez dugu BilboEstibako hitzarmena sinatu, behin-behineko 100 langileen gatazka ez konpontzeagatik, soldatak murrizteagatik eta lanaldia handitzeagatik

Gaur goizean, Lan Harremanek Kontseiluaren egoitzan, Santurtziko porturako hitzarmen kolektiboa sinatu dute Koordinadora eta UGT sindikatuek BilboEstibako patronalarekin. LABek ez du hitzarmena sinatu, behin-behineko 100 langileen gatazka ez konpontzeagatik, soldatak murrizteagatik eta lanaldia handitzeagatik.

Akordioaren arabera, datozen hiru urteetan 2.550.000 â‚¬-ko soldata kenduko zaie langileei, eta % 4ko igoera izango dute 2025, 2026 eta 2027tik aurrera, KPIarekin inolako loturarik izan gabe, Portuko Enplegu Zentroa (PEZ) desegiteko etengabeko mehatxua, langile falta, behin-behinekotasunaren gehiegizko erabilera, BilboEstibako enpresetako lan-baldintzak, instalazioen eta makinen egoera, gehiegizko lanaldiak, langileen atsedenaldiak behin eta berriz ez betetzea, lanaldiaren bikoizketak eta abar dira Koordinadorak eta UGTk hitzarmen hau sinatuta konpondu ez dituzten gauzetako batzuk.

LABek, negoziazio osoan zehar, behin-behineko 100 langileen gatazkari irtenbide bat bilatzeko eskatu du, eta zoritxarrez esan behar dugu eguzkiari aupada egi diotela, langileak berrezartzeko konpromisoa islatuz, zamaketari finkoek erretiroa hartu ahala, urteko txanda-kopuru oso altuaren baldintzapean. LABen ustez, ez da behin-behineko langileen gatazka konpondu, eta hori da, hain zuzen ere, hitzarmen honen sinadurarekin bat ez egiteko arrazoi nagusia.

Kaleratzeak Bilboko portuko zamaketan

Zamalanetako enpresak ez daude erretiroagatiko birjarpen-tasei dagokienez sinatutakoa aplikatu zain, eta porturako zerbitzua ematen lan-egun bakoitzeko kontratuekin, erabateko prestasunarekin eta lan-txanda desberdinetan 15 urte baino gehiago daramatzaten langile horiek kaleratzen ari dira.

Orain, lan-egoera eta egoera pertsonal bidegabe eta dramatikoari irtenbidea bilatu beharrean, zamalanetako 4 enpresek erabaki dute langile bakoitzari dagokion kalte-ordaina ordaintzea eta kaleratzen hastea, epai desberdinak eman ahala.

LABek dei egiten die portuko 4 zamaketariei (CSP, SLP, BERGE eta TORO Y BETOLAZA), BILBOESTIBA CPE eta Ricardo Barkala presidente duen Portu Agintaritzari, egoera larri honekiko zentzuz jokatzeko eta langile horientzat premiazko irtenbide bat aurkitzeko.

Hartzekodunen konkurtsoa «tongo» bat izan da

Hartzekodunen konkurtso-egoera honetara nola iritsi garen jakiteko, kontuan izan behar dugu 2017ra arte BilboEstibak, bere estatutu sozialen arabera, 0 â‚¬-ko emaitza garbia eman behar zuela ekitaldi bakoitzaren amaieran. Hau da, emaitzak nulua izan behar zuen. BilboEstibaren eta bere akziodunen artean egiten ziren bi noranzkoko fakturazioen bidez egiten zen hori, eta akziodun horiek, aldi berean, bere bezeroak ziren. Horrela, akziodunek (BergĂ©, CSP, SLP eta Toro y Betolaza) langileen kostuaren antzeko prezioa ordaintzen zuten zerbitzuengatik, eta ekitaldiaren amaieran egiten ziren doikuntzen ondoren, emaitza 0 eurokoa zen beti.

Hori 2017an aldatu zen, legedia eta estatutuen aldaketarekin batera, une horretatik aurrera, enpresak irabaziak edo galerak eman zitzakeen. Aldaketa horren emaitza hurrengo urtean ikusi zen: 2018an enpresak 4.191 â‚¬-ko mozkin garbiak eman zituen. Hortik aurrera galerak hasi ziren: 2019an galerak 484.291 â‚¬-koak izan ziren eta 2020an 2.747.720 â‚¬-koak.

Jakina, liberalizazio horrek ez zuen eragin positiborik izan Bilboestiban; hain zuzen ere, 2019ko galerek 350.295€-ko Ondare Garbia negatiboarekin utzi zuten enpresa, hau da, 2019an BilboEstiba desegiteko kausan zegoela, Kapital Sozietateen Legearen arabera. Izan ere, 2017ra arte ez genuen galerarik, baina ezta Ondare Garbia gizenduko zuten erreserbak sortuko zituzten etekinik ere, eta, beraz, galeren lehen urtean horren egoera larrian geunden.

Galera horien zergatia hausnartu behar dugu. Arrazoia erraza da azaltzen; izan ere, gure jardueraren alderdi ekonomikoa oso erraza da, ematen ditugun zerbitzuengatik kobratzean laburbiltzen baitira mugimenduak, eta gure gastu ia bakarra Langileen Gastua da. Hain negozio “sinplean”, azalpen posible bakarra da akziodunek gure zerbitzuengatik ordaintzen zuten prezioa izugarri murriztu zela. Hau da, Bergék, CSPk, SLPk eta Toro y Betolazak gure zerbitzua kostu-prezioaren azpitik ordaintzen zuten.

Horrek guztiak, noski, eragina izan zuen akziodunengan. Emaitzak asko hobetu ziren, eta, batez ere, aldaketa deigarri bat dago: 2017tik aurrera hasi ziren modu basatian dibidenduak banatzen, ordura arte egiten ez zutena. Zehazki, 2017 eta 2020 artean, bakoitzak honako banaketa hauek egin zituen: BergĂ© 3.383.567 â‚¬; CSP 33.610.000 â‚¬; SLP 3.503.061 â‚¬; Toro y Betolaza 2.012.189 â‚¬.

Lau urtean, guztien artean 42.508.817 â‚¬ banatu zituzten dibidenduetan, eta Koordinadoraren eta UGTren akordioarekin, langileok gure soldataren 2.550.000 â‚¬ emango dizkiegu enpresa horiei.

Zamaketa ez da saltzen, defendatu egiten da!

Hitzarmen hau sinatuta Koordinadorak, UGTk eta BilboEstibak portuaren arima deabruari saltzeko arrisku larria eragin dute, eta gure soldata jaisteko xantaia onartu dute, enpresen osasun ekonomikoa zaintzeko. Izan ere, egiaztatuta baino gehiago geratzen da, ingeniaritza fiskalarekin, eta negozioa egituratuta duten moduan, egoera hori bera errepikatu egin daitekeela 3 edo 4 urte barru.

Ricardo Barkalak eta Portu Agintaritzak alfonbra gorria jarri dute portuko langileen eskubideak suntsitzeko, gehienak multinazionalak diren enpresei mesede egiteko. Hitzarmen hau sinatzeak bide ematen du eskulan merkeagoa eta lan-eskubide gutxiagorekin izatea, baita Bilboko portuan lana merkatzea ere, enpleguaren prekarizazioaren bidez.

Gure sostengua adierazi nahi diogu pentsiodunen mugimenduak abiatu duen bizikleta martxari

Gaurtik hasita eta hamairu etapetan, Euskal herria zeharkatuko dute bizikletan ehundaka pentsiodunek. Ekimen honen bidez, hiru dira zabaldu nahi dituzten aldarriak: zerbitzu publikoen defentsa, zaintza lanen banaketa eta 1.080 eurotako gutxiengo pentsio minimoa.

Urteetan zehar mugimenduak duen indarra eta konpromisoa agerian utzi dute pentsiodunek, astelehenero milaka izanik herrietako plazak bete eta hamaika mobilizazio propio antolatuz, baita ere beste hamaika borroketan ere haien ekarpena eginez.

Askotan esana dugu. Pentsio duinen aldeko borroka, langile guztion borroka da. Madriletik gauzatzen ari diren erreformak sistema publikoaren erauspena eragiten ari dira, eta Gasteiz zein Iruñeko gobernuek ez dute borondate politikorik kalean etengabe presente dauden aldarrikapenei soluzio bide bat eskaintzeko.

