2026-01-02
Blog Page 269

Suhiltzaileen EPEaren lehenengo azterketaren ebazpenaren aurka helegitea tarteratu zutenek bigarren azterketan parte hartu ahal izatea aldarrikatuko dugu

Gaur 15:30ean egingo da suhiltzaileen EPEaren bigarren azterketa, Arkauteko Akademian. LAB bertan egongo da hautagaien aurkezteko eskubidea gauzatzen dela bermatzeko. Izan ere, lehen azterketari helegiteak aurkeztu zizkieten hainbat hautagaik, eta Gasteizko epaitegiek bigarren azterketa honetara aurkezteko eskubidea dutela onartzera behartu du Arkaute, helegiteak ebatzi arte.

Era berean, suhiltzaileen EPE bateratuan egindako txapuzak salatzen ditu LABek eta adierazten du mobilizatzen jarraituko duela, suhiltzaileen kolektiboak planteatutako ekintzekin bat eginez eta inoiz egon behar ez zuen EPE honetan beste edozein txapuza erreklamatuz. Gainera, suhiltzaileen zerbitzuak dituzten administrazioei eskatzen diegu inoiz ere ez diezaiotela berriro agindu horrelako lan eskaintza bat Arkauteri.

Lehenik, inskripziorako prozesuan, azterketa psikoteknikoen aurka erreklamatzeari uko egiten zitzaiola sinatzera eta euren delitu iraganari buruzko ikerketa egiteko baimena ematera behartu zituzten hautagaiak. Salaketa jarri ondoren, atzera egin behar izan zuten.

Ondoren, epaimahaiak psikoteknikoen haztapenari buruzko irizpidea aldatu zuen, administrazio prozeduren legezkotasuna alde batera utzita.

Eragindako sarraskiaren aurrean, zerbitzuak betetzeko pertsona nahikorik ez zegoenez, deialdiaren oinarrietan jasota ez zegoen birbaremazio bat asmatu zen, aurpegia garbitzeko, berriz ere prozedura egokia jarraitu gabe.

Txapuzarekin jarraituz, 3 eguneko epe laburregia eman zuten alegazioak aurkezteko, azterketa batzuetako galderen koadernoa argitaratu eta eman gabe. Eta amaitzeko, ariketa euskaraz egiteko eskubidea ezin izan zen erabat erabili, ahozko trebetasunen azterketa gaztelaniaz bakarrik baitzegoen.

Txapuza horren aurrean, ehunka errekurtso aurkeztu dira prozesuan zehar. Eta errekurtso horien aurrean, Arkautek bere ohiko harrokeriaz erantzun du; guztiak ezetsi ditu, eta debekatu egin die aurkeztu zituztenei hurrengo azterketetara aurkeztea, nahiz eta errekurtsoak oraindik ebatzi gabe egon.

Bai suhiltzaileen kolektiboak bai sindikatuek kautelazko neurriak eskatu zituzten hautaketa prozesuan jarraitu ahal izateko.

Eta atzera egin behar izan dute berriro, Gasteizko epaitegiek hurrengo azterketara aurkezteko eskubidea zutela onartzera behartu baitituzte, errekurtso hori ebatzi arte.

Greba mugagabea abiatu dugu Laudioko Talleres Abasolon atzeratutako soldatak kobratzea exijitzeko

LABek Laudioko Talleres Abasoloko 25 langileak bizitzen ari diren egoera salatu nahi du. Oso egoera zailean daude, urte luzeko soldata-atzerapenen ondoren 4 hilabeteko nomina-zorra metatzen baitute. Enpresaren Administrazio Kontseiluak ez die inolako erantzunik eman langileek pairatzen duten ez-ordaintze egoerari eta atzo, urtarrilaren 16an, greba mugagabeari ekin zioten zor dizkieten soldatak kobratzea exijitzeko.

Enpresari buruzko erabakiak hartzeko ahalmena duten bazkideei aurpegia eman dezatela eskatzen diegu,, eta proiektuarekin jarraitzeko helburua izatekotan, dirua jar dezatela. Talleres Abasolok ezin du langileen gain ezarri egin beharreko ahalegin guztia. 

Langileek oso argi dute ez dutela egun bat bera ere jarraituko doan lan egiten eta zor dietena handiagotzen. Egoera horren aurrean, greba mugagabea hasi zuten, enpresaren bideragarritasunari buruzko erabakia ahalik eta azkarren hartzeko eta 4 hilabeteko zorrari irtenbidea emateko.

Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin egindako lehen bileran, Bizkaiko metalgintzako sindikatu eta patronalaren proposamenak azaldu eta 23rako beste hitzordu bat adostu dugu

Gaur, Bizkaiko metalaren bitartekaritzako lehen bilera egin da, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren parte-hartzearekin.

