2025-12-20
Blog Page 31

LAB sindikatuak irabazi egin du Bost Machine Tools Company S.L. enpresaren aurka jarritako helegitea

Enpresa horretan 2023ko uztailean istripu larri bat gertatu zen eta, ondorioz, langile gazte bat zendu zen. Enpresa batzordearen lehentasuna langilea hil zenetik etorkizunean egon zitezkeen arrisku egoerak prebenitzea izan zen, ezin baitzuen onartu beste langile batek bere bizitza galtzea lanpostuan.

Enpresak jazarpen sistematikoa abiatu zuen, gezurrak, akusazio faltsuak, errespetu faltak eta batzordeko kideei egindako irainen bitartez. Enpresak, bere jabeetako baten eta gerentearen bidez, gure delegatuari penalki zigortuta dauden hainbat ekintzetan parte hartzea leporatu zion, eta hainbat mespretxuzko aipamen egin zituzten. Zehazki, gerentea sindikatura gerturatu zen, eta delegatuari enpresako hainbat auto erre eta instalazioetan pintada batzuk egitea leporatu zion, eta sindikatuari honen inguruan zerbait egitea eskatu zion. Bestalde, enpresako jabeak bilera batean hainbat irain bota zizkion delegatuari.

Gure delegatua epaitegira joan zen, enpresa eta horien agintarien jarrera delegatuaren oinarrizko eskubideen urraketa suposatzen zuela salatuz, besteak beste askatasun sindikala.

Epaileak delegatuari arrazoia eman dio, eta salatuen jarrera langilearen ohorea, intimitatea eta irudia urratu duela berresten du, difamazio baten aurrean gaudela argudiatuz. Horrez gain, akusazio hauen aurrean epaileak azpimarratzen du enpresak ez duela bestelako akziorik abiarazi ez langilearekiko ezta Ertzaintzaren aurrean salaketarik jarri ere. Bestalde, prebentzio delegatuaren figuran oinarrituta, askatasun sindikalaren eskubidearen urraketa ere berretsi du. 

Langileak eskatutako indemnizazioa ere onartzen du epaileak, eta horren guztiaren erantzule enpresa ez ezik, jabea eta gerentea ere badira. 

Enpresak erantzukizuna ez dagoen lekuan jartzen saiatu da eta hori guztiz onartezina da, are gehiago lankide bat lan istripu batean hiltzen denean. Tamalez, hortan ari da enpresa langilea hil zenetik. 

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek lanuzteak egin dituzte, lan hitzarmen duinaren alde

Patronalaren blokeoa eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizun falta salatu dituzte, eta langile publikoekiko ekiparazioa, partzialtasuna amaitzea eta ratioak hobetzea aldarrikatu dute.

Beste behin ere, Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak kalera atera dira, lan hitzarmenari dagokion negozazio mahaia blokeaturik dagoelako. Asteazkenetik gaur arte, lanuzteak egin dituzte langileek, ekainean egin bezala, eta gaur elkarretaratzea egin dute Adegiren eta Matiaren aurrean.

Patronalak mahai negoziatzailean duen ezaxolazko jarrera ikusita, langileek mobilizazioaren eta borrokaren alde egin dute. Hainbat bileren ondoren, patronala osatzen duten enpresek (Matia, Adegi eta Lares), entzungor egin diete langileen eskakizunei eta sektoreko langileen lan baldintzak duintzeko egindako proposamen oro baztertu dute, langileen artean ezinegona eta haserrea areagotuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren kudeatzen du helduen egoitzen finantzazioa, eta, beraz patronalaren adinako erantzunkizuna dute instituzio hori kudeatzen dutenek ere. Horregatik, arduraz joka

dezatela exijitzen die LABek batzuei zein besteei. Orain arteko eredu pribatizatzaileak prekaritatera kondenatzen ditu langileak, eta egoera hori betikotzea dute helburu patronalek zein instituzioek. Hitz politen eta egunkarietako titularren gainetik, konpromisoak eta ekintzak behar dira, eta orain ez da halakorik izan.

