2026-10-16
HomeEkintza SindikalaMartxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du...

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Garai bereziki bortitzak bizi ditugu. Sistema kapitalista-neoliberalak, heteropatriarkalak, kolonialak eta biozidak elkar indartzen dute. Olagarro erraldoi bat bezala, garro elastikoekin, hauek elkar elikatzen dute gero eta eremu gehiago kolonizatuz. Arpilatze eta espoliazio dinamika zaharrak kontrol, mendetasun eta esplotazio mekanismo berri eta finekin uztartzen dira.

Heriotza mundu mailako negozio bihurtu da, ideia kontserbadoreak eta atzerakoiak defendatzen dituena. Sistema honek egungo ordenaren aurkako mehatxutzat hartzen den guztiaren aurkako gorrotoa justifikatu eta sustatzen du. Industria belikoa, supremazismoa, genozidioa, gosea, urraketa eta gabetzea dira olagarro honen aurpegi batzuk. Olagarroa ere oso arrazista da.

Euskal Herrian arrazakeriak esparru guztietan zeharkatzen gaitu: auzoetan, erakundeetan, lantokietan eta gure buruetan. Aitortzea eta onartzea lehen urratsa da, aurre egin nahi badiogu.

Kapitalak eta patronalak arrazakeria daramate beren DNAn. Arrazismo laborala eta matxismoa dira garai honetako esplotazio iturri bortitzenak. Horri esker, zenbait botere eta enpresak irabazi handiak lortzen dituzte, oso handiak. Gainera, badago sistema instituzional eta legal oso bat langile migratzaileak eta arrazializatuak ahultasun eta babesgabetasun egoeretan mantentzen dituena. Horrela, eskulan merkearen erreserba handi bat sortzen da, lan-baldintza okerrenak dituzten sektoreetan lan egin ohi duena eta, kasualitatez, administrazioen eta Lan Ikuskaritzaren aldetik kontrol gutxien jasotzen dutenak ere badira.

Langileen %40 inguru (%38,59), horietako asko emakumeak*, 1.500 euroko soldata gordinera iristen ez direnak, pertsona migratuak eta/edo arrazializatuak dira. Eta datu horiek ez dituzte kontuan hartzen ohiko arazoak ere, hala nola ordaindu gabeko aparteko orduak, gehiegizko lanaldiak, atsedenik eza edo jaiegunik eza. Era berean, ez dituzte islatzen ezkutuko ekonomian lan egitera behartuta dauden emakume* lankide askoren benetako baldintzak.

Hori izan da LGS propio baten eta aberastasunaren banaketaren aldeko Greba Orokorraren arrazoietako bat Euskal Herrian. Izan ere, kontua ez da soilik erosteko ahalmena hobetzea, eta hori ere bai, gero eta gehiago baitira beren bizitzak eta beren familiak mantentzeko gutxieneko kostuei aurre egitera iristen ez diren langile pobretuak. Baita aitortza, erreparazio eta justizia sozial, feminista eta arrazazkoaren ingurukoa ere. Haiekin dugun zor patriarkal, arrazista eta koloniala ikusarazi eta horren aurka borrokatzekoa.

Zor hori ez da konponduko erregularizazio masiboaren bidez bakarrik. Espainiako Estatu osoan arrazakeriaren aurkako eta antolatutako herri borrokaren emaitza den erregularizazioa. Erregularizazio horren azken testua zein terminotan argitaratuko den eta nola tramitatuko den ikusteko adi gaude, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aldetik, guztiontzat benetan irisgarria eta eraginkorra izan dadin.

Martxoaren 21 hau Arraza Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun kontu batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LABen, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu. Hortaz doa gure kontraboterezko sindikalismoa, sindikalismo intersekzionala: feminista eta arrazakeriaren aurkakoa. Olagarroaren erroari sustraitik erasotzeko eta suntsitzeko antidotoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Iberiar penintsulako estaturik gabeko nazioek orain arte nola iraun duten azaldu nahi duen ‘Enigma’ dokumentala egi bihurtzen lagundu

Euskal Herriak, Galiziak eta Herrialde Katalanek indarrak batu dituzte estaturik gabe nola bizirik iraun duten azaltzea. Horixe du helburu Enigma proiektuak. Dokumentala finantzaketa kolektibo...

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.