2026-05-03
Blog Page 297

Baionako portua blokeatu dugu erretreten erreformaren aurka protesta egiteko

Joan den asteko greba jendetsuaren ondoren ere borrokan jarraitzen dugu langileok, eta gaur goizean erretiro adina 64 urteraino luzatzearen kontrako ekimena gauzatu dugu. Lapurdiko hiriburuko merkataritza portuko sarbidea blokeatu dugu, beste sindikatuekin bat eginda.

LAB, CGT, Solidaires eta FSU sindikatuetako kideok portuko sarrera eta irteerak blokeatu ditugu, kamioien joan-etorriak galaraziz eta bertan gauzatzen den merkataritza jarduera etenaraziz. LABeko Heren Muruagaren hitzetan, halako ekimenek “presioa jartzeko eta mugimenduan jarraitzeko” balio dute, eta Frantziako estatuak ezarritako neurri hau gaitzesteko antolatuta jarraitzearen beharra berretsi du.

Hala, mobilizazio eta ekimen horiek ez dute etenik. Ildo horretan, besteak beste, asteburu honetan bertan traktak banatzen arituko gara Maulen. Eta gogorarazi behar da, auzi honekin lotuta, hilaren 31n beste greba egun bat deituta dagoela.

Ez dugu Nafarroako Kirol Kudeaketako aurreakordioa sinatuko, ez duelako erosteko ahalmena bermatzen, eta eraginkortasun mugatuko hitzarmen antidemokratikoak kritikatu ditugu

CCOO eta UGT sindikatuek atzo jakinarazi zuten Nafarroako Kirol Kudeaketarako hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatuko dutela. Sektore horrek 100 egun zeramatzan greban, hitzarmen duin baten alde. Baina iragarritako hitzarmenak ez du bermatuko sektoreko langileen erosteko ahalmenari eustea, hau da, pobretuko ditu. Eta ez da hitzarmen demokratiko bat izanen, CCOOk eta UGTk gutxiengoan sinatuko baitute, gehiengo sindikalari bizkarra emanez. Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak ez du berretsiko.

CCOOk eta UGTk Kirol Kudeaketaren sektorean duten ordezkaritza ez denez %50era ailegatzen, hitzarmena eraginkortasun mugatukoa izanen da; hau da, horri banaka atxikitzen zaizkionei bakarrik aplikatuko zaie. Gainera, azpimarratu behar da bat egin nahi duten pertsona guztiek ere ezin izanen dutela egin: patronala osatzen ez duten enpresetarako lan egiten duten langileak kanpoan geldituko dira.

Argi eta garbi salatu nahi dugu eraginkortasun mugatuko hitzarmenak, UGTk eta CCOOk erabiltzen dituztenak, antidemokratikoak direla, enpresa edo sektoreetako gehiengo demokratikoei iskin egiten baitiete eta, beraz, langileen gehiengoaren kontra jotzen baitute.

Patronalak “behin betikotzat” jo duen eta negoziazioaren ateak itxi dizkion Kirol Kudeaketari buruzko aurreakordioari dagokionez, deitoratzen dugu 2022, 2023 eta 2024 urteetako soldata igoerak KPIaren igoerarekin ez lotzea, eta, beraz, langileei erosteko ahalmena galaraztea.

Nafarroako KPIaren igoera %6,6koa izan zen 2021ean eta %6,4koa 2022an. Hortik beherako soldata igoerak pobretzea dira, nahiz eta nominan euro gutxi batzuk gehiago agertu. Hori dela eta, LABek ihes egiten du KPIaren igoerari lotuta ez dauden soldata igoeretatik, are gehiago orain, biziaren garestitzea hainbertze goititu den honetan. Langileok gero eta ahalegin handiagoa egin behar izaten dugu argia, erregaia, elikagaiak eta pertsonen oinarrizko bertze behar batzuk ordaintzeko.

Alde horretatik, ez dugu aurreikusten langile klasearen erosteko ahalmena galtzea dakarren hitzarmenik sinatzea. Eta horregatik ez dugu sinatuko Kirol Kudeaketakoa, sektore horretan erosteko ahalmenaren bermea izan baita aldarrikapen nagusietako bat. Begiraleek bertze behin ere desabantaila nabaria dute, eta gerta daiteke 2024rako %0ko igoera izatea.