Bada garaia bestelako zaintza eredu baten alde pausuak egiteko, eta, bide horretan, lehen urratsa litzateke soldatak langile publikoenekin ekiparatzea, partzialtasuna amaitzea eta ratioak hobetzea. Borondatea behar da horretarako.

Lan zentroetan, kalean eta behar den tokian, aldarrikapenak haizatzen jarraituko du LABek, lan hitzarmen duin bat erdiestetik hasi eta zaintza sistema publiko komunitarioranzko ibilbidea egiten jarraituz.

Greban dauden SACYReko langileek mobilizazioa burutu zuten atzo, AMVISA aurrean

Gasteizko hustubideak garbitzeaz arduratzen den SACYR AGUAS enpresako langileek mobilizazio bat burutu zuten atzo AMVISAren aurrean. Ia plantila osoa greban dago hitzarmen duin bat lortzeko, duela hiru aste hasi zen greba honen ondorioz, eta ordutik, Gasteizen 5.000 hustubide baino gehiago garbitu gabe daude.

Azpikontrata honetan, Estatuko hitzarmen bat (Uraren Ziklo Integralekoa) aplikatzen diete, eta horren ondorioz, soldata eta lan-baldintzak eskasak dira, Euskal Herrian dugun bizi-mailari aurre egiteko. Hori dela eta, langileek borrokan jarraitzen dute, hitzarmen propio bat lortzeko, aldarrikapen nagusiekin:

  • Soldata duinak izatea
  • Langileek jasaten dituzten toxikotasuna eta penagarritasuna behar bezala aitortzea
  • Lanaren eskatutako prestutasuna (astelehenetik larunbatera bitarteko lanaldiekin eta urte osoan erreten-taldea ezartzea) behar bezala saritzea
  • Estaldura sozialak eta aldi baterako ezintasunaren osagarriak hobetzea

SACYRrek ez dio balioa ematen langileen lanari, eta bere interes ekonomikoak baino ez ditu zaintzen. Horrekin batera, AMVISAren konplizitatea eta udalaren pasibotasuna ere agerian geratu dira, nahiz eta zerbitzu honek jendartearentzako oinarrizko garrantzia izan.

Hori dela eta, langileek AMVISAri eskatzen diote bere esku-hartzea, zerbitzuaren erakunde esleitzaile den aldetik, gatazka bideratze aldera. Lan-baldintzak duintzea, langileen aldarrikapenei erantzutea eta zerbitzu honek indartzea eskatzen diote bai AMVISAri baita Udalari ere.

LABek berriro ere deia egiten die bai SACYR eta bai AMVISAri negoziazioak hasteko, gatazka konpontzeko eta langileon eskubideak bermatzeko. 

LAB eta ELA sindikatuek Asuncion Klinikako 350 langileren subrogazioa bermatzea eskatu dute

Donostiako Onkologikoko langileen kasuan bezala, LAB eta ELA sindikatuek Osasun Sailburuari eta Tolosaldeko alkateei eskatzen diete Asuncion Klinikako langileek subrogaziorako eskubidea izan dezatela, eta beraien lanpostuak bermatuta gera daitezela ospitale berrian.

Langileok urteak daramatzate herritarrekin batera Tolosaldean ospitale publiko eta duin baten alde borrokan. Aste honetan, eraikiko den ospitalearen inguruko xehetasun batzuk zabaldu dira prentsan, eta LAB eta ELAk kezka handiz jaso ditugu zabaldu diren adierazpenak. Izan ere, sindikatuek mahai gainean jarritako hiru aldarrikapen nagusietatik bat bera ere ez da gaur-gaurkoz bermatzen:

• Ospitalea %100 publikoa izatea

• Zerbitzu guztiak barne hartzea

• Langile guztien subrogazioa

Gaur egun, Asuncion Klinikan 350 langile inguru ari dira lanean. Horietako asko urte luzez aritu dira Tolosaldeko herritarrei osasun arreta publikoa eskaintzen, ospitale komarkal funtzioa betetzen duen eraikin batean, baina baldintza prekarioetan eta enplegu pribatizatuaren menpe.

