2026-05-09
HomeEkintza SindikalaUdalhitzen negoziazio mahaira edukiak ekartzeko, mobilizazioak iragarri ditu LABek

Udalhitzen negoziazio mahaira edukiak ekartzeko, mobilizazioak iragarri ditu LABek

Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dago, eta azarotik hona ez da izan aurrerapauso nahikoa. Horregatik, martxoaren 26rako mobilizazioak deitu ditu LABek, eta apirilaren 17rako eta 23rako lanuzteak.

LABek, otsailaren 26an mobilizazio dinamikari hasiera eman zionean, adierazi zuen EUDELek mahaian aurkeztuko zituen proposamenen eta alderdi politikoen negoziatzeko borondatearen arabera baloratuko zuela mobilizazioak areagotzea. Bada, LABek uste du gaur-gaurkoz negoziatzeko borondate gutxi dagoela, eta bileraz bilera luzamenduetan ari direla. 

Udalhitzen negoziazioaren seigarren bileran, otsailaren 27an, EUDELek gai ezberdinen bere proposamena aurkeztu zion LABi. Sindikatuaren aburuz, oso proposamen orokorrak jasotzen ditu proposamen horrek, konkreziorik eta epe zehatzik gabekoak eta horietako gauza batzuk onartezinak dira; esaterako, udalek absentzien plan bat izatea, absentismoari buruz patronalek duten mezua erosita eta ordezkari sindikalekin negoziatu gabe.

Martxoaren 13an egin zen zazpigarren mahai negoziatzailean berretsi zen Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dagoela, EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela gehiengo sindikalak babesten dituen edukiak mahaian jartzeko borondaterik, eta, ondorioz, azarotik ez dagoela aurrerapauso nahikorik.

Negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi igaro da, negoziazio mahaia 2025eko apirilean eratu zenetik ia urte bat eta, momentuz, edukietan sakontzeko borondate gutxi dago EAJren aldetik. Gogora dezagun 16 urte beteko direla Udalhitzen lan hitzarmena sinatu zenetik, eta geroztik ez da lan hitzarmena berritu.

Euskararen gaian, gainera, EH Bilduk Enplegu Publikorako Legea aldatzeko egindako proposamena, gehiengo sindikalaren babesa duena, baztertzen jarraitzen du EAJk, eta PSErekin adostu duen proposamena inposatu nahi du. LABek EAJri adierazi dio euskararen auzia lehentasunen artean kokatzen duela eta beretzat ezinbestekoa dela. Negoziazioak aurrera egiteko, LABek honako proposamen hauek egin ditu eta EAJk ezezko borobila eman die, aitzakia gisa parlamentuko eztabaida jarrita:

  • Lehen aldiz enplegu publikoan sartzeko euskara eta gaztelania parekatzea eta hizkuntza eskakizuna zein derrigortasun data lanpostu guztiei jartzea.
  • Egun lanean ari diren langileen lanpostuei dagokionez, hizkuntza plangintza propioak egitea tokian toki, lanpostu guztiek %100ean hizkuntza eskakizuna izatea eta bere egiaztatzea lortzeko. Hizkuntza plangintza horrek zehaztuko luke zein lanpostuk izango lukeen ezarritako hizkuntza eskakizuna betetzeko salbuespena, berau geroratuz edo atzeratuz. 

Euskararen normalizaziorako neurriekin batera, hauek dira LABek Udalhitz berrirako zehaztu zituen lehentasunezko edukiak:

1- Negoziazio-marko propioa.

2- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak.

3- Enpleguari loturiko neurriak.

4- Gazteberritze-planak.

5- Jardunaldi jaitsiera.

6- Lanpostu balorazioak egitea.

7- Soldata-igoerak.

8- Klausula feministak.

9- Euskararen normalizaziorako neurriak.

10- Lan osasunerako neurriak.

11- Trantsizio ekosozialerako neurriak.

12- Kolektibo espezifikoetan neurri konkretuak adostea.

Beraz, LABek mahaia edukiz bete dezaten exijitzen du, eta horretarako hurrengo mobilizazioak egingo ditu:

  • Martxoaren 26an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskualde guztietako udaletan mobilizazioak.
  • Apirilaren 17an udal guztietan ordu bateko lanuztea.
  • Apirilaren 23an udal guztietan ordu bateko lanuztea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikarien sektorean greba deitu dugu

LAB, TEKNIKARIOK, ELA, ESK, CCOO eta UGT sindikatuak gara deitzaile, eta maiatzaren 15a izango da greba eguna, sektore horretan deituko dugun lehendabizikoa, hain zuzen ere.

Garbiñe Aranburu eta Urko Aierbe: “Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde, kalera!”

Hemen duzue Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren eta Urko Aierbe Euskara idazkariaren iritzi artikulua. Bihar larunbata, maiatzaren 9an, manifestazioa deitu dugu Bilbon, "Euskaraz bizitzeko eta...

Eragile euskaltzale nagusiek bat egiten dute LABek, ELAk eta STEILASek larunbatean deitutako manifestazioarekin

Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera, Bilgune Feminista, Aldatu Gidoia, Nabarralde edo Pantailak Euskaraz bezalako taldeek atxikimendua eman diote euskaraz bizitzeko eta lan egiteko eskubidearen alde larunbat...