Ohar honen bidez, gainontzeko mobilizazioekin bezala, LABek bizikleta martxa babesten duela eta bertan parte hartuko dugula adierazi nahi dugu; bai herriz herri egingo diren harreretan zein azken eguneko mobilizazioetan.

Pentsionistak, aurrera!

Endika Perez: “Premiazkoa da benetako eztabaida bati ekitea, babes sozialerako zer eredu behar dugun zehazteko”

LABeko Ekintza Sozialeko idazkari Endika Perezek hitza hartu du Gasteizko Legebiltzarrean, Lan eta Enplegu batzordean, sindikatuaren proposamenen berri emateko, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren lege proposamen berriaren inguruan.

Hain zuzen ere, lege proposamenaren abiapuantua okerra dela salatu eta benetako eztabaida sozial bat sustatu behar dela aldarrikatu du: “Premiazkoa da benetako eztabaida bati ekitea, babes sozialerako zer eredu behar dugun eta pobreziari eta prekarizazioari nola aurre egin zehazteko”.

Pobreziarekin amaitu baino, pobreen aurkako gerra egitea erabaki du Jaurlaritzak. 2008ko legea etengabe murriztu da eta orain aurkezten zaigunak murrizketak lehengoratuko balira baino diru sarrera mugatuagoak ezarriko lituzke.

Hauxe dira gure proposamenak:

1. Lehenik eta behin, DSBEri buruzko lege proposamena bertan behera uztea exijitzen dugu eta benetako eztabaida sozial parte hartzailea zabaltzea aldarrikatzen dugu.

2. Diru sarrera duinak bermatu behar dira eta horretarako, hemengo errealitatearen araberako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata izan behar da erreferentzia.

3. Neurriak hartu behar dira DSBE jaso beharko luketen eta jasotzen ez duten pertsonek (% 30) prestazioa eskura dezaten.

4. Era berean, hartzaileen laurdena pentsionista dela kontuan izanik, pentsioak osagarritzeko DSBE baino, bide berriak arakatu daitezela eskatzen dugu. DSBE ezin da izan pentsioak osagarritzeko aukera bakarra, besteren artean izaera desberdina duten diru sarrerak direlako.

5. Etxebizitzen prezioa mugatu eta etxe kaleratzeak eten, erabilera balioa truke balioaren gainetik jarri behar delako, eta etxebizitza eskubidea inoren negozioaren gainetik dagoelako. Etxegabetzeak prebenitzeko neurri gisa jardun dezaketen estrategiak, administrazio publikoari dagokiolako eskubide subjektibo unibertsala izan dadin bermatzea.

6. Generoak daukan eragina kontutan har dadila, DSBE jasotzen duen gehiengoa emakumea delako. Gure proposamenean jasotzen dugun zaintzagatiko etetea sostengatzeko funtsa eraikitzeko azterketa egin dadila eskatzen diogu legebiltzarrari.

7. Kronifikatzen ari den prekarizazio sozial eta laboralei erantzukizunez heldu behar zaie eta behingoz patronalaren interesen araberako enplegu politikak alboratuz.

8. Sistemaren iraunkortasun ezin da oinarritu pobrezia mailarik larriena pairatzen duten pertsonentzat baliabideak murrizten; erreforma fiskal justua burutu behar da eta iruzur fiskala zigortu.

9. LABek Gasteizko Legebiltzarrarekin batera iaz erregistratu zituen Euskal Herrirako Lan Kodearen eta Gizarte Segurantzaren Legearen proposamenak kontuan hartzea. Horretan, lan eta bizi-baldintzak aldatzeko neurri erreal eta zehatzak aurkezten ditugu, egungo eskumenetatik egingarriak direnak eta, aldi berean, burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamenak egiten ditugu.

“Metalgintzako langileak gero eta pobreagoak gara”

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuok agerraldia egin dugu Barakaldoko BECen aurrean, Bizkaiko metalgintzan deitutako greben deialdia berresteko; ekainaren 23 eta 30 eta uztailaren 1erako deitutakoak, hain justu.

