2024-12-08
HomeEkintza PolitikoaPatronalaren lehendakari izateari utzi eta langileen aldeko politikak egiteko eskatu diogu Urkulluri

Patronalaren lehendakari izateari utzi eta langileen aldeko politikak egiteko eskatu diogu Urkulluri

Gaur, Garbiñe Aranburu, LABeko Koordinatzaile Orokorra eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren arteko bilera izan da Lehendakaritzan. Bilkura, LAB bere X. Biltzar Nagusiaren ondoren, Euskal Herri osoko eragile ugarirekin burutzen ari den erronda nazionalaren barruan kokatzen da eta abegitsua izan da. Sindikatu, enpresari elkarte, alderdi eta arduradun instituzionalekin egon gara; agenda zabal horren baitan, inposaturiko lurralde zatiketaren ondorioz, Euskal Herriak dituen hiru ordezkari gorenekin bilkurak daude. Hurrengo hitzordua azaroaren 21ean izango dugu Maria Chivite Nafarroako Lehendakariarekin.

Gaurkoa LAB Iñigo Urkullurekin biltzen den lehen aldia izan da 2013tik hona eta bileraren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Sarritan ikusi dugu Lehendakaria enpresari elkarteekin bilduta, baita Elkarrizketa Sozial antidemokratikoa sostengatzen duen gutxiengo sindikalarekin, baina sekula ez euskal gehiengo sindikalarekin. 2020ko Greba Orokorraren testuinguruan gehiengo sindikalak eskaturiko bilerari uko egin zion. LABen ekimenez gaur egin den bilerak, beraz, balio beharko luke harremanak normalizatzeko.

Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra zorrotz eta kritiko mintzatu zaio Urkulluri, egungo testuinguru sozial eta ekonomikoaz. Eusko Jaurlaritzak egiten dituen politika publiko neoliberalak aldatu behar direla adierazi dio, enpresarien Lehendakari izateari utzi eta langileen aldeko politikak egiteko eskatu dio eta, gogorarazi, Autonomia Estatutua agortua dagoela eta burujabetzarako bidea urratzeko momentua dela. Era berean, egun dauden eskuduntzak eta autogobernuak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko beharraz aritu da Aranburu, badagoelako tartea langileon lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten politikak egiteko.

TRANTSIZIO EKOSOZIALISTA FEMINISTARAKO eta ONDASUNAREN BANAKETArako LABen proposamena eraman dio Aranburuk Urkulluri, eta eskatu, dokumentu horretan jasotzen diren neurri zehatzak martxan jartzeko, besteak beste: aberastasun banaketa desorekatuarekin amaitzea; soldaten eros ahalmena bermatu eta arrakalarekin amaitzea; langile publikoen soldatak bertan negoziatzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea;
gehienezko soldatari mugak jartzea; plusbaliak mugatzea eta enpresen dibidendu banaketa debekatzea. Fiskalitatea ere hizpide izan du LABeko koordinatzaileak: zerga politika progresiboagoa, gehien dutenek gehiago ordain dezaten, eta aldi berean, fiskalitate bidezko diru bilketa handitzeko. PFGZan ezarri diren deflaktazio neurrien osagarri, kapital errentak gehiago zergapetu eta Sozietateen Gaineko Zerga eguneratu egin behar da, enpresek, irabazien arabera, gehiago ordain dezaten.

Prezioen gorakada langileentzat lapurreta dela kritikatu eta eskakizun argiak eraman ditu LABek bilerara, eros ahalmenaren galerari eta bizitzaren garestitzeari, prekarizazio eta pobretze prozesuari, zerbitzu publikoen eraispenari edota krisi ekologikoari aurre egiteko.

Zaintza ereduan aldaketa eskatzeko ere baliatu du Aranburuk bilera, sindikatuarentzat lehentasunezko gaietako bat baita zaintza lanena. Negozio izateari utzi eta aldaketa sakona behar duela aldarrikatu du eta alternatiba zaintza sistema publiko komunitarioan kokatu.

Etxeko langileen eskubide eta beharrak, pentsionistak eta pentsioen eremua; Osakidetzaren egoera kaskarra eta hezkuntza eremuko beharrak, luzea izan da LABek bilerara eraman duen gai zerrenda.

Krisi ekosoziala hizpide izan dute. Indarrean diren politikek ekarri gaituzte honaino. Iberdrolaren eta Kutxabankek neurririk gabeko irabaziak ezagutu berri ditugun honetan, finantza erakundeen, oligopolio energetikoen eta enpresa handien interesak defendatzeari utzi eta langileriaren, herritarren, planetaren mesedetan diseinatuko diren politika publikoak, zerga-politika eta aurrekontuak eskatu dizkio LABek Urkulluri, aberastasunaren bidezko banaketa sustatzeko. Produkzio eta kontsumo ereduak aldatzeko bidean, trantsizioa bideratzeko batzordeak sortu eta horietan parte hartze soziala bermatzeari ezinbestekoa iritzi dio Araburuk.

Bileratik ondorio argi batekin atera da LAB: aberastasunaren bidezko banaketarako politika publikoak behartzeko eta langileon eskubideak bermatzeko, antolakuntza eta borroka izango dira giltza. Lantokietan eta kalean aktibazio soziala sustatzen eta Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du, beraz, LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du Nafarroako Lan Osasuneko Kontseilua aktibatu izana, eta alerta gorriak eskatzen dituen neurriak hartzeko determinazioa exijitzen du

Pasa den azaroaren 22an LAB sindikatuak jakinarazi zuen zenbatu gabeko beste bost langileren heriotzak gehitu behar zitzaizkiola 2024an lanean edo laneko bidean hildako nafarren...

Abenduaren 6an ez daukagu ezer ospatzeko

Abenduaren 6a jai egun inposatua da Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioaren urteurrena dela eta. Ez ospatzetik harago, Euskal Errepublikaren aldeko konpromisoan berresteko eguna da LABentzat. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako gure egoitzak zabalik egongo dira, ostiraletako ohiko ordutegian, 9:00etatik 14:00etara.

Langile baten kaleratze bidegabea eragin duen zigor-politika ari da aplikatzen PEPSICO

Enpresa batzordea Etxebarri-Ibiñako lantegiaren aurrean mobilizatu da, eta argi eta garbi esan du PEPSICOn ez dagoela inor soberan eta kaleratzea guztiz bidegabea dela. Horrez gain, kaleratutako lankidea lanera bueltatzea eskatu du.