Aipatzekoa da, gainera, duela aste gutxi Donostiako Onkologikoko langileak Donostialdeako ESIan subrogatuak izan direla, Osakidetzak eta sindikatuek horrela adostuta. Langile horiek lanpostua mantendu ahal izango dute ospitale publikoan.

Horren harira, LAB eta ELA sindikatuek eskatu dute Osasun Sailak Asuncion Klinika publifikatzea, edo, gutxienez, ospitale berrian langileen subrogazioa bermatzea. Era berean, Tolosaldeko alkateei eskatzen diete proiektua langileen subrogazioa bermatzen ez bada ez onartzeko.

Bestalde, ez dago argi ospitale berria %100 publikoa izango den, ezta zerbitzu guztiak barne hartuko dituen ospitale komarkala izango den ere. Ez zaigu plan funtzional eguneraturik helarazi, eta prentsan agertu diren datuek ez dute eskaera sozialekin bat egiten.

Adibide gisa, Debagoieneko ospitaleak (biztanle kopuru oso antzekoa duen eskualdean) 6 kirofano eta 3 erditze gela ditu (urtean 4.417 ebakuntza eta 417 jaiotza). Tolosaldean, berriz, ospitale berriak ez du erditze gela bakar bat ere aurreikusten, eta interbentzio kirurgiko kopurua ere murritzagoa izango da.

Horregatik guztiagatik, LAB eta ELAk mobilizazioak deituko dituzte langileekin eta herriko eragileekin batera, aldarrikapen nagusi horiek bermatu arte:

• Langileen subrogazioa

• %100 publikoa den ospitale berria

• Zerbitzu guztiak jasoko dituen ospitale komarkal integrala

Jaurlaritzak Jose Antonio Jainaga enpresaria zuritu du berriro ere

LABek ez du ulertzen nola litekeen Sidenorreko buruari Joxe Mari Korta saria ematea, enpresa horrek, genozidio baten erdian, Israelgo Armada indartzeko altzairua saldu duenean.

Azken asteetan hainbat komunikabidetan irakurri ahal izan da Sidenor taldeak Israelgo Armadarentzat tankeak ekoizten dituen enpresa bati altzairua saltzeko hainbat operazio egin dituela. LAB, enpresa batzordearen bidez informazio horren berri izaten ahalegintzen ari den honetan, Eusko Jaurlaritzak Joxe Mari Korta saria emango dio Jose Antonio Jainaga enpresariari, Sidenor taldeko buruari. LABek ez du ulertzen nola litekeen halakorik egitea, aipatutako enpresaria Israelgo Armadak erabili duen altzairua saldu izanaren erantzule denean.

Hori gutxi balitz, LABek otsailean salatu zuen Sidenorreko langileen egoera okertzen ari zela. Sidenorrek langileak panpinak bezala erabiltzen ditu eta haien osasunarekin jokatzen du, ez du erosahalmena bermatzen, ABLEEen gehiegizko erabilera egiten du eta horrek prekarizazioa areagotzen du. Aldi berean, baina, Eusko Jaurlaritzak Talgoren salerosketa egiteko 45 milioi euro oparitu dizkio. Operazio hori oraindik ez da amaitu, eta ikusteke dago azkenean zenbat diru emango dioten instituzioek. Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren industria politikaren erakusle da operazioa.

Horregatik, LABek argi adierazi nahi du, instituzioak eta zenbait komunikabide Sidenor taldea eta haren lehendakaria zurritzen ari diren honetan, ez duela inola ere onartuko Israelekin harreman komertzialak izaterik; bereziki, Palestinaren kontrako genozidioaren konplize diren entitateekin eta nazioarteko legediaren arabera legez kanpo okupatutako lurraldeetan.

BBK Klimako langileek kanpaldia hasi dute, kaleratzeen eta lan eskubideen urraketen kontra

Gaztetxo Eskolak 20 langile baino gehiago legez kanpo kaleratu dituela salatu du LABek. Sindikatuak langileen subrogazioa, iruzurren amaiera eta kalte-ordainak eskatzen dizkio Gaztetxo Eskolari zein BBKri.

Busturiako BBK Klimak udako denboraldiko udalekuetarako aurten kontratatu duen Gaztetxo Eskola enpresak —orain arte Ortzadarrek eman du zerbitzua—, 20 langile baino gehiago kaleratu dituela salatu du azken asteetan LABek, eta, gaur, kaleratutako langile horiek kanpaldia hasi dute, haien egoera salatu eta subrogazioa eskatzeko. 

Zerbitzua Gaztetxo Eskolaren esku geratu bezain laster, LABek ohartarazi zuen subrogazio-prozesua modu desegokian gauzatzen ari zela. Izan ere, azken urteetan udalekuetan lanean aritu diren langileei ez zaie subrogazioa aitortu, eta, horren ordez, ustezko formakuntza batera deitu zituzten. Bertan, presio bidez kaleratzeak sinatzera behartu nahi izan zituzten, mehatxuak barne. Langileek, ordea, antolatzeko eta borrokatzeko erabakia hartu dute, eta LABek iruzur horri aurre egiteko bide sindikala eta judiziala aktibatu ditu.

Sindikatuak azken asteotan mobilizazioak egin ditu, salaketa publikoa zabaldu du, eta hainbat eragilerekin harremanetan jarri da egoeraren berri emateko. Aldi berean, auzi judiziala ere martxan dago, eta datorren astelehenean epaiketa egingo da.

LABek honako hauek exijitzen ditu: kaleratutako langile guztien subrogazioa, iruzurren amaiera, eta Gaztetxo Eskolak zein BBKk langileei dagozkien kalte-ordainak ordaintzea. Arduradunen artean BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia ere aipatu ditu LABek, lan eskubideen urraketa hori haien babes instituzionalik gabe ezinezkoa izango litzatekeelakoan.

Zoritxarrez, egoera hau ez da salbuespena: udalekuetan ohikoa bilakatzen ari da administrazio publikoaren diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresek lan eskubideak urratzea, lan-hitzarmenak bete gabe eta esplotazioa normalizatuz, administrazioak ezikusiarena egiten duen bitartean.

Horregatik, LABek dei egiten die udalekuetan lan egiten duten gazteei euren lan eskubideen alde antolatzeko eta borrokatzeko, egoera hau errotik aldatzeko. 

Patronalak Arabako esku hartze sozialeko mahaia blokeatzen jarraitzen du eta hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteari uko egiten dio

AISA patronalak berriro erakutsi du mahai negoziatzailean ez duela lan-baldintzak hobetzeko borondaterik. Jarrera horren aurrean, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek datozen egunetan izango dugun egoeraren balorazioa egingo dugu, negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin, blokeo hori saihesteko.

Gaur, uztailaren 9an, burutu dugun mahai negoziatzailean, AISA patronalaren blokeo-jarrera errepikatu da. Bere ustez irregularra den aholkulari baten izendapenean oinarritzen da ez negoziatzeko. Gaur negoziazioari ekiteko proposamen bat ekarri dute, baina adierazi dute ez dutela horri buruz eztabaidatuko izendapena eten arte. Argi eta garbi, AISAren erabaki politiko baten aurrean gaude, nahiz eta euren esanetan juridikoa izan.

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuontzat izendapena zuzena da eta sindikatuon askatasun sindikalaren barruan dago. Hori esanda, horri buruzko balorazioa egingo dugu, eta horren gaineko neurriak hartuko ditugu. Argi dugulako ezin dugula horrela jarraitu datorren ikasturtean.

Patronalaren jarrera ez da berria. Hasieratik dabil negoziazioa blokeatu eta atzeratu nahian. Sindikatuok uste dugu mahaian aholkulari baten izendapena erabiltzen dela negoziazioa geldiarazteko aitzakia gisa. Eta bitartean, ez dugu aurrera egiten sektoreko lan-baldintzak hobetzeko negoziazioan. Urte erdi baino gehiago igaro da aurrerapenik eman gabe, eta sindikatuok duela 2 hilabete baino gehiagotik mahaigaineratutako plataformak ez du erantzunik izan.

Azkenik, sektoreari jakinarazi nahi diogu datorren astelehenean, hilak 14, Arabako Batzar Nagusietan parte hartuko dugula, bertan sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egungo egoeraren berri emateko.


