2024-04-25
HomeEkintza SindikalaHezkuntza legea langileokin eraikitzeko mahai sindikal bat osatzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari

Hezkuntza legea langileokin eraikitzeko mahai sindikal bat osatzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari

EAEn hezkuntza lege berria egiteko prozesua martxan jarri zenean, prozesuan eta legean eragin eta hezkuntza eraldatzeko aukera baliatzeko apustua egin genuen, jakinda borroka eta presioa egitea ezinbestekoa izango zela Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidean. Sare publiko bakar deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar duen eraldaketaren alde.

Hasieratik esan izan dugu Hezkuntza Lege batek, ezinbestez, eremu politikoan egin beharreko akordioez gain, eremu sindikal eta sozialarekin ere adostasunak eskatzen dituela. Horregatik, alderdi politikoek hezkuntza akordioa sinatu zutenez geroztik legea garatzeko bide orri bat eta mahai sindikal bat eratzea eskatu dugu. Halaber, mobilizazio eta greben bitartez “publikoa, propioa eta euskalduna” den hezkuntza-sistema eraikitzeko hezkuntza legea langileekin eraiki behar dela aldarrikatu dugu.

Bi dira askatu beharreko korapiloak; batetik, hezkuntza lege berria; bestetik, hezkuntza-sistemako langileen lan baldintzak. Euskal Herriko hezkuntza-sistemek eraldaketa sakona behar dute eta horretarako langileen lan baldintzei ezinbestean erreparatu behar zaie.

LABek eremu bietan egin du ekarpena; alde batetik, hezkuntza lege aurreproiektuaren zirriborroari ekarpenak egin genizkion. Hilabete honen bukaeran aurkeztuko omen da behin-betiko Hezkuntza Lege aurreproiektua. Berriz ere azterketa sakona egingo dugu, eta horren arabera gure iritzia eta posizioa ezagutzera emango ditugu. Hala, Hezkuntza Lege on bat lortzeko eragiten jarraituko dugu. Legeak segregazioari aurre egiteko neurriak jaso behar ditu; eskola publikoa erdigunean jarri; ituntze unibertsalarekin amaitu; sare publiko bakar deszentralizatu eta burujaberantz trantsizioa ahalbidetu eta euskal curriculuma, laikotasuna zein eskumenak izatea bermatu.

Bestetik, eta ikusita bai hezkuntza akordioak bai hezkuntza lege aurreproiektuak ez zutela langileen lan baldintzen inguruko aipamenik egiten, honen inguruko proposamen eta ekarpenak egin zituen LABek. Hezkuntza sisteman egin beharreko eraldaketak berekin dakar hezkuntzan lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetzea.

Lan baldintzen inguruko ekarpenei dagokienez, hainbat greba eta mobilizazio egin ditugu, hezkuntza eremu desberdinetan. Langileek emandako erantzunak indarra sortu du azken asteetan LABek Hezkuntza Sailarekin elkarrizketak izan eta lan baldintzen inguruan aurkeztu zituen ekarpenak lantzeko. Elkarrizketa horietatik ondorioztatu dezakegu langileen lan baldintzak hobetzeko akordiorako oinarria jartzea lortu dugula eta aukerak daudela langile guztien lan baldintzak hobetzeko adostasun zabalak lortzeko.

Hezkuntzako langile guztien lan baldintzak hobetu behar dira; langile publikoenak (haurreskoletakoak, heziketa berezikoak, sukalde eta garbiketakoak zein irakasleak), itundutako eremuan ari diren ikastoletako eta gizarte ekimeneko ikastetxeetako langileenak zein azpikontrataturiko langilenak.

Hauek dira, LABen iritziz, mahai horretan langileen lan baldintzen inguruan adostu beharreko gaietariko batzuk:

Eremu publikoan:

– Langile kolektibo guztien lanpostuak mantentzea. Jaiotze tasaren beherakadaren aurrean, giza baliabideak mantentzea garrantzitsua baita.

– Funtzio berdina egiten duten langile kolektiboen soldatak parekatzea. Lehentasunez Hezkuntza laguntza espezialisten soldata haur hezitzaileen soldatarekin parekatzea (%10eko igoera)

– Kolektibo feminizatu (sukalde eta garbiketa) eta prekarioenak diren langileen aitortzarako neurriak ezartzea; langileen lanaren balio politiko, sozial eta ekonomikoa aitortuz.

– Langile guztiak euskalduntzeko neurri zehatzak ezartzea, bereziki euskaldundu gabekoak kolektiboak, Sukalde eta Garbiketa eta Lanbide Heziketa.

– Jangelen kudeaketa publikorako azterketa egitea

– Behin-behinekotasun tasa murrizteko neurriak ezartzea

Eremu itunduan:

– Sare desberdinetan ari diren langileen lan baldintzak parekatzea. Itundutako sarean (ikastoletan eta gizarte ekimeneko ikastetxeetan) lan egiten duten langileen soldata sare publikoan ari direnekin parekatzea, baita beste lan baldintzak homologatzeko pausoak aztertzea.

-Itundutako sarean (ikastoletan eta gizarte ekimeneko ikastetxeetan) langileen sarbide gardena bermatzea, berdintasun, gaitasun eta merituen printzipioetan oinarrituta.

– Itundutako sarean (ikastoletan eta gizarte ekimeneko ikastetxeetan) egon daitezkeen publifikazio prozesuetan subrogazio eskubidea bermatzea.

Azpikontrataturiko eremuan:

– Azpikontrataturiko zerbitzuen egoera aztertzea, zerbitzu hauen etorkizuneko ereduaren inguruko eztabaida irekiz. Lehentasuna izanik garbitzaile, jangelako begirale eta garraioko begiraleen azterketak.

Beraz, LABek Hezkuntza Sailari mahai sindikala deitzeko eskatzen dio; hezkuntza legea langileokin eraiki dadin eta hezkuntzako langileen lan baldintzak adostu eta hezkuntza eredua hobetzeko gaiak jorratzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.