2026-01-21
Blog Page 313

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuok osasuneko eta gizarte sektoreetako langileak 60 urterekin erretiratzea egituratzeko eskatu diogu Madrilgo gobernuari

  • Hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, beren botoak eskubide hori onartzearen baldintzapean jartzeko eskatzen diegu Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei. Era berean, langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antola ditzatela edo azken urteetan murriztu direnak berreskura ditzatela eskatzen diegu Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei. Agerraldi telematiko bateratua eman dugu gaur.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileeentzat 2022an 63 urterekin penalizaziorik gabe erretiroa hartzeko eskubidea aitortzea eskatzen dugu, eta legegintzaldi honetan, 60 urterekin.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana erakunde sindikalek, osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako profesionalek, esparru publikokoek eta pribatukoek, berehala 63 urterekin erretiroa hartzeko duten eskubidea errespeta dezala eskatzen diogu gobernuari, betiere eskatutako denbora kotizatu badute, eta legealdi honetan 60 urterekin ohiko erretiroa lortzeko behar diren lege-aldaketak negoziatu ditzala.

Ildo horretan, Madrilen ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatzen diegu, gai horri lehentasuna eman diezaiotela eta, datozen aurrekontuak onartzeari begira, gizartearentzat funtsezkoak diren langile horiekiko konpromiso argia erakutsiz beren botoak eskubide hori onartzera baldintza ditzatela.

Era berean, Galizako, Hego Euskal Herriko eta Kataluniako gobernuei eta administrazioei eskatzen diegu langile horien erretiro aurreratua errazteko mekanismoak antolatu edo azken urteetan murriztuak izan direnak berreskura ditzatela, hala nola erretiro aurreratuko primak.

Gizarte Segurantzaren arloko egungo legeriak, 63 urterekin erretiro aurreratua hartzeko eskubidea aitortzen die Gizarte Segurantzako edozein erregimenetan sartuta dauden langileei, betiere 38 eta 44 urte eta 6 hilabete bitartean kotizatuta badituzte eta adina, gehienez ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den adina baino bi urtetik beherakoa bada.

Baina eskubide horren artikulazioak berekin dakar pentsioaren zenbatekoari %21era irits daitezkeen eta 65 urte betetzean berreskuratu ezin diren murrizketa-ehunekoak aplikatzea.

Gizarte Segurantzaren arloko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legeak aurreikusten duenez, lan nekagarria, toxikoa edo arriskutsua duten talde edo jarduera profesionaletarako, kategorietarako eta espezialitateetarako 65 urteko gutxieneko adina errege-dekretu bidez jaitsi ahal izango da. Halaber, txandakako lanaren ondorioak (gaueko txandetan lan egiteagatiko nekea) eta egiten den lana gauzatzeko ahalegin fisikoa kontuan hartuko dira.

Osasun-arloko eta sektore soziosanitarioetako langileentzat, Gizarte Segurantzaren sistemako edozein erregimenetan sartutakoak barne, aurten 63 urterekin erretiroa penalizaziorik gabe hartzeko eskubidea gauzatzeko 40/2007 Legea aplikatzea eskatzen dugu.

Arauan jasotako kotizazio-aldiak dituzten eta kotizazio-baldintza betetzen duten osasungintzako eta sektore soziosanitarioetako langileek, erretiroa egungo legeriak ezarritako penalizaziorik gabe hartu ahal izatea eskatzen dugu. Eta, gainera, genero-osagarria jasotzea.

Neurri horrek 40/2007 Legean oinarritutako Errege-dekretu bat onartzea baino ez du eskatzen. Hori dela eta, CIG, ELA, LAB eta Intersindical Catalana sindikatuek Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoekin biltzea eskatuko dugu, eskatutakoa onartzeko behar den babesa lortzeko. Parlamentuko egungo aritmetika ikusita, zuen botoak erabakigarriak dira, eta horregatik, hurrengo aurrekontuak onartzeari begira, gai hori lehenestea eskatzen dizuegu.

Era berean, gobernuari eskatzen diogu, legegintzaldi honetan, eremu publikoko eta pribatuko osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko langileek 60 urterekin erretiroa hartzeko eskubidea onar dezala, eta eskubide hori ez dezatela langileen eskubideak inola ere urratu ezin dituzten erabaki politikoen mende dagoen egungo edo etorkizuneko plantillen plangintzarekin lotu.

Batez besteko oso adin altua (50 urte baino gehiago) eta lan egiteko baldintza penagarriak dituzten plantillen aurrean gaude; izan ere, azken urteetan aplikatutako zerbitzu publikoen murrizketa-, pribatizazio- eta desegite-politiken ondorioz, ezinbestekoa da eskubide hori egituratzea.

Osasungintzan eta sektore soziosanitarioetan profesional faltaren egungo egoera azken 10 urteetan egindako osasun-plangintzaren ondorioa da. Langile kopurua murriztean, lanpostuak kentzean eta zerbitzu publikoak argaltzean eta pribatizatzean oinarritutako plangintza, gizarteak kalitatezko prestazioa jasotzeko duen eskubidea zalantzan jarriz.

CIG, ELA, LAB eta Intersindical catalana sindikatuek legegintzaldi honetan 40/2007 Legea aldatzeko negoziazio-prozesua ireki dadila eskatzen dugu, 60 urte beteta eta 35 urte kotizatuta dituztenean aplikazio-eremu horretan dauden langileek erretiroa hartzeko aukera izan dezaten.

Horretarako,  osasun-arloko eta sektore soziosanitarioko, arlo publikoko eta pribatuko profesionalek 60 urterekin ohiko erretiroa hartzeko duten eskubidea aitortzera bideratutako negoziazio-prozesu horri babesa eman diezaiotela eskatuko diegu Espainiako parlamentuan dauden erakunde politikoei.

Aurreakordioa sinatu dugu Gipuzkoako Papergintzan #LortuDugu

Akordio honek aurrerapauso handiak ekarriko ditu sektoreko langileentzat:

-Soldata igoerak, lehen bi urtean KPI bermatzen da eta beste bi urtetan KPIaren gainetik igoerak.

-KPIa negatiboa bada, bere balioa ez da kenkari bezala hartuko soldata igoeretan.

-Baimenak: genero indarkeriari lotutako baimen berria. Bikote zein seme-alaben heriotzakasuetan, lehen lanegunetik hasiko da baimena.

-Errelebo kontratua:

Egun indarrean dagoen “industrias manufactureras” delako Errelebo kontratua berrituko balitz hau baldintza berdinetan aplikatuko da. Lege hontatik kanpo geratzen diren langileei Errelebo Kontratu arrunta burutzea derrigorrezkoa izango da langileak hala eskatuz gero.

Lege hau berrituko ez balitzlangile guztientzat Errelebo Kontratu arruntaburutzea derrigorrezkoa izango da enpresentzat langileak hala eskatuz gero.

-Hitzarmen osorako ultraktibitate mugagabea baita anexoentzako ere.

LABek oso positiboki baloratzen du Aurreakordio hau, langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, baimenetan aurrerapausoak ematen direlako eta batez ere langile guztiei Errelebo Kontratuan sartzeko aukera ematen dielako.

Datorren astean burutuko diren Langile Asanbladetan Aurreakordio honi baiezkoa ematen bazaio Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena Uztailaren 22an sinatuko da.

Langileek urteetan erakutsitako borrokarako prestutasunari esker lortu dugu Akordio hau lortzea beraz LAB sindikatutik Gipuzkoako Papergintzako langile guztiak zoriondu nahi ditugu.

Lan erreformari aurre egiteko proposamenak helarazi dizkiegu aurka bozkatu zuten Euskal Herriko alderdiei, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari

Urte hasieran Espainiako Kongresuan onarturiko lan erreformak ez zituen konpondu langileriaren arazo nagusienak, ezta 2012ko lan erreformaren neurri atzerakoienak indargabetu ere. Euskal Herrian erreformaren neurri okerrenei muga jartzeko aukera daukagu, eta LABek horri begirako proposamena garatu du. Bi patronalei aurkezteaz gain, Euskal Herriko alderdiei dagokienez, Euskal Herria Bildu eta Eusko Alderdi Jeltzalea izan ziren aurka bozkatu zuten alderdi bakarrak eta eurei ere aurkeztu diegu proposamena.

Hauxe da aurkeztu diegun dokumentua:

Urtarrilean bertan esan genuen euskal bide orri bati ekiteko momentua zela, izan ere, ez zen kontraerreformarik egon, CEOEren garaipen bat baizik: ez zen indargabetu aurreko lan erreforma eta neurririk atzerakoienak bere horretan mantendu ziren. Orduan ere, lan erreformaren aplikazioa oztopatu behar genuela genion eta Euskal Herrian bertan borrokatu behar genuela langileriak beharrezkoa duen eraldaketa sakona. Bide horretan proposatu genuen Euskal Herrirako Lan kode proposamena.

LABek lanean jarraitu du azken hilabete hauetan ere. Egoerak eskatzen duelako, langileriaren pobretzea egunez egun zabaltzen ari den errealitatea delako, lan erreforma desaktibatzeko eta langileriaren lan eta bizi baldintzak hobetzeko akordioak lortzeko garaia dela uste dugu. Bide horretan, CEN eta Confebask patronalei proposamen zehatza helarazi genien, materia zehatzeko bost akordioren bidez Hego Euskal Herriko langileon gutxieneko lan baldintzen bermea adosteko helburuz. Azaroan jaso zuten gure proposamena eta oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso euren aldetik. Akordio horiek sinatzeak langileon lan baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko luke, horregatik, bi patronalei geure eskakizunei entzungor egiteari utzi eta akordioen aldeko jarrera hartzeko deia luzatzen diegu.

Jakin badakigu ordea patronalak ez direla euren kasa mugituko, jendartearen eta instituzioen presioa sentitzen ez badute ez behintzat. Horregatik erabaki genuen Euskal Herriko alderdi, instituzio zein eragile sindikal eta sozialekin ere gure proposamena konpartitzea. Espainiako Estatuko Kongresuan lan erreformaren aurka bozkatu zuten alderdi politikoei aurkeztu diegu batetik (Euskal Herria Bildu eta Eusko Alderdi Jeltzalea), baita Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere, gure proposamenaren inguruko euren posizionamendua eta babesa eskatuz, eta euren jarrera akordioen aldekoa izatea espero dugu.

Datozen hilabeteetan ere, gehiengo sindikala osatzen duten gainerako sindikatuei eta eragile sozialei gure proposamena azaldu eta akordio horiek gauzatzeko lanean jarraituko dugu. Akordio zabalak osatzeko garaia da, lan erreformari langileon eskubideak defendatuz aurre egitekoa. Euskal Herrian egingo dugu Madrilen posible ez dena!

Confebask etxeko langileen EAEko lehen hitzarmena negoziatzera behartuta dago

Gaur mobilizazioa egin du dugu Confebasken egoitzaren aurrean, etxeko langileentzako hitzarmena eskatu eta honen inguruan EAEko patronala izaten ari den jarrera salatzeko. Sindikatuaren ekimenez, ekainaren 9an egin zen hitzarmenaren negoziazio mahaia eratzeko bilera Bilboko Lan Harremanen Kontseiluan, etxeko langileen EAEko lehen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko abiapuntua. Egun horretan Confesbakek uko egin zion etxeko langileen baldintzak negoziatzeari eta horren ondorioz, demanda bat erregistratu zuen LABek Confebasken aurka, etxeko langileen negoziazio kolektiborako eskubidea urratzeagatik.

Kontziliazioa urriaren 4an egingo da eta honen aurrean LABek jarrera argia dauka: Confebask etxeko langileen EAEko lehen lan hitzarmena negoziatzera behartuta dago. Honen aurrean, bide juridikoa lantzeaz gain ekintza sindikala ere indartuko du LABek. Gainera aliantzak sendotuko ditu, mugimendu sozial, feminista eta gainontzeko sindikatuekin.

Asteasuko Siemens Gamesako langileek lanuzteak hasi dituzte enpresaren etorkizuna eta berau kokatuta dagoen GET dibisioarena airean daudelako

Asteasuko lantegia Siemens Gamesako GET dibisioaren barruan kokatuta dago eta 200 langile ditu. LABeko 7 ordezkarik eta independiente 2k osatzen dute enpresa-batzordea. Atzo, uztailaren 11n egindako batzarrean, langileek bost egunez lanuzteak egitea erabaki zuten, enpresaren etorkizuna airean dagoelako. Gaur, bihar eta etzi txanda bakoitzean ordubeteko lanuztea egingo dute (hiru txandetan egiten dute lan) eta uztailaren 18 eta 19an, ordu biko lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean.

