2026-01-01
Blog Page 258

Osakidetzako langileak kalera atera dira gutxiespenaz eta inposaketaz nazkatuta

Osasun publikoaren desegitearen aurkako manifestazioetara deitu dute sindikatuek.

“Nazkatuta gaude! Osakidetzaren kudeaketa negargarria kritikatzen dugu”. Ospitaleetako eta Lehen Mailako Arretako langileak lantokien ateetara atera dira gaur, Osakidetzak langileekiko duen mespretxuarekin nazkatuta daudela salatzeko.

Protestak deitu dituzten LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzako zuzendaritzak langileria eta ordezkariekin hitz egitea mespretxatzen ditu, eta duela hilabete eta urte batzuetatik hona inposaketa sistematikoaren alde egiten du. “Mahai Sektoriala erabat blokeatuta dago. Osakidetzak ez du erabakitzeko ahalmenik, eta Osasun Sailak ez du aintzat hartu sindikatuen aldarrikapenetako bakar bat ere”, salatu dutenez.

Elkarretaratzeetan Enplegu Publikoaren Eskaintzak ebaztean izandako atzerapenak, gardentasunik eza, kontratazio-zerrenden kudeaketa tamalgarria edo pribatizazioaren aldeko apustua kritikatu dituzte.

Zentralek iragarri dutenez, elkarretaratze horiek otsailaren 25ean, larunbata, EAEko hiru hiriburuetan izango denaren atarikoak dira. Hiru manifestazio eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Jesusen Bihotzetik, Andre Maria Zuriaren plazatik eta Boulevardetik. “Dei egiten diegu langileei, herritarrei eta gizarte-mugimenduei mobilizatzeko, guztion osasuna defendatzeko”, iragarri dute.

“Herritarrei eskaintzen zaien osasun-laguntza gero eta eskuragarriagoa da, eta kalitate eskasagokoa”. Zentralek lehen mailako arretaren gainkarga salatu dute, atzerapen handiarekin, bai eta Etengabeko Arretako Guneen (EAG) itxiera edo ordutegien murrizketa ere. Hori dela eta, “pazienteek joan-etorri gehiago egin behar izaten dituzte, eta kolektibo kalteberak egoera zailean jartzen dituzte”.

Bestalde, sindikatuek azaldu dutenez, “ospitaleko Larrialdietako batez besteko itxaronaldia bost ordukoa da, eta gehienez bi egunekoa plantan sartzeko; kanpo-kontsulta bat egiteko zain dauden pazienteen kopurua sei aldiz handitu da, proba diagnostiko baten zain dauden pertsonena bikoiztu egin da eta kirurgiako itxarote-zerrendak %36 igo dira”.

Sindikatuentzat, Osasun Sailak gure osasun publikoa desegitearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, 2023ko ekitaldirako aurrekontua 2022koa baino hogei milioi euro txikiagoa izanik. “Badirudi, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, 2023an iaz baino beharrizan txikiagoak daudela”, salatu dute.

“Hori guztia profesionalok egunero lan-prekarietateari aurre egiten diogun bitartean gertatzen da, %50etik gorako behin-behinekotasun-tasekin, lan-gainkarga sistematikoarekin, plantilla-urritasunarekin, ordezkapenik ezarekin edo lan-baldintzak murriztearekin”, bukatzen dute.

Mobilizazioei ekingo diegu, hauteskunde sindikalak sustatzeagatik Peñascal Koopek kaleratu duen langile bat berronartzea eskatzeko

Peñascal Koop gizarte ekimeneko entitateak arrisku edo bazterketa egoeran dagoen jendea artatzea du helburu. Entitate honek, dituen 119 langileek sindikatzeko duten eskubideari egiten dio eraso, kaleratu egin baitu bertako langile bat, ESK-ko afiliatua eta hauteskunde sindikaletako LABeko ordezkari sindikala. Gure babesa adierazi nahi diogu honi, izan ere, langileak ordezkatzeko duen eskubidea baliatzeagatik kaleratu du zuzendaritzak. Horretaz gain, langilea berriro onartu dezan eskatzen diogu Peñalcal Koop-i.

Honetaz gain, zuzendaritzaren izaera autoritarioa salatu nahi dugu eta gogorarazi LABek hauteskunde prosezuarekin aurrera jarraituko duela, eta langileen bozkatzeko eta ordezkaritza izateko eskubidea bermatuko duela. LAB eta ESK-k ez dugu mehatxurik onartzen, eta publikoki erantzungo dugu. Hala, otsailaren 22an, asteazkena, elkarretaratzea egingo dugu Bilbon 16:30ean, Boluetako metro irteeran, Peñascal Boluetabarri eraikinaren ondoan, eta martxoaren 2an, osteguna, 16:30ean, Peñascaleko Belategi Zentroaren aurrean (Belategi plaza, 1).

Zentroz zentro joango gara, langile orok antolatzeko duen eskubideaz hitz egitera, eta beren lankideari babesa eskatzera.

Bestalde, administrazio publikoei interpelatzen diegu, diru publikoz hitzarmenak sinatzeagatik duen erantzukizunagatik. Peñascal Koop-eko zuzendaritzari eska diezaioten hartutako erabakia berriz birplanteatzea. 

Garbiñe Aranburu: “Bada garaia zerga politika ausart eta eraginkorra abian jarri eta kapital errentei zein enpresa irabaziei erreparatzeko”

Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan elkarrizketatu dute gaur LAB sindikatuko koordinatzaile nagusia. Esteka honetan entzun daiteke osorik.

Beste hainbat konturen artean, elikagaien prezio igoerari buruz galdetu diote, eta elikadura burujabetzaren aldeko apustua egiteko beharra mahaigaineratu du, gainontzean enpresa multinazionalek jarraituko baitute joko-arauak kontrolatzen eta beren interesetara moldatzen.

Ipar zein Hego Euskal Herrian zeresan handia ematen ari diren pentsio erreformez ere aritu da Aranburu, eta gogorarazi du sindikatuak euskal pentsio sistema propioaren alde egiten duela apustu. Hego Euskal Herriko kasuari dagokionez, honakoa adierazi du: “Balizko murrizketa berririk ez dugu ontzat emango espainiar estatuan pentsioen arloan egingo den erreforman”. Hala, azaldu du sindikatuak azken urteetako murrizketak lehengoratzeko eskakizuna ere luzatu diela alderdi politikoei, gutun bidez.

Zerga politikari dagokionez, nabarmendu du egun “herri honetako zerga politika neurri handi batean patronalak ezartzen duela”, eta horren aurrean, parte-hartze soziala aldarrikatu du, eta sindikatuen ekarpenak aintzat har daitezen, gaur egun betoa ezartzen baitzaie eztabaida horretan.

Nafarroako Osasunbideari buruz ere galdetu dio Oihane Iustos kazetariak Aranbururi, eta azken horrek nabarmendu du langile guztientzako baldintza duinak bermatu beharko lituzkeela Nafar Gobernuak. Ildo beretik, Medikuen Sindikatuak interes korporatibistei soilik erreparatzen diela azpimarratu du, eta lehen eta bigarren mailako langileen arteko bereizketa egin nahi izatea egotzi die. Aldiz, uste du joan den astean zerbitzu publikoetan egindako grebak, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak gorabehera, langileria martxan dagoela erakutsi zuela. Hala, zerbitzu publikoaren defentsan lan egiten jarraituko dutela adierazi du.

Amaitzeko, Lan Osasunaz galdetuta, berriki sindikatuak zabaldu duen moduan, laneko gaixotasunei arreta jartzeko beharra ekarri du mahai gainera Aranburuk, ezkutuan gordetako errealitatea baita gaur-gaurkoz.

Greba deitu dugu Kutxabanken

Murrizketak alboratu eta azkenaldian etengabe okerrera egin duten lan baldintzak duintzeko ordua dela aldarrikatuko dute banku-entitateko langileek otsailaren 24an.

Jarraian, Kutxabanken ordezkaritza duten talde sindikal guztiek (LAB, ELA, CCOO, Pixkanaka, ALE eta Asprobank) luzatutako irakurketa, plantilla aspalditik jasaten ari den arazoak azaltzen dituena:

– Neurrigabeko presio komertziala: 2014 eta 2022 bitartean, 293 bulego itxi dira eta plantilla 1448 pertsonatan murriztu da. Kontrataziorako presioaren ondorioz, urtez urteko helburuen hazkunde esponentzialarekin eta jarraipen hierarkiko itogarriarekin, gustora ez dagoen eta gero eta presionatuago sentitzen den plantilla dugu, eta lan-giroa nabarmen okertzen ari da.

– Talentu-ihesa. Erakundeko langile gazteenak mantentzea eta defendatzea: gazteak Kutxabanketik alde egiten ari dira eta bere lan baldintzak asko hobetu behar dira. Horrez gain, ez dugu talentua erakartzea lortzen, enplegu-eskatzaileen artean ezaguna baita erakunde honetan egoera gero eta okerragoa dela, bai baldintza ekonomikoei dagokienez, baita lanbide-sustapenerako aukerei dagokienez ere.

– Bulego guztietako, baina batez ere pertsona bakar bat lan egiten duten bulegoetako segurtasun fisikoa, langile falta larriaren ondorioz: hitzezko erasoak, baita fisikoak ere, gero eta gehiago izaten ari dira bulegoetan, askotan bezeroak behar bezala atenditzeko baliabiderik ez dagoelako. Horri gehitu behar zaio prebentzio-batzorde desberdinetan talde guztiek behin eta berriz eskatu dugula pertsona bakarreko bulegoak ekiditzea. Segurtasun-eskuliburuan ez dago zehaztuta pertsona bakar bat lanean ari den bulegoetan langilearen segurtasuna bermatzeko protokolorik (ez sarrera, ez irteera, ez kontrola).

Gaur egungo egoera jasangaitza da. Faktore guzti horiek estuki lotuta daude eta honen ondorioz nahiz eta urtez urte planteatzen zaizkion eskakizun handiei zalantzarik gabe erantzun, Kutxabankeko plantilla prestatua, profesionala eta arduratsua, muturreko egoera batera iritsi da.

Guzti honegatik, 2023ko otsailaren 24rako deitutako grebarekin bat egitera deitzen diegu langileei.

Zer da soldata arrakala?

Emakumeen eta gizonen soldaten arteko aldearekin amaitzeko aldarria aterako dugu kalera otsailaren 22an, mobilizazioak antolatu baititugu Bilbon eta Iruñean.

Goian ikus daitekeen bideoak soldata arrakalaren auzia hobeto ulertzeko gakoak jasotzen ditu.

Beste hiru greba egun deitu ditugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 8an, eta udalei egotzi diegu beste alde batera begiratzea

Sektorean 7 urte baino gehiago hitzarmenik gabe egon ondoren, oso larritzat jotzen dugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzako langileen egoera. Ez da kasualitatea, beste behin ere, ia guztiak emakumeak diren eta patronalak zaintza-zerbitzu publikoa ematen duen sektore batek negoziazioa blokeatzea eta erakunde publikoek emakume langileen prekaritatea ahalbidetzea.

Otsailaren 27an eta 28an deitu dugu greba, baita martxoaren 8an ere. Hainbat mobilizazio egingo ditugu egun horietan. Lehenengoa otsailaren 27ko 8:30ean EITBtik abiatu eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean amaituko den manifestazioa izango da.

Gure ustez onartezina da patronalari zerbitzu-ordu bakoitzeko 2016an baino %20-23 gehiago ordaintzen zaion bitartean, enpresa horiek %3,6ko soldata-igoera eskaintzea 2025era arte. 2022ra arte, izan ere, langileei %16,6 garestitu zaie bizitza.

Salatu dugu diru publikoa kudeatuz etekin handiak lortzen dituzten enpresa horiek benetako enpresa putreak direla, eta kontratatzen dituzten udal eta mankomunitateen pasibotasuna dela hori ahalbidetzen duena.

Zuzenean galdetu nahi diegu udalei eta mankomunitateei Bizkaian Etxez Etxeko Laguntzaren (EEL) sektorean lan egiten duten 1.500 emakume baino gehiagoren baldintzak prekarizatzen dituzten enpresen poltsikoak betetzen jarraituko ote duten. Hala, kalitatezko zerbitzu baten aldeko apustua egitea eskatzen du sindikatuak, egungo ereduak prekarietatea baino ez baitakar, bai langileentzat, baita zaintzen dituzten pertsonentzat ere.

2016tik 2022ra bitartean, EELko langileok 361 euroko galera metatu genuen hileko soldatan, hau da, 4.336 euroko galera metatua urteko soldatan 2022ra arte.

Hala ere, sektore honetako enpresa putreek hilean 72 euroko igoera eskaintzen digute, atzerapenik gabe, hau da, urteko soldata 868 euro igotzea 2025era arte.

Lanarekiko aitortzaren alde borrokatzen ari gara, eta aitortza hori lan-baldintzen hobekuntzak dira. Erosteko ahalmena berreskuratzea, gaixotasunagatiko bajen osagarriak, lanaldi partzialen prekaritatearen aurkako akordioak, lanaldi minimo bat eta lanaldi hori handitzen joateko mekanismo argi eta objektiboak ezarriz, kontratuen finkotasunak, laneko osasunaren arloan arrisku psikosozialei (estresa, erasoak) buruzko akordioak eta kontziliazioa hobetzea zerbitzuak multzokatzearen bidez, besteak beste.

Benetako batasun sindikal baterako deia egiten dugu. Uste du beharrezkoa dela borroka bateratua, gutxieneko akordio batean oinarritua. Proposamen bat helarazi genien idatziz sindikatu guztiei. Horren bidez, KPIaren berreskurapenaren azpitik dagoen ezer ez sinatzeko gutxieneko akordio bat eta mobilizazio bateratuen proposamena egin zuen. Baina beste sindikatuek ez zuten onartu. Guk, gutxieneko akordio hori gabe, ez dugu benetakoa ez den batasunaz mozorrotu nahi izan. Bada, publikoki konpromisoa hartzen dugu aktiboki batasun sindikala lortzeko saiatzen jarraitzeko.

Amaitzeko, deialdi honekin 62 greba egun egin ditugu, eta gehiago deituko ditugu mahai gainean beste eskaintzarik ez badago. Udalak gatazka honen konponbidearen erantzule egiten ditu, eta erakunde horiekiko interpelazioa areagotzen joango dira, haiek direlako patronalei hitzarmenaren blokeoa ahalbidetzen diotenak

Mutualitateek iaz 2.829 laneko gaixotasun aitortu zituzten EAEn; Lan Ikuskaritzak, ordea, 6 kasutan baino ez ditu isun-espedienteak abian jarri

Lotsagarritzat jotzen ditugu datuok, eta gogorarazi dugu behin eta berriz salatutako patronalaren inpunitatearen isla direla. Zigorgabetasunarekin amaitu eta patronalak laneko gaixotasunekiko duen erantzukizuna bere gain har dezan bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, gaixotasun horiek lan-istripuek baino askoz ere heriotza gehiago eragiten dituzte.

Joan zen otsailaren 10ean 27 urte bete ziren espainiar estatuan prebentzio legea abian jarri zenetik, eta azken hamarkadetan hainbatetan salatugu du patronalak ez duela araudia betetzen, gobernuek horretarako aukera eskaintzen diotelako, hain zuzen ere.

Eusko Legebiltzarrean planteatutako galdera baten erantzunari esker bildu ahal izan ditugu aipatutako zigorgabetasunaren inguruko datu zehatzak. Izan ere, Jaurlaritzaren eskumenpean dauden Lan Ikuskaritzak eta Osalanen Osasun Zaintza arloak, araudiaren ez-betetzeak isuntzeko gaitasuna dute. Bada, 2021ean mutualitateek 2700 laneko gaixotasun aitortu zituzten, eta 2022an, berriz, 2829. Laneko gaixotasun guztien atzean lan osasun neurrien ez-betetzeak daude, eta beraz, arau-hausteak. Hala ere, ikuskaritzak 2021ean 18 isun-espediente soilik jarri zituen abian, eta 2022an are gutxiago, 6 izan baitziren. Hori dela eta, LABek salatu du patronalari 2021ean doan atera zaizkiola 2.682 gaixotasun profesional, eta 2022an, aldiz, 2.823.

Jakinik  gaixotasun profesional horiek Mutualitateek lehen instantzian kalifikatzen dituztela eta gehienak kontingentzia arrunt bezala Osakidetzara igortzen dituztela, larriena zera da, aitortza urri horri jarraikiz Lan Ikuskaritzak egiten duen jarraipena testimoniala baino ez dela, eta patronalari doan ateratzen zaiola langileak lanean gaixotzea. Azpimarratu dugu datu “lotsagarri” horrek amiantoaren eraginez gaixotuak ere barnebiltzen dituela, betiere beste gaitz larri batzuk gutxietsi gabe.

Laneko gaixotasunen arazo nagusia, sindikatuaren esanetan, azpierregistroa da, ia eragile guztiek ezagutzen eta partekatzen dutena. Izan ere, Europar Batasun osoko lan-istripuen eta lan-gaixotasunen portaera erreferentziazko datu gisa hartuz gero, datuak argigarriak dira: lan-istripuei lotutako heriotza bakoitzeko 18 heriotza gertatzen dira lan-gaixotasunek eraginda.  Beraz, lan-gaixotasunek istripuek baino askoz ere hildako gehiago eragiten dituzte, azken horiek estatistiketan jasotzen ez diren arren.

Are gehiago, azterlan batzuen arabera, laneko gaixotasunen %10 baino gutxiago konpentsatzen da, eta kasu gehienetan gaixotasun arinak dira. Hau da, erregistratutako gaixotasunak 2.500 baino gehiago izanik ere, kopuru horrek ez du islatzen errealitatea, benetan kopurua askoz ere handiagoa baita. Alabaina, azpimarratu dugu kasu honetan ere ez da ahaleginik egiten makilatutako eta zifra “barregarrietan” ezkutatutako errealitate horretan sakontzeko.

Egun, errazagoa da enpresari batek trafiko isun bat jasotzea lanera gidatzen doala, langile bati laneko gaixotasun bat eta horren ondoriozko heriotza eragiteagatik baino, arriskuak aldez aurretik identifikatuta egonik ere.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileok mobilizazioak areagotuko ditugu, Osasun Sailak gatazka konpontzeari uko egingo diolako

Dagoeneko 14 greba-egun egin ditugu langileok; azken 4 egunetako jarraipena oso zabala izan da, eta laborategiko teknikarien eta erizaintzako kategorietan % 80tik gorakoa izan da.

Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileok otsailaren 14an, 15ean, 16an eta 17an egin genuen grebaren jarraipena aldarri bat izan da, Osasun Sailak, Osakidetzak eta Euskal Zentroko Zuzendaritzak beren gain har dezaten eta plantillari adarra jotzeari utz diezaioten; izan ere, gatazka negoziatzeko eta konpontzeko gaitasunik eza erakusten jarraitzen dute, langileok duela bi urte baino gehiagotik aldarrikatzen duguna izanik ere. Nahiz eta gutxieneko zerbitzuak gehiegikeriaz ezarri, guztira 14 greba-egun bete eta solaskide baliodun bat aurrean izatea ezinezkoa izan, langile gehienok bat egin dugu grebarekin otsaileko 4 egun hauetan.

Greba otsailaren 14an hasi zen, Osasun Sailari, Osakidetzari eta TGEEZko Zuzendaritzari gatazkaren konponbidea negoziatzeko egin zitzaion zitazioarekin. Hala ere, Greba Batzordeak eta sindikatuok egindako hitzordura ez joatea erabaki zuten. Aitzitik, Mahai Sektorialean eztabaidatu beharreko gaia dela erantzun zuten, nahiz eta 2021eko apiriletik etengabe uko egin dioten gatazkari heltzeari.

Horregatik, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langile guztion soldata-baldintzak parekatzeko eta jasaten ari garen diskriminazioarekin amaitzeko borrokan jarraitzea beste aukerarik ez dago, hurrengo hilabeteetan mobilizazioak areagotuko ditugularik.

Sindikatuetatik gatazkaren konponbidea negoziatzeko borondatea agertuko dugu etengabe, eta, horretarako, beste bilera bat eskatuko diegu Osasun Sailari, Osakidetzari eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroari.

Euskal presoen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurrien kontra mobilizatu gara

2023 urte hasiera honetan, euskal presoek 35 urtez jasan behar izan duten urruntze-politikaren amaieran gaude. Hala ere, salbuespen politikek indarrean jarraitzen dute. Hori dela eta, sindikatuok mobilizazioa egin dugu Bilbon, epaitegien aurrean, “Etxera bidea gertu” lemapean.

LAB, ELA, UGT, ESK, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalderen oharra

Ia 35 urte luze igaro dira urruntze-politika indarren jarri zutenetik. Denbora horretan sufrimendu psikologiko, emozional, ekonomiko eta fisiko ikaragarria eragin du. Askok ezagutu ditugu Puerto edo Curtis, Castelló edo Fresnes. Sakabanaketa horrek astero ehunka kilometro egin behar izatera eraman gaitu, eta ondorio batzuk bereziki larriak eta itzulbiderik gabeak izan dira; nola ahantzi etenik gabeko joan-etorri horietan errepidean hil diren 16 pertsonak.

Baina egoera bortitz horrek euskal gizartearen parte garrantzitsu baten erantzuna eragin zuen; ideologiez harago, hainbat euskal herritar mobilizatu ziren presoen eskubideak ez ezik haien familienak ere urratzen zituen urruntze-politikari amaiera eman ziezaioten eskatzeko. Horrek esan nahi zuenaren jakitun izanik, