2026-10-26
Blog Page 3

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

LAB sindikatuak bat egiten du gertatutakoaren harira Emakumeen Mundu Martxak deitu dituen mobilizazioekin, eta langileak horietan parte hartzera deitzen ditugu.

Jarraian irakur daiteke Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren irakurketa, osorik:

“INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!

Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, amorruz eta minez, Angelun (Lapurdin) 19 urteko emakume gazte baten heriotza salatu nahi dugu. Emakume gazteak bortxaketa bat salatu zuen bere buruaz beste egin baino egun batzuk lehenago. Gertakari honek indarkeria matxistak emakumeon* bizitzetan eta ongizatean dituen ondorioez hausnartzera behartzen gaitu, baita indarkeria horren adierazpenak eta ondorioak aztertzeko beharra ere.

Gure elkartasun eta babes osoa helarazi nahi diegu emakume gaztearen senide, lagun eta hurbilekoei. Ez dugu haren heriotza indarkeria matxistaren testuingurutik kanpo ulertu nahi. Gertatutakoa aztertzeko eta emakumeon* bizitzetan indarkeria matxistak duen eragina erdigunean jartzeko beharra azpimarratzen dugu.

Gertakari honen aurrean, honako hau adierazi nahi dugu:

Indarkeria matxistak aurpegi eta ondorio ugari ditu. Sistema zisheteropatriarkalak emakumeon* bizitzak baldintzatzen ditu, gure gorputzen eta erabakien gaineko kontrola ezarriz. Indarkeria matxistak gure bizitzetan eta ongizatean eragiten du, eta ezinbestekoa da haren adierazpenak eta ondorioak ikuspegi feministatik aztertzea. Emakumeon* bizipenak, sufrimendua eta bizitzeko baldintzak erdigunean jarri behar ditugu, indarkeria horren errealitatea ulertu eta hari aurre egiteko. Era berean, gogor salatzen dugu hedabide batzuek gertakari honen inguruan hartzen ari diren jarrera, emakumeen aurkako indarkeria arrazakeria eta diskurtso xenofoboak zabaltzeko baliatzen ari baitira. Ezin da emakumeon mina eta sufrimendua gorrotoa hauspotzeko erabili. Hedabideei exijitzen diegu erantzukizunez joka dezatela, indarkeria matxistaren larritasuna erdigunean jar dezatela eta arrazakeria normalizatzeari utz diezaiotela.

Erakundeen erantzukizuna: arreta, babesa eta erreparazioa. Erakunde publikoek ardura dute indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa, arreta integrala eta laguntza egokia bermatzeko. Horrek, sexu-indarkeria salatzen duten emakumeen beharrak erdigunean jartzea eskatzen du, laguntza psikologikoa eta soziala eskuragarri izatea eta prozesu osoan zehar babesa eskaintzea Emakume gazteak salatutako sexu-indarkeriaren aurrean zer arreta eta babes eskaini zitzaizkion argitzea eta emakumeen beharrei erantzuteko baliabideak bermatzea eskatzen dugu. Ez da nahikoa indarkeria gaitzestea: baliabideak, arreta eta benetako konpromiso politikoa behar dira.

Gizonei interpelazioa: hartu zuen erantzukizuna! Indarkeria matxista ez da emakumeon* arazoa; egiturazko arazoa da, eta gizarte osoari dagokio horri aurre egitea. Zuen isiltasuna konplizitatea da. Interpelazio zuzena egiten dizuegu: apurtu itun patriarkalak, utzi gure bizitzak kontrolatzeari eta hasi zuen pribilegioak eta indarkeria mekanismoak deseraikitzen. Erantzukizuna zuen gain dago.

Protokoloa aktibatuta: erantzun kolektiboa gure indarra. Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxatik, erailketa matxisten aurkako gure protokoloa aktibatu dugu, gertakari honen aurrean erantzun kolektiboa antolatzeko. Emakume gazte honen heriotzak indarkeria matxistaren errealitateaz eta emakumeon* bizitzetan dituen ondorioez hausnartzera eta erantzun feminista artikulatzera garamatza. Protokoloaren aktibazioaren bidez, gertakari hau ikuspegi feministatik kokatu eta indarkeria matxistaren aurkako borroka kolektiboa indartu nahi dugu. Gure indarra antolakuntzan, elkartasunean eta kaleetan dago.

