2026-01-12
Blog Page 295

Gehiengoa dugun Siemens Gamesako Asteasuko lantegian, enpleguaren etorkizuna bermatzen duen akordioa #LortuDugu

Azken egunetan Siemens Gamesan emango diren kaleratzeen inguruan publiko egin diren berrien aurrean, LABek ez du inongo jakinarazpen ofizialik jaso, informazio bakarra komunikabideetatik eta langileek barne posta bidez jaso duten mezu batetik iritsi zaigu. Mezu horretan enpresa bideragarria izateko 2.900 kaleratzeen beharra aipatzen da mundu mailan, horietatik 475 espainiar estatuan, baina ez dute zehaztasunik eman kaleratzeak non eta noiz emango diren.

Enpresak dituen zailtasunen aurrean eta etorkizunean hau saltzeko dauden aurreikuspenen aurrean, LABek gehiengoa duen Siemens Gamesa Asteasuko plantan, akordio batera iritsi gara zuzendaritzarekin, akordio honekin langileen etorkizuna bermatzea lortu dugu. Enpresako hitzarmena berritzeaz gain, lan karga, lanpostu eta lan baldintzen bermea adostu dugu.

Aipatu nahi dugu akordio honen garrantzia, zalantzaz beteriko etorkizun batean bertako langileen etorkizuna bermatzen duelako. Honetaz gain instituzioei exijitzen diegu enpresa saltzeko aukeren aurrean beraien konpromezua bertako erosle bat bilatzeko, Euskal Herrian estrategiko izango den sektore baten alde egingo duena.

Gatazka kolektiboa planteatuko dugu, Glovoko langileei Ostalaritzako Hitzarmena aplikatzeko

Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoa eman du Glovoko langileen erregularizaziorako urrats berri baten berri emateko. LABek gatazka kolektibo bat planteatuko duela iragarri du, langile hauei ostalaritzako hitzarmen kolektiboa aplikatzeko.

Plataforma digitalen agerpenak lan-harremanen birkonfigurazio berri bat ekarri du, baita kontratatzeko eta lan-esplotaziorako formula berriak ere. Digitalizazioa, langileen eskubideei dagokienez, aurrerapausoa izan beharrean, atzerapauso argia izan da, prekarizazioan koskat bat gehiago estutzea.

Glovo bezalako enpresen ezaugarri nagusia da lege-iruzurrean jarduten dutela eta zigorgabe sentitzen direla hori egin ahal izateko. Kosta ahala kosta saihesten dute lan-harremana besteren konturako langile gisa aitortzea.

Autonomoen erregimenean alta ematera behartzen dituzte langileak, baina lana antolatzeko orduan ez dute inolako autonomiarik, algoritmo batzuen mende baitaude.

Lehen ondorioa da prekaritate absolutuenean lan egitera behartuta daudela, lan-ordutegi jakinik gabe, ezarritako soldatarik gabe, oporretarako eskubide arauturik gabe edo lan-osasunerako eskubiderik gabe, eta are okerragoa dena, zaurgarrien arteko gerran sartzera behartuta daudela; izan ere, lan-sistema hori langileek beren artean lehiatzeko pentsatuta dago, hilaren amaierara iristea ahalbidetuko dien soldata baten truke.

Baina lan egiteko modu horrek bigarren ondorio bat ere badu, lehenengoa bezain garrantzitsua. Kontratazio-formula horrek negoziazio kolektiborako eskubidea kentzen die, ez dute ordezkari sindikalak aukeratzeko eskubiderik. Azken batean, kontua da defentsa kolektiborako tresnarik ez izatea.

Lan egiteko modu berri horiek erronka dira sindikalismoarentzat. Gainera, badakigu plataforma digitalen ugaritzea geratzeko etorri dela, asko direla plataforma horien bidez eskain daitezkeen zerbitzuak. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaigu langileen eskubideei buruzko jarrera markatzea.

LABek apustu garbia egin du sindikalismoa berritzeko eta sindikalismo berri bat eskaintzeko, langile guztientzako tresna erabilgarria izan nahi duen sindikatu bat garelako. Horregatik, hasieratik eta enpresa horiek gurean sartu diren unetik, oso argi izan dugu ekin behar genuela, ezin genuela lan-esplotazio hori onartu.

Prozesu honetan, bi helburu oso argi ditugu:

  • Lehenengoa: kontratazioan gertatzen ari den lege-iruzurra amaitzea eta haien lan-harremana aitortzea. Besteren konturako langileak direla eta Araubide Orokorrean sartu behar direla onartzea. Eskubideetan parekatu behar dira gainerako langileekin.
  • Bigarrena: lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzea, Negoziazio Kolektiborako eskubidea aitortuz.

Hiru urte baino gehiago daramatzagu borroka honetan. Lan Ikuskaritzan salaketak jarri ditugu, epaitegietara jo dugu, ekintza sindikala aktibatu dugu eta sindikatuaren barruan kolektiboa antolatzeko pausoak eman ditugu.

Borroka honek bere fruituak eman ditu. Oraindik bide luzea dago egiteko, eta irtenbideak planteatzen jarraituko dugu.

Lehen helburuari dagokionez, Lan Ikuskaritzan egindako salaketek eta epai judizialek ez dute zalantzarik uzten, lan-harremana eztabaidaezina da. Bizkaiari dagokionez, Justizia Auzitegi Nagusiaren epai irmo bat dago, Glovoko langileak besteren konturako langileak direla, Langileen Estatutua aplikatzea eska dezaketela eta urtebeteko atzeraeraginarekin diru-kopuruen demanda bat has dezaketela aitortzen duena.

Gure ustez, gainerako herrialdeetan, behin salaketen ibilbidea eta ibilbide judiziala amaituta, emaitza berbera izango da.

Rider Legeak berak berariaz jasotzen du besteren konturako langileak direla. Lege hau motz geratu da riderren enpresen portaera onartezinak saihesteko erregulazioan.

Guztiz salagarria da Glovok prozesu osoan izan duen jarrera oztopatzailea, lan-harremana aitortzea saihestuz, langileei presioa eta xantaia eginez, eta bere gain hartuz langileen egoera ez erregularizatzeagatik jarritako isunak. Jarrera mafiosoak dira ez-betetze planifikatu baterako. Eta hori posible da administrazioa ez delako ausardiaz jokatzen ari praktika horiek desagerrarazteko, eta horretarako zigorgabe sentitzen direlako.

Horregatik, Glovo fiskaltzaren aurrean salatu dugu, langileen eskubideen aurkako delitu larri eta jarraitua egotzita.

Bigarren helburuari dagokionez, hau da, lan-baldintzak arautzeko esparru bat ezartzeari dagokionez, gatazka kolektibo bat planteatuko dugu, langile bakoitzari Ostalaritzako Hitzarmen Kolektiboa aplika dakion.

Beste urrats bat emateko unea da, eta beharrezkoa dela uste dugulako egiten dugu, baina, batez ere, horretarako baldintzak sortu ditugula uste dugulako.

EAEko Ostalaritzako Esparru Akordioan, jasota dago riderren kolektiboa ostalaritzako hitzarmenaren aplikazio-eremuan.

Lortzen ari garen epai judizialek ere bermatzen dute Ostalaritzako Hitzarmenean sartzeko aukera.

LABek ahal diren bide guztiak erabiltzen jarraituko du, salaketa, bide penala eta ekintza sindikala, langile hauen eskubideak bermatzea lortu arte.

Zuzendaritzak, UGTk, CCOOek eta USOk 2009ko egoerara bueltatu dute Arcelor

Ostiralean egindako akordioari esker, 2009tik eta hamarkada batez pairatu zuten antzeko egoerara bueltatuko dira Arcelorreko langileak.

Tamalez ez zen ezustekorik egon, eta ostiralean betikoek betikoa egin zuten. Harritzekoa ez bada ere, haserrea sortzen du urteetan langileen baldintzak eguneratzeko akordio batera ailegatu ez diren horiek, aste pare batean hauek okertzeko akordio batera ailegatu izana. Honek, beste behin ere, LABek urteetan aldarrikatu duena indartu baino ez du egiten, Euskal Herrian gure lan baldintzak adosteko beharra dagoela, patronalari jokoa egiten dioten gehiengo sindikaletatik urrun. Bitartean, enpresa eta sindikatu hauen arteko konplizitate honek, menpekotasuna sortzen duenak, lan zentro bakoitzeko negoziaketak bahituta ditu.

Modu berean, garrantzitsua iruditzen zaigu irakurketa edo balorazio faltsuetara ez eramaten uztea. Hau ez da akordio on bat, lehendabiziko momentutik ezin zen akordio on bat izan, adostu dutena baino akordio askoz hobea izango bazen ere. Eta hala da, alde sozialak osotasunean konpartitzen duen moduan, beharrezkoa ez den Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) bat delako, funtzio bakar bat betetzen duena, langileen kontura, dagoeneko izugarrizko onurak dituen multinazional batek are onura gehiago izatea. Eta guzti hau are larriagoa da, aurreikus daitekeelako, 2009ean bezala, ABEEEa adostu duten horiek, urtez urte luzatuko dutela. Galdera bakarra hurrengoa da; noiz arte?

Hasieran esan dugun moduan, betikoek betikoa egin dute, eta argi utzi nahi dugu LABek ere betikoa egiten jarraituko duela; beharrezkoa den edozein bide jorratu bai ABEEE hau edota langileen aurka joanen den edozein neurri atzera botatzeko.

Osasunbidean ez dagoela inor soberan aldarrikatu dugu Iruñean, Lizarran eta Tuteran

LABek elkarretaratzeak deitu ditu azken egunetan ezagutu dugun Osasunbideko 350 langileren kaleratzea salatzeko. Mobilizazioak Nafarroako hiru ospitale nagusietan egin dira; Iruñean, Lizarran eta Tuteran, hain zuzen ere.

LAB Osasunbideak hamarnaka lagun bildu ditu gaur goizean Nafarroako hiru ospitalegune nagusietan egin dituen elkarretaratzeetan: Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, Tuterako Reina Sofía ospitalean eta Lizarra García Orcoyen ospitalean.

Mobilizazio horien helburua izan da salatzea Osasun Departamentuak eta Nafarroako Gobernuak Osasunbideko langileekiko erakutsi duten utzikeria eta konpromisorik eza. Horrek eragin duen egoera urte luzez ari da jasaten Osasunbideko plantilla, eta hori gutxi balitz bezala, berriki nabarmen egin du okerrera 376 langileri kontratua ez luzatzeko erabakiaren eraginez.

Elkarretaratze horietan aipagai izan zen ere Indurain kontseilariak atzo Nafarroako Parlamentuan egin zuen agerraldia, eta argi adierazi zen horren eragile nagusia LAB sindikatua izan zela. Izan ere, halako kaleratze mordoaren gaineko datu xeheenak ezagutzeko agertu dugun egoskorkeriari esker eta plantillaren egoeraren aurrean erakutsi dugun kezka dela-eta eman baitzituen azalpenak Indurain andereak. Kontseilariak 150 langileri kontratua luzatuko zitzaiela adierazi zuen, denak ere txertaketa kanpainarako, baina LABen badakigu datu horiek ez datozela bat aurreko astean Osasunbideko arlo guztietako profesionalen zuzendaritzek sindikatuei eman zizkigutenekin. Baina zuzenak izanik ere, datu “apaindu” eta koiunturalak baino ez dira, kontratuaren luzapena sinatu duten langileek azarora arte baino ez baitute jarraituko. Eta kontratazio horiek, bistan denez, ez dute inondik inora ere konponduko Osasunbideko langileek aspaldiegitik jasaten duten egoera makurra.

Horregatik guztiagatik, LAB Osasunbideko kideok gure prestasun guztia agertu nahi dugu plantilla guztiarentzako baldintza duinak lortzeko helburuz borrokan eta mobilizatzen jarraitzeko. Eta aurretiaz ohartarazten dugu ez gaituztela isilaraziko, ez promesa elektoralekin, ez zatikako irtenbideekin, ezta legez ezarritako zirkuituetatik kanpo negoziatutako konponbideekin ere.

Egungo eskumenak erabilita zerga erreformari heltzea eskatu diegu Urkullu eta Chiviteri

Atzo goizean, Espainiako Gobernuak neurri fiskalen sorta bat ezagutzera eman zuen. Neurri hauen aurkezpena estatu mailan fiskalitateari buruzko eztabaida piztuta dagoela etorri dira. Eskuina proposatzen ari den murrizketa fiskal erregresiboekin alderatuta, Madrilgo gobernuak “gehien dutenek gehien ordaindu eta gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten harturiko neurri fiskal selektiboak” aurkeztu ditu. Emakumeon higiene produktuen BEZ jaitsieraz aparte, gurean apenas eragina izango duten aldaketak dira iragarri direnak. LABen ustez zerga erreforma gauzatzea urgentea da. Zoritxarrez, bertako instituzioak Madrilen hartzen ari diren neurrien atzetik ari dira, eta norabide okerragoan gainera. Gutxienez, Sanchezen Gobernuak gehien dutenek gehiago ordain dezaten filosofia erabili du, epe motzeko eta irismen laburreko neurriak badira ere. Zoritxarrez, Hego Euskal Herrian ditugun eskumenak ez dira ari erabiltzen langileon bizi baldintzak hobetu eta aberastasunaren bidezko banaketa bermatzeko.

EAEri dagokionez, orain arte EAJ-PSEren gobernuen eskutik PFEZaren deflaktazio politika aplikatu da. Momentuko erronkei aurre egiteko diru gehiago bildu behar da, gehien dutenak eta irabazi enpresarialak zergapetuz egin behar da bilketa hori. PFEZa deflaktatzeko hartu den neurriak, herritarrengan onura izango badu ere, ez du progresibotasuna bermatzen, ez du kontuan hartzen krisi ekosozialaren ondorioak errenta guztiek ez dituztela berdin pairatzen. Gainera, diru bilketa murriztuko du eta gure ustez, alboan izan beharko lituzke bestelako neurri fiskal osagarriak.

Azpiazu sailburuak beste behin esan du ez dela momentua erreforma fiskal bat eztabaidatzeko momentua, euskal langileoi eztabaida bera ukatuz. EAJrentzat inoiz ez da bere alderdikide Josu Jon Imaz eta enparauak gehiago zergapetzeko unea, eta testuinguruari epe motzeko politika asistentzialistekin erantzun nahi die. Nafarroako argazkia ez da oso desberdina.

LAB sindikatuan argi daukagu. Beharrezkoa da, Euskal Herrian ere, gehien dutenek gehien ordain dezaten neurri fiskalak hartzea, eta bertako instituzioei eskatzen diegu dituzten eskumenak balia ditzaten norabide horretan. Euskal langileok behar duguna sakonekoa eta egiturazkoa den erreforma fiskala da, progresibotasuna bermatuko duena, aberastasun gehien metatzen dutenek ekarpen handiagoa egin dezaten. Zerga erreforma horrek balio behar du aberastasunaren banaketa-gaitasuna hobetu eta desberdintasun sozialak murrizteko, eta diru-sarrera publikoen bolumena handitzea funtsezko zerbitzu publikoak blindatzeko.

Norabide horretan aurkeztu berri dugu trantsizio eskosozialista eta feminista gauzatu eta ondasunak banatzeko neurri sorta, tartean erreforma fiskalaren gakoak bilduz. Honako 4 neurriak dira LABentzat ezinbestekoak: zerga politika burujabea garatzeko eskubidea aldarrikatu eta BEZa moduko zeharkako zergak arautzeko eskubidea jasotzea, Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa, elkarteen zergaren kenkariak ezabatu eta %35eko tipo nominala, eta PFGZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igotzea.

EAEko Fiskaltzaren aurrean salatu dugu Glovo, langileen eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik

Gaur, LAB sindikatuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren aurrean salatu du Glovo enpresa, langileen kontrako delitu larri eta jarraituagatik. Asko dira arlo laboralean enpresa honen aurka LABek irabazi dituen prozesuak, asko sindikatuak berak hasiak eta beste batzuk inspekzioak. Horietan guztietan erdietsi den ondorioa argia da: Glovoko langileak ez dira autonomoak, besteen konturako langileak baizik.

Honetaz gain, astelehenean prentsaurrekoa egingo du LABek, Glovoko langileen eskubideak aitortzeko ekimen juridiko bat iragartzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak eta hainbat riderrek hartuko dute parte bertan.

Langile horien borrokari esker Estatu maila ere izan da berrikuntza legalik, hain zuzen, legeak berak espresuki jasotzen du orain langileok besteen konturako langileak direla, ez autonomoak. Puntu honetan, ezin ezkuta dezakegu gure ustetan aldaketa normatiboa ausartagoa izan zitekeela eta riderren enpresen jokabide onartezinarekin behingoz amaitu.

Glovok ordea, lege, epai eta ebazpenen gainetik nahi duena egiten jarrai dezakeela uste du. LABetik argi dugu gure esku dagoen guztia egingo dugula Glovoko langileen eskubideak betearazi daitezen, eta kasu honetan, bide penalari heldu diogu.

Egun, langileek besteen konturako langile izaera onartua badute ere epai irmo edota ebazpen bidez, Glovok autonomoen eraentzan altan ematera behartzen ditu, eta ondorioz, erregimen orokor eta autonomoetan, bietan, daude alta emanda. Horrekin batera, enpresak ez dizkie oinarrizko eskubideak onartzen: oporrak, lanaldiak…

Horregatik salatu dugu gaur Glovo fiskaltzaren aurrean langileon eskubideen kontrako delitu larri eta jarraituagatik, epai eta ebazpen administratiboei entzungor egiteagatik.

Aurkeztu dugun idazkiak LAB parte izan den prozesu laboral anitzen argazkia jasotzen du, fiskaltzari berri emanez langileok besteen konturako langileak direla ebatzia eta irmoa den egitatea dela. Horrekin batera, egun bizi duten egoera eman diogu ezagutzera, dagozkien eskubideak nola urratuak izaten ari diren sistematikoki: gizarte segurantzan altak bi erregimenetan; ez dute soldatarik ordaintzen, fakturak igortzen dituzte langileok autonomoen erregimenean altan egotera behartuz; aldebakarreko lanaldi aldaketa etengabeak, bide judizialean baliogabeak deklaratuak izan direla asko; deskantsu baldintzen urraketak; etabar luze bat, luzeegia.

Horrela, LABetik uste dugu badela garaia ebazpen judizial eta administratiboen gainetik Glovok nahi duena egiteari utz diezaion eta bertako langileen eskubideak errespeta daitezen. Eta horien defentsa jarraituko dugu, bide judizial eta sindikala uztartuz.

Suhiltzaileak Iruñean mobilizatu dira, Nafarroako Gobernuak baso-suteekin izandako utzikeria salatzeko

Nafarroako Gobernuak antolatu duen “Baso-suteak: analisia, gogoeta eta erronkak” izeneko jardunaldiaren hasiera aprobetxatuta, LAB-Suhiltzaileak arloko kideek elkarretaratze bat egin dute Tres Reyes hotelaren parean.

Elkarretaratze horren bidez salatu nahi izan dute ezen, ekaineko suteen ondoren Gobernuak zenbait neurri hartuko zituela agindu bazuen ere, ez duela ezer egin Suhiltzaileen Zerbitzua hobetzeko eta uda honetan gertaturiko baso-suteei eta antzeko egoera larriei aurre egiteko.

Egun osoko grebara jo dute Lanalden enpresako langileek, lan baldintza duinen defentsan

Lanalden telemarketing enpresak 1.200 langile ditu, eta, besteak beste, SOS Deiak, Trafiko eta Bilboko Udalaren 010 herritarrentzako arreta telefonoaren zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da. LAB (6 ordezkari), ELA (6), CCOO (5), ESK (4) eta UGT (2) delegatuk osatzen dute enpresa batzordea.

Bertako langileak eros-ahalmena galtzen ari dira prekaritate handiko egoera bizi dute. Enpresak ez zuen negoziazioekin jarraitu nahi izan eta alde bakarrez erabaki zuen %3,5eko igoera hitzarmenaren kontura, baina ez du bete, langile batzuk, AZko lankideak esaterako, igoera horretatik kanpo utzi baititu.

Langileak falta dira, oporretako aldaketa eta egutegi defizitarioen eraginez, euren lana zama handiagoekin egin beharrean aurkitzen dira, eta euren lana ez da behar bezala aitortzen.

Enpresa ez dago telelana arautzearen ald,e ezta honek dakartzan gastuengatik plus bat aitortzearen alde ere.

Hau guztiagatik erabaki dute grebara joatea, LAB eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, lanuzteak egiten ari dira irailean zehar, eta, gaur, egun osoko greba egin dute.

Bizkaiko garbiketako hitzarmena sinatu dugu, afiliatuen batzarraren erabateko babesarekin #LortuDugu

Irailean afiliatu eta hurbilekoekin egindako asanbladetan uztailean lortutako aurreakordioa ospatu eta babestu egin dugu. Orain arte egindako batzar jendetsuenak izan dira honako hauek, eta, aurreakordioa bertan berretsi ondoren, Bizkaiko Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmena sinatu dugu gaur.

LABek harro esan dezake mobilizazio-prozesu honen ondoren gure afiliazioarekiko harremana aberastu eta indartu egin dela. Gure asmoa garbiketako sektoreak zuen norabidea aldatzea zen, eta 30 urte baino gehiago grebara irten gabe zeraman kolektibo batean borroka aktibatu genuen. Hilabete hauetan gure arteko konplizitate eta konpromiso sareak sortu ditugu, eta orain inoiz baino ahaldunduago, hobeto antolatuta eta indartsuago gaude.

Hilabete hauetan gurekin egon denak badaki. Borrokaren lehen lerroan LAB egon da. Sektoreko sindikatu nagusiak bere ahalegin guztiak gutxi batzuentzako akordioak lortzeko inbertitzen zituen bitartean, eta Estatu mailako sindikatuek besoak gurutzatuta gainerakook borrokatzen genituen emaitzak itxaroten zituzten bitartean, LAB izan da bere indar guztiak garbiketako sektoreko hitzarmena hobetzen jarri dituen bakarra. Piketeetan LAB egon da, enpresen okupazioetan LAB egon da, itxialdietan LAB egon da, errepide mozketetan LAB egon da. Hurbiletik gatazka hau jarraitu duenak aitortu besterik ezin du egin.

Hitzarmen hau sinatuta, hasieran ezinezkoa zirudiena lortu dugu: % 13ko soldata-igoera, gutxienez 1.200 euroko soldata 15 ordainsaritan eta lanaldi partzialen egoera arautzeko atea ireki dugu, besteak beste. Azken batean, borrokak emaitzak ekarri ditu, eta, horrela, zoru komun eta duina eskaini diegu gure sektorean lan egiten duten 12.000 langile ikusezin baino gehiagori.

Inork ez zigula ezer oparituko bagenekien, orain ikasi duguna da indarrez eta erabakitasunez dena lortzeko gai garela.