2026-01-09
Blog Page 284

UGTk patronalaren interesen alde egin du eta eragin mugatuko paktu bat sinatu du Continental–Benecke Kaliko enpresan

UGTek, bertze behin ere, patronalaren sindikatuarena egin du eta zuzendaritzaren interesak defendatzeko eragin mugatuko hitzarmen bat sinatu du Continental – Benecke Kaliko lantegian. Bederatzi ordezkarietatik lau izanda (bertzeak LABeko 4 eta ELAko 1 dira), babesgabetasun gehien duen langile taldearen ―aldi bateko langileak eta kontratazio berriak―lan baldintzak gehiago okertzeko eskubidearekin sentitu da, denbora mugarik gabe luzatu ahal izanen den soldata eskala bikoitza ezarriz, lantegi honetan egiten diren kontratazioaren gehiengoa aldi baterakoak baitira.

Langile talde honen babesgabetasuna azpimarratu nahi du LABek, eragin mugatuko paktuak langileek banaka onartu behar baldin badituztelako ere, babesgabetasun honen ondorioz langile hauek ez dutelako bertze aukerarik izanen, kontratazio berrien kasuan, baldintza hauek ez onartzea ez kontratatzea edo ez berritzea suposatuko zuelako.

Onartezina den neurri hau “adosteko”, %45eko parte hartzea izan zuen batzar baten aitzakia erabili du UGTek, horietatik erdia paktutik kanpo dauden langileak izanik. Modu honetan UGTk berak deitu zuen batzar orokorraren emaitzari muzin eginez.

Tamalez, hemen salatzen duguna hagitz larria bada ere, ez dugu harritzen gaituenik erraten ahal. LABek hitzarmen eta paktu duinak borrokatzen segituko du, langileen gehiengoaren onespenarekin eta, noski, eragin orokorrekoak izanen direnak. Modu berean, lortzeko esperantzarik ez dugun arren, UGTri exijitzen diogu akordio hori atzera botatzea eta ordezkaritzaren gehiengoak adosten ahal duena onartzea.

Bizkaiko metalgintza berriz ere geldituko dugu, patronalaren mugimendu ezaren aurrean

Sindikatuon ohar bateratua, Bilbon gaur egindako agerraldiaren harira:

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuok osatzen dugun gehiengo sindikalak grebara deitu dugu azaroaren 28tik abenduaren 2ra.

Azaroaren 2an amaitu zen Bizkaiko metalgintzako greben azken fasea. Greben jarraipena oso altua izan da. Metaleko langileek sektoreko enpresen ekoizpena 6 egunez etetea lortu dute. Horrela, FVEMen azken eskaintzaren aurkako jarrera irmoa erakutsi dutelarik. Eskaintza horrek sektoreko lan-baldintzak pobretu eta prekarizatzen ditu, akordioa blokeatzen ari diren enpresek etekinak metatzen dituzten bitartean, hala nola Tecunik 3 milioi euro baino gehiagoko irabaziak ditu, Artechek ia 9 milioi euro, Sidenor taldeak 25 milioi euro baino gehiago, Ormazabal taldeak 11 milioi inguruko irabaziak eta Elduk 6 milioi eta erdiko irabaziak.

Sei greba egun hauetan, FVEMek konplize bat izan du, Eusko Jaurlaritza, EAJ – PSOE, patronalaren asmoen aurrean isilik egoteaz gain, Ertzaintza langileak atxilotzera, kriminalizatzera eta jipoitzera bidaltzen duena. Orain arte egindako 6 greba-egunen balantzea honako hau da: 2 langile atxilotu, identifikazio eta atxikipen ugariak, atzamar bat hautsita duen langile bat, tendoi bat hautsita duen beste langile bat, eta kolpatutako eta ubelduak dituzten langile ugari, eta mozal legearen ondorio diren  isun handiak, jadanik iristen hasiak direnak. Hemendik Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu, hau al da Bizkaiko metalgintzako langileentzako duen eskaintza?

Grebek izan duten jarraipena eta sektoreko langileek izan duten jarrera ikusita, intersindikalak azken greba egin zuenetik 2 egun igaro ondoren, hurrengo greben datak argitaratu genituen eta mezu argia bidali genion FVEMi: hurrengo bileran sektoreari entzun gabe jarraituz gero eta akordio batera iristeko eduki nahikorik aurkeztu ezean, gatazka gogortu egingo dela  eta astebeteko greba-deialdia eramango dugula aurrera.

Atzo egindako bileran, FVEMek berriro ere akordiorako aukera bat alferrik galdu du. Azken hiru greba egunen ondoren, milaka grebalari ikusi ditugularik kalera irteten, aurrerapenak dituen hitzarmen bat defendatzera Patronala gutxieneko hobekuntza batekin etorri da bilerara, ehuneko puntu bateko soldata-igoerarekin, tauletan erosteko ahalmena bermatu gabe eta malgutasunean, gutxieneko bermean eta aldi baterako ezintasun-osagarrietan zituen atzerapenak mantenduz.

Hori dela eta, atzo, negoziazio-mahaiaren bileraren ondoren, beste 5 greba-egun erregistratu genituen, azaroaren 28tik abenduaren 2ra. Patronalak bere asmoetan tematuta jarraitzen badu, egun horietan berriro ere ekoizpena geldituko dugu, eta berriz  antolatuko gara piketeetan goizeko 5: 00etan, eta ez Eusko Jaurlaritzak eta EAJk bidalitako Ertzaintzaren errepresioak, ezta patronalaren gezurrek eta manipulazioek, ez dute geldiaraziko  bere lan eta bizi baldintzak amaiera arte defendatzeko prest dagoen sektore bat.

Greba-egunak baino lehen eta egun horietan, erosteko ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak eta beste esparru batzuetan (subrogazioa, lanaldia, lizentziak…) hobekuntzak ukatzen dituzten enpresak aipatuko eta blokeatuko ditugu berriro. Era berean, langileen alde jarri beharrean, patronalarekin lerrokatzen direnak enpresa eta eragileak seinalatuko eta interpelatuko ditugu.

23 eguneko greba mugagabearen ondoren, patronalari Nafarroako kirol kudeaketako hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko eskatu diogu

Nafarroako Kirol Kudeaketako langileek agerraldia egin dute, orain arte egindako borrokaren balantzea egiteko eta greba mugagabeari eutsiko diotela berresteko. Sindikatuok udalei eskatu diegu inplikatzen jarrai dezatela gatazkari irtenbide zehatz bat bilatzeko.

Astebeteko greba egingo dute Gipuzkoako TAO zerbitzuko eta garabietako langileek

Mobilizazioekin aurrera jarraituko dute Gipuzkoako TAO zerbitzuko eta garabietako langileek, orain arte egun desberdinetan egindako sei greba egunen ostean. Oraingoan, astebeteko greba egingo dute hitzarmen duin baten defentsan, azaroaren 9tik 16ra, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok deituta.

KPIari lotutako soldata igoerak bermatzea eta urtean 1.592 lanordu izatea dira aldarrikapen nagusiak.

Azaroaren 12 eta 19an kaleak betetzeko deia egin dugu

Azken hamarkadetatik hona inposatzen ari diren politika neoliberalek, langileen prekarizazioa eta pobretzea, zerbitzu publikoen eta pentsio publikoen ahultzea, zaintza negozio bilakatu eta zaintza sistema publikoa garatzeko borondate falta edota krisi ekologikoari erantzun egokirik ez ematea ekarri dute. Krisi ekosozial larria sortuz. Prezioen garestitzeak eta langileon eros ahalmenaren galerak egoera gordindu egin dutelarik.

Egoerak errotiko aldaketak eskatzen ditu, euren artean, politika publikoen norabide aldaketa. Horrela, trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatu eta ondasuna banatzeko neurriak aurkeztu ditu LABek, hala nola; enplegua zaintza lanak eta ondasuna banatzeko neurriak; zerbitzu publikoak, pentsioak eta oinarrizko eskubideak indartzearen ingurukoak; krisi ekologikoari aterabide egokia ematera bideratutakoak eta erabaki ahalmena eta demokratizazioa bultzatzekoak. Aldaketa horiek kalean borrokatzen ari gara. Langileen aldeko lorpenak eskuratzeko, politikak behartzeko eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial berri baterako, eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak bultzatzeko ezinbestekoa da mobilizazio soziala.

Egun, hainbat borroka sindikal daude martxan aberastasunaren banaketaren alde, emakumeon lanari dagokion balioa aitortzearen alde edota zaintza eredu berri baten alde. Borroka horiei esker, akordio duinak erdietsi dira hainbat tokitan.

Ezkerreko independentistok baditugu egoera eraldatzeko proposamenak. Eragile bakoitzaren ikuspegi eta ildo propioa aintzat hartuta, Euskal Herriko esparru sindikalaren, sozialaren eta politikoaren artean sinergiak elikatzen jarraitzea eta ortzimuga komun bat irudikatzea dagokigu eta Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista baterako, aberastasunaren banaketarako eta burujabetzaren aldeko ibilbide partekatu bat sustatzea beharrezkoa da.

Aste honetan eta hurrengoan bi hitzordu garrantzitsu ditugu horretarako. Horrela, azaroaren 12an, 17:30ean Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazio nazionala egingo du EH Bilduk, “Euskal olatua: geldiezina” lemarekin eta azaroaren 19an, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak manifestazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, “Pobretzeari stop! Bizi-baldintza duinak eta prezioen kontrola, orain!” lemarekin (12:00etan Gasteizko Artiumetik eta 17:30ean Donostiako Alderdi Ederretik, Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Iruñeko Baluartetik). LABek dei egiten dio bere afiliaziora bi mobilizazioetan parte hartzera. Eraldaketa sozial eta aldaketa politikoaren aldeko indarrak bildu eta kaleak hartzera goaz.

Lanpostua defendatzea ez dela delitua berretsi dugu Gasteizen, Aintzane Mendiaren kontrako epaiketaren aurrean

Aintzane Mendia Tubacexeko langilea epaitu dute gaur. 15 hilabeteko kartzela zigor eskaerari egin beharko dio aurre, muntaia polizial baten ondorioz. Langile honi babesa erakusteko asmoz, salatutako langileen plataformak antolatu duen elkarretaratzean hartu dugu parte. Gasteizen egin da mobilizazioa, Arabako Probintzia Auzitegian, 10:30ean, epaiketaren aurretik.

Sukaldari eta garbitzaileen kontsolidazio deialdiak negozia ditzan eskatu diogu EAEko Hezkuntza Sailari

EAEko Hezkuntza Sailari sukalde eta garbiketako langileak egonkortzeko kontsolidazio-deialdiak lehenbailehen negoziatzeko mahaia dei dezan eskatu diogu Bilboko Lurralde ordezkaritzaren aurrean, aurreko astean Heziketa Bereziko kolektiboekin egin genuen bezala. Izan ere, deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar dituen arren, administrazioak ez du negoziazio-mahairik deitu.

Ikasture hasieratik, Hezkuntza Sailak egindako kudeaketa eta langileokin izandako jokabidea salatu dugu (ordezkapenak, lanpostu hutsen kudeaketa…). LABek behin eta berriz eskatu dio langileon eskariak entzun eta bi hilabete haietan gertatu den anabasa-egoera bideratzeko bilerak egitea, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Salbuespeneko kontsolidazio lan eskaintza publikoen deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar diren arren, oraindik ez dugu deialdiaren zirriborrorik jaso, ezta berau negoziatzeko bileraren hitzordurik ere.

LEP horretan sartuko liratekeen lanpostu-eskaintza negoziatzerakoan erakutsi zuen negoziatzeko borondate eskasa erakusten ari da, oraingoan ere, Hezkuntza Saila. Gure aldetik, lan esperientzia erabakitzailea izateko eta kolektibo bakoitzaren ezaugarriei egokitutako deialdia egiteko borrokatuko gara. Hezkuntza Sailari argi adierazi nahi diogu gai honetan esan behar duguna entzun behar duela.

Sukalde eta garbiketan egindako azkenengo Lan Eskaintza Publikoa 2001ean izan zen. Hori dela eta, administrazioak urte luze hauetan kontratazioan egin duen iruzurra epaitegietara eraman behar izan du LABek; esaterako, aurreko LEPa gainditu eta oraindik behin-behinekotasunean dauden langileen egoera salatu dugu, eta epaileek finkotasuna aitortu die.

Beraz, gaur goizean Bilboko Lurralde Ordezkaritzan burutu dugun elkarretaratzean berandu baino lehen deialdien negoziazioa has dadin exijitu diogu Hezkuntza Sailari.

Enplegua eta eros-ahalmena zerbitzu publikoetan erabakitzeko, mobilizazioak egingo ditugu berriro azaroaren 22an

«Enplegu duina, eros ahalmena bermatu, berton erabaki» lelopean LABen daramagun mobilizazio dinamikaren barruan beste urrats bat emango dugu, eta datorren azaroaren 22an ere Hegoaldeko lantokietan mobilizazioakegingoditugu.

Urriaren 14an delegatuen mobilizazioak egin genituen lau hiriburuetan. 21eko EAEko Mahai Orokorraren bileraren testuinguruan ere berriro elkarretaratu ginen Lakuan aldarrikapen berdinekin. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek eta administrazio eta enpresa publiko gehienek Madrilgo gobernuak CCOO eta UGTrekin adostutako soldata murrizketak txintxo ezarriko dituztela aurreratu dute dagoeneko.

Langile publikook erosahalmena galtzen jarraitzen dugu, eta 2010etik metatuko galera %15era iritsiko da urte amaieran. Hori dela eta, LABek 2010eko taulak eguneratzeko neurriak proposatuko ditu negoziazio eremu ezberdinetan.

Euskal Herrian enplegu publikoak murrizten jarraitzen du: iruzurrezko langile egiturak, erretiro tasa altuak, pribatizazioak, hizkuntza eskubideen urraketak… administrazioen eta sindikatuen artean enplegu planak eta lan baldintzak adostu egin behar dira, inongo inposiziorik gabe.

Negoziazioak eta akordioak tokian toki egitea ezinbestekoa da Euskal Herriak behar dituen langile eta zerbitzu publikoak erabakitzeko. Horregatik, LAB mobilizatzen hasia da dagoeneko, eta langile guztiak deitzen ditu hurrengo hitzorduan parte hartzeko, hau da, azaroaren 22an administrazio eta enpresa publikoetako lantokietan.

Astebeteko grebara deituko dugu Bizkaiko metalgintzan, FVEM patronalak hitzarmen duin bat lortzeko aurrerapauso argirik eman ezean

LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuok honako balorazio hau egin nahi dugu:

Uda aurreko mobilizazioetan gertatu zen bezala, azken 3 greba egun hauek arrakasta handia izan dute.

FVEMek gogoan hartu behar du Bizkaiko metalaren sektorea oihuka iragartzen ari zaiona. Ez gaude ados negoziazioa egiteko moduarekin, eta ez dugu onartuko ez baldintzak jaistea ezta erosteko ahalmena galtzea ere. Bide horretan jarraituko dugu!

Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu FVEMen gaineko presioa handitzea, bai mahaian bai kaleetan, Bizkaiko metalaren sektorerean hitzarmen duin bat lortzeko helburu bakarrarekin.Horregatik guztiagatik:

LAB, CCOO eta UGT datorren astearteko mahaira hitzarmen duin baten bila joango gara. Bestalde, FVEM ez badago bide horretan eta datorren astearte arratsaldeko negoziazio- mahaiaren bileran hitzarmen duin bat lortzeko aurrerapauso argirik ematen ez bada, aste bateko greba erregistratuko dugu sektorean, azaroaren 28tik abenduaren 2ra hain zuzen ere.

Borroka da bidea! Gora langileriaren borroka!