CAFeko hainbat enpresa batzordek Israelekin harreman komertzialak amaitzeko eskatu diote zuzendaritzari

CAF Beasain, CAF Irun, CAF Power & Automation, Trenasa, CAF signalling Amorebieta, CAF TE Tailerrak eta Rail Line y Geminys enpresetako batzordeek herri palestinarrarekiko elkartasuna berretsi dute, eta nazioarteko legeria errespetatzeko, giza eskubideak ez urratzeko eta Israelekin harreman komertzialak eteteko eskatu diote zuzendaritzari. LABek guztiz babesten du enpresa batzorde hauen iniziatiba.

Uztailaren 1ean Francesca Albanese Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari bereziak bere txostena argitaratu zuen, eta bertan CAF Israelen okupazioaz baliatzen diren enpresen artean sartu zuen. Txosten horren argitalpena, hain justu, Sidenor euskal enpresak Israelekin merkataritza-harremanak eteteko egindako iragarpenaren une berean izan zen, zeina Palestinarekiko euskal ellkartasunaren garaipentzat hartu behar den, LABek nabarmendu duenez.

Albanesek aurkeztutako txosten horrek Israelek Palestinan egiten duen okupazio kolonialaren kontura irabaziak dituzten hainbat enpresa aipatzen ditu, eta aipatutako enpresen artean dago CAF , Jerusalemgo tranbiaren proiektuan parte hartzeagatik. Txostenak zehazki adierazten du mota horretako azpiegituren helburua “koloniak ezartzea eta zabaltzea eta Israelekin lotzea” dela. Txosten horrek ofizializatu baino ez du egin 2018tik enpresa batzordeak salatu duena, eta, ildo horretan, enpresa batzordeak berriro ere bere ezinegona adierazi nahi du. Izan ere, kezkatuta dago konpainia Israelen kolonizazio estrategia zuzenean indartzen duen eta Palestinako herriaren eskubide oinarrizkoenak urratzen dituen proiektu batean inplikatuta dagoelako. Kezka hori gehiago areagotzen du, gainera, proiektuaren legezkotasunak, oso eztabaidagarria baita.

Gainera, aipatutako enpresetako langileak oso kezkatuta daude CAFek proiektu honetan parte hartzeak enpresan bertan eta etorkizuneko proiektuen bilakaeran izan dezakeen eraginagatik, eta berriro ere CAFen zuzendaritzara jo dute, alde batetik, enpresak nazioarteko legearekiko errespetua berma dezan eta bere parte hartzeak giza eskubideen inolako urraketarik eragin ez dezan eskatzeko. Eta, bestetik, Israelekin harreman komertzialak amaitzeko exijitu diote, bereziki, nazioarteko legeriaren arabera legez kanpo okupatutako lurraldeetan.

Banketxeei eta eraikuntza enpresei diru publikoz laguntzea etxebizitza politika okerra dela salatu du LABek

Gaur, EAJren iniziatibaz, etxebizitzak erosteko abalen lerroa onartzekoa da Eusko Jaurlaritza. LABek dekretua bertan behera uzteko alegazioak egin dizkio, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela iritzita.

Sabin Etxea aurrean elkarretaratzea egin du LABek, Jaurlaritzaren etxebizitza politika salatzeko eta azken asteetan hartu diren neurrien inguruko balorazio kritikoa egiteko. Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak hartu du hitza, eta hiru mezu nagusi azpimarratu ditu.

Batetik, aurreko astean EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean aurkezturiko premiazko neurriak aztertu ditu Perezek. Haren hitzetan, bizi dugun larrialdi egoerari eraikuntza ziklo berri batekin erantzun nahi dio gobernuak eta, hartutako norabidearekin, arazoa are gehiago okertuko du, konpondu beharrean: “Langileak pobretzeko arrazoi nagusietakoa bihurtu da etxebizitza; sarbidea geroz eta zailagoa da, eta EAJk eta PSEk nahiago izan dute merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza enpresei begirako neurriak proposatu, errotik arazoari erantzun baino. Prezioak jaisteko berehalako neurriak behar dira, baita parke publikoa handitzekoak ere, baina parka ezin da soilik etxe berriekin osatu. Dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira”.

Diru publikoa zertara bideratzen den, horrekin ere kritiko azaldu da Ekintza Sozialeko arduraduna: “Hemen eskupekoak jaso eta diru laguntzetatik bizi direnak banketxeak, eraikuntza enpresak eta higiezinen patronala dira, eta horri amaiera eman behar zaio. Etxebizitzen funtzio soziala lehenetsi behar da eta harekin negozioa egiteko aukera mugatu. Hor egin behar da ahalegina eta hor hartu behar dira premiazko neurriak”. Perezek adierazi du gazteak emantzipatzeko diru laguntzak errentisten eskuetan amaitzen dutela, eta, era berean, gaur onartuko den abalen lerroa banketxeei diru publikoaren transferentzia egiteko erabakia dela. “Suari gasolina gehiago botatzea da; merkatuko prezioek igotzen jarraituko dute, eta banketxeek, langileen hipoteken bidez gehiago aberasten”. 

Halaber, salatu du abalen lerro horri alegazioak aurkeztu dizkiola LABek, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela iritzita. “Legeak jasotzen du diru publikoak alokairu sozialerako edota etxeak birgaitzeko izan behar duela, eta, orain, Gazteria Sailak 140 milioi bideratuko ditu, Finantza Institutuaren eskutik, erosketa sustatzera”. Horren ondorioa izango da, Perezen arabera, dagoeneko etxea erosteko aukera dutenei erraztu egingo zaiela horretarako aukera, eta, aldiz, premia handiagoa dutenek babesgabe jarraituko dutela. “Dekretua bertan behera uzteko eskatu dugu, eta erantzuna da abal lerro hau ez dela etxebizitza politikaren parte. Eskandalu hutsa da”, salatu du. 

Hirugarrenik, Perezek azpimarra egin du LABek egindako proposamenetan. Etxebizitza larrialdiari eta langile sektoreek bizi duten prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko, prezioen etengabeko igoerari galga jartzeko eta horiek jaisteko neurriak behar direla aldarrikatu du. Horretarako, EAE osoa tentsio gune izendatzeko eskatzen du LABek, baita prezioen indizea berehala publikatzea ere. “Ez du arazoa konponduko, baina tresna gehiago emango dizkigu”, adierazi du Perezek. Era berean, Etxebiden 100.000 pertsona izen emanda egotea eta %85ek alokairu soziala galdegiteak nahikoa arrazoi behar luke Etxebizitza Legeak jasotzen duena betetzeko, salatu duenez. Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta sarbidea ahalbidetzeko merkatu pribatuan alokairua ordaintzetik alokairu soziala eskaintzera igaro behar du administrazioak, aldarrikatu duenez, eta, horretarako, etxejabeei, banketxeei eta errentistei onura fiskalak eman beharrean, presio handiagoa egin behar zaie, etxebizitzak egon badaudelako. 

“Negozioa egiteko bahitutako etxeak modu duin eta iraunkorrean bizitzeko etxeak bihurtzeko neurriak behar ditugu”, aldarrikatu du. “Pertsonak dira erdigunean jarri behar direnak, maizterren eskubideak babestuz eta zabalduz, inor kale gorrian geratu ez dadin. Astero ezagutzen ditugu indarrez haien etxeak uztera behartzen dituzten langileen egoerak, atzo Bilbon etxegabetutakoa nola, eta halako egoerak ezin ditugu normalizatu eta onartu”. 

Amaitzeko, LABek etxebizitza problematikari aurre egiteko duen konpromisoa berretsi du Endika Perezek: “Bizi dugun gatazkan modu zuzenean esku hartzen ari da sindikatua, ekintza sindikalaren bidez, alokairuen prezioak jaisteko borroka eginez, turistifikazioaren ondorioei aurre eginez eta etxegabetzeen aurka.” Horrela, sindikatua etxebizitza problematikari aurre egiteko tresna izan dadin lanean jarraituko dutela esan du Perezek.