Siemens Gamesaren salmenta posiblearen aurrean duten ziurgabetasunaren ondorioz, langileek lan postuen bermea, lan baldintzak mantentzea eta Asteasuko plantarako plan industrial bat exijitzen dizkiote enpresari.

LABek ere proiektuaren etorkizunari buruzko kezka azaldu die Eusko Jaurlaritza eta gainerako instituzioei eta enpleguaren, teknologiaren eta ekoizpen guneen defentsan jarrera tinkoa izateko exijitzen die.

Bat egiten dugu Mugak Zabalduz Pirinioak-Alpeak 2022 karabanarekin eta bertan parte hartzeko deia egiten dugu

LABek bat egiten du Mugak Zabalduz, Pirinioak-Alpeak 2022 Europako eta nazioarteko karabanarekin, eta bertan parte hartzera deitzen du, bereziki uztailaren 15ean eta 16an Irunen eta Hendaian egingo diren jardueretan.

Mugetan eta lurraldeetan gertatzen ari dena guztiz lotsagarria da. Arduradun politikoak ditu eta helburu zehatzei erantzuten die. Hori berresten dute Espainiako eta Marokoko gobernuek sinatu berri duten itunak eta NATOk ekainaren 30ean Madrilen egindako goi-bileran lortutako akordioek. Gobernu inperialistak eta kapital global korporatiboa elkarlanean aritzen dira. Aukeren bila migratzen duten milaka pertsonen bizitzak potentzien arteko trukerako txanpon bihurtzen dira.

Gotorleku bihurturiko Europa eta Espainiako eta Frantziako gobernuak historiako sarraski odoltsuenetako baten konplize dira. Tarajal gehiago ez, Nador-Melilla gehiago ez, Bidasoa ibaian hildako gehiago ez.

Europako eta estatuetako migrazio-politikak, mugen militarizazioa, migratzaileen oinarrizko eskubideen urraketa, atzerritarrentzako barneratze-zentroen ugaritzea eta elkartasunaren kriminalizazioa goranzko joera global baten parte dira, eta geldiarazi egin behar ditugu. Neo-faxismoak eta eskuin berrituak lekua hartzen ari dira gobernuen diskurtsoetan eta politiketan.

LABek EZ esaten die arrazakeria sozialari, instituzionalari, judizialari eta segurtasun-indarrenari. Erakunde sozio-sindikal gisa Euskal Herria Harrera Herrian sinesten dugu, eta norabide horretan praxi sindikal antirrazista baten alde lan egiten dugu, pertsona langile eta prekario guztien eskubideak egunero defendatu eta sustatuko dituena, azalaren kolorea edo atzerritarren estatusa edozein dela ere.

Enplegurako eta harrerarako aukera eta baldintza duinak eskatzen ditugu beren bizitzak Euskal Herrian garatzea erabakitzen duten pertsonentzat, eta baita bidaia jarraitzea erabakitzen dutenentzat, bidean hil ez daitezen. Ezetz esaten diogu Irun-Hendaia banatzen dituen heriotzaren muga inposatuari. Azken urtean salatu dugu arraza-profilaren araberako kontrolekin, militarizazioarekin eta itzulketekin gertatzen dena. Harrerako azpiegitura publikoak exijitzen dizkiegu administrazioei.

Mugetan heriotza gehiagorik ez. Pertsonen mugikortasunerako igarobideak eta bide seguruak. Guztientzako aukerak eta eskubideak. Erregularizazioa orain.

Gora herrien arteko elkartasun antolatua. Gurekin ezingo dute!

Arabako kirol jardueretako hitzarmen berria sinatu dugu #LortuDugu

Gaur, uztailaren 11n, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok eta enpresen elkarteak 2020- 2023 urteetarako Arabako Kirol Jardueren Hitzarmen Kolektibo berria sinatu dugu. Joan den maiatzean lortu genuen akordio ekonomikoaren ondoren, zeinarekin negoziazioa desblokeatu baitzen, gaur hitzarmen berria izango denaren akordio osoa sinatu dugu.

LAB sindikatuak sektoreko langileak zoriondu nahi ditu; izan ere, gure ustez, akordio oso ona lortu dugu, eta horrek aurrerapauso garrantzitsuak dakartza gure lan-baldintzetan; hitzarmenak KPIaren arabera eguneratzen ditu gure soldatak; sektoreko gutxieneko soldatak 1.200 euro garbiak gaindituko ditu; esperientzia eta zerbitzuan emandako urteak saritzen duen antzinatasun-plus bat lortzen dugu; urteko lanaldia 55 ordura arte murriztuko da kategoria batzuetan; lan zentroen arteko joan-etorriak mugatzen dira; koadranteen hautaketa arautzen da; subrogazio eskubideari berme gehiago ematen zaizkio; barne promozioak arautzen dira,…

Azpimarratu behar dugu akordio hau sektoreak burututako antolaketaren eta borrokaren emaitza izan dela. Horregatik, beste behin ere, negoziazio prozesu honetatik atera behar dugun ondorioa da, ausardiaz, antolaketaz eta borrokaz, langileriak markatzen dituen helburuak lortu ditzakeela.

“Sindikatu antirrazista baterantz”, Eñaut Aramendi eta Josefina Roco “Txefi” elkarrizketatu ditugu

Jarraian duzue Eñaut Aramendi eta Josefina Roco, “Txefi”-ri, egindako elkarrizketa. Aramendi uztailaren 7an atxilotu zuen poliziak Urruñan, kotxean hiru migrante zeramatzala eta Roco, X Biltzar Nagusiaren ondoren sindikatuak sortu berri duen Idazkaritza Antirrazistako arduraduna da.

Uztailaren 7arekin batera atxilotua izan zinen, Eñaut. Lehenik eta behin, nola zaude? Nola daude zurekin batera atxilotutako hiru lagunak? Nola, non eta zergatik atxilotzen zaituzte gendarmeek?

Uztailaren 7an, goizeko 8etan atxilotua izan nintzen eta 7 ordu pasa nituen komisaldegian galdezkatua izateko. Egia esateko, ni oso ongi nago eta oso lasai. Aldiz, nirekin ziren hiru gazteen berririk ez dut. Elkarrekin denbora oso gutti ukan dugu eta ez dugu denborarik ukan izenak edota telefonoak elkar trukatzeko ere. Soilik badakit bi Txadetik heldu zirela eta hirugarrena Sudanetik. Pentsatzen dut berehala berriz saiatu zirela muga pasatzen eta segur aski lortu dute eta haien bideak segitzen ari dira nonbaiten.

Uztailak 7an, ostegunez, goizean goiz mezu bat jaso nuen esanez etorkin batzuk zeudela Urruña inguruan bide bazterrean eta laguntza behar zutela Baionara joateko. Haien bila joan nintzen eta Baionako bidea hartu genuen elkarrekin. Justu kilometro bat egin eta gero konturatu nintzen polizia sekretuaren auto batek segitzen gintuela eta oso fite gelditu gintuen. Argi eta garbi zen gelditua izan nintzela etorkinak eramaten nituelako nire autoan.

Atxiloketa hau ez da gaiari lotua ematen den lehena.

Egia da. Azken hilabete hauetan pertsona asko atxilotuak izan dira. Batzuk, justu kontrolatuak izan dira, poliziek etorkinak hartzen dituzte haiekin eta gidaria libre uzten dute. Niri, esate batera, bi aldiz gertatu zait hori.

Beste batzuk, komisaldegira eraman izan dituzte, kontrolatzeko eta presionatzeko pixka bat eta aski fite libratzen dituzte mehatxatuz ondoko aldian GAV (“Garde A Vue”) bat izango dela eta ondotik epaitegira eramanak izango direla erranez.

Edo bukatzeko, niri gertatu zaidan bezala azken aldi honetan, GAVan sartu, galdezkatu eta ordu batzuetan atxikitzen zaituzte komisaldegi batean. Batzuek 24 ordu pasa dituzte komisaldegian.

Txefi, X. Biltzar Nagusian Idazkaritza Antiarrazistako arduradun gisa hautatua izan zara. Zergatik eta zertarako idazkaritza antiarrazista?

Arrazakeriaren aurkako sindikalismoaren idazkaritza oso erronka garrantzitsua da. Langile migratuek eta arrazializatuek enpleguaren munduan bizi dituzten diskriminazio zehatzei aurre egitea ahalbidetuko duen tresna zehatz bat eraikitzearen alde lan egingo dugu. Horretarako, langile horien errealitate zehatzei erantzungo dieten baldintzak sortzea da erronka, erakunde gisa asko ikasten ari garen subjektu aktiboak diren aldetik, sindikatua langile guztientzako tresna gisa zabalduz. Langile migratuak eta arrazializatuak Euskal Herrian prekarizatutako langile klasearen parte dira, eta funtsezko lanak egiten dituzte sektore garrantzitsuetan; sindikatu gisa ezin dugu beste alde batera begiratu, eta norabide horretan urratsak emango ditugu, urrats txiki baina sendoak.

Sindikalismotik zein ekarpen egin dakioke langile migratu eta arrazializatuek bizi duten problematika berezituari?

Gure sindikalismo soberanista, feminista, klasekoa eta trantsizio ekosozialaren aldeko apustua egiten duena da; arrazakeriaren aurkakoa ere izango da, edo ez da izango. Antirrazismoaren betaurrekoak jartzeak esan nahi du prozesu bat maila askotan egiteko borondate politikoa izatea, eta horretaz kontziente izateak guztiak inplikatuko gaitu. Gure tokitik, erakunde soziosindikal gisa, bide luzea dago egiteko zentzu horretan: prestakuntza, lan-osasuna, aholkularitza, interpelazio juridikoa, ekintza sindikala eta antolaketa kolektiboa, gizarte-kolektiboekiko sareak eta aliantzak, eragin soziala eta politikoa; guztiak dira antirrazismoaren betaurrekoetatik landuko ditugun ertzak. Gai asko zabaltzen dira, eta pixkanaka, errespetuz eta erantzukizunez landuko ditugu.

Eñaut, Bidasoaren mugaren bi aldeetan gero eta zabalagoa da elkartasun antolatua migrazio prozesuan dauden pertsonei haien ibilbidea seguruago egiteko. Zein da zuen esperientziatik bertan bizi den egoera?

Bai, elkartasun talde desberdinak daude. Azken urte honetan, urgentziazko taldeak indartu ditugu. Etorkinak Irungo Gurutze Gorrian sartzen direnean, soilik 3 egun egoteko aukera dute. Kriston presioa jasotzen dute eta ez dute aukera askorik. Lehenbailehen ospa egin behar dute, Iparraldean sartu eta lehenbailehen Baionako harrera lekura iritsi nahi dute. Harrera gune horretan ere beste 3 egunez egoten ahal dira eta gero gehiengo batek Paris, Marseilla, Nantes, Lyon, Inglaterra, Alemania etabar dute helburu.

Guk egiten duguna aski sinplea da. Hendaiatik Baionara egiten duten bidea ahalik eta seguruena izan dadin laguntzen ditugu gehienak. Haiekin hitz egiteko ditugun minutu gutti horiek erabiltzen ditugu informazio guztiak pasatzeko, eta saiatzen gara haien eskubideak zein diren ere informatzeko. 

Egunero pertsona berri batzuk gurutzatzen ditugu, laguntzen ditugu, eta egunero “anekdota” berri bat dugu kontatzeko.

Ezin dugu gelditu ezer egin gabe, ezin ditugu begiak itxi, baina aldi berean ere badakigu oso ondo hiri handi horietara joaten direnean prekarietate gorrira joaten direla asko eta asko.

Hau da gure buruari beti egiten diogun galdera: Ea laguntzen ditugun uzten ditugunean joaten? Erantzuna ez da BAI edo EZ! Gehienek dioten bezala, haien erabakia da joatea eta haien bidea segitzea. Hori errespetatuz, guk egiten dugun ekarpen txiki honen bitartez laguntzen ditugula diote, eta eskertzen dizute gainera!

Hau da hemen bizitzen dugun egoera.

Eta amaitzeko, biei galdera, zeintzuk dira hurrengo hilabeteerarako LABek dituen erronkak borroka antiarrazistari begira eta pertsona migratu eta arrazializatuen eskubideen alde?

Eñaut: Nire ustez, segitu behar dugu beste eragile desberdinekin lan egiten edozein pertsona migrante jasotzeko guk dugun eskubide eta betebeharren berri emateko. Bide seguruak izateko borrokatu behar dugu eta horrela ez den bitartean, gure autoetan hartu eta etxeko ateak ireki behar ditugu. Bukatzeko sindikatu bezala, hemen egon nahi duten pertsona migrante guztiak bizi duin eta bizigarria izateko duten eskubideen alde borrokatu behar dugu. Horrek suposatzen du, besteak beste, lege batzuk aldatu beharra, esaterako lanari eta erregularizazioari dagozkienak, adibidez.

Txefi : Uste dut hori dela orain eta etorkizunean dugun erronka nagusietako bat. Faxismoaren, esplotazioaren eta arrazakeriaren hedapenaren aurrean, erantzuna eman behar dugu, eta Euskal Herrian bizi-aukera eta elkartasun antolatuko lurraldea ahalbidetu. Sindikatu gisa, badakigu asko dagoela ikasteko eta desikasteko. Ez gara hutsetik abiatzen, LAB den etxe honetako txoko askotan badira kideak lan ikaragarria egiten ari direnak. Orain, dimentsio integrala eman behar zaio, egitura osoaren mailakoa. Badakigu bidean korapiloak eta zailtasunak aurkituko ditugula, akatsak ere egin eta egingo ditugula, malgutasunez eta irekitasunez bideratzen ikasi beharko dugu. LABek ekarpen handia egin behar ahal die langile askori, eta, zalantzarik gabe, prozesu horren barruan guztiak haziko gara erakunde, militante eta pertsona gisa.

Langileentzako onuragarria den proposamen baten aurrean gaude Gipuzkoako papergintzan

Gaur, uztailaren 11n, Gipuzkoako papergintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiaren bileran aurrerapauso handiak ikusi ditugu. Sektorean 1.000 langile inguru daude lanean eta hauen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena berritzeko negoziaketetan gaude urte hasieratik. 7 hilabete geroago, LABentzat langileentzako onuragarria den proposamen baten aurrean gaudela uste dugu.

Ekainaren 27an, LABek eta CCOOk elkarrekin proposamen berri bat jarri genuen mahai gainean eta horren ondorio da ADEGIk gaur ekarri duena.

Proposamen honek aurrerapauso handiak ekarriko ditu sektoreko langileentzat:

  • Soldata igoerei dagokienez, lehen bi urtetan KPI bermatzen da eta beste bi urteetan KPIaren gaineko igoerak.
  • KPIa negatiboa bada, bere balioa ez da kenkari bezala hartuko soldata igoeretan.
  • Baimenei dagokienez: genero indarkeriari lotutako baimen berria lortu da. Bikote zein seme-alaben heriotza kasuetan, lehen lan-egunetik hasiko da baimena.
  •  Errelebo kontratuari dagokionez, egun indarrean dagoen manufaktura-industrietako errelebo kontratua berrituko balitz hau baldintza berdinetan aplikatuko da. Lege honetatik kanpo geratzen diren langileei errelebo kontratu arrunta burutzea derrigorrezkoa izango da langileek hala eskatuz gero. Lege hau berrituko ez balitz, langile guztientzat errelebo kontratu arrunta burutzea derrigorrezkoa izango da enpresentzat langileak hala eskatuz gero.
  • Hitzarmen osorako ultraktibitate mugagabea, baita anexoentzako ere.

LABek oso positiboki baloratzen du negoziaketa luzeen ondorio den azken proposamen hau, langileen eros ahalmena bermatzeaz gain, baimenetan aurrerapausoak ematen direlako eta batez ere langile guztiei errelebo kontratuan sartzeko aukera ematen dielako.

Gaur mahai gainean dugun proposamen hau ondo aztertu eta uztailaren 15ean aurreakordioa sinatzeko prest agertzen gara. Ondoren, langileen batzarretan berretsi beharko da akordio hau eta langileek hala erabakitzen badute, sinatu egingo da.

Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu langileei LABengan duten konfiantza irmoagatik. Haien indar eta konpromisorik gabe akordio hau ezinezkoa litzateke.