Autodefentsa feminista gure hautua. Ez gara biktimak, subjektu politikoak gara. Autodefentsa feminista ez da soilik norbera defendatzea; gure arteko aliantzak eraikitzea da. Emakumeon* bizitzak eta ongizatea erdigunean jartzen dituen gizartea eraiki nahi dugu, indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta horiei erantzuteko gai izango dena. Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, emakumeon* askatasuna eta bizitza duina defendatzeko.

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

MARTXAN JARRAITUKO DUGU DENAK ASKE IZAN ARTE!

GORA BORROKA FEMINISTA!”

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.

Langileek hainbat hilabete daramatzate enpresaren barne ituna negoziatzen eta konpainiak langileen lan-baldintzak duintzeko behar adina aurrerapauso eman ez dituenez, langileek hiru greba ziklo burutu dituzte uztailetik hasi eta irailera arte. Greba ziklo horien jarraipena ia erabatekoa izan da, eta horrek indartu egiten ditu langileen aldarrikapenak enpresaren aurrean.

Ordea, konpainiak entzungor egin die langileen aldarrikapenei eta, beraz, beste greba ziklo bat iragarri dute langileek. Oraingoan, arestian esan bezala, hiru urrats izango ditu.

Moevek Gipuzkoan 16 gasolindegi eta 150 langile dauzka. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k osatzen dute.

Datozen egunotan jakinaraziko dute greba egunetako mobilizazio nagusiak non eta noiz egingo dituzten.

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek dei egin du putre funtsak Nafarroatik botatzeko eta higiezinen patronalaren aurkako borrokan jarraitzeko, azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartuz.

Testak kaltetutako familiek euren etxebizitzetan jarraituko dutela iragarri dute arratsalde honetako manifestazioan. Etxabakoitz, Buztintxuri, Artika, Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetako 507 familia dira etxebizitza hauetan bizi direnak, hamarkada honen hasieran Babes Ofizialeko Etxebizitza kalifikazioa galdu zutenak. “Ez gaituzte botako. Antolatuta gaude. Bukaeraraino borrokatuko dugu. Eta irabazi egingo dugu! Ez gara joango! Geratuko gara! Gora maizterron bottera!”, aldarrikatu dute.

Familiek salatu dute Testa Residencialek, Blackstone inbertsio funtsaren filialak, maizterrak eruen etxeak uztera behartu nahi dituela, eta haien etxeak saldu. Maizter horietako askok 25 urte baino gehiago daramatzate bertan bizitzen, eta 150.000 euro baino gehiago ordaindu dituzte alokairuan. Familiek gogorarazi dute, gainera, etxebizitzak finantziazio publikoarekin eraiki zirela, nahiz eta haien jabetza esku pribatuetan dagoen.

Egoera horren aurrean, familiek Nafarroako Gobernuari eskatu diote etxegabetze mehatxuak geldiarazteko, etxebizitza horiek desjabetzeko eta haien titulartasuna eta kudeaketa bere gain hartzeko, alokairu kontratu mugagabeak eta prezioen jaitsierak egungo errealitate ekonomikora egokituta.

Ekitaldian Ezkabako bizilagun batek ere hitz egin du. Babesa adierazi die Testak kaltetutako familiei eta kritikatu egin du PPk Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea, ekainean onartutako Etxebizitzari buruzko Foru Legearen aldaketaren aurka egiten duena. Legearen aldaketak alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak merkatu librera pasatzea eragozten du, Nafarroako alokairu parkeko 2.248 etxebizitzaren kalifikazio babestua mantenduz. Ezkabako bizilagunak ohartarazi du helegite horrek Ezkabako bizilagunak arriskuan jartzen dituela berriz: “Atea irekitzen du Testako maizterrekin gertatzen ari dena guri gertatzeko”.

LABek kritikatu du “gobernuek hamarkadetan ezarritako etxebizitza politikek egoera jasanezin honetara ekarri gaituztela”, eta eskuinari eta eskuin muturrari leporatu die higiezinen patronalaren interesak eta putre funtsak defendatzea maizterren interesen aurrean. Era berean, Txibiteren gobernuari interpelazio zuzena egin dio: “Nafarrok ordaindutako Babes Ofizialekoak izan diren etxebizitzak nafarronak dira. Etxebizitza horiek guztiak desjabetu egin behar dira, espekulazioari ateak itxiz.”.

