2026-01-19
Blog Page 297

Egungo eskumenak erabilita zerga erreformari heltzea eskatu diegu Urkullu eta Chiviteri

Atzo goizean, Espainiako Gobernuak neurri fiskalen sorta bat ezagutzera eman zuen. Neurri hauen aurkezpena estatu mailan fiskalitateari buruzko eztabaida piztuta dagoela etorri dira. Eskuina proposatzen ari den murrizketa fiskal erregresiboekin alderatuta, Madrilgo gobernuak “gehien dutenek gehien ordaindu eta gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten harturiko neurri fiskal selektiboak” aurkeztu ditu. Emakumeon higiene produktuen BEZ jaitsieraz aparte, gurean apenas eragina izango duten aldaketak dira iragarri direnak. LABen ustez zerga erreforma gauzatzea urgentea da. Zoritxarrez, bertako instituzioak Madrilen hartzen ari diren neurrien atzetik ari dira, eta norabide okerragoan gainera. Gutxienez, Sanchezen Gobernuak gehien dutenek gehiago ordain dezaten filosofia erabili du, epe motzeko eta irismen laburreko neurriak badira ere. Zoritxarrez, Hego Euskal Herrian ditugun eskumenak ez dira ari erabiltzen langileon bizi baldintzak hobetu eta aberastasunaren bidezko banaketa bermatzeko.

EAEri dagokionez, orain arte EAJ-PSEren gobernuen eskutik PFEZaren deflaktazio politika aplikatu da. Momentuko erronkei aurre egiteko diru gehiago bildu behar da, gehien dutenak eta irabazi enpresarialak zergapetuz egin behar da bilketa hori. PFEZa deflaktatzeko hartu den neurriak, herritarrengan onura izango badu ere, ez du progresibotasuna bermatzen, ez du kontuan hartzen krisi ekosozialaren ondorioak errenta guztiek ez dituztela berdin pairatzen. Gainera, diru bilketa murriztuko du eta gure ustez, alboan izan beharko lituzke bestelako neurri fiskal osagarriak.

Azpiazu sailburuak beste behin esan du ez dela momentua erreforma fiskal bat eztabaidatzeko momentua, euskal langileoi eztabaida bera ukatuz. EAJrentzat inoiz ez da bere alderdikide Josu Jon Imaz eta enparauak gehiago zergapetzeko unea, eta testuinguruari epe motzeko politika asistentzialistekin erantzun nahi die. Nafarroako argazkia ez da oso desberdina.

LAB sindikatuan argi daukagu. Beharrezkoa da, Euskal Herrian ere, gehien dutenek gehien ordain dezaten neurri fiskalak hartzea, eta bertako instituzioei eskatzen diegu dituzten eskumenak balia ditzaten norabide horretan. Euskal langileok behar duguna sakonekoa eta egiturazkoa den erreforma fiskala da, progresibotasuna bermatuko duena, aberastasun gehien metatzen dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Zerga erreforma horrek balio behar du aberastasunaren banaketa-gaitasuna hobetu eta desberdintasun sozialak murrizteko, eta diru-sarrera publikoen bolumena handitzea funtsezko zerbitzu publikoak blindatzeko.

Norabide horretan aurkeztu berri dugu trantsizio eskosozialista eta feminista gauzatu eta ondasunak banatzeko neurri sorta, tartean erreforma fiskalaren gakoak bilduz. Honako 4 neurriak dira LABentzat ezinbestekoak: zerga politika burujabea garatzeko eskubidea aldarrikatu eta BEZa moduko zeharkako zergak arautzeko eskubidea jasotzea, Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa, elkarteen zergaren kenkariak ezabatu eta %35eko tipo nominala, eta PFGZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igotzea.

EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu dugu Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik

Gaur, LAB sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo enpresa, langileen kontrako delitu larri eta jarraituagatik. Asko dira arlo laboralean enpresa honen aurka LABek irabazi dituen prozesuak, asko sindikatuak berak hasiak eta beste batzuk inspekzioak. Horietan guztietan erdietsi den ondorioa argia da: Glovoko langileak ez dira autonomoak, besteen konturako langileak baizik.