Bertan, sindikatuok eta FVEMek gure azken proposamenak aurkeztu ditugu, bitartekariaren aurrean azal ditzaten. Horren ostean, Lan eta Enplegu Sailak bilera bat egitea proposatu digu bi aldeoi datorren astelehenean, urtarrilaren 23an, jarrerak hurbiltzen jarraitzeko, eta sindikatuok eta patronalak baietz erantzun diogu.

Bizkaiko metaleko gehiengo sindikalak, LABek, CCOOk eta UGTk, negoziazioarekin
eta bitartekaritzarekin jarraitzearen eta Bizkaiko metaleko langileen eskubideak
eguneratuko dituen akordio bat lortzen saiatzearen alde egin dugu.

Eredugarritzat jotzen dugu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bost urtetako ibilbidea

Madril eta Parisetik inposatu nahi diren pentsio erreforma erregresiboen aurrean borrokan eta elkarlanean jarraitzearen garrantzia azpimarratzen du sindikatuak.

Bost urte bete dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak asteleheneroko mobilizazio dinamikari ekin zionetik. Pentsioen %0,25eko igoera eskasa zela eta abiatu zen mugimenduak astelehenero kalean jarraitu du pentsion eros-ahalmenaren galeraren aurka eta pentsio publiko eta duinen alde. Astez aste, herriz herri, egindako lan nekaezinak Euskal Herriko Pentsiodunen mugimendua erreferente bilakatu du zalantzarik gabe, eta LABetik lan hori eskertu eta zoriondu nahi dugu.

Alabaina, bostgarren urteurren honen testuinguruak argiki erakusten du borroka ez dela amaitu. Estatu frantses zein espainiarrean pentsio sistema erreformatzeko proposamenak mahai gainean daude, eta bertan jasotzen diren neurriak langile gehiengoaren interesen aurkakoak dira eta ez dituzte pentsiodunen mugimendutik egindako aldarrikapenak aintzat hartzen. Bruselaren begirada pean datozen erreforma hauek jubilaziorako epeak luzatu eta pentsioak kalkulatzeko kotizazio aldia luzatzera datoz, pentsioak galtzen ari diren eros-ahalmenean are gehiago sakontzera beraz, eta baita pentsio publikoen ahultzearen aurrean pentsio plan pribatuei ateak are gehiago irekitzera.

Pentsio erreforma hauek ez dira neurri isolatuak, langileon lan eta bizi baldintzen okertze testuinguru batean datoz. Gero eta bideraezinagoa den sistema kapitalista baten aurrean, dauden ondasunak nola banatuko diren dago jokoan: desjabetzea eta pobretzea ala aberastasunaren birbanaketa. Testuinguru honetan, LABetik pentsiodunen mugimenduarekin borroka bidelagun izateko apustuan berresten gara. Eta horrekin batera, Euskal Herrian Pentsio Sistema Publiko eta Propioaren eraikuntzan urratsak ematea beharrezko ikusten dugu. Sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan horretarako hainbat proposamen biltzen ditugu, hala nola 1.260 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio publiko eta unibertsala edota erretiro adina 60 urtera aurreratzea besteak beste.

Begirada Euskal Herrian pertsona guztientzat pentsio duina bermatuko duen pentsio sistema publikoan jarrita, LABek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako lana balioan jartzen du, eta datozen urteetan ere elkarren alboan borrokan jarraitzea espero du.

Kutxabanki exijitzen diogu langile bakar batek ere ez dezala bakarrik lan egin

Joan den asteartean, Izarrako bulegoko Kutxabankeko langile baten heriotzaren berri izan genuen, lanean bakarrik ari zela. Ikerketak zehaztuko du lankidearen heriotza zerk eragin duen, baina gertaera tragiko honen aurrean, LABek galdetzen du ea heriotza hori saihestu zitekeen beste lankide bat berarekin egon izan balitz. Inoiz ez dugu jakingo, Kutxabankek, langileen eskubideak murrizteko politikaren barruan, hauek bakarrik lanean egotea inposatu duelako.
Azken urteotan, LABek bi aldiz eskatu dio formalki Kutxabankeko Zuzendaritzari ez uzteko inori bakarrik lan egiten. Herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeaz gain, laneko segurtasunaren eta osasunaren ikuspegitik, praktika hori ez gomendatzeko hainbat arrazoi daude: lapurretak egiteko aukera, bihotzekoen, iktusen edo bestelako afekzioen kasuan artatzeko ezintasuna, sortzen duen estresa eta antsietatea… Baina beti egin dugu topo Kutxabankeko Zuzendaritzaren ezezkoarekin.
Asteartean gertatutakoaren ondoren, Kutxabankek ezin du beste alde batera begiratu. Bertako langileen laneko segurtasuna eta osasuna jokoan daude. Kutxabankek ez du eskari horri uko egiteko inolako arrazoirik; izan ere, Vital Kutxak Kutxabank bankarizatu arte egiten zuen praktika zen.
LABek gogorarazi nahi du Kutxabankek urtero egundoko irabaziak dituela, azken urte honetan 250 milioi euro baino gehiagokoak. Egoera honetan, ezin da onartu langileek lanean jasan behar duten prekaritatea.
Horregatik guztiagatik, eta astearteko gertaera latza berriro gerta ez dadin, LABek enpresa-batzordearen hurrengo bileran gainerako sindikatuei eskatuko die Kutxabanki modu bateratuan exijitzeko Kutxabankeko ezein langilek bakarrik lan egiten jarrai ez dezan.

CCOO eta UGT sindikatuek bertze behin ere Nafarroako Konponketa Tailerretako langileak saldu dituzte patronalaren mesedetan

Ia bortz urtez luzatu den negoziazio baten ondoren, borrokatzeko asmorik gabe eta lau urte negoziazio horietatik ezabatuz, CCOOk eta UGTk akordio txar bat erdietsi dute Konponketa Tailerretako patronalarekin. Sinatu duten ogi-apurren akordioak zazpi urteko indarraldia du: lehenbiziko laurak pasatu dira eta ez zaie soldaten igoerarik aplikatuko, eta hurrengo hirurei ez zaie KPIaren igoera bermatuko.

Inongo sorpresarik gabe, enegarren aldiz, CCOOk eta UGTk langileentzako kaltegarria den akordio bat erdietsi dute patronalarekin, oraingoan Nafarroako Konponketa Tailerretako hitzarmenean. Sorpresarik ez duela suposatu erraten dugu ez delako horrelako zerbait gertatzen den lehenbiziko aldia eta bageneramatzalako aste batzuk, akordio duin bat exijitzeaz gain, CCOOri eta UGTi eskatzen sektoreko langileak ez saltzeko.

Tamalez, patronalari mesede egitea lehenetsi dute eta zazpi urteko iraunaldia duen hitzarmenean, lehenbiziko lauretan ez da inongo soldata igoerarik egonen, urte horietan KPI %3,2 goitu zen arren, eta bertze hiru urteetan KPI bermatuko ez duten igoerak adostu dituzte, “konpentsazio” deitzen dituztenak, baina benetan ez direnak.

Arlo ekonomikoko adostasun eskas horretaz gain, gutxi gehiago aipatzen ahal da sinatutakoaz, lorpen sozial moduan saldu dituzten puntuak edo orokorkeriak direlako, inongo zehaztapenik ez dutenak, edo dagoeneko legediak onartzen dituen erregulazioak direlako.

Beraz, bortz urte hauetako negoziazioaren emaitzaren laburpena hurrengoa da: lau sosen truke patronalaren sindikatuek sektoreko langileak saldu dituzte. Azken hilabeteetan anitzetan errepikatzera behartuak izaten ari garen laburpen tamalgarria, beraz.

LABen alternatiba garbia da: borroka eta oinarrizko eskubideen defentsa irmoa, eremua edozein dela ere.

Atzo iluntzean beste langile bat hil zen lanean, aurtengo hirugarrena

I.A.E., Zestoako Industrias Artzubia enpresako 51 urteko langilea, aldagelatan topatu zuten ondoezik atzo, handik erietxera eraman eta denbora gutxira hil egin zen. LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu senide, lagun eta lankideei.

Heriotza ez traumatikoak ugaritzen ari dira eta gero eta nabarmenagoa da lanpostu jakin batzuetan laneko arrisku faktoreek istripu hauetan duten eragina.

2022 urtean Euskal Herrian lan istripuz hildakoen % 33a ez traumatikoa izan zen, 23 langile. Honek arazo kardiobaskularrak barnebiltzen ditu.

Hainbat faktore daude istripu hauen atzean, baina arrisku psikosozialak eta estresa dira garrantzitsuenetako batzuk. Hauen aurrean eskumenak dituen Urkulluren gobernuak entzungor egiten du. Ez Osalandik ez Lan Ikuskaritzatik ez da neurri eraginkorrak hartzen langilegoan gero eta intzidentzia handiagoa duen arazo honi aurre egiteko.

Ordua da behingoz, Jaurlaritzak beharrezkoak diren baliabideak jartzeko patronalari prebentzioa betearazteko, baita arazo psikosozialen aurrean ere. 

Garraiolaria larri istripu ez traumatiko baten ondorioz, Ibarran

Ibarrako Voith enpresara zihoan garraiolaria ondoezik topatu zuten atzo bere kamioian, antza bihotzekoak jota. Egoera larrian erietxera eraman zutela jakin ahal izan dugu.

Garraiolarien sektorea da alde handiz arazo kardiobaskularrak neurri handienean pairatzen dituen langile kolektiboa. Datuen errealitatea izugarria da nahiz eta patronalak zein Jaurlaritzak berak, heriotza natural gisa aurkeztu nahi dizkiguten.

Ezinbestekoa da lan istripu ez traumatikoekiko neurriak hartzea, bereziki sektore jakin batzuetan, non laneko baldintzak eragile argiak diren.

Mobilizaziorako prest gaude Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina lortzeko

Gaur urtarrilak 12, Gipuzkoako metalgintzako negoziaketa mahaia osatu da. ADEGI da sektorea ordezkatuko duen patronala eta lau sindikatu nagusiak izango gara sektoreko langileen ordezkari. LABek inoiz baino ordezkaritza handiagoa izango du mahaian eta azken negoziaketatik ordezkaritza handitu duen sindikatu bakarra da. Hala, LABek %35,75eko ordezkaritza izango du mahaian, 2020an baino 1,5 puntu gehiago. Beraz, inoiz baino indartsuago helduko diogu negoziaketari.

LABek argi ditu bere helburuak, sektorearen beharrei erantzungo dien hitzarmena behar dugu eta bide horretan prest gaude datorrenari aurre egiteko. Badakigu patronalak ez digula ezer oparituko, eta hitzarmen duin bat nahi badugu, borrokatu egin beharko dugula.

Langileok sortutako aberastasuna banatuko duen hitzarmena nahi dugu, KPIa bermatu eta lanaldia murriztuko duena, prekaritateari aurre egingo diona, bajak osagarrituko dituena, malgutasunari mugak jarriko dizkiona, gaur egungo familia eredu eta beharrei erantzungo diena eta noski, sektoreko emakumeen beharrei erantzungo diena.

Erronka handia dugu aurrean, baina LABek helburuak argi dauzka, sektoreko delegatu eta langileekin egindako prozesuaren ondoren badakigu zeintzuk diren sektorearen beharrak, eta hauei erantzungo dien hitzarmen duina lortzeko, indarrez eta anbizioz ekingo dio negoziaketari.

Hitzarmenaren lehengo negoziaketa bilera urtarrilaren 26an izango da, arratsaldeko 15:00etan. Jarraituko dugu informatzen.

Gipuzkoako metalgintzan, lan duina, hitzarmen duina!

“In itinere” istripuak ere saihesten ahal dira

2023 urte honek utzi du gaurgero Euskal Herrian istripuz gertaturiko bigarren lan-heriotza —Nafarroa Garaiko lehena—. 58 urteko A.A. langilea, Irurtzunen bizi zena, gaur goizean hil da Iruñerriko Mankomunitateko (SCPSA) bere lanpostura joatean. Ezer baino lehen, LAB sindikatutik gure dolua eta elkartasuna erakutsi nahi diegu hildakoaren senide, adiskide eta lankideei.

Ezin da alde batera utzi Nafarroako langile klaseak estatuko istripu tasa handienetako bat duela. Gainera, salatu izan dugun bezala, in itinere istripuek marka guztiak hausten dituzte Nafarroan: lan heriotza guztien %50 dira.

Arrisku argi eta handia dago langile batek lanera motoan, goizeko 06:30ean, ilunpean, lainopean eta 2 °C-an 20 kilometro baino gehiagoan joan behar duelarik.

Azken hilabeteotan, Nafarroako Gobernuari salatu diogu enpresek ez dutela inolako neurririk hartzen legez laneko arriskutzat jotzen den arrisku hori kontrolatzeko, eta proposamenak ere egin izan ditugu, patronalak integratzeko. Baina gure proposamen bakar batek ere ez du erantzunik jaso.

Horrela, eta arrazoi beragatik bertze heriotza bat izan ondoren, Txibiteren Gobernuari eskatzen diogu behar ditzala enpresak Arriskuen Ebaluazioetan sar ditzaten langile bakoitzaren mugikortasun-arrisku zehatzak, eta in itinere arriskuak ahalik eta txikienak izateko beharrezko neurriak har ditzaten. Gogora dezagun neurri hori nahitaezkoa dela 1996tik, eta ordutik ari direla neurriari muzin egiten.