LABek mezu argia bidali du: “Putre funts guztiak Nafarroatik kanporatuko ditugu eta ekintza sindikalaren bitartez higiezin patronalari aurre eginen diogu”. Sindikatuak ohartarazi du borrokak manifestaziotik harago jarraituko duela, eta datorren azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du.

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru orduko lanuzteak egingo dituzte: 11:30etik 14:30era, goizeko txandan, eta 14:30etik 17:30era, arratsaldekoan.

Lanuzte hau ez da kasualitatea. Hilabeteak daramatzate langileek benetako negoziazioa eskatzen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) inposaketekin eta negoziatzeko borondaterik ezarekin erantzuten jarraitzen du. Oraindik ez dago Akordioaren/Hitzarmenaren negoziazioari ekiteko benetako deialdirik.

Hauek dira langileen aldarrikapenak:

• Erosteko ahalmena berreskuratzea eta etorkizuneko soldata-galerak saihesteko bermeak lortzea.

• Euskara defendatu eta normalizatzea.

• Kontziliazio-neurriak hobetzea.

• Lanaldia murriztea.

• Telelanerako akordio berri bat negoziatzea.

• Lan-egutegi adostu bat.

• Eta, batez ere, inposaketak alde batera utzi eta benetako negoziazioa exijitzea.

Urriaren 21ean mezu argi bat bidaliko diete BFAri eta GUFEri: langileak ez daude prest beraien lan-baldintzak aldebakarrez erabakitzen jarrai dezaten.

Siemens Gamesaren estatu mailako akordio markoaren aurka egingo dugu, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak defendatuko ditugu

Salatu dugu Siemens Gamesak Espainiako Estatu mailako akordio marko bat ezarri nahi duela, Euskal Herriko negoziazio esparru propioak desagerrarazteko arriskua sortuz. Mungia eta Asteasuko lantegietako langileek bertan negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea defendatuko dute.

Duela hilabete batzuk, Siemens Gamesak Espainiako Estatuko langileen lan baldintzak arautzeko akordio marko bat negoziatzeko mahaia osatu zuen. Negoziazio mahai horretan, CCOOk, UGTk eta ELAk dute ordezkaritza.

Erabaki horrek kezka eta ezinegona sortu ditu Asteasu eta Mungiako lantokietan, orain arte lan baldintzak Euskal Herriko negoziazio esparruetan adostu izan baitira. Gure ustez, enpresaren asmoak egungo negoziazio esparruak desagerrarazi eta estatu mailako eredu bakarra ezartzeko arriskua dakar. Horrek langileen negoziazio gaitasuna eta erabakitzeko ahalmena mugatuko lituzke, bertako langileek aukeratutako ordezkarien eskumenak ahulduz eta erabakiak Euskal Herritik kanpo kokatuz.

Azpimarratzen dugu Euskal Herriko errealitate sozial eta sindikalak aukera ematen duela bertako beharrei erantzuteko eta langileen lan baldintzak hobetzeko. Estatu mailako negoziazio esparru bakarrak, ordea, errealitate hori bigarren mailan uzteko eta langileen aldarrikapenak baldintzatzeko arriskua dakar.

Horregatik, ezinbestekotzat jotzen dugu lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzen jarraitzea, bertako langileek aukeratutako ordezkarien bidez eta beren behar eta ezaugarriak kontuan hartuta. Negoziazio esparru propioak mantentzea funtsezkoa da langileen parte hartzea, ordezkaritza sindikala eta lan baldintzak hobetzeko gaitasuna bermatzeko.

Norabide horretan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua sortzeko baldintzak indartzen jarraituko dugu. Esparru hori ezinbesteko tresna da Euskal Herrian lan egiten dugunon erabakitzeko eskubidea bermatzeko eta gure lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Testuinguru honetan, Asteasu eta Mungiako langileek borrokari ekingo diote, bertako negoziazio esparruak bizirik mantentzeko eta lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzen jarraitzeko.

Gure aldarrikapena argia da: lan baldintzak hemen negoziatu eta hemen erabaki nahi ditugu, Euskal Herriko langileen errealitatetik abiatuta. Estatu mailako negoziazio eredu baten inposizioaren aurrean, bertako negoziazio esparruak defendatzea langileen eskubideak eta lan zein bizi baldintzak hobetzeko gaitasuna defendatzea da.

Azken asteetan EAEko hainbat eskualdetan eskola garraioan izan diren murrizketak salatzen ditugu

2026-2027 ikasturte hasieran eskola garraioaren murrizketen inguruan hainbat eskola komunitatek egindako salaketa publikoek eta abiatutako mobilizazioek agerian utzi dute egiturazko arazoa. Oianguren ikastetxeko komunitateak eta Zaldibiko gurasoek abiatutako protestak edota Plentziako eskola publikoko guraso elkarteak plazaratutako salaketak dira horren adibide.

Biztanleria gutxiko eremuetan, Arabako Lautadan kasu, Eusko Jaurlaritza lineak bateratzen hasi da. Erabaki honek ibilbideak desagerrarazten ez dituen arren, bidaiak askoz luzeagoak eta nekagarriagoak egiten ditu, honek ikasleengan duen eraginarekin negatiboarekin; ikasleen ongizatean eta ikaskuntza prozesuan, besteak beste.

Alabaina, kezka hau ez da berria. Azken ikasturteetan hainbat izan baitira desagertutako ibilbide edota geralekuak, eta guzti honek lanpostuen galera ekarri du. Aldi berean, erabaki horiek eragin zuzena dute ikasle, familia eta hezkuntza zerbitzuaren kalitatean. Haur hezkuntzatik hasi eta batxilergora arteko ikasle eta familiak jotzen ditu bete betean honek, eta are gehiago kaltetzen ditu premia bereziak dituzten ikasleak. LAB sindikatuaren aburuz, Imanol Pradales buru duen gobernuak zerbitzu publikoen kudeaketa murriztailearen beste adibide baten aurrean gaude. Eskola-garraioa ez da bigarren mailako zerbitzua: hezkuntzarako sarbidea eta ikasleen eskubideak bermatzeko funtsezko tresna da, bereziki landa-eremuetan eta biztanleria sakabanatua duten udalerrietan.

Egiturazko arazo honek hainbat iturri ditu. Alde batetik 164/2023 Dekretuaren aplikazio zurruna dago. Dekretuak dio eskola garraio espezifikorako eskubidea izateko ikasleak ikastetxeetatik gutxienez 4 kilometrora bizi behar duela, kontuan izan gabe tokian tokiko ezaugarri edo bestelako aldagaiak. Beste kasu batzuetan, garraio publiko alternatiboa egotea jotzen du Eusko Jaurlaritzak eskola-garraio espezifikoa ez eskaintzeko argudio gisa, ibilbideen segurtasuna edota garraio publikoaren saturazioa kontuan izan gabe. Guzti horri, zerbitzuaren lizitazioetan egon diren arazoak gehitu behar zaizkio. Izan ere, hainbat ibilbide esleitu gabe geratu dira.

Zentzu honetan, LABentzat onartezina da Hezkuntza Sailak hain garrantzitsua den zerbitzu publiko bat beren onura besterik bilatzen ez duten enpresa pribatuen eskuetan uztea. Eskola-garraioa oso sektore feminizatua da, emakumeek* kontratu eta lanaldi partzialekin eta lan baldintza prekarioetan jarduten dute. Une honetan, euren lan baldintzak duintzeko borrokara loturik daude. Eskola garraioa defendatzea, lan baldintzak duintzeko borroka baino gehiago da, zerbitzu publikoak defendatzea da.

Guzti honen aurrean LAB sindikatuak Begoña Pedrosaren Hezkuntza Sailari lehenbailehen arazoari konponbidea eman diezaion eskatzen dio, betiere alde soziala zein hezkuntza komunitatea aintzat hartuta. Gainera, sindikatuak adierazi du azken urteetan arazo honi lotuta egin den enpleguaren suntsiketaren aurrean gogor erantzungo duela. Halaber, babes osoa adierazi nahi die kaltetutako hezkuntza komunitateei eta elkarrekin lan egiteko prestasuna adierazten die familia eta udalei.

Aldundiak Gipuzkoako baso-suhiltzaileen zaintzak, prestakuntza eta entrenamenduak eten ditu sute arrisku handiko garaia hasi denean

Uda historikoki bero eta oso tehor baten ondoren, eta iraila geroztik baso-suteen arrisku handiko garaian sarturik gaudela, hartua du erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Ondare Naturaleko Zuzendariak.

Gipuzkoako baso-suteen prebentzioa eta itzalketa Aldundiko Baso Administrazioaren eskumenekoa da (7/2006 Gipuzkoako Mendien Foru Arauko 79. artikulua). Eskumen hori aurrera eramateko osatzen dugun Aldundiko baso-suhiltzaileok- baso ingeniari teknikoak, basozainak, irrati operadoreak – ohartarazten dugu erabaki hori suteei erantzuteko denbora luzatu eta herritarren nahiz langileen segurtasuna arriskuan jar ditzaketela.

2026ko irailaren 9an Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuburuak, Zuzendaritzaren erabakiz, Aldundiko baso-suhiltzaileekin batera lan egiten duten erretenei (boluntario nahiz profesionalak) eta zisterna-kamioi (lJraska) gidariei zaintzak ez egiteko eta, baso-suhiltzale talde osoari etengabeko prestakuntza-plana eta entrenamenduak eteteko agindua eman zigun aurrekonturik ez dagoela argudiatuz. Aldundiko baso-suhiltzaileok ONARTEZINTZAT iotzen ditugu neurri horiek, bereziki hartu diren uneagatik eta izan ditzaketen ondorioengatik. Baso-sute larrialdi batean baliabideak murriztea ARDURAGABEKERIA hutsa dela deritzogu.

Euskal Autonomia Erkidegoko o’Baso Suteetarako larrialdi plan bereziaren” arabera, Gipuzkoan irailaren lSean sartu ginen baso-suteen arrisku handiko garaian, hots, estatistikoki Gipuzkoak baso-sute handienak jasan dituenean. Aurten, gainera, uda bereziki bero eta lehor baten ondoren iritsi gara garai honetara. Euskalmeten arabera ,2026ko uda, Euskadin, datu-serietik beroena izan da, gutxienez 1970. urteaz geroztik, eta prezipitazioak oso urriak izan dira, oro har. Hori dela-eta, uda lehor éta beroak erabat baldintzatuko du udazken-neguko suteen ohiko jokabidea.

Zaintzak etenda
Zaintzarik gabe, baso-suhiltzaileetako erretenak eta lJraskak aktibatzeko eta sutearen lekura iristeko denbora luzatu egiten zaigu, eraginkortasuna eta efizientzia galduz. Hau da, sutea hasten denean, gure lankide diren parkeetako suhiltzaileekin elkarlanean aritzen gara, baina Baso Administrazioaren baliabideak berandu aktibatzeak suteak kontrolatzeko aukerak murrizten ditu. Baldintzak txarrak (hego
haize bortitzak, mendiko malda haundiak, landaretza oso lehorra eta abar) ematen badira, suak indarra hartu eta azkar hedatu daiteke, herritarrak, euren ondasunak eta natura ondarea arriskuan iarriaz’ Eta zer esanik ez, sutearen lehen lerroan gabiltzan giza baliabideak.

Prestakuntza eta entrenamenduak etenda

Prestakuntza eta entrenamenduak eteteak beste arrisku larri bat dakar. Baso-suteak itzaltzeko, baso- suhiltzaileok aldian-aldian trebatu behar dugu: lan-prozeduretan, tresnen erabileran, komunikazioen koordinazioa, suaren portaeraren azterketan eta egoera arriskutsuei eman beharreko erantzunean hobetzeko. Entrenamenduak eteteak zaildu egiten du trebetasun horiei eta talde-laneko ohiturei eustea, eta esku-hartzeetan akatsak edo istripuak izateko arriskua handitu egiten da. Baso-suteen itzaltze lanak berezko arrisku larriak ditu, eta akats batek ondorio oso larriak izan ditzake langileentzat eta herritarrentzat.

Horregatik, baso-suhiltzaileen zaintzak eta etengabeko prestakuntzako praktikak BEREHALA BERREZARTZEA eskatzen dugu. Ezin da herritarren eta langileen segurtasuna, ondasunak eta natura-ondarea babesteko ardura sute handirik gertatuko ez den itxaropenaren esku utzi.

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo baten bidez ordainduko da, eta 160.000 € bildu nahi ditu.

Nola liteke Galizia, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak nazio bereizi gisa existitzen jarraitzea, estatu handiek barne-aniztasuna ito duten kontinente batean, eta inoiz babestuko zituen estaturik izan gabe? Horra hor Enigma dokumentalak erantzungo duen galdera. Zalantzarik gabe, jende antolatuari esker izan da, eta sindikatuek, kultur erakundeek, komunikabideek eta gizarte mugimenduek zeresan handia izan dute horretan. Mende erdi baino gehiagotik hiru nazio horiek biziraun egin dute aspektu nazionalari nahiz kulturalari dagokionez: diktadura bat igaro dute, globalizazioari aurre egin diote, eta orain eskuin muturraren gorakadari egin behar diote aurre.

Diru-bilketa abian

Proiektua istorioa kontatzen den moduan finantzatuko da: behetik gora eta autogestioz, euskal, katalan eta galiziar erakundeen finantzaketa kolektibo bateratu baten bidez. Verkamin martxan dago kanpaina, eta 160.000 € bildu nahi ditu. LAB sindikatua proiektuaren talde eragileko kide da, eta bere komunitateari dei egiten dio diru-bilketa honetan parte hartzera. Nahi duenak esteka honen bidez egin dezake bere ekarpena: https://www.verkami.com/projects/44126-el-gran-enigma

Dokumentalak ikerketa historiko eta akademikoko adituen begirada eta erresistentzia hori protagonizatu duen gizarte zibilaren ahotsak uztartuko ditu. Jaialdietara, areto komertzialetara, plataformetara, telebistetara eta sareetara iristeko pentsatuta dago, baina baita unibertsitateetan material hezigarri gisa eta komunikabideentzako erreferentziazko eduki gisa balio izateko ere.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Gaur, EAEko ospitale guztietan, elkarretaratze jendetsuak egin ditugu. Sindikatuok zuzendaritzari eskatu diogu langileen aldarrikapenei eta beharrei erantzungo dieten proposamenak aurkez ditzala, eta langileen haserrea plazaratu dugu, 17 urte igaro baitira akordioa berritu gabe.

Sindikatu deitzaileok, lehen ekarpenak bidali ostean, gogorarazi dugu negoziatzea proposamenak mahai gainean jartzea, ekarpenak jasotzea eta aldarrikapenei erantzungo dieten hobekuntzak proposatzea dela. Ez da onargarria Osakidetzak akordio berri baten zirriborroa aurkeztea, soldaten hobekuntzarik jasotzen ez duena, Eusko Jaurlaritzak 2027rako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; aurrekontuak jasoko du osasun publikora bideratu nahi duen aurrekontu-partida. Ez dugu onartuko Osakidetzak orain zirriborro bat aurkeztea aldarrikatutako enborreko gaiei heltzen ez diena eta gero aurrekontuen mantra aitzakiatzat erabiltzea hobekuntzak ez egiteko. Aurrekontu horiek, esan bezala, orain prestatzen ari dira.

Hurrengo Mahai Sektoriala urriaren 19rako aurreikusita dago. Bilera horretan, gatazka bideratzeko benetako borondaterik dagoen ikusi ahal izango dugu; izan ere, zuzendaritzak aurreko bileran zirriborroa aurkeztu besterik ez zuen egin.

Osakidetzako kolektibo guztien lan-baldintzak hobetzea borondate politikoko kontua dela azpimarratzen dugu. Besteak beste, honako gai hauek jorratu behar dira: ordainsariak hobetzea; lanaldia murriztea eta antolatzea; lizentzien eta baimenen arloan benetako aurrerapenak egitea; enpleguaren egonkortasuna eta kalitatea bermatzea; plantillak indartzea; belaunaldi-erreleboari aurre egiteko neurriak hartzea; lan-kargak murriztea; lan-osasuna eta kontziliazioa hobetzea; berdintasun-neurri eraginkorrak ezartzea; eta euskaraz bizitzeko eta lan egiteko bermeak eskaintzea. Era berean, Lehen Mailako Arreta sendoa izatea eta pribatizazioari ateak ixtea eskatu dugu.

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok langileei dei egin diegu urriaren 30eko lehen greba-egunarekin eta mobilizazio-dinamikarekin bat egin dezaten. Orain da unea Osakidetzako zuzendaritza presionatzeko, kategoria guztientzako benetako hobekuntzak abian jar daitezen; izan ere, kolektibo guztiak ezinbestekoak dira Osakidetzak egunero funtziona dezan.

Pilota zuzendaritzaren teilatuan dago: benetako negoziazioaren bidez erantzun behar du, kolektibo guztientzako hobekuntzak mahai gainean jarriz.