Honetaz gain, astelehenean prentsaurrekoa egingo du LABek, Glovoko langileen eskubideak aitortzeko ekimen juridiko bat iragartzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta hainbat riderrek hartuko dute parte bertan.

Langile horien borrokari esker Estatu maila ere izan da berrikuntza legalik, hain zuzen, legeak berak espresuki jasotzen du orain langileok besteen konturako langileak direla, ez autonomoak. Puntu honetan, ezin ezkuta dezakegu gure ustetan aldaketa normatiboa ausartagoa izan zitekeela eta riderren enpresen jokabide onartezinarekin behingoz amaitu.

Glovok ordea, lege, epai eta ebazpenen gainetik nahi duena egiten jarrai dezakeela uste du. LABetik argi dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula Glovoko langileen eskubideak betearazi daitezen, eta kasu honetan, bide penalari heldu diogu.

Egun, langileek besteen konturako langile izaera onartua badute ere epai irmo edota ebazpen bidez, Glovok autonomoen eraentzan altan ematera behartzen ditu, eta ondorioz, erregimen orokor eta autonomoetan, bietan, daude alta emanda. Horrekin batera, enpresak ez dizkie oinarrizko eskubideak onartzen: oporrak, lanaldiak…

Horregatik salatu dugu gaur Glovo fiskaltzaren aurrean langileon eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik, epai eta ebazpen administratiboei entzungor egiteagatik.

Aurkeztu dugun idazkiak LAB parte izan den prozesu laboral anitzen argazkia jasotzen du, fiskaltzari berri emanez langileok besteen konturako langileak direla ebatzia eta irmoa den egitatea dela. Horrekin batera, egun bizi duten egoera eman diogu ezagutzera, dagozkien eskubideak nola urratuak izaten ari diren sistematikoki: gizarte segurantzan altak bi erregimenetan; ez dute soldatarik ordaintzen, fakturak igortzen dituzte langileok autonomoen erregimenean altan egotera behartuz; aldebakarreko lanaldi aldaketa etengabeak, bide judizialean baliogabeak deklaratuak izan direla asko; deskantsu baldintzen urraketak; etabar luze bat, luzeegia.

Horrela, LABetik uste dugu badela garaia ebazpen judizial eta administratiboen gainetik Glovok nahi duena egiteari utz diezaion eta bertako langileen eskubideak errespeta daitezen. Eta horien defentsa jarraituko dugu, bide judizial eta sindikala uztartuz.

Suhiltzaileak Iruñean mobilizatu dira, Nafarroako Gobernuak baso-suteekin izandako utzikeria salatzeko

Nafarroako Gobernuak antolatu duen “Baso-suteak: analisia, gogoeta eta erronkak” izeneko jardunaldiaren hasiera aprobetxatuta, LAB-Suhiltzaileak arloko kideek elkarretaratze bat egin dute Tres Reyes hotelaren parean.

Elkarretaratze horren bidez salatu nahi izan dute ezen, ekaineko suteen ondoren Gobernuak zenbait neurri hartuko zituela agindu bazuen ere, ez duela ezer egin Suhiltzaileen Zerbitzua hobetzeko eta uda honetan gertaturiko baso-suteei eta antzeko egoera larriei aurre egiteko.

Egun osoko grebara jo dute Lanalden enpresako langileek, lan baldintza duinen defentsan

Lanalden telemarketing enpresak 1.200 langile ditu, eta, besteak beste, SOS Deiak, Trafiko eta Bilboko Udalaren 010 herritarrentzako arreta telefonoaren zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da. LAB (6 ordezkari), ELA (6), CCOO (5), ESK (4) eta UGT (2) delegatuk osatzen dute enpresa batzordea.

Bertako langileak eros-ahalmena galtzen ari dira prekaritate handiko egoera bizi dute. Enpresak ez zuen negoziazioekin jarraitu nahi izan eta alde bakarrez erabaki zuen %3,5eko igoera hitzarmenaren kontura, baina ez du bete, langile batzuk, AZko lankideak esaterako, igoera horretatik kanpo utzi baititu.

Langileak falta dira, oporretako aldaketa eta egutegi defizitarioen eraginez, euren lana zama handiagoekin egin beharrean aurkitzen dira, eta euren lana ez da behar bezala aitortzen.

