2026-01-18
Blog Page 287

Etxebizitza eskubidearen alde eta turistifikazioaren aurka ari gara Donostian, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileak mobilizatzen ari gara, bizitzaren garestitzearen aurka, “Pobretzeari STOP! Condiciones de vida dignas y control de precios ya!” lemapean. Dinamika mobilizatzaile horren baitan, urrian egindako hitzaldi eta azoka gardenen ostean, etxebizitza eskubidearen aldeko mahai ingurua egin dugu gaur Donostian, eta, arratsaldean, Gipuzkoako hiriburuan ere, protesta egingo dugu 18:30ean, udaletxe aurrean. Etxebizitza eskubidearen alde eta turistifikazioaren aurkako ekimena izango da.

Kartaren dinamika mobilizatzaile honek azaroaren 19an Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo ditugun manifestazioetan izango du puntu gorena.

Igor Arroyo: “Lan erreforma ez omen da hain historikoa arazoek mahai gainean jarraitzen dutenean”

Igor Arroyo koordinatzaile orokorra elkarrizketatu dute Radio Euskadin, “Boulevard saioan”, aktualitateko gaiak ardatz. Langabeziaren datuak iritsi dira gaur, eta, horri buruz galdetuta, datuak datu, oso egoera larrian gaudela nabarmendu du. Inposatutako lanaldi partzialak, soldata arrakala, kontratazio mugagabe eskasa eta lan baldintzen prekarizazioa nagusi direla salatu du. “Lan erreforma ez omen da hain historikoa arazoek mahai gainean jarraitzen dutenean”, adierazi du.

Igor Arroyoren hitzetan, “politika orokorreko eztabaidan, Urkulluk zioen ekaitza datorrela, baina hau ez da fenomeno meteorologiko bat, erabaki politikoen ondoria baizik”.

Bizkaiko metalgintzako lan gatazkari buruz galdetuta, azpimarratu du langileen aldarriak oso oinarrizkoak direla; eros-ahalmena bermatzea, besteak beste. “Ez dugu soldata galera gehiago onartuko”, esan du. Beste aldarri batzuk ere defendatzen ditugula jakinarazi du: azpikontratatutako langileen enplegua bermatzea eta emakumeekiko soldata arrakalarekin amaitzea, besteak beste. Egunotako hiru greba egun arrakastatsuen ondoren, pilota FVEM patronalaren teilatuan dagoela aipatu du: “Bere jarrera aldatu ezean, mobilizazio fase berri bati helduko diogu”.

Langabezia ezin da modu isolatuan aztertu: bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da

Hego Euskal Herriko langabezia datuak aztertzen baditugu, langabezia %0,1 igo da aurreko hilabetearekiko, aldiz, %5 jaitsi da pasa den urtearekiko. Jaitsiera Araba Eta Gipuzkoan izan duen bitartean, Nafarroa eta Bizkaian zertxobait igo da.

Nafarroari dagokionean, gazteen langabeziaren gorakadan jarri behar dugu arreta; izan ere, pasa den hilabetearekiko %4,8 igo baita 25 urtetik beherakoen langabezia.

Sexuen arabera, urte arteko datuei erreparatuz, gizonezkoen langabezia %7,3 jaitsi da, emakumezkoen artean %3,3a besterik jaitsi ez den bitartean. Pasa den hilabetearekin alderatuz, ordea, gizonezkoen langabezia igo egin da, emakumeena jaitsi den bitartean. Ez gaude joera baten aurrean, baizik eta lan-merkatu ezegonkor baten aurrean, non gazteak edo emakumeak eskulan merkea diren kapitalarentzat, sektore prekario edota aldi baterako enpleguak betetzen.

Enplegua modu nabarmenean ez da suntsitzen ari. Hala ere, enpleguaren kalitatean eta egungo krisi ekosoziala insituzioetatik abordatzen ari diren modu ez-nahikoan jarri behar dugu arreta.