BEC-en elkartu gara, eta bertatik manifestazioa egin dugu, Makina Erremintaren Azokaren inaugurazioa dela-eta. “Azoka honek, ustez, modernitatea eta aurrerapena irudikatzen ditu euskal industriaren esparruan, baina metalgintzako langileak gero eta pobreagoak gara bizitzaren garestitasunarekin”, adierazi dugu.

Enpleguan egonkortasun handiagoa nahi dutela aldarrikatu dute langileek: “Sektore guztiek subrogazioa bermatuta izatea lortu behar dugu. Bidezko deritzogunaren alde borrokatzen dugu, eta horregatik mobilizatu gara hemen. Eta horregatik goaz grebara Bizkaiko metalgintzan”.

Arabako Zaintzaileen Sarea jarri dugu abian, sektoreko langileen arteko zubiak eraiki eta euren lan baldintzen aldeko borrokak indartzeko

LABek Arabako Zaintzaileen Topaketak egin ditu gaur Gasteizko Santa Barbara plazan. Bertan, zaintzarekin lotutako hainbat sektoretako langile elkartu dira, adinekoen egoitzetakoak, gizarte esku-hartzekoak, etxeko langileak, etxez etxeko laguntzakoak, enplegu zentro berezietakoak, aniztasun funtzionaleko pertsonei arreta ematen dietenak edota aisialdiarekin lotutakoak. Langileek esperientzia trukaketa egin eta Arabako Zaintzaileen Sarea martxan jarri dute, sektoreko langileen arteko zubiak eraiki eta euren lan baldintzen aldeko borrokak indartzeko.

Gizarte zerbitzuetan edo zaintza lanetan dihardutenen lan baldintzen prekarizazioan, denok dugu zer egin, zaintza lanetako edota gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak garelako. Zaintzaren antolakuntza eta erantzukizuna gizarte osoarena da. Gaur egungo gizarte-zerbitzuen sistema erantzukizuna publikoa izan arren, zerbitzu gehienak pribatizatuta edo azpikontratatuta daudela salatzeko eta sektore guzti hauetako langileen lanbaldintzen prekarizazioa salatzeko, LABen Arabako Zaintzaileen Sarea abian jarri dugu gaur.

Erabat feminizatuak diren sektoreak, etxez etxeko laguntza, gizarte esku-hartzea, etxeko langileak, adinduen egoitzak, enplegu zentro bereziak, aisialdi edota aniztasun funtzionaleko sektoreetako langileen borrokak egituratze eta antolatze beharrari erantzunez garatuko dugun dinamika da Zaintzaileen Sarea.

Pribatizatutako zaintza zerbitzuetako zein langileen lan baldintzen prekarizazioa salatzeko, EAJren gizarte zerbitzuen kudeaketa eredua salatzeko eta patronal ezberdinek langileen lanbaldintzen hobekuntza ukatzen dituztela salatzeko martxan jartzen dugu Zaintzaileen Sarea.

Hego Euskal Herriko gainontzeko sindikatu guztiak interpelatzen ditugu, LABen abiarazten dugun dinamika honekin. Fronte sindikal zabala berregituratzea, ezinbestekoa da, egiturazkoaldaketak eragingo dituzten erabaki politikoak har dezaten, sistema kapitalista etaheteropatriarkala egungo gizarte-zerbitzu eta zaintza ereduan eusteari utz diezaion eta lanhoriek egiten dituztenen lan-baldintzak behin betiko duindu daitezen.

Gaur, Gasteizko Santa Barbara plazan antolatu dugun topagunean, LABen baitan antolaturik dauden langileak elkartu gara, elkar ikusteko, gainontzekoen bizipenak eta beharrak ezagutzeko eta, hurrengo ikasturtean zehar, prozesu honekin aurrera egingo dugula adierazteko.

Guzti honetaz gain, dinamika honen helbururik garrantzitsuena, zaintza lanak burutzen diren lantoki guztietan, suak piztea da; langileen arteko zubiak eraikitzeko, sektore hauen lan baldintza prekarioak garaitzeko eta batez ere, borrokak merezi duela sinisten dugunean, indartsuagoak garela adierazteko.