LABek jarraituko du guztiontzako hitzarmena lortzeko borrokan eta lanean, erosteko ahalmena galdu gabe eta langileendako hobekuntzekin.

Langabezia datuen arabera, generoaren eta jatorriaren ondoriozko arrakalak handitu egin dira

Gaur Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuak egin dira publiko. Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekotik nabarmen egin du gora langabeen kopuruak, 7.300 pertsona gehiago, 122.900 langabetu orotara. Areagotzeak emakumeei eragin die bereziki, orain arteko joera orokorra apurtu delarik.

Datu zehatzak aztertuz, emakumeen langabezia izan da igoera handiena jasan duena aurreko urtetik. Izan ere, genero arrakala handitu da, gizonen langabeziak behera egin duelarik eta emakumeenak gora, 8.900 pertsona gehiago, hain zuzen ere. Eta aldea handitu egin da langabezia tasari erreparatuta, gizonena %8,5 eta emakumeena %9,6. Lan kontratuen kopuruak, orokorrean, behera egin du emakumeen artean, 17.700 gutxiago baitira orain. Lan kontratu mugagabeek gora egin duten arren, ez da nahikoa izan suntsitu diren behin-behineko kontratuak ordezkatzeko. Hala ere, Nafarroan orokorrean emaitzek bide onean jarraitzen dute.

Bestetik, langile migratuen langabezia tasa izugarria azpimarratu behar dugu, tasa orokorraren (%10,09 Nafarroako Foru Erkidegoan eta %8,66 Euskal Autonomia Erkidegoan) hirukoitzera iritsi baita hiruhileko honetan (%37,33 eta %28,27, hurrenez hurren). Langile migratu -eta kasu askotan arrazializatuek- pairatzen dituzte lan merkatuaren ondoriorik ankerrenak: esplotazio maila altuenak, lan prekarioak eta langabezia zein pobrezia tasa altuenak ere bai. Maiz, lan baldintza horiek legez kanpo egon arren, atzerritarren legearen ondorioz gertatzen den errealitatea da, kapitalak esku-lan merkea baliatzen baitu irabazi handiagoak metatzeko.

Epe luzeko langabeziari dagokionez, azken urtean langile gutxiago daude egoera horretan, urtebetez edo gehiagoz lan bila. Hala ere, azken hiruhilekoaz geroztik gora egin du, eta joera aldaketa ekar dezake. 2021aren bukaeran langabetuen %47,50 ziren, eta 2022an %44,3ra jaitsi da.

Azken hilabeteetako joerarekin apurtuz, langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian azken hiru hilabeteetan. Aurreko urtearekiko, aldiz, zertxobait behera egin du. Gogora ekarri behar dugu pandemia garaian hainbat sektore ekonomikotan ia erabateko geldialdia izan ondoren, 2021. urtea hazkundearen urtea izan zela. LAB sindikatuak, ordea, behin eta berriro ohartarazi du ezohiko egoera baten normalizazioa besterik ez dela izan, eta 2019. urteko berezko egoerara bueltatzen ari garela. Gaur, BAI-ren bidez publiko egin diren datuekin, gure aurreikuspenak bete dira; ezohiko egoera “gaindituta”, egungo testuinguru sozioekonomikoak langile klaseari langabezia eskaintzen dio, modu normalizatuan. Era berean, aipatu behar dugu zerbitzuen sektorean langabeziak gora egin duela azken urtean (5.100 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian), sektore honen prekarietatearen adierazle.

Bestetik, ezegonkortasun eta prekarietate egoera orokortua bizi dugu. Hego Euskal Herrian bi langiletik bat prekarietate egoeran dago, kalitatezko bizitza gauzatzeko diru-sarrera nahikorik gabe, enplegua izanik ere. Izan ere, bizitza garestitu da, baina langile klasearen soldatak (eta ondorioz, pentsioak) ez dira proportzio berean igo. Beraz, erosahalmenaren galera ekarri du horrek.

Hala, langile klasearen lan eta bizi baldintzen aldeko dinamikak bizkortu behar ditugula uste dugu, enpresaz enpresa eta kalean gureak diren eskubideak defendatuz.