Batetik, enpleguaren kalitatea lehen mailako kezka iturri da sindikatu honentzat. Eskuartean ditugun datuekin lan eta bizi baldintzen prekarizazioa eredu honen konstante bat dela berresten dugu: emakumeon soldata arrakala egiturazkoa dela, jornada partzialak handitzen ari direla, kontratu mugagabeek ez-nahikoak izaten jarraitzen dutela edota gazteek etorkizuneko bizi proiektu bat eraikitzeko baldintza materialak eskuratzeko ezintasuna dutela. Lan erreformak langileon lan baldintzak hobetuko zituela saldu zen Madriletik, baina argi dago erreformak ez dituela helburuak bete eta patronalaren aurrean mobilizatzera behartuak gaudela.

Era berean, egungo testuinguru sozioekonomiko ezegonkorrean langabezia datua ezin da modu isolatuan aztertu ezta interpretatu ere. Izan ere, egoera prekarioan bizi diren langileak gero eta gehiago dira. LABek datozen egunetan aurkeztuko duen azterketaren arabera, inaktiboak diren langileak, langabezian daudenak edota 1.400 euro baino gutxiagoko diru sarrerak jasotzen dituztenak kontutan hartuz.

Bestetik, kronifikatzen ari den prekaritate eta pobrezia egoerari aterabide justua emateko, ezinbestekoa da instituzioetatik ere egoera abordatzea. Politika publiko ausartak behar ditugu erabaki politikoen ondorioz sortu den krisi ekosozialari aurre egiteko. Eremu politikoan ere gehiengo berriak eraiki behar dira egoera eraldatuko bada.

Emergentzia sozialeko egoera honetan, langileok ezin gara zain egon eta mobilizazio sindikal zein soziala ezinbestekoak dira. Zentzu horretan, LAB sindikatua borroka ziklo berria artikulatzen ari da, langile guztiekin eta langile guztientzat.

Kalitatezko hezkuntza-sistema bermatuko bada Nafarroan, ezinbestekoa da ratioen jaitsiera erreal eta eraginkorra

Sistema publikoa eraisteko ahalegina, tamalez, egiazkoa da, eta, Foru Administrazioaren gainerako arloetan gertatzen den bezala, Hezkuntzan ere zerbitzu publikoen kalitatea kaltetuko duten murrizketen garaia datorrela ikusten dugu. Baina, aldi berean, jaiotza-tasaren beherakadak aukera paregabea eskaintzen digu hezkuntza-kalitatean eragin zuzena izango lukeen ratioen jaitsiera aplikatzeko. Hezkuntza sektoreak ere, zerbitzu publiko orok bezala, kalitatea eskaini behar duela aldarrikatzen du LABek, eta hori ikasle guztien beharrak erdigunean jarriz lortuko da.

Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitaterako Itunak, egun, honelako ratioak (ikasgela bakoitzeko ikasle kopurua) ezarriak ditu: 25 ikasle Haur eta Lehen Hezkuntzan, 30 Bigarren Hezkuntzan eta 33 Batxilergoan. Jaiotza-tasaren beherakadak ez dakarkio aurreikuspen onik ikastetxe askori: talde gutxiago, ikasgelen itxiera eta irakasleen galera. Horregatik, kalitatea eta lanpostuak mantenduko badira, ratioak benetan eta modu eraginkorrean jaitsi behar dira.

Era berean, ratioen jaitsiera horrek eragin zuzena izango luke ikasleen aniztasunari eskaintzen zaion arretan. Kontseilariari askotan entzun izan diogun kontzeptua da hori, harrotasunez beterik botatzen duena, baina egiazki, beharrezko diren baliabideak jartzen ez diren bitartean, praktikara eraman ezin dena. Premia bereziak dituzten ikasleek hainbat espezialistaren (PTak, orientatzaileak…) laguntza erreal eta inklusiboa behar dute; arreta ia guztia halako gainzama duten hezkuntza-laguntzako espezialisten bizkar utziz gero, ezin da aurrera egin, eta hori da gaur egun gertatzen dena. Iritsi da ordua Departamentuak hainbatetan errepikatu dituen edukirik gabeko hitz hutsak alde batera utzi eta behingoz ikasleen aniztasunari behar bezalako erantzuna emateko.

Gaur egun irakasleek pairatzen duten zama burokratikoa ere ezin dugu ahaztu, ikasleei behar bezalako zerbitzua emateko enegarren traba baita. Egun, baina bereziki LOMCE indarrean sartu eta ikastetxeetan lehenbailehen aplikatzeko agindua jaso genuenetik, irakasleek gero eta denbora gehiago eskaintzen diegu lan burokratikoei (nahiz eta askotan espedientea betetzeko baino ez izan), eta gutxiago irakasle-lanean aritzeari. Ratioen jaitsierak, beraz, ikasleentzako zuzeneko arreta hobetzea ekarriko luke, nahiz eta egungo karga burokratiko handiegia, kasu askotan zalantzagarria dena, mantendu.

Azkenik, LABek salatu nahi du irakaskuntzako eskola-orduak Rajoyren gobernuaren murrizketek ezarri zituztenak direla oraindik ere. Duela 2 ikasturte, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egoera hori aldatu zuela saldu zigun, baina egiazki irakasleok bi eskola-ordu gehiagorekin jarraitzen dugu (23+2 Haur eta Lehen Hezkuntzan, eta 18+2 Bigarren Hezkuntzan). LABek exijitzen du lanaldiko orduen leheneratzea benetakoa eta eraginkorra izan dadila, tranparik eta amarrurik gabe.

Horregatik guztiagatik, eta jaiotza-tasaren etengabeko beherakada kontuan hartuta, LABek ratioen benetako jaitsiera aldarrikatzen du, lanpostu guztiak mantentzen direla bermatuta (irakasleenak nahiz ez-irakasleenak), aniztasunari benetako arreta eman ahal izateko eta irakasleek beren gain hartu behar dituzten zuzeneko irakaskuntza-lanak eta burokrazia-lanak bateragarriak izan daitezen. Azken batean, ratioen jaitsiera eraginkorra erreibindikatzen dugu, ikasle guztien premiak hezkuntza-sistemaren erdigunean jarriko dituen kalitatezko hezkuntza-zerbitzu publikoa bermatzeko.

Etxeko langileen lan-baldintzak arautu eta hobetzearen alde lan egiten jarraituko dugu

Joan den asteartean CONFEBASKen aurka etxeko langileen lehen Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioaren inguruan egindako epaiketaren ondoren, gaur izan dugu epaiaren berri. Auzitegiak ebatzi du, LABek eskatzen duen bezala, etxeko langileen kolektiboak eta sindikatu honek negoziazio kolektiborako eskubidea badutela. Aitzitik, bere ustez, eremu berezia denez, araudia egokitu behar da negoziazio-prozesuan legitimatuta dauden alderdiak zehazteko, eta, beraz, erantzukizuna botere legegileari dagokio.

LABen arlo juridikotik, epai hori aztertu eta harekin bat ez gatozenez, kasazioan Auzitegi Gorena eta dagokion gainerako instantzia judizialetara joko dugula aurreratu dezakegu; izan ere, uste dugu egungo legeria arrunta nahikoa dela etxeko langileen eremua arautzeko, eta legeak ez egokitzeak ezin du eragotzi negoziazio kolektiborako oinarrizko eskubideari bide ematea, nazioarteko legeriak babesten duen bezala.

LABek sektore honetako lan-baldintzak arautzearen eta hobetzearen alde egiten jarraitzen du, eta Euskal Herriko milaka etxeko langileri borrokan laguntzen jarraituko dugu. Sektore honetarako lehen hitzarmen kolektiboa lortzeko bide berriak aztertu eta baloratuko ditugu.

Era berean, ekintza sindikala bultzatzen eta agenda partekatzen jarraituko dugu, sektoreko elkarteekin, herri mugimenduekin, mugimendu feministarekin eta sindikatuekin.

Espainiako gobernua interpelatzen dugu, Errege Dekretuaren arautzean aldaketak eginez etxeko langileen lan- baldintzak honetzeko bere borondatea erakutsi baitzuen. Sektorearekiko erakutsi zuten borondate eta kezka bera beste lurralde batzuetan sektore honek zabaldutako borroken aldeko jarrera izatera eraman beharko litzateke. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu langile kolektibo honekin inplikatu eta benetako konpromisoak har ditzala, kanpo injerentziarik gabe, etxeko langileen lan eskubideak hemen bertan erabaki eta arautzeko, besteak beste.

Bizkaiko metalgintzako langileek Bilbora eraman dituzte euren aldarriak egunotarako deitutako hirugarren greba egunean

Joan den asteko bi greba egunen ostean, Bizkaiko metalgintzako langileek egunotarako deitutako hirugarren eta azken greba eguna egin dute. Bilbon gauzatu dute oraingoan manifestazioa, FVEM patronalaren egoitzatik abiatuta, eta jendetza bildu da sektorerako hitzarmen duin bat aldarrikatzeko.

Goizean goizetik ibili dira piketeak enpresetan, eta Ertzaintzak jarrera oldarkorra erakutsi du berriro ere; kasu honetan, Zamudioko teknologia parkean. Hain zuzen ere, identifikazioak, kargak eta atxiloketa bat izan dira, langileek euren eskubideen defentsan mobilizatzeagatik.

LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen astelehenean, eta patronalaren lehendakari izateari uzteko eskatu zion, langile klasearen alde egin dezan. Bada, Ertzaintzak patronlaren interesak defendatu ditu gaur berriro ere, bidezkoak diren langileen aldarrikapenen kontra.

Osakidetzako karrera profesionalaren eredu berriari buruzko negoziazioak arriskuan jartzen dituen beste pribatizazio bat geldiarazi dugu #LortuDugu

Lan informatikoak kanpora ateratzeko beste plegu bat geldiarazi du LABek, kautelaz. Oraingo honetan, Osakidetzak kanpora atera nahi zituen lanak etorkizuneko karrera profesionaleko eredu berriaren eskabideak eta mailak esleitzeko prozedura kudeatuko dituen aplikazio informatiko bat sortzeari buruzkoak dira.

Plegu horrek 600.000 euroko balioa du, eta deigarria da kanpora ateratzen saiatzea, eredu berri horri buruzko hasierako proposamen bat baino ez baitago jasota, oraindik sindikatuekin eztabaidatu ez dena.

Kanpora ateratzeko ahalegin hori abuztuan gauzatu zen, eta sindikatuaren zerbitzu juridikoek ez zuten zalantzarik izan haren aurka egiteko; izan ere, bertan eskatzen diren lanak Osakidetzan lehendik zeuden kategoriei dagozkienak dira, eta lan horiek kanpora ateratzeko justifikazioa ez da oso sendoa, geldiaraztea lortu dugun gainerako pleguetan gertatu den antzera.

Egia da kanpora ateratzeko justifikazioa ez dela nahikoa, baina lizitazio horren ondorioa presazkoa da, eta Mahai Sektorialaren funtzionamendu demokratikoari kalte egiten zion. Gutxieneko negoziaziorik ez duen prozedura bat kudeatuko duen aplikazio baten sorrera kanporatzen saiatzen ari dira, eta, beraz, honen esleipen goiztiarrak negoziazio-mahaian bertan erabaki daitekeenari mugak jar diezazkioke. Hau da, ez da onargarria Administrazio bat gai desberdinak gauzatzeko gai ez izatea negoziaziorako muga izatea. Osakidetzak informatika-arazoak argudiatu ohi ditu Mahai Sektorialean bere jarduera eztabaidatuenetako asko justifikatzeko, hala nola prozesu guztietako atzerapenak: kontratazio-zerrendak, LEP, lekualdatze-lehiaketa eta abar.

Dei egiten diegu langileei jabetu daitezen Osakidetzako zuzendaritzak apustu irmoa egin duela gure profesionalek egiten dituzten lan propioak kanpora ateratzeko. Lizitazio horiek, normalean, gehiegizko prezioekin ateratzen dira, eta, gainera, kasu honetan gertatzen den bezala, oraindik negoziatzeko dauden gaiei eragiten diete.

Gure osasunaren pixkanakako eta izkituko pribatizazioa denboran zehar mantentzen den estrategia da, zenbait kategoria profesional eta zerbitzu oso desagerrarazi nahi dituena.

Era berean, adierazi nahi dugu Osakidetzako Mahai Sektorialean zeuden sindikatu guztiek irmo baztertu zutela karrera profesionalaren eredu berrirako hasierako proposamena. Proposamen hori, gure ustez, karrera profesionalaren eredu murriztaile, eskuraezin, subjektibo eta are diskriminatzailean oinarritzen da.

Deigarria da Osakidetzako langileei sarbidea zailtzen dieten bitartean, 4 urtean behin deialdiak eginez, mailetara iristea zailduz edo balorazio subjektiboekin jarraituz, kargu horietan 4 urtez jarraitzen duten zuzendaritza-karguei goreneko maila (IV. maila) esleitu nahi izatea. Horrek langile guztiei iseka egitea dakar.

Mobilizazioaren eta salaketaren bidetik jarraitu behar dugu, inolako jarduketarik baztertu gabe, eta oinak geldiarazi behar dizkiogu zuzendaritza harro bati, plantillaren arazoak konpontzeko gai ez dena horrek osasunean dituen ondorioekin.

Osakidetzari gogorarazi nahi diogu karrera profesionaleko ezohiko deialdia egiteko LABekin lortutako itunak (laster ordainduko da) 2026ra arteko epea jasotzen zuela karrera-eredu berrirako akordio batera iristeko, eta Osakidetza behartzen zuela abenduaren 31n deialdi arruntak egitera, akordio hori lortzen ez zen bitartean.

Ez du balio mahai sektoriala instrumentalizatzeak proposamenak aurrera ateratzeko inoren onespenik gabe eta plantillaren lan-baldintzak kaltetzeko helburu argiarekin.

Praktika pribatizatzaile eta antidemokratiko horien aurrean, LABek bere ahalmen guztia aktibatuko du Osakidetzako langile guztien interesak defendatzeko eta jarduera horiek behar den tokian salatzeko.

Patronalaren lehendakari izateari utzi eta langileen aldeko politikak egiteko eskatu diogu Urkulluri

Gaur, Garbiñe Aranburu, LABeko Koordinatzaile Orokorra eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren arteko bilera izan da Lehendakaritzan. Bilkura, LAB bere X. Biltzar Nagusiaren ondoren, Euskal Herri osoko eragile ugarirekin burutzen ari den erronda nazionalaren barruan kokatzen da eta abegitsua izan da. Sindikatu, enpresari elkarte, alderdi eta arduradun instituzionalekin egon gara; agenda zabal horren baitan, inposaturiko lurralde zatiketaren ondorioz, Euskal Herriak dituen hiru ordezkari gorenekin bilkurak daude. Hurrengo hitzordua azaroaren 21ean izango dugu Maria Chivite Nafarroako Lehendakariarekin.

Gaurkoa LAB Iñigo Urkullurekin biltzen den lehen aldia izan da 2013tik hona eta bileraren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Sarritan ikusi dugu Lehendakaria enpresari elkarteekin bilduta, baita Elkarrizketa Sozial antidemokratikoa sostengatzen duen gutxiengo sindikalarekin, baina sekula ez euskal gehiengo sindikalarekin. 2020ko Greba Orokorraren testuinguruan gehiengo sindikalak eskaturiko bilerari uko egin zion. LABen ekimenez gaur egin den bilerak, beraz, balio beharko luke harremanak normalizatzeko.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra zorrotz eta kritiko mintzatu zaio Urkulluri, egungo testuinguru sozial eta ekonomikoaz. Eusko Jaurlaritzak egiten dituen politika publiko neoliberalak aldatu behar direla adierazi dio, enpresarien Lehendakari izateari utzi eta langileen aldeko politikak egiteko eskatu dio eta, gogorarazi, Autonomia Estatutua agortua dagoela eta burujabetzarako bidea urratzeko momentua dela. Era berean, egun dauden eskuduntzak eta autogobernuak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko beharraz aritu da Aranburu, badagoelako tartea langileon lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politikak egiteko.

TRANTSIZIO EKOSOZIALISTA FEMINISTARAKO eta ONDASUNAREN BANAKETArako LABen proposamena eraman dio Aranburuk Urkulluri, eta eskatu, dokumentu horretan jasotzen diren neurri zehatzak martxan jartzeko, besteak beste: aberastasun banaketa desorekatuarekin amaitzea; soldaten eros ahalmena bermatu eta arrakalarekin amaitzea; langile publikoen soldatak bertan negoziatzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea;
gehienezko soldatari mugak jartzea; plusbaliak mugatzea eta enpresen dibidendu banaketa debekatzea. Fiskalitatea ere hizpide izan du LABeko koordinatzaileak: zerga politika progresiboagoa, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, eta aldi berean, fiskalitate bidezko diru bilketa handitzeko. PFGZan ezarri diren deflaktazio neurrien osagarri, kapital errentak gehiago zergapetu eta Sozietateen Gaineko Zerga eguneratu egin behar da, enpresek, irabazien arabera, gehiago ordain dezaten.

Prezioen gorakada langileentzat lapurreta dela kritikatu eta eskakizun argiak eraman ditu LABek bilerara, eros ahalmenaren galerari eta bizitzaren garestitzeari, prekarizazio eta pobretze prozesuari, zerbitzu publikoen eraispenari edota krisi ekologikoari aurre egiteko.

Zaintza ereduan aldaketa eskatzeko ere baliatu du Aranburuk bilera, sindikatuarentzat lehentasunezko gaietako bat baita zaintza lanena. Negozio izateari utzi eta aldaketa sakona behar duela aldarrikatu du eta alternatiba zaintza sistema publiko komunitarioan kokatu.

Etxeko langileen eskubide eta beharrak, pentsionistak eta pentsioen eremua; Osakidetzaren egoera kaskarra eta hezkuntza eremuko beharrak, luzea izan da LABek bilerara eraman duen gai zerrenda.

Krisi ekosoziala hizpide izan dute. Indarrean diren politikek ekarri gaituzte honaino. Iberdrolaren eta Kutxabankek neurririk gabeko irabaziak ezagutu berri ditugun honetan, finantza erakundeen, oligopolio energetikoen eta enpresa handien interesak defendatzeari utzi eta langileriaren, herritarren, planetaren mesedetan diseinatuko diren politika publikoak, zerga-politika eta aurrekontuak eskatu dizkio LABek Urkulluri, aberastasunaren bidezko banaketa sustatzeko. Produkzio eta kontsumo ereduak aldatzeko bidean, trantsizioa bideratzeko batzordeak sortu eta horietan parte hartze soziala bermatzeari ezinbestekoa iritzi dio Araburuk.

Bileratik ondorio argi batekin atera da LAB: aberastasunaren bidezko banaketarako politika publikoak behartzeko eta langileon eskubideak bermatzeko, antolakuntza eta borroka izango dira giltza. Lantokietan eta kalean aktibazio soziala sustatzen eta Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du, beraz, LABek.

Langile bat hil da Andoaingo Antex Fibres enpresan, makina batek harrapatuta

Urriaren 29 hontan beste lan istripu hilgarri bat jasan dugu Euskal Herrian, aurten kapitalismoak hildako 64. langilearena, hain zuzen. Andoaingo Antex Fibres enpresan izan da ezbeharra, makina batek harrapatuta hil da larunbat goiz honetan langilea. Lehenik eta behin, gure dolumina eta elkartasuna adierazi nahi dizkiogu senide, lagun eta lankideei.

Kapitalismoak eragindako beste laneko heriotza bat, beste familia bat birrindurik, eta beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta ez etxera itzuli.

Lan osasunaren ikuspegitik ulertezina da gaur egun, oraindik, makina batetan atrapamenduagatik langile bat zauritu edo hiltzea. 90eko hamarkadatik Europa osoan zehar lan osasunerako araudiak makina eta gailuen egokitzapena behartzen baitu arrisku egoera oro ezabatzeko. Makina batek horrelako arriskuak baditu patronalak araudia betetzen ez duelako da. Ez dago beste irakurketa posiblerik.

Non daude OSALAN eta Lan Ikuskaritza? Euren betebeharra da patronalari lan osasuneko araudia betearaztea. Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Zer diote Idoia Mendia eta Iñigo Urkulluk? Beti bezala ezer ez. Badirudi langileon bizitzek ez dutela axola.

LAB sindikatutik irmoki salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak ez diola patronalari berea den ardura betearazi nahi, eta honen atzean erabaki politikoa dagoela. Honela, errotik aldaketarik egon ezean, datu beldurgarri hauek errepikatzen joango dira etengabe.

Bide batez, datozen orduotan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.