2026-10-01
HomeEkintza PolitikoaBaionako portua blokeatu dugu erretreten erreformaren aurka protesta egiteko

Baionako portua blokeatu dugu erretreten erreformaren aurka protesta egiteko

Joan den asteko greba jendetsuaren ondoren ere borrokan jarraitzen dugu langileok, eta gaur goizean erretiro adina 64 urteraino luzatzearen kontrako ekimena gauzatu dugu. Lapurdiko hiriburuko merkataritza portuko sarbidea blokeatu dugu, beste sindikatuekin bat eginda.

LAB, CGT, Solidaires eta FSU sindikatuetako kideok portuko sarrera eta irteerak blokeatu ditugu, kamioien joan-etorriak galaraziz eta bertan gauzatzen den merkataritza jarduera etenaraziz. LABeko Heren Muruagaren hitzetan, halako ekimenek “presioa jartzeko eta mugimenduan jarraitzeko” balio dute, eta Frantziako estatuak ezarritako neurri hau gaitzesteko antolatuta jarraitzearen beharra berretsi du.

Hala, mobilizazio eta ekimen horiek ez dute etenik. Ildo horretan, besteak beste, asteburu honetan bertan traktak banatzen arituko gara Maulen. Eta gogorarazi behar da, auzi honekin lotuta, hilaren 31n beste greba egun bat deituta dagoela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.

Busturialdea eta Lea-Artibai inguruan etxeko langileek bizi duten egoeraz ohartarazi dugu

Eskualde horietan gero eta gehiago dira etxeko langileen lan eta bizi baldintza kaxkarrengatiko salaketak. Azken lau hilabeteetan 32 kasu baino gehiago artatu ditugu LABen. Azkena Gernikako uniformez jantzitako udaltzaingo batek etxeko langile batekin izandako jarrera salagarria izan da.

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.