Enpresa ez dago telelana arautzearen ald,e ezta honek dakartzan gastuengatik plus bat aitortzearen alde ere.

Hau guztiagatik erabaki dute grebara joatea, LAB eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, lanuzteak egiten ari dira irailean zehar, eta, gaur, egun osoko greba egin dute.

Bizkaiko garbiketako hitzarmena sinatu dugu, afiliatuen batzarraren erabateko babesarekin #LortuDugu

Irailean afiliatu eta hurbilekoekin egindako asanbladetan uztailean lortutako aurreakordioa ospatu eta babestu egin dugu. Orain arte egindako batzar jendetsuenak izan dira honako hauek, eta, aurreakordioa bertan berretsi ondoren, Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmena sinatu dugu gaur.

LABek harro esan dezake mobilizazio-prozesu honen ondoren gure afiliazioarekiko harremana aberastu eta indartu egin dela. Gure asmoa garbiketako sektoreak zuen norabidea aldatzea zen, eta 30 urte baino gehiago grebara irten gabe zeraman kolektibo batean borroka aktibatu genuen. Hilabete hauetan gure arteko konplizitate eta konpromiso sareak sortu ditugu, eta orain inoiz baino ahaldunduago, hobeto antolatuta eta indartsuago gaude.

Hilabete hauetan gurekin egon denak badaki. Borrokaren lehen lerroan LAB egon da. Sektoreko sindikatu nagusiak bere ahalegin guztiak gutxi batzuentzako akordioak lortzeko inbertitzen zituen bitartean, eta Estatu mailako sindikatuek besoak gurutzatuta gainerakook borrokatzen genituen emaitzak itxaroten zituzten bitartean, LAB izan da bere indar guztiak garbiketako sektoreko hitzarmena hobetzen jarri dituen bakarra. Piketeetan LAB egon da, enpresen okupazioetan LAB egon da, itxialdietan LAB egon da, errepide mozketetan LAB egon da. Hurbiletik gatazka hau jarraitu duenak aitortu besterik ezin du egin.

Hitzarmen hau sinatuta, hasieran ezinezkoa zirudiena lortu dugu: % 13ko soldata-igoera, gutxienez 1.200 euroko soldata 15 ordainsaritan eta lanaldi partzialen egoera arautzeko atea ireki dugu, besteak beste. Azken batean, borrokak emaitzak ekarri ditu, eta, horrela, zoru komun eta duina eskaini diegu gure sektorean lan egiten duten 12.000 langile ikusezin baino gehiagori.

Inork ez zigula ezer oparituko bagenekien, orain ikasi duguna da indarrez eta erabakitasunez dena lortzeko gai garela.

Osakidetzak berriro mahai sektoriala erabili du langileon eskubideen murrizketen planak gauzatzeko

Osakidetzako zuzendaritzak gaur garapen profesionaleko eredu berriari buruzko dokumentu bat aurkeztu du.

LABentzat dokumentu berri hau onartezina da, balorazio subjetiboak finkatzen dituelako eta langileon arteko arrakala haunditzen duelako. Beste alde batetik, planteatzen dituzten betebeharreko irizpideak, langileak baztertzeko irizpideak dira, zuzendaritzako karguei eskatzen dizkienak izan ezik.  Urteroko deialdiekin bukatu nahi dute, eta 4 urteroko deialdiak egitea proposatzen dute, beraien gaitasun falta agerian utzita

Zuzendaritzei ateak irekitzen dizkie IV. Nibela zuzenean lortzeko, zuzendaritzan 4 urte egiten badituzte

Horrela jasota dago dokumentu horretan:

2. – Osakidetzan zuzendaritza-kargurako izendatuta egoteagatik zerbitzu berezietan dauden profesionalei, betiere egoera horrek gutxienez lau urteko iraupena badu, beren lanpostuaren lanbide-taldeari dagokion Lanbide Garapeneko IV. Maila esleituko zaie.

Ikusten ari gara nola osakidetzako zuzendaritzak oparitzen die berak izendatutako zuzendariei garapen profesionleko IV. nibela, eta aldi berean  CVTTko langileei  %4 a ez die ordainduko dirua ez dagoela argudiatuz.

Oinarri orokorren negoziazioa amaitutzat eman dute inongo sindikaturen onespenik gabe, existitzen ez den negoziazioa amaitutzat emanez eta egonkortze-prozesu horretan sartzen diren plazak eta kokapena zein diren jakin gabe.

Baieztatu da EPE iruzurren ondorioz jarritako neurriak eta EPE eredu berrian jaasotakoak ez direla beteko egonkontze prozesuan, eta IVAPek ez duela osakidetzako azterketen parte izan nahi osakidetzaren zuzendaritza ohiaren partetik 2016-17 EPEan egindako instrumentalizazioa eta gero.

Zuzendaritzak planteatu du OSNko beste administrazio batzuetan lan egindako denborek Osakidetzan izandako merezimenduen puntuazio bera izatea. Arazo juridikoak argudiatzen dira egonkortze-prozesuak arautzen dituen legeak aukera ematen dienean administrazioei beren langileei puntuazio bereizia emateko. Zuzendaritzak langileekin duen konpromisorik eza agerian  dago.

Galdera-sortaren formatua gai komunetarako baino ez da aurreikusten, eta gai-zerrenda espezifikoak multzo horretatik kanpo uzten dira.

Osakidetzak autokonzertazioan sakondu nahi du, hori saihestu beharrean, dagoen egitura-defizita arintzeko. Osakidetzak ez du planik plantillak dimentsionatzeko eta itxaron-zerrendak murrizteko; izan ere, gaur egun gero eta gehiago dira, estrategia integralik ez dagoelako. Premiazkoa da plantillaren dimentsionamendu errealista, eta onartezina da autokonzertaziora jotzea, ohiko beharrei aurre egiteko estrategia bakar gisa.

Azkenik, onkologikoaren egoeraren aurrean ez dugu azalpenik jaso, jakinda beraien artean duten jarduera lotura abenduaren 31ean amaitzen dela. 

LABek bere haserrea helarazi nahi die langileei Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektorialen ondoren erakusten duen jarreragatik. Langileen aurkako proposamen kaltegarriak aurrera ateratzeko izapide huts gisa erabili nahi du, beste inoren onespenik gabe. Murrizketak gauzatu nahi dituzte eta hauek gelditzeko bide bakarra mobilizazioak indartzea da.

Lan eta bizi baldintza duinen alde mobilizatu gara Baionan eta Donapaleun

Sindikatuok Ipar Euskal Herrian deitutako greba eta mobilizazio egunaren harira, Baionako eta Donapaleuko kaleetan mobilizatu gara, hainbat aldarri ardatz. Hain zuzen ere, soldaten igoera, aberastasunaren eta lanaren banaketa eta erretiroa 60 urtetan ezartzea eskatu dugu, langileen bizi eta lan baldintzen defentsan. Hemen erabakitzeko aldarria ere oso presente izan dugu, Euskal Herrian bertan antolatu eta borrokatzeko deia egin baitugu.

Hauek dira LAB sindikatuaren aldarrikapenak:

– Gutieneko soldata 1.663 eurora emendatzea berehala
– 30 orduko lan-astea
– Lan sarien emendaketa orokorra
– Erretreta 60 urtetan
– Emakume eta gizonen arteko soldata arrakalaren bukaera
– Langabezia-asegurantza erreforma kentzea
– Zerbitzu publikoen indartzea
– Tokiko negoziazio eremuen sorrera

Garbiñe Aranburu: “Aberastasunaren bidezko banaketa bermatu behar da”

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dute Naiz Irratian, aktualitateko gaiak ardatz. Egungo egoera sozioekonomiko larriari buruz galdetu diote, baita abian diren hauteskunde sindikalei buruz ere.

Gipuzkoako grafikagintzako langileek Adegira eraman dituzte euren aldarriak bigarren greba egunean

Astearteko lehen greba egunaren ostean, Gipuzkoako gradikagintzako langileek bigarren greba eguna egin dute gaur. Donostiara eraman dute hitzarmen duinaren aldarria; Adegi patronalaren egoitzara, hain zuzen ere.

Beste bi greba egun egingo ditugu urriaren 4an eta 6an.