Ekintza sindikala bultzatuko dugu etxeko langileen negoziazio mahaia eratu eta hitzarmena sinatzea lortu arte, patronalak ezarritako mugak alde batera utzita

Confebask-ek negoziazio mahaia osatzeari uko egin ostean, EAEko etxeko langileen hitzarmen kolektibo bat lortzeko eman beharreko urratsak aztertu ditu sektoreko gure atal sindikalak. Etxeko langile guztientzat irekita egon da batzarra, 2019an abian jarritako hileko bileren dinamikaren baitan.

Batzarraren bukaeran, adierazi dute: “Etxeko eta zaintzako langileok hitzarmen kolek- tibo bat exijitzen dugu eta Confebaskek ukatu egiten digu. EAEn 28.000 etxeko eta zaintzako langile baldin badaude gizarte segurantzan altan daudenak eta milaka bat- zuk gehiago izkutuko ekonomian, enplegatzaileen kopuru berdina dago. Borrokan ja- rraituko dugu Confebask eseri arte. Batasun sindikala eta babes sozialerako deia egiten dugu”.

Negoziazio kolektiboa langileen eskubidea da, eta patronalak ezarritako mugei aurre egingo diegula jakinarazi dugu batzarrean. Bide honetan aliantzak ezinbestekoak direla jakitun gara, eta horregatik batasun sindikalerako eta babes sozialerako deia egitea berretsi dugu.

Patronalak ezarritako mugak alde batera utzita, LABek ekintza sindikala bultzatuko du negoziazio mahaia eratu eta hitzarmena sinatzea lortu arte. Zentzu honetan, Confebask juridikoki salatuko dugu eta auzitegietara eramango du, sektorean patronal jakinik ez dagoenez, Confebask legez behartuta baitago erantzukizuna hartzera.

Ekainaren 13an mobilizatuko gara, azken erailketa matxista salatzeko

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren oharra:

Gaur, 2022ko ekainaren 10a, Barakaldon 53 urteko gizon bat atxilotu dutela zioten komunikabideek albiste batekin jaiki gara. Gizon hori, ustez, 90 urteko amaren indarkeriazko heriotzaren erantzulea izango litzateke.

Beste behin ere, gure gizartearen egitura patriarkala agerian geratzen da gizon batek, kasu honetan bere amaren aurka erabilitako indarkeria erabiltzen duenean; eta gizonak ezkutatu egiten du, gainera, heriotza erorketa baten ondorioz gertatu zela, benetan gertatutakoa ezkutatuz.

Gainera, iturri ofizialen arabera (Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila), lesioen ondorioz emakumeak ez zuen behar zuen arreta medikoa jaso, eta apirilaren 26an eraman zuten ospitalera, oso larri bertan hil zelarik.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik gure herrian aurten gertatu den bigarren hilketa matxista hau salatzen dugu. Gure ustez, emakumeon aurkako indarkeria matxistaren erabilera da oraindik ere gizon askok erabiltzen duten arma gure kontra, baita familian bertan emandako indarkeria matxistaren kasuan ere.

Emakumeok* lehen eskutik dakigu zein arrisku dagoen etxe barruan eta gure bizitzetako espazio pribatuan. Eta mugimendu feministatik kalera irteten jarraitu besterik ezin dugu egin, gure bizitzak markatzen dituen egiturazko indarkeria hau salatuz, OMEk (Osasunaren Munduko Erakundeak) dioen bezala, planetako hiru emakumetik bati eragiten dion errealitate hori ahalik eta espazio gehienetan salatuz.

Era berean, erantzun kolektiboak eskatzen jarraituko dugu, bai erakundeei eta administrazio publikoei; are gehiago zerbitzu publikoekin eta, batez ere, bizitzaren zaintzarekin zerikusia duten zerbitzuekin, egun bizi dituzten atzerakadak ikusita.

Hala ere, Emakumeen Mundu Martxatik eta mugimendu feministatik, oro har, indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugu, eta aldarrikatzen jarraituko dugu, bizitza, zaintzak eta askatasuna ardatz bezala aldarrikatuz. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula.

Azken hilketa matxista horren aurrean, datorren astelehenean, ekainak 13, herri eta hiriburuetan egingo diren.