Eskola jangeletako langileen eskakizunei jaramon egitea eskatu diogu Jaurlaritzari

Gaur Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean mobilizatu gara Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzeko jangelen aldeko benetako apustua egin dezala eta, lehenbailehen, bertako langileen ordezkariak elkarrizketa-mahai batera dei ditzala.

Joan den abenduan, LAB sindikatuak jendaurrean salatu zuen 2000ko martxoaren 22ko agindua, eskola-jangela publikoak arautzen dituena, Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordeak jangela horien funtzionamenduari buruz ateratako zirkularra eta ikastetxe publikoetako eskola-garraioari buruzko dekretu berria aldatzeko premia. Horretarako, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari eta Xabier Aizpurua sailburuordeari langileen ordezkariekin elkarrizketa mahaia deitzeko eskatu genion, eta orain arte ez dugu erantzunik jaso.

Esan genuenez, Hezkuntza Sailak aldebakarreko bideari jarraituko balio eta ez balu negoziatzeko eseri nahi, LAB sindikatua ekintza sindikala areagotzen hasiko litzateke, eta hala egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzan, Gasteizen, eta horretan jarraituko dugu Jokin Bildarratzek eskola-jangelen aldeko benetako apusturik egin gabe jarraitzen duen bitartean eta langileen ordezkariekin elkarrizketa mahaia premiaz deitzen ez duen bitartean, 2000ko martxoaren 22ko agindua, jangelen zirkularra eta ikastetxe publikoetako eskola-garraioari buruzko dekretu berria negoziatzeko.

Elkarretaratzea egin dugu Iruñean esklusibotasunaren inguruko negozioaren aurka eta osasungintza publikoaren alde

Elkarretaratzea egin dugu gaur goizean Iruñean, Ospitalegunean, osasun publikoaren alde eta langile fakultatiboen esklusibotasuna kentzeko asmoaren aurka.

Errefusatu egin dugu SMN sindikatuaren eskaera: esklusibotasuna kentzea baina dagokion osagarria kobratzen jarraitzea, alegia, hilean 700-800 bat euro kobratzen jarraitzea; eskaera horrek ez du inondik ere konpontzen egungo arazoa. Sindikatu korporatibo horrek defendatzen duenaren kontrara, osasun publikoa indartzeko eta plantilla osoaren lan baldintzak defendatzeko berehalako neurriak hartzearen alde egiten dugu.

Nabarmendu nahi dugu ez dugula onartuko mediku kopuru mugatu baten interesek osasun publikoa baldintzatzea eta plantilla osoa diskriminatzea, eta beharrezkoak diren neurriak planteatuko ditugula, hobekuntzak egiazkoak eta guztiontzat izan daitezen. Harremanetan jarri gara Mahai Orokorrean dauden gainerako sindikatuekin eta zenbait eskaera egin ditugu plantilla osoaren lan baldintzak eta soldatak hobetzeko. Mahai sektorialean dauden gainerako sindikatuekin ere harremanetan jarriko gara. Hainbat aukera aztertzen ari gara osasun sistema publikoa eta langileak jasaten ari diren egoerari erantzuteko.

Bartzelonako fiskaltzaren aurrean deklaratuko dugu Glovoren kontra, otsailaren 2an

Irailean, Glovoren kontra bide penalari ekin geniola jakinarazi genuen. Otsailaren 2an, bide horretan pauso bat gehiago emango dugu. Fiskaltzak, Euskal Herrian LABek hasitako bidea Bartzelonako prozesuarekin batzea erabaki du eta horregatik joango gara bertara egun horretan.

Asko dira arlo laboralean Glovoren aurka LABek irabazi dituen prozesuak, asko sindikatuak berak hasiak eta beste batzuk inspekzioak. Horietan guztietan erdietsi den ondorioa argia da: Glovoko langileak ez dira autonomoak, besteen konturako langileak baizik. Glovok ordea, lege, epai eta ebazpenen gainetik nahi duena egiten jarrai dezakeela uste du. Horren aurrean, bide penalari ekin genion.

Egun, langileek besteen konturako langile izaera onartua badute ere epai irmo edota ebazpen bidez, Glovok autonomoen eraentzan altan ematera behartzen ditu, eta ondorioz, erregimen orokor eta autonomoetan, bietan, daude alta emanda. Horrekin batera, enpresak ez dizkie oinarrizko eskubideak onartzen: oporrak, lanaldiak… Horregatik salatu genuen Glovo fiskaltzaren aurrean, langileon eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik, epai eta ebazpen administratiboei entzungor egiteagatik.

LAB parte izan den prozesu laboral anitzen idazkiak aurkeztu genizkion fiskaltzari. Horrekin batera, langileek bizi duten egoera eman genion ezagutzera, dagozkien eskubideak nola urratuak izaten ari diren sistematikoki: gizarte segurantzan altak bi erregimenetan; ez dute soldatarik ordaintzen, fakturak igortzen dituzte langileok autonomoen erregimenean altan egotera behartuz; aldebakarreko lanaldi aldaketa etengabeak, bide judizialean baliogabeak deklaratuak izan direla asko; deskantsu baldintzen urraketak; eta abar luze bat, luzeegia. Fiskaltzak, Euskal Herrian LABek hasitako bidea Bartzelonako prozesuarekin batzea erabaki du eta horregatik joango da LAB Bartzelonara otsailaren 2an. Glovoren aurkako epaiketa honetan, LAB sindikatuak emandako urratsak ezinbestekoak direlako. Hau da, LAB sindikatuari esker, gertuago gaude Glovori behingoz nahi duena egiteari mugak jartzeko.

Langileen antolakuntzarekin dena delako posible, baita Glovo bezalako munstro bat ere ataka larrian jartzeko ere. Euskal Herriko riderrak LABen bulegoetara hurbiltzen jarraitzeko deia egiten dugu, geroz eta gehiago garelako eta horrek geldiezin egingo gaituelako!

Viscofanen aurkako gatazka kolektiboaren demanda bat irabazi dugu, frogatzen duena antzinatasun plusa bereizkeriaz aplikatzen duela #LortuDugu

Abenduaren 21ean jakinarazi zen epaiak ezartzen du, salatu izan dugun gisara, Viscofan enpresa modu kontzientean 1989ko akordio baten irakurketa eta aplikazio diskriminatzailea egiten ari zela, behin-behineko langileei ez baitizen antzinatasun plusa ordaintzen, eta beraz are gehiago kaltzetzen zuen babesgabetasun handia duen kolektibo hau.

Epaiak frogatzen duen moduan, Viscofanek ez zituen antzinatasun kontzeptu gisa onartzen enpresan, mugagabe bihurtu aurretik, langileek aldi baterako kontratuekin edo bertan aldi baterako laneko enpresen bidez egindako lanaldiak. Horrek hilabetero kalte ekonomiko bat suposatzen du, eta kaleratzerik izanez gero kalte-ordainak okerragoak izatea ere.

Epai hori garaipen garrantzitsua izan arren, ez du ematen afera honetako azken kapitulua izanen denik, enpresak erabaki baitu erregutze-errekurtsoa paratzea epaiaren aurka, eta, horrela, sektore prekarizatu eta babesgabeenen baldintzak okertzen jarraitzeko asmo argia erakutsi du. Tamalez, jarrera hori larria izan arren, ez gaitu ezustekoan harrapatu.

Zorionak eman nahi dizkiegu epai honen bidez lan-baldintzak behar bezala arautzeko bidean jarri diren langileei. Era berean, enpresari eskatzen diogu beharrezkoa lukeen zuhurtziaz joka dezala, eta jarritako errekurtsoarekin jarrai ez dezala. Izan ere, horrelako jarreretan jarraitzen badu, argi izan dezan LABek eskura dituen tresna juridiko eta sindikal guztiak erabiliko dituela Viscofan enpresako langile guztiak defendatzeko.

Igor Arroyo: “Autonomo faltsuez baliatzen diren enpresak XXI. mendeko piratak dira”

Goizean Radio Popular irratiko Egun On Bizkaia saioan elkarrizketatu dute LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra. Egun sindikatuak hainbat arlotan gauzatzen dituen ekimenak izan ditu mintzagai, tartean rider direlakoen afera; izan ere, Bartzelonako epaitegietan autonomo faltsuez baliatzen den plataforma digital baten aurka abiatutako prozesu batean lekuko gisa deklaratzeko deitu dute sindikatua.

Gasteizko epaitegiek hizkuntza eskakizunei lotuta eman berri duten epaiaren inguruan egindako galderei ere erantzun die Arroyok. Epai horrek jasotzen duenaren arabera, Arkautik onartu egin beharko ditu B2 euskara maila egiaztatu ez duten agenteak. Koordinatzaile orokorraren iritziz, langile guztiak euskalduntzeko baliabide nahikoa egon beharko lirateke, eta lanpostu baterako edo besterako hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa ote denari buruzko eztabaida zaharkituta dagoela adierazi du.

Elkarrizketan zehar, koordinatzaile nagusiak atzo bertan aurkeztu zen 2022ko lan ezbeharrei buruzko txostenean jasotako datuak eta ondorioak zehazteko aukera ere izan du.

Esteka honetan entzun daiteke elkarrizketa osorik: https://radiopopular.com/podcast/igor-arroyo-lab-se-estan-vulnerando-derechos-linguisticos/

Hauteskunde eremuen proposamen bateratua aurkeztu diogu Osakidetzari

LAB, SATSE, ELA, SME, UGT USAE eta UTESE sindikatuok aurkeztu dugun hirugarrena da, 2019an luzatu genuen azkenaren harira inolako erantzunik jaso ez genuelarik. Osakidetzak hauteskunde esparru berriak negoziatzeari uko egin dio, eta horrek beste hauteskunde sindikal batzuk egitea eragotzi du. Berriki emandako epai baten arabera, aurreko eremuak indargabetuta geratu ziren Erakunde Sanitario Integratuetan (ESI) antolakuntza berria indarrean sartu zen unean.

LAB, SATSE, ELA, SME, UGT, USAE eta UTESE sindikatuok hauteskunde-eremuen proposamen bateratu berria aurkeztu diogu Osakidetzari, Erakunde Sanitario Integratuen antolaketa berrira egokitzeko. Hau da egiten dugen hirugarren saiakera; izan ere, 2015. eta 2019. urteetan beste bi proposamen bateratu aurkeztu genituen, eta Osakidetzak ez zien erantzun.

Sindikatuok behin eta berriz salatu dutu Osasun Arloko Mahai Sektoriala blokeatuta dagoela, ez dagoela inolako negoziaziorik eta Osakidetzak edukiak eta agenda inposatzen dituela. Horren ondorioz, sindikatuok mahaitik altxatu gara, eta beste bide batzuk ireki ditugu, arrakastarik gabe: Osakidetza birritan deitu dugu Lan Harremanen Kontseiluan (ez da agertu bileretan), eta bilera bat egin dugu Osasun sailburuarekin. Hauteskunde sindikalak blokeo horren eta negoziatzeko borondaterik ezaren adibide argiak dira.

Azken hauteskunde sindikalak 2014an egin ziren. Ondoren, Osakidetzak antolaketa-egitura aldatzea erabaki zuen, eta ESIetan antolatzea. Horren ondorioz, aurretik itundutako hauteskunde-eremuak baliogabetuta geratu ziren, ez baitzuten errealitate berria behar bezala irudikatzen, eta ez baitziren baliagarriak ESI bakoitzaren zuzendaritzaren eta plantillaren ordezkaritzaren arteko elkarrizketa eraginkorra aurrera eramateko. Are gehiago, berriki emandako epai batek horixe berretsi du, aurreko hauteskunde-esparruak indargabetuta geratu zirela antolakuntza berria indarrean sartu zenean.
LAB, SATSE, ELA, SME, UGT, USAE eta UTESE sindikatuok argi eta garbi adierazi nahi dugu blokeo-egoera hau konpontzeko borondatea dugula; blokeo honek ordezkaritza-organoak berritzea eta plantillak bere legezko ordezkariak aukeratzea eragotzi du. Osakidetzak gai horri heltzeko eta hauteskunde-eremu berriei buruzko negoziazio-prozesua hasteko izan duen borondate ezaren ondorio zuzena izan da hori. Hauteskunde sindikalak askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidearen ardatzetako bat dira, eta eskubide hori sistematikoki urratu du Osakidetzak.Sindikatuok Osakidetzari eskatzen diogu, behingoz, beharrezko urratsak eman ditzala hauteskunde-eremu berriak negoziatzeko, eta, horrela, berme guztiekin hauteskunde sindikalak egiteko.