2026-10-15
HomeEkintza SindikalaConfebaskek gutxieneko soldataren negoziazioari betoa ezartzen jarraitzen du

Confebaskek gutxieneko soldataren negoziazioari betoa ezartzen jarraitzen du

LAB eta ELA sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren Confebaskekin gutxieneko soldata negoziatzeko bilera deitu zuten. Confebaskek bere izaera autoritarioa eta probokatzailea berretsi du, eta uko egin dio bilerara joateari.

Martxoaren 17an milaka langilek gutxieneko soldata propio bat eta berau 1.500 eurotan kokatzeko eskaera egin zuten. Confebaskek argi erakutsi du, beste behin, langileak esplotatzea beste negozio eredurik ez duela ezagutzen, eta entzungor egin die Eusko Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari, horiek eragile sozialek gutxieneko soldata negoziatzeko eskatu ondoren.

LAB eta ELA hirutan saiatu dira Confebaskekin EAEko langileentzeko soldata baxuenak negoziatzen. Confebasken ezezkoek eraman zituen sindikatuak, herri-ekimen legegilearen tramitazioa ukatzeaz gain, greba orokorra deitzera. Greba orokorraren ondoren, Confebaskek probokazio batekin erantzun du eta uko egin dio sindikatuekin biltzeari.

Gogora ekarri behar da greba orokorraren aurretik Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak eragile sozialak negoziatzera deitu zituela. Bada, patronalak bere deiei entzungor egin die. Confebasken ezezkoak zuzenean interpelatzen ditu EAJ eta PSE-EE. Munduan zehar patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege-ekimenekin erantzuten dute. Confebasken ezezkoaren ondoren legezko eskumena aldarrikatzeko momentua iritsi zaie EAJ eta PSE-EEri. Hori da, hain zuzen, milaka eta milaka langilek martxoaren 17an eskatutakoa.

Eskumena eskatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak utzi egin behar dio eragile sozialen arteko ekidistantziak bilatzeari eta Confebaski zuzenean aurre egin behar dio, langileen muturreko pobreziaren gainean eraiki duen XIX. mendeko bere negozio eredua bertan behera utzi dezan.

Greba orokorraren ondoren sindikatuek interlokuzio fase berri bat ireki dute. Interlokuzio eta negoziazio fase honek akordiorik gabe bukatuko balu berriro ere mobilizazioekin hasteko garaia iritsiko da. Gutxieneko soldataren aldarria geratzeko etorri da eta lortu bitartean ekimen sindikalak ez dira geldituko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Ospitaleetan mobilizatu gara Osakidetzari eskatzeko gure aldarrikapenei eta langileen beharrei erantzun diezaiela

Osakidetzak sindikatuei bidalitako akordioaren lehen zirriborroak ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen, eta hori Eusko Jaurlaritzak 2027. urterako aurrekontuak ixten dagoen bitartean; azpimarratu behar da arau horrek osasun publikorako partidak zehaztuko dituela. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok berresten dugu ezinbestekoa dela mobilizazio dinamikarekin jarraitzea.

Maiatzetik gaur arte izan diren 14 lan heriotza berri azaleratu ditugu, datu ofizialetan ezkutatuta zeudenak

Azaleratutako datu berriek 60 hildakotan kokatu dute 2026ko kontagailua, eta, hala, azken urteetako datu lazgarriak berretsi dira.