2026-01-02
Blog Page 260

Osasun Saila eta Osakidetza ez dira agertu Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroko greba batzordeak deitutako negoziazio bilerara

Euskal Osasun Zerbitzua Lan Harremanen Kontseiluan bilera batera deitu dute gaurko, otsailak 14, premiazko irtenbide bat bilatzeko zentroko langileek jasaten duten diskriminazio bidegabearekin amaitze aldera, 14 greba egunen ondoren. Era berean, manifestazioa deitu dute otsailaren 15erako, asteazkenerako, Plaza Biribiletik abiatuko dena eta Bilboko Osasun Sailaren aurrean amaituko dena.

Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri diren arren, beste behin ere, greba jarraipen zabala izaten ari da benetan bat egin dezaketen kategorien artean.

Transfusio eta Giza-ehunen Euskal Zentroak Osakidetzako gainerako langileei dagokienez bidezko baldintzak lortzeko borrokarekin jarraitzen du. Horretarako, Osakidetzaren immobilismoa eta konponbiderik eza salatzeko, zentroko langileek greba egun gehiago deitu dituzte otsailaren 14, 15, 16 eta 17an.

Hala ere, LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek, irteera negoziatu eta eraginkorra lortzeko asmoz, Euskadiko Lan Harremanen Kontseiluan bilera batera deitu zuten Osakidetza otsailaren 14an, 11:30ean: “Hilabete asko daramatzagu Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaritzari eskatzen negoziatu egin nahi dugula, Euskal Zentroko langileok inolako azalpenik gabe jasaten ari garen diskriminazio bidegabe honekin amaitu ahal izateko konponbide batera iritsi nahi dugula, eta espero dugu oraingoan Osakidetzak akordiorako borondatea erakustea eta akordio hori lortzea”.

Gogoratu behar da Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak ezinbesteko zerbitzua eskaintzen duela Euskadin odol- eta ehun-hornidura bermatzeko. Hala ere, sindikatuok salatu dugun bezala, “langileek diskriminazio anakronikoa eta bidegabea jasaten dute, eta ez da aitortzen egiten duten lan garrantzitsua, Osakidetzako gainerako lankideek baino %4 gutxiago kobratzen baitute, eginkizun berberak edo antzekoak betez. Horregatik, egoera bidegabe horrekin amaitzeko eskatzen dute”.

Eusko Legebiltzarrak ere eskatu dio Osakidetzari egoera horri amaiera emateko. Sindikatuok salatu dugu langileek bi urte baino gehiago daramatzatela gatazkan: “Mobilizazioekin jarraituko dugu Osakidetzak egoera desblokeatu eta baldintzak ospitaleko gainerako langileekin parekatzea erabaki arte”.

Ildo beretik, sindikatuok manifestazioa deitu dugu otsailaren 15erako, asteazkenerako, 10:00etan hasita. Manifestazioa Bilboko Plaza Biribiletik abiatu eta Osasun Sailaren egoitzaren aurrean amaituko da, Bizkaiko hiriburuan. Mobilizazioarekin bat egitera gonbidatzen ditugu zentro horretako langile guztiak eta laguntza gisa batu nahi duten herritarrak.

Hitzarmena berritzeko borrokan ari dira Gasteizko Pablo Neruda egoitzan

40 bat langile dituen Pablo Neruda egoitzak 21 urte daramatza zabalik, eta denbora tarte horretan gogor borrokatu behar izan dute beren lan-baldintzak hobetzeko, iraupen luzeko bi greba deitu behar izan zituztelarik. Indargabetutako hitzarmena berritzeko negoziatzen saiatzen ari dira, baina momentuz enpresak ez du horretarako borondaterik.

Pablo Neruda egoitzako hitzarmena 2021eko abenduan iraungi zen, eta harrezkero enpresarekin negoziatzen saiatzen ari dira; hala ere, orain arte hitz hutsak baino ez dituzte jaso trukean. Enpresak dio lizitazioa azpitik egin zenez, ez diela etekinik ematen, galerak baizik, eta Aldundiak aurrekontua handitzen ez dien bitartean zer eginik ez dagoela hartzen du aitzakiatzat.

Okerrena ez da hori, okerrena da egoitzako bizi-kalitateak, bai baliabide materialetan, bai giza baliabideetan (azken hori Gizarte Ongizateko pleguen ondorioz), okerrera egin duela. Langileek ezin dute gogoratu adinduen egoitza noizbait egoera okerragoan egon izana.

Aldundiari ahoa betetzen zaio gure adinekoentzako banakako arretarekin, baina, errealitatean, arreta hori enpresa baten esku uzten du inolako kontrolik gabe. Itundutako zerbitzua dela esan du, baina errealitatea da ezkutuko zerbitzuaren pribatizazioa dela.

“Emilio Sola jaunari opa diogu, egunen batean zerbitzu hau behar badu, duina eta kalitatezkoa izan dadila, gure hirugarren adineko egoiliar guztiek merezi duten bezala”, adierazi dute beharginek.

Ocalanen eta gainerako preso politiko kurduen askatasuna eskatzen dugu

Bihar, otsailaren 15ean, betetzen dira 24 urte Abdullah Ocalan, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) liderra atxilotu zutenetik. Ordutik kartzelan dago eta LAB, CCOO, ELA, ESK, STEILAS eta UGT sindikatuok manifestua plazaratu dugu bere eta gainerako preso politiko kurduen askatasuna eta, besteak beste, gatazkari irtenbide demokratiko bat bermatuko dion bake prozesu bat eskatzeko.

“Abdullah Öcalan” aske manifestua

Kurdistan, urte askoan nazioarteko potentzien interesak pairatu dituen eskualde batean kokatzen da, interes hauek bertan bizi diren biztanleei eragin dietelarik, bertako biztanleen nahiak eta interesak alde batera utziz.

Geo-estrategikoki oso garrantzitsua den eskualde bat da, Mendebaldeak gaur egun gehien eskatzen dituen baliabide natural batzuk dituelarik. Eta horregatik behin eta berriz herri kurduaren errealitatea eta egoera ahaztu da, estatu propiorik gabeko munduko herririk handiena izanik.

Auzi Kurduak Iraki, Irani, Siriari eta, bereziki, Turkiari eragiten die, eta Ekialde Hurbilean konpondu gabeko arazo nagusietako bat da. Turkiako Estatuaren eta askatasunaren aldeko mugimendu kurduaren arteko gatazkak gaur egun arte jarraitzen du. Gatazka honetan 40.000 pertsonek bizitza galdu dute orain arte, 4.500 herri inguru ebakuatu edo erre dira, eta milioika pertsona lurralde ezberdinetan sakabanatutako errefuxiatu bihurtu dira. Herri kurduaren, askatasunaren eta demokraziaren aurkako erasoak, kolonialismoak eta kapitalismoak sortutako hondamendien gainean eraikiak izan direnak, gaur egun ere jarraitzen dute.

Abdullah Öçalan, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) liderra orain 24 urtetik hona espetxean dago, muturreko baldintzetan preso, espetxetik kanporako munduarekiko komunikazio mugatuarekin eta munduarekin erabat isolatuta.  2006-2007an, 3’5 milioi kurduk haien ordezkari politikoa zela adierazi zuten sinaturiko eskari batean. Herri kurduaren konfiantza duen lider bakar eta irtenbide baketsu baten aitzindari gisa, Öcalan, gatazka kurduari irtenbide bat bilatzeko behar-beharrezkoa da.

Beste gatazkek ematen diguten esperientziek, bake prozesu bat eman dadin, besteak beste, gaztari konponbide demokratiko bat bilatzeko haien komunitateen babesa lortzeko gaitasuna izango duten lidergo eta izaera sendoko pertsonak behar-beharrezkoa direla erakusten digute. Besteak-beste, Nelson Mandela edo Gerry Adams-ek haien komunitateen errespetua eta konfiantza zeukaten, eta horregatik, irtenbide negoziatu baten bilaketan jarrera aktiboa izan zezaten konbentzitu zitzaketen. Zalantzarik gabe, Abdullah Öcalan kategoria honetan sartu egiten da.

Gaur egungo Edoganen Turkiako gobernuak Öcalanekin negoziaketak mantendu zituen bi urte eta erdiz, eta bertan, lider kurduak, bakea lortzeko plan gradual bat proposatu zuen; konfiantza garatzeko neurrietatik hasi, nazioarteko begiraleekin egindako armagabetze prozesu batekin jarraituta, eta auzi kurduarentzat irtenbide politiko etengabe bateraino. Negoziaketak 2011ean apurtu baziren ere, Öcalanek bere “bide-orrian” planteaturiko proposamenek, gatazka kurduaren irtenbide negoziatu bati ekin eta aurrera eramateko, berebiziko garrantzia izaten jarraitzen dute.

Öcalanen askatasunaren eskakizuna, gatazkaren logika militarra apurtu, negoziaketa baketsu eta gatazka kurduari parametro demokratikoetan oinarrituriko irtenbide baterantz begirada bideratzeko gako nagusietako bat da. Aipaturiko guztiagatik, euskal sindikatuek honakoa aldarrikatzen dugu:

  • Abdullah Öçalan-en eta gainerako preso politiko kurduen askatasun aldarrikapena babestu, Turkiaren demokratizazioa eta Kurdistanen bakea bultzatzeko.
  • Herri kurduaren sufrikario eta zapalkuntzaren amaiera.
  • Gatazkari irtenbide demokratiko bat bermatuko duen bake prozesu bat babestea.
  • Herri kurduari libreki etorkizuna erabakitzen uztea, herri bezala demokratikoki haiek erabakitzen duten bezala antolatu ahal daitezen.

[IRITZIA] “Sindikalgintzatik ahotsa altxatuz”

LAB sindikatuko nazioarteko idazkariak, Koldo Saezek, iritzi artikulua idatzi du egungo testuinguruari eta Ukrainako gatazkari lotuta sindikalismoak duen zeresanari buruz:

Mundua eta nazioarteko ordena aldatzen ari dira, eta hemendik aurrera ezer ez da berdina izango. Zalantza da, argitu beharrekoa, etorkizun hori nolakoa izango den, baina aldaketak gertatzen ari dira eta mugimendu sindikalak aldaketa horiei aurre egin behar die, langile klasea antolatuz, klase sindikalgintza feminista eta antirrazista eraikiz.

Errusiak Ukraina inbaditu eta erasotu izana justifikaezina da. Sistema kapitalista aseezinak, bizirik irauteko, elikatu behar duen piztiari bazka eman beharraren ondorio da gerra hau. Armagintzaren lobby-ak jokatzen ari diren papera salatu behar dugu, ondorio kalkulaezinak dituen gerra honetan haiek baitira onuradunak. Gerra guztietan beti gertatzen den bezala, gizonek beren nagusitasun hetero-patriarkalari eusteko asmoz dihardute, eta ondorioak herriak eta, bereziki, emakumeek* pairatzen dituzte.

Egungo testuinguruak badu antzekotasunik planeta gerra nuklear batera modu arriskutsuan hurbildu zuen 1962ko Kubako misilen krisiarekin. Hortaz, komunikabideetan ezarritako diskurtso belizistak elikatzea suizidioa eta arduragabekeria hutsa dira; are gehiago, lehian daudenak potentzia nuklearrak direla kontuan hartuta.

Errusiako komunikabideetako esatariek modu naturalean hitz egiten dute, gerra muturreraino gogortuko balitz, armategi nuklearra erabiltzeaz, eta, duela gutxi, Charles Richardek, Ameriketako Estatu Batuetako buruzagi militar nagusietako bat denak, The New York Times aldizkarian azaldu zuen orain bizi dugun Ukrainako krisi hau aurreberotze bat besterik ez dela, eta krisi handia (the big one) oraindik etortzear dagoela. Bestalde, Davoseko Foroan, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak, Ukrainan “bakerako bidea armak direla” esanez, armamentu modernoagoa agindu dio Ukrainari; aldi berean, Mendebaldeko potentziek Ukrainara tankeak bidaltzea onartu dute, tentsio belikoa are gehiago handituz.

Potentzia nuklearren asmoak zuzentzen dituztenen buruetan ezarritako espiral honen erdian, norabide nahiz posizio propiorik gabe eta erabat NATOren aginduen menpe dago Europa. Hain da zentzugabea Europaren egungo jarrera, ezen alderdi berdeek ere gerra danborren eta militarismoaren doinuan dantzatzen duten eta Europako gobernuek beren interesen aurkako politikak kontzienteki hartzen dituzten. Bitartean, beti bezala, langile klasea ari da ordaintzen eliteen eta potentzia hegemonikoen abentura belizisten ondorioak.

Langile-klaseak eta mugimendu sindikalak beti altxatu ditugu gerraren kontrako eta justiziazko bakearen aldeko banderak, eta orain ere berdina egin beharko genuke. Baditugu nazioarte mailan horretarako tresnak.

Munduko Federazio Sindikala 1945eko urriaren 3an sortu zen Parisen, garai hartako lehen klase-erakunde sindikal gisa, esplotazioaren, inperialismoaren, arrazakeriaren, patriarkatuaren eta klima-aldaketaren aurka, eta justizia sozialaren, nazioarteko elkartasunaren, bake justu eta iraunkorraren, nahiz herrien autodeterminazio-eskubidearen alde borrokatzeko. Ia 78 urte beranduago, gaur egungo munduan, printzipio horiek zentzu osoa mantentzen dute.

Mugimendu sindikalak paper garrantzitsua jokatu du hainbat herritan gatazka politikoei konponbidea bilatzerakoan. Horren adibide batzuk dira Zipre berriz bateratzearen alde mugimendu sindikalak jokatzen duen papera, giza eskubideen urraketa ugariren biktima izan den Kolonbiako mugimendu sindikalaren papera bakea eta aldaketa politikoa lortzeko edota euskal sindikatuen arteko aliantzen garrantzia Lizarra-Garaziko bake prozesuaren leihoa irekitzerakoan.

2023ko mundua ez da Berlingo Harresia erori aurreko mundua, baina potentzia hegemonikoen arteko lehiaren ondorioak jasaten ari gara: alde batetik, geroz eta indartsuagoa den Txina nahiz eliza ortodoxoan eta iragan sobietarraren memorian oinarritutako Errusia kapitalista, eta, bestetik, atzeraka ari diren baina oraindik nagusi diren Ameriketako Estatu Batuak. Historia ez da amaitu, eta mundu berri bat zabaltzen ari da gure begien aurrean.

Horregatik, gure ustez, nazioarteko mugimendu sindikalak, beranduegi izan baino lehen, ozen eta garbi, gerra eteteko elkarrizketa, negoziaketa eta diplomaziaren aldarrikatu beharko lituzke, eta, horrekin batera herrien burujabetza, eta bizitzak erdigunean jarriko dituzten politikak exijitu, egunetik egunera muturrerago eta eskuinerago dagoen Europan feminismotik faxismoaren aurkako harresia altxatuz.

Filtrazioen aurkako neurri eraginkorrik ez egoteak zalantzak zabaldu ditu berriro Osakidetzaren medikuen EPEetan

Pneumologian jasotako emaitza bitxien aurrean eta kategoria gehiago konprometitzen dituzten informazioak jaso ostean, A1 eta A2 lanbide-kategorietako epaimahaien aktak kontsultatzeko eskatu diogu Osakidetzari. Zuzendaritzak behin eta berriz ukatu digu EPE eredu berriak ezartzen dituen azterketa estatistikoak egitea.

Era berean, salatu nahi dugu, 2016-17 EPEn emandako filtrazioak salatu osteko egunetan gertatu zen bezala, orain, Osakidetzako zuzendaritzak galarazi egiten duela proba horien emaitzak dituen webgunera sartzea. Neurri hori kasualitate hutsa ote den jakin gabe, gure ustez, Osakidetzako zuzendaritzaren filtrazioez eta erabakiez ari garenean, kasualitatea ez da parametro onargarria.

Berriro ere salatzen dugu Osakidetzak, guk egindako proposamena, historikoki filtrazioak egin direla onartu eta azterketaren trazabilitatea erraztuko duten neurriak ezar ditzan, alde batera uzten jarraitzen duela.

Azterketa kanpoko eragile batek eta pertsona bakar batek egin behar du, anomalien kasuan, onuradunen eta azterketa-egilearen arteko loturak zuzenean eta interferentziarik gabe detektatzeko. Osakidetzako zuzendaritzak ausarkeriaz jokatzen du bere hautaketa prozesuaren garbiketa falta babestuz eta bermatuz. Ez dira gutxi izan Osakidetzan berdintasun, merezimendu eta gaitasun-printzipioak nabarmen hautsi direlako beste leku batzuetara joaten amaitu duten medikuak, edo, egiaztatu ahal izan dugun bezala, zuzendaritzak praktika horiek salatzen dituztenei egiten dien jazarpena dela eta. Azkenean, galera konponezina da eta langileengan atsekabea baino sortzen ez duen mezua da. Zuzendaritzak segurtasunean egon daitekeen arrakala ororekin amaitu behar du eta praktika horiek ukatzeari, babesteari eta bermatzeari utzi behar dio.

Egungo zuzendaritzak arazoa ezagutzen du eta beste leku batera begiratzen jarraitzen du hainbat gai ezagutzera emango ez direlakoan. Hori izan zen Darponek zeraman jarrera eta, berriro esango diogu zuzendaritzari: gauza bera egiten baduzue, berdin bukatuko duzue.

Prozesu penalak irekita jarraitzen du eta zuzendaritzak bete nahi ez dituen neurri eta zigorrak borrokatzen jarraituko dugu auzitegietan, nahiz eta azken honek mediku fakultatiboen lan-eskaintza publikoen inguruan historikoki egon diren legez kanpoko jardueren berri izan.

Garbiñe Aranburu: “Emakumeen* lanaren debaluazioak soldata arrakala sortzen du”

Soldata arrakalaren gaineko azterketa egin dugu: kategoria berekoak diren bi lanen artean soldata arrakala %90ekoa izatera irits daiteke, eta gizonek emakumeen* ia bikoitza irabazi. Azterketa hau Garbiñe Aranburu Koordinatzaile Orokorrak eta Maddi Isasi Idazkari Feministak aurkeztu dute.

Generoagatiko soldata arrakalaren inguruko azterketa aurkeztu du LABek, soldata arrakalaren nazioarteko egunaren atarian. Otsailaren 22an, arrakalaren kontrako mobilizazioak egingo ditu sindikatuak.

  • 11.00etan Bilbon, Jaurlaritzatik Patronalera.
  • 11:30ean Iruñean, Parlamentu aurrean.

Arrakala aztertzeko hainbat hitzarmenen arteko alderaketa egin du LABek, kategoria bereko lanak, maskulinizatuak batzuk eta feminizatuak besteak. Eraikuntza, metalgintza eta kale garbiketa (sektore maskulinizatuak) batetik, eta elikagaigintza merkataritza, helduen egoitzak eta aretoetako garbitzaileak (feminizatuak), bestetik.

Generoaren araberako lan merkatuaren antolaketak sortzen dituen bereizkerien ondorioak aztertzean, “segregazio bertikala ikusgarriagoa izanik ere, segregazio horizontala sozialki onartuagoa” dagoela adierazi du Maddi Isasi, LABeko Idazkari Feministak. “Erakundeek, instituzio publikoek emandako datuek ez dute errealitatearen benetako argazkia ikusten uzten”, gaineratu du.

HAINBAT DATU ESANGURATSU

Sektore maskulinizatuetako soldatak feminizatuetakoak baino %90 handiagoak izatera irits daitezke. Adibide zehatza jarri du Isasik: “Gipuzkoako eraikuntzako biltegiko peoiak, helduen egotzetako kategoria bereko langilearen soldata baino %90,30 gehiago kobratzen du. Beraz, parekoak diren bi lanetan, gizonezkoak emakumezkoaren aldean ia soldata bikoitza dauka.”

Aipatu kasua ez da kasu bakana. Badira gehiago:

HEGO EUSKAL HERRIA

Kale garbiketako langilea / Areto eta eraikinetako garbiketako langilea
%33,70 gehiago

Metaleko langilea / Helduen egoitzetako langilea
%45,36 gehiago

Batez beste urtean
Gizonek emakumeek baino 6.200 euro gehiago
%23 gehiago

HERRIALDEKA

ARABA
Eraikuntzako langilea / supermerkatuko langilea
%82,73 gehiago.

GIPUZKOA
Eraikuntzako langilea / Helduen egoitzako langilea
%90,30 gehiago.

BIZKAIA
Eraikuntzako langilea / Helduen egoitzako langilea
%50,35 gehiago.

NAFARROA
Metaleko langilea / Helduen egoitzako langilea
%56,40 gehiago.

Isasiren esanetan, horrek ez du esan nahi sektore maskulinizatuetako soldatak “oso altuak” direnik. Kontrara, sektore feminizatuetako soldatak “oso-oso baxuak” direla adierazten du.

Hori gutxi balitz, euren lan baldintzak lan-hitzarmen baten bidez arautzen ez dituzten langileen multzoan 4tik 3 emakumezkoa* da. Beraz, emakume* asko haien lan baldintzak argazki honetatik kanpo daude.

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaileak azaldu du ondorio nagusia: “Emakumeek* egiten dituztem lanak debaluatuak daude, balio gutxiago ematen zaie”. Lan baldintza kaskarragoak eta soldata arrakala dira nagusi sektore feminizatuetan.

“Sexuaren araberako lan banaketaren bidez eta zaintza lanak emakumeen* gain utziz debaluatzen da emakumeen lana”, Aranbururen esanetan. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak izan arren ez zaie lan horiei dagokien balioa aitortzen: Zaintza lan ez ordainduak nagusiki emakumeek* egin behar izaten dituzte eta ordainduak direnean ere bai, soldata eta lan baldintza kaskarretan; areago, “lan esplotazio egoeran etxeko langileei dagokienean”. Langilea emakume* migratu eta arrazializatua denean arrakala are handiagoa da, eta handitu egiten da ere, instituzioek lan horiek azpikontratatzen dituztenean, negozioari bide emanez. “Horrek guztiak negoziazio kolektiboan ere arrakalak egotea ekartzen du. Sektore feminizatuetan gatazka maila handiagoa egonik ere, blokeoa askoz nabarmenagoa da”, gogorarazi du Aranburuk.

Diskriminazioa identifikatzeari dagokionean, Isasi eta Aranburu bat etorri dira bereizketa bertikala horizontala baino “errazago” bereizten dela esaterakoan, eta gogorarazi dute ez dagoela lanik “gizonentzat baino emakumeentzat* egokiagoa” denik, eta alderantziz ere ez”. Banaketa horretan erortzea, “emakumeen* diskriminazioa ontzat ematea da”, gaineratu dutte.

ERALDAKETAREN BEHARRA

Egoera honek eraldaketa eskatzen du. Hiru norabide azpimarratu ditu LABeko koordinatzaile orokorrak: “Batetik, lanaren eta enpleguaren arteko dikotomia faltsuarekin amaitu egin behar da. Lan guztiak aitortu eta birbanatu egin behar dira; bestetik, sexuaren araberako lan banaketarekin amaitu eta enplegu guztiak birbaloratu behar dira, bizitzari eusteko beharrezkoak diren lanak gehiago ordaindu behar dira, sektore feminizatuetako lan baldintzak duindu egin behar dira; eta, azkenik, Emakumeok* doan eginiko zaintza lan guzti horien onuradun jendarte osoa da, patronalak eta instituzioek emakume hauekiko izandako zor patriarkala onartu eta zuzentzeko erabakiak beharrezkoak dira, esaterako pentsio arrakalarekin amaituz”.

Ahalduntzen jarraitzeko deia egin diete emakumeei* LABeko bozemaleek: “Ahalduntzen ari gara, borroka sindikal feminista indartzen ari da. Negoziazio kolektiboan borrokan jarriaituko dugu, interpelazio politiko instituzionala egiten eta mugimendu feministarekin aliantzak eraikitzen jarraituko du LABek”.

Igor Arroyo: “Mobilizazioa beharrezkoa da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenean hobekuntzak lortzeko”

LABeko koordinatzaile orokorra Radio Euskadin elkarrizketatu dute gaur. Osasun sektorearen nahiz, oro har, sektore publikoaren egoeraz aritu da, baita fiskalitateaz, pentsioez eta metalgintzako sektorearen borrokaz ere. Azken horri lotuta, sindikatuak Gipuzkoan hitzarmen hobea erdiesteko abiatu duen borroka dinamikaz galdetu diote, zeinak Bizkaikoari lekukoa hartu dion. Arroyok azaldu du LABek mobilizazioen bidearen aldeko apustua egingo duela, historikoki horixe izan baita Gipuzkoan sektore horretako hitzarmenetan hobekuntzak eskuratzeko bidea.

Elkarrizketa esteka honetan entzun daiteke osorik (gaztelaniaz): https://www.eitb.eus/es/noticias/economia/detalle/9106316/lab-asegura-que-situacion-en-osakidetza-es-muy-preocupante-y-que-no-confia-en-gobierno-vasco/

Eusko Jaurlaritzako beharginen lan-baldintzak hobetzeko mobilizatu gara

Otsaileko astearte eta ostiraletan mobilizazioak egiteko asmoari jarraikiz, lantokiz lantoki elkarretaratzeak egin ditugu gaur. Datozen asteetan ere dinamika horri eutsiko diogu. Hala, besteak beste, administrazioak aldebakarrez inposatutako lansaio eta ordutegiak salatu ditugu, kontziliazioarentzako oztopoa baino ez dakartzatelako.

ADEGIk axolagabekeriaz ekin dio Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren negoziaketari

Gaur, otsailak 10, bildu da metalgintzako negoziaketa mahaia bigarren aldiz eta, berriro ere, ADEGI esku hutsik etorri da. Hala, sindikatuok gure plataformak aurkeztu ondotik ez dugu proposamen bakar bat jaso.

Beraien proposamen falta testuinguruaren inguruko ikuspuntu eta irakurketa partzial bat azalduz estali nahi izan dute. Behin baino gehiagotan akordio bat nahi dutela azpimarratu dute gainera: nola egiten da hori proposamenik ekarri gabe?

Langileok ez dugu testuinguruaren inguruko azalpenik behar, gure azalean bizitzen baititugu inflazioaren eta krisialdi ezberdinen kolpeak. Errealitatea da, ezkutatu ez dutena gainera, enpresek irabazi handiak izan dituztela eta  aberastasun hori langileok sortu dugula.

ADEGIri erantzukizunez jokatzeko eta beraien proposamena behingoz mahai gainean jartzeko exijitzen diogu.

Gipuzkoako metalgintzan hitzarmen duina.