2026-01-13
Blog Page 310

Mercedes-eko langileei iruzurra egin diete Eusko Jaurlaritzak, zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak atzo egindako adierazpenen ondoren, LABen ustez argi geratu da erakundeek, enpresako zuzendaritzak eta sindikatu sinatzaileek Mercedeseko langileak engainatu nahi izan dituztela. Asteleheneko bozketaren emaitza eta inbertsioak faltsuki batu nahi izan dituzte, xantaia gisa erabili nahi izan dute, plantilla egiten ari zen borroka baldintzatu eta aldarrikapenak lausotzeko.

Asteleheneko bozketaren ondoren, atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramailea adierazpen harrigarriak egin zituen: emaitza gorabehera multinazionala “konbentzitu” behar zela Gasteizko lantegian 1.200 milioi euroko inbertsioak egin zitzan. LABek oso larritzat jotzen ditu adierazpen horiek, erakusten baitute inbertsioak eta bozketaren emaitza batzen zituztenek bozketa baldintzatzeko baino ez zutela egiten, langileak presionatuz eta plantilaren borroka desaktibatzeko.

Argi dago asko zela jokoan zegoena, eta ez hain zuzen lantegiaren bideragarritasuna. Askok ikusi dute Mercedesen borrokan klase-interesen kontu bat, eta lerrokatu egin dira fabrikako zuzendaritza, erakundeak, hitzarmen-sindikatuak, patronala, komunikabideen zati bat, patronala… Mercedeseko langileen borroka baldintzatu eta geldiarazteko makineria oso bat jarriz: zuzendaritzaren xantaiak, sindikatu sinatzaileen presioak, euskal erakundeen presioak lehendakaria buru dela baita komunikabide batzuena, patronalarena, arduradunek mehatxuak langileei, batez ere ebentualei, sistema telematiko bat inposatzea hori guztia justifikatzen zuen inolako arrazoirik gabe, bozka telematiko horren filtrazioa gaueko txandak bozkatu aurretik… Denak balio izan die. 

Mercedeseko langileek, besteak beste, erosteko ahalmena ez galtzea eta kontratazio berriei prekaritate handiagoa eta 12 orduko lanaldiak ez ezartzea aldarrikatzen zituzten. Gaur egun, inork ezin du esan zergatik ziren aldarrikapen horiek Gasteizko lantegiaren bideragarritasunerako arriskutsuak, 2021ean 62 milioi euroko irabaziak izan eta 265 milioi euro dibidenduetan banatu ondoren. Beraz, sektore askok borroka hori gelditzeko interes estrategiko bat zuten, plantillaren erosteko ahalmenari eustea ez gauzatzeko, bizitzaren kostua asko igotzen ari zen une batean.

Hala eta guztiz ere, tailerreko langile gehienek makineria horri guztiari aurre egin diote, eta lortu dute akordio horri uko egitea gehiengoa izatea plantillaren zati horren artean, azken emaitzan hitzarmenetik kanpoko langileen botoa erabakigarria izan den bozketan.

Nolanahi ere, LABek uste du borroka-prozesu osoa aztertu behar dela, eta, zentzu horretan, balorazio positiboa egiten dugu garatutako borrokaz, historikoa izan baita: ia erabateko greba-egunak, ekoizpena geldituta, langileak kalean… Zentzu horretan, gauza bat ukaezina da: 6. gauarekiko eta soldata-igoerekiko aurrerapenak ez dira lortu zuzendaritzaren eskuzabaltasunagatik, ez sindikatu sinatzaileen jarrera otzanagatik, ezta Urkulluk Alemaniara egindako bidaiagatik ere, plantillaren borrokari esker baizik.

Borroka horrek Gasteizko Mercedesen etorkizuna markatu duela uste dugu, ezer ez baita berdina izango: langileak ahaldundu egin dira, sinesten dutenaren alde borrokatu dira, eta jada ez dira posible izango pasteleoak negoziazioetan, non eskubideak galtzen diren etengabe, orain arte bizi izan dugun bezala. Horri dagokionez, oraindik ere eskatzen dugu irizpide objektibo batzuk adostea kontratuak mugagabe bihurtzeko, emakumeak bezalako kolektiboen diskriminazioa saihesteko eta faboritismo-susmoekin amaitzeko.

Horregatik guztiagatik, berriz ere zorionak eman nahi dizkiegu baldintza duinak izatearen alde borrokatu diren langileei, egungo eta etorkizuneko langileentzat borrokatu baitira, langile klasearen borrokari ekarpena eginez, beste enpresa eta sektore batzuentzat eredu bihurtu baitira. Era berean, borroka hori babestu dutenak ere zoriondu nahi ditugu, langileen familietatik hasi eta borroka horrekin bat egin duten beste enpresa eta sektore batzuetako ordezkari eta kideenganaino. Borrokaren garrak piztuta jarraitzen du eta aktibatu egingo da beharrezkoa denean. Mercedesen, bozketaren emaitza orokorra gorabehera, duintasunak irabazi du.

Enpleguko Pentsio Plan eta Fondoen Legeak pentsio sistema publikoa ahuldu eta langileriaren arteko arrakalak handituko ditu

LABek banaketa sisteman oinarrituko den pentsio sistema publiko indartsu baten aldeko apustua egiten du pentsiodun guztien bizitza duina bermatzeko bide bezala. Bide horretan aldarrikatu dugu euskal pentsio sistema publiko propio bat, Gizarte Segurantzarako lege propioaren proposamenean jasoz.

Ekainaren 30ean, ordea, Espainiako Estatuko kongresuan onartu zen legeak kontrako norabidean jarri gaitu: kapitalizazioan oinarritzen den eredu pribatuari atea ireki eta berau orokortzeko zutabeak ezarri dituzte. Beraz, onarturikoa ez da aldaketatxo bat izan, orain arte, guztiz ahulduta egon arren, indarrean mantendu den eta elkartasun zantzuak izan dituen pentsio sistemaren norabide aldaketaren lehen urrats gisa uler dezakezu, gelditzeko geratu den aldaketa gisa alegia.

Legea onartu izana pentsiodunen eta oro har langileria guztiaren kalterako izango dela uste dugu. Izan ere honako aldaketak jasotzen ditu:

– Banaketa sistema huts batetik kapitalizaziorako aldaketa. Elkartasun sistema batetik, erabat ez  nahikoa izan arren elkartasun mekanismoak badituen batetik, norberaren aurrezkien araberako sistema batera. Gainera, ez da inolako birbanaketa mekanismorik ezartzen, pentsio murritzenak dituztenei beste guztien baldintza berberak ezarriz.

– Langileen arteko arrakalak handitu.

  • Ekarpenek kenkari fiskalak izango dituzte, baita gizarte segurantzako kotizazioetan murrizketak ere. Ondorioz, diru publikoarekin, langile guztien diruarekin (pentsio plan bat duenaren eta ez duenarenarekin) finantzatuko dira hein handi batean. Horrek langileon artean dauden arrakaletan sakontzen lagunduko du. Izan ere, egoera kalteberenean dauden langileak izango dira pentsio plana izateko aukera gutxien izango dutenak, gainerako langileen pentsio planen finantzaketa euren gain ere hartuz.
  • Langile askok uko egin beharko diote pentsio plan hauek izateari -eta legeak hori egitea ahalbidetzen du- egungo euren soldatek margen gutxi dutelako etorkizuneko balizko pentsioei ekarpena egiteko. Horrez gain, negoziazio kolektibotik kanpo dauden langileak (etxeko langileak zein bestelako sektore batzuk) plan hauetatik kanpo geratuko dira.
  • Ez da zehazten enpresa eta langileen artean nola banatuko diren ekarpenak, posible izanik enpresaren ekarpena txikiagoa izatea. Gainera, hitzarmenetan langileen artean ere ekarpen desberdinak egitea ahalbidetu daiteke, arrakalak handitzeko tresna paregabea sortuz.
  • Gainera, urtez urte erosahalmena galtzen ari den langile belaunaldiak euren etorkizuneko pentsioa eta egungo pentsiodunena finantzatu beharko du.

– Estatalizazioan izugarrizko urratsa emango da. Nafarroak ez du pentsio plan propioak garatzeko eskumenik, beraz, bertako langileei Estatu mailan erabakitako eredua ezarriko zaie. EAE-n eskumen zabalagoak izanik, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Elkarteen (BGAE) ereduarekin elkar-bizi daitekeen eredua ezarriko dela dirudi, garapena zein izango den ikusteke, bertako enplegu planen ordez Estatu mailakoa hautatzeko aukera irekitzen baita legean.

– Entitate pribatuen esku utziko da planen gestioa, non eta ustelkeriaren estatuan. Langileen pentsioekin negozioa burutuko dute finantza erakundeek.

– Ez da zehazten erreskatea errenta bidez egiteko betebeharra, beraz, kapital moduan erreskatatzeko aukera egongo litzateke,pentsio planen helburua erabat desitxuratuz. Pentsioak osagarritzeko helburua aldarrikatzetik, aurrezki produktu izatera pasa daitezke.

– Europar Funtsek baldintzaturiko neurrietako bat da sistema publikoaren eraispena eta langileon aurrezkiak kapitalizazio eredu pribatizaturako bidea egitea. Behin baino gehiagotan adierazi dugu funts hauen norabidea zein ezarritako baldintzak langileon bizkarrean inposatu nahi direla eta honakoa adibide berri bat baino ez da.

– Pentsio pribatuak modu orokortuan bultzatzeko legea da onartu dena eta bigarren urratsa pentsio publikoak ahultzea eta kaltetzea izango da. Eredu honekin arrakaletan sakonduko dugu, gutxieneko pentsio duin bat lortu ahal izateko aldarria gero eta urrunago geratuz. Salatu izan dugun moduan, pentsio sistema publikoaren eraispena tantaka gauzatzen ari dira. Abenduan,Jasangarritasun Faktoreari izena aldatu zien izaeran egiturazko aldaketarik egin gabe eta KPIarekin egindako azpijokoek erakusten dute lege proposamen honen norabidea ere zein den: Urratsez urrats, prestazioak duintzea baino, pentsio sistema publikoa biziraupen hutserako sistema gisa hezurretaraino hustea.

LABek bertako pentsio sistema publikoaren alde lanean jarraituko du, besteak beste lege proposamen honen eta gisakoen aurka posizionatuz eta berau borrokatuz, bertako pentsio sistema publikoaren eraikuntzarako proposamen desberdinak garatzen ditugun bitartean.

Informatikako bere zerbitzuak ere pribatizatu nahian dabil Osakidetza

LAB sindikatuak kontratu-errekurtsoen organoan aurkeztutako errekurtso batekin geldiarazi egin du, kautelaz, Osakidetzak azpikontratatu nahi zuen informatikako bulego teknikoaren proiektua. Azpikontratazioak urtero 2.000.000 euroko kostua izango luke, nahiz eta Osakidetzak baduen lan horiek egiteko gai den pertsonala informatika zerbitzuan.

Osakidetzako informatika proiektuen kudeaketa egin asmoz lizitazioa martxan jarri zuen Osakidetzak, lan hori kanpoko enpresa baten utziz. Azpikontratazio honek urtero 2 miloi euroko kostua izango luke, plegu teknikoetan ageri den informazioaren arabera. Diru publikoaren xahuketa larria izateaz gain, Osakidetzako hainbat zerbitzu pribatizatu eta azpikontratatzeko bidean beste urrats bat baino ez da honakoa. Sagardui sailburuak adierazitako kultura aldaketa delakoaren barnean beste pauso bat.

Informatikako zerbitzua Osakidetzaren desegite-politiken biktima izan da aspalditik. Honen ondorioz, zerbitzu publikoaren egitura hustutzeaz gain, lan informatiko hauek egiten dituzten langileek lan baldintza erabat prekarioak dituzte gaur egun.

LAB sindikatuak lizitazio horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen duela aste batzuk kontratazio horiek ebazten dituen organoan, eta organo horrek erabaki du kautelaz geldiaraztea. Gogoratu beharra dago beste kasu batzuetan ere, Araba ESIko mantenu zerbitzuen azpikontratazio proiektuaren kasuan adibidez, KEO/OARC-k LAB sindikatuari eman izan diola arrazoia, eta azpikontratazioa ez dela bidezkoa ebatsi duela.

Aipatu beharra dago ere Osakidetzaren azpikontratazioen onuradunak diren enpresa pribatuak sarritan, kasualitatez, EAJko kideak buru dituzten enpresak izaten direla. Egoera hau are eta nabarmenagoa izaten da informatika alorreko enpresei dagokionez. Hainbat informatika enpresa sortu, elkartu, desegin, bersortu… egiten dira Osakidetzaren informatika zerbitzu pribatizatuen inguruan, baina, aldaketak aldaketa, enpresa hauetako buru gisa, eta hortaz pribatizazioen onuradun gisa, agertzen diren pertsonak sarri askotan berdinak izaten dira.

Osakidetzako zuzendaritzari eta EAJko eta PSEko Gobernuari eskatzen diegu osasun publikoa eraisteari uzteko. Mahai gainean dauden erronkei konponbidea aurkitzeko plantilla nahikoa izatea bermatu behar da, eta baita langilegoaren parte-hartzea ere. Kalitatezko osasungintza publikoaren defentsan pribatizazioaren bidea indar guztiz borrokatu eta geldiarazten saiatuko da LAB sindikatua.

Asteasuko Siemens Gamesak langileen etorkizuna bermatzeko konpromisorik hartu gabe jarraitzen du

Bost egunetan zehar lan uzteak egin ondoren, Siemens Gamesa Asteasuko plantako langileek etorkizuna bermatuko dien akordiorik gabe jarraitzen dute, enpresak konpromisorik hartu gabe jarraitzen baitu.

Egoera ikusirik, enpresari exijitzen diogu langileen lanpostu eta lan baldintza mantentzearen bermea eta etorkizuna bermatuko dien industria plan batean konpromisoak hartzea.

Bide honetan aurrera pausorik ez badago, irailean langileek euren etorkizunaren defentsan borrokan jarraituko dute.

Gipuzkoako eraikuntzako langileentzat hitzarmen on bat #LortuDugu

Negoziaketa guztiaren zehar patronalak kontrakoa esan badu ere, eta oso zaila zirudien arren, azkenean, beste gauza batzuen artean, KPIa bermatu eta lanaldia murrizten duen adostasun batera ailegatu gara Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenean. Batasun sindikalaren eta grebaren inguruan egindako planteamenduak emaitzak ekarri ditu.

Esan behar da zazpi hilabetez luzatu den negoziaketa honetan, patronala gutxinaka gutxinaka joan dela plataformetako hainbat aldarrikapen onartzen, baita historikoki aldarrikatu diren batzuk ere; dieta erdia langile guztiak jasotzeko eskubidea eta in itinere istripuak baja laboraletako konpentsazioan sartzea, adibidez.

Balioan jarri behar dugu, duela aste pare bat LABek deitu zuen intersindikala, non batasun sindikala eta greba deitzeko beharra aldarrikatu ziren eta sindikatu guztiak KPIa eta lanaldi murrizketa ezinbesteko elementuak zirela esan genuen. Intersindikal horren ondorengoko negoziaketa bileretan izan da non benetan aurrerapausoak eman diren eta akordio honetara ailegatu ahal izan garen.

Erronka bestelakoa izango da orain, azken urte luzeetan dugun erronka bera, duintzat hartzen dugun hitzarmen hau benetan errespetatzea eta aplikatzea. Eraikuntzan geroz eta ohikoagoa da langile migratu eta arrazializatu askoren ezjakintasuna eta beharrak baliatuz hitzarmenak agintzen duena ez betetzea edota zuzenean autonomo faltsu moduan lanean egotea. Honetan, patronalaren ardura zuzena da, beraien jarrera utzikerian oinarritzen delako arazo honekin.

Amaitzeko, garrantzitsua iruditzen zaigu sektorean azken hilabeteetan ematen ari den lakra aipatzea: lan istripu hilgarriak. Aurten 12 dira Euskal Herrian eraikuntzan hildako langileak eta ez da, patronalaren aldetik, inongo planteamendu seriorik egin arazo larri honi konponbidea emateko. Hala ere, egoera horiek salatzen jarraituko dugu, bai kaleetan eta baita epaitegietan ere.

Arrasateko lorezainak greban! KPIrik gabe, akordiorik ez!

Arrasateko lorezaintza zerbitzua PREZERO enpresak kudeatzen du. Azpikontratatutako zerbitzua izanda, langileei hitzarmen estatala aplikatzen zaie eta bertan ez da KPIaren igoerarik aipatzen.

Badira 15 urte baino gehiago Udalak ez duela lorezaintza zerbitzuan berrikuspen ekonomikorik egin eta langileak igoerarik gabe egon dira urte hauetan. Duela hilabete batzuk Udalarekin bildu ginen egoera hau aldatu eta enpresei egiten zaien eskaintza ekonomikoa handitu dezaten eskatzeko. Langileei soldata duinak bermatzeko. Baina enpresak ez du KPIaren igoera aplikatzerik nahi.

Arrasaten bizi eta lan egiten duten langile hauek egunero jasaten dute prezioen igoera etengabea, bizitzaren garestitzea eta azken nean, beraien eros ahalmena mantentzeko zailtasunak.

Beraz, uztailaren 18tik aurrera grebara goaz. Gure eskubideen defentsan, lan baldintza duinak eskatzen ditugu!

Uztailaren 19an, asteartea, kontzentrazioa 17:30ean Arrasateko Herriko plazan.

Bilboko Udalak greba egiteko eskubidea urratzen du

Elkarretaratzea egin dugu Bilboko Otxarkoaga auzoan, Aburto alkatea buru egindako ekitaldi instituzional baten aurrean. UTE TALUDES BILBAOko langileen greba eskubidearen urraketa salatu dugu.

Hain zuzen ere, LABek salaketa  jarri die Bilboko Udalari eta URBASER s.a eta CYCASA s.a enpresei 175.000 euroko kalteordainak galdeginez, Bilboko UTE TALUDES BILBAOko langileen grebarako eskubidea urratzeagatik.

Bi urtez enpresa-hitzarmenaren mahaian akordio batera iristeko emaitzarik izan ez duten negoziazioen ondoren, UTE Taludes Bilbaoko langile guztiek hilabete osoko greba hasiko dute uztailaren 18tik aurrera, hitzarmen honen indarraldia 2020ko abenduan amaitu zenetik negoziazio kolektiboa desblokeatzen saiatzeko.

2022ko urtarriletik aurrera astean behin egun bateko  lanuzte jarraituen ondoren, akordio batera iristeko asmoak ez dira nahikoak izan sektoreko gainerako enpresekin dituzten alde handiak arintzeko, bai soldatari dagokionez, bai lanaldiari dagokionez. Enpresari eta Bilboko Udalari erreklamatzen diete %12 eta %22 gutxiago kobratzen dutela, sektore bereko gainerako enpresekin alderatuta.

Bilboko Udala,  Urbaser SA eta Cycasa s.a , UTE Taludes Bilbaoko enpresetako arduradunek, UTE Taludeseko langileek greba burutuko dutela jakin ondoren, Urbaser eta Cycasa enpresen eta Bilboko Udalaren arteko barne-posta batean egiaztatu ahal izan zen Bilboko Udala bi enpresei presioa egiten ari zaiela lanak ahalik eta gehien aurreratzeko (delako lanak normalean baino arinago egiten diren datak aurreratuz), Aste Nagusirako kendu behar dituzten hiri-altzari guztiak kentzeko langileen greba egiteko eskubidea urratuz. Lan horiek aurrera eramateko  ez dituzte zalantzak izan eta beste enpresa baten zerbitzuak azpikontratatu dituzte. 

Egoera hori Lan Inpekzioan salatu ondoren, Urbaser eta Cycasa enpresek langileekin egindako eskirolajeagatik langile horiek erretiratu behar izan dituzte, eta, berriro ere, baldintza horietan akordioa lortzeko aukera eten egin dute.

LAB sindikatuak UTEko langileen eskubideak urratzen ari direla salatu nahi du, eta Urbaser SA eta Cycasa SA enpresei eta Bilboko Udalari 2020ko abendutik pairatzen ari diren egoeri amaiera emateko eskaera luzatzen diegu.

Mercedesen inbertsioak ez daude langileen eros ahalmenaren galeraren menpe

Zuzendaritzak ez du galdera erraz bat erantzuten: zergatik etekinetan hamarnaka milio lortu dituen enpresa batek ezin du langileen eros ahalmena bermatu? Eta zergatik ezarri nahi du 12 orduko lan eredu diskriminatzaile bat, ez badu behar?

Azken egunetan arlo askotatik presioak areagotu dira MERCEDESeko langileekiko biharko, hilaren 18ko, erreferenduma baldintzatzeko. Halere, LABen ustez, MERCEDESeko Zuzendaritza da azalpenak eman behar dituena:

2021ean 62 milio euroko lortu ondoren, zergatik ezin du langileen eros ahalmena bermatu? Dibidendoetan 265 milioi euro banatuta, zelan ezarri nahi dute lan eredu berri diskriminatzaile bat, 12 orduz lan egiten?

Guk ateratzen dugun ondorioa argia da: ez da arazo ekonomikoa. Kontua beste bat da ordea, enpresak txantaia egin nahi baitio plantilari: inbertsioak eros ahalmena galtzearen eta diskriminazioa mantentzearen truke. Baina inbertsioak ez daude, ezin dira egon langileen lan baldintzak okertzearen menpe. XXI. mendeko lantegi bat egiteko XXI. mendeko lan baldintzak behar dira.

Plantilaren erantzuna erabatekoa izan denez, presioak biderkatzen ari dira, enpresarenaz gain, sindikatu batzuetatik, instituzioetatik,… Hori dela eta, LABek zuzenean galdetu nahi die sindikatu eta instituzio horiei, Urkullu buru delarik: zergatik onartzen dute haien erraz langileek erosahalmena galdu behar dutela? Zein mezu bidaltzen diote jendarteari, batez ere gazteei, ontzat ematen badute langile berriek gutxiago kobratu behar dutela, bai lan eredu berrian baita oraingoan ere? Langileak eta beren osasuna erdigunean kokatzen dira lerroetan 12 orduz lan eginda?

Aldi berean, azken egunetako mehatxuak baztertu nahi ditugu: enpresako Zuzendariak publikoki zabaldu zuena eta baita lantegi barruan langileei, batez ere ebentualei helarazten dizkietenak, erreferenduma desitxuratzeko asmoz. Horrekin batera, salatu nahi dugu ordezkari sindikalei beraien lan sindikala egitea eragotzi zaiela, langileak informatzea oztopatuz.

Horregatik, LABek MERCEDESeko langileen borroka txalotu nahi du eta bere alternatiba eskaini: erreferendumean ezetz bozkatu konbikzioz eta ilusioz, mobilizazio berriak abiatu eta akordioan langileen eskaerei erantzungo dien negoziazioa berrartu, besteak beste KPIa bermatuz, lan eredu berria gizatiarrago egin, eta kontratatzeko eta kontratuak mugagabe bihurtzeko irizpide objetiboak adostea, kolektibo batzuen diskriminazioa eta betiko susmoak baztertzeko; hau guztia enpresarentzat erabat onargarria izanik.

Aurreakordioa Bizkaiko garbiketa hitzarmenean: azken hamarkadetan sinatu den hitzarmen onenaren onurak jasoko dituzte 12.000 langile baino gehiagok #LortuDugu

Gaur, uztailak 15, Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmenerako aurreakordioa lortu dugu. Aurreakordioak % 13ko igoera jasotzen du hitzarmen honen indarraldirako (2021-2024), eta 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzen da 15 ordainsaritan, azken hau da nagusiki langileak kalera irten eta grebak babesteko izan duten aldarrikapen nagusia. Gainera, KPIen ehunekoen batuketak emaitza handiagoa emango balu, soldatek % 2ko igoera osagarria izango lukete. Horrez gain, batzorde espezifiko bat sortuko da bakanteen kobertura arautzeko helburuz, lanaldi partzialak luzatzeko aukera eskainiko duena.

LAB sindikatuan oso pozik gaude gaur lortutako akordioarekin. Ez da gatazka txikia izan, multinazional handien aurkako borroka izan da, eta garaipen honekin aurreakordio bat lortu da Bizkaian 12.000 langile baino gehiagorentzat.

Borrokak balio du. Bizkaiko garbitzaileak horren adibide argia dira. Grebarik egin gabe ia 30 urte zeramatzan kolektibo hau lehen lerroan kokatu da hainbat ekintza eta protesta eginez eta patronalak mugitzera behartuz. Antolatzeko eta beren baldintzen alde borrokatzeko hautua egin zuten zor edo lor. Izan ere, ez dira grebak egitera mugatu, enpresetako okupazioak, trafiko-mozketak, kateatzeak eta itxialdiak ere burutu dituzte. Garaipen hau langileek azken hilabeteetan erakutsi duten mobilizazioaren eta irmotasunaren ondorioa da.

Azken hamarkadetan sinatu den Bizkaiko Garbiketa hitzarmenik onenaren aurreakordioa lortu da gaur.

Gaurko bileraren ondoren, LABek bere oinarrietara eramango du aurreakordioaren edukia, eta horiek bermatzen badute, hurrengo bileran sinatuko genuke hitzarmena.