2026-06-25
HomeEkintza SindikalaLABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren...

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren itxieran eta logistikaren kanporatzean oinarritutako plan batekin aurrera egiteko borondatea, alde sozialak planteatutako alternatibei jaramonik egin gabe.

Inposatu nahi den kontakizun interesatuaren aurrean, argi utzi nahi dugu ez gaudela borondatezko irteeren aurrean. Ustezko atxikimendu horien zati handi batean, enpresan urteak daramatzaten behin-behineko kontratua duten 80 pertsona inguru sartzen dira. Pertsona horiek ez dira borondatez joaten: kaleratu egiten dituzte.

Gainera, ustezko borondatezkotasun hori errotik zalantzan jartzen dugu. Urtarrilean, enpresak enplegu-erregulazioko espedientea, altzairutegiaren itxiera eta logistikaren esternalizazioa iragarri aurretik, ez zeuden ez 301 ez 285 langile lanpostua uzteko prest. “Borondatezkotasun” hori asteetako presioaren, ziurgabetasunaren eta mezu alarmisten ondoren agertzen da. Ez da erabaki librea, erabaki baldintzatua baizik.

Enpresak aurrera jarraitzen du altzairutegiaren itxierarekin eta logistikaren esternalizazioarekin; erabaki horiek gaitasun industriala desegitea eta enpresaren etorkizuna arriskuan jartzea dakarte. Kudeaketa txarra egiten duen zuzendaritza baten aurrean gaude, bere plana langileen eta etorkizun industrialaren gainetik ezartzen duena.

LABetik ere erakundeen jarrera salatu nahi dugu. Onartezina da Eusko Jaurlaritza, aldundiak, EAJ eta PSE gaur Aiaraldean biltzea ustezko berrindustrializazio-mahai batean, duela ordu gutxi Tubos Reunidosen 285 lanpostu suntsitu direla jakinarazi den bitartean. Zinismo politikoaren adibide argia da, eta enpleguarekin eta industriarekin benetako konpromisorik ez dagoela erakusten du.

Joan den astean, Amurrioko batzordearen gehiengoak bilerak eskatu zizkien Industria Sailari, Enplegu Sailari eta Arabako Foru Aldundiari. Gaur egun, oraindik ez dugu erantzunik jaso. Zergatik? Non daude industria-enplegua suntsitzen denean?

LAB enpresak hartutako erabakia juridikoki aztertzen ari da, eta ez du baztertzen langileen eskubideen defentsan jarduteko inolako biderik.

Argi daukaguna da borrokan jarraituko dugula. Tubos Reunidosen enpleguaren, altzairugintzaren, industria-jardueraren eta etorkizunaren defentsan dugun konpromiso irmoa berresten dugu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABen pozik hartu dugu Etxebizitza Legearen onarpena, baina neurri sakonagoak eskatzen ditugu

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitza Legearen aldaketa onartu du gaur. LABen ustez, lorpen hau sindikatuak eta maizterrek egindako borroka sindikalaren ondorioa da. Legea onartzeak esan nahi du alokairura bideratutako Babes Ofizialeko Etxebizitzak ezin izango direla merkatu pribatuan saldu. Hala ere, LABek uste du legea berandu iritsi dela Testa funts putreak kaltetutakoentzat eta neurri sakonagoak eskatu ditu.

Laneko bajak ez direla absentismoa gogorarazi dugu, eta patronalak beharginekin haragi txikitua egiten duela salatu

Elkarretaratzea egin dugu Bilbon, haragia txikitzeko makina bat irudikatuta, etekin ekonomiko pribatuen mesedetan langileak muturrera eramatea beste helbururik ez duen diskurtsoa salatzeko.

ELIS MANOMATICek bere langileen osasuna arriskuan jarri zuen eta mehatxuekin erantzun zien 42 ÂșC-rainoko tenperaturetatik babestu zirenei

LAB sindikatutik publikoki salatzen dugu atzo arratsaldean Gallartako ELISen instalazioetan bizi izandako egoera larria. Garbitegiko langileek 3 ordu eta 15 minutuko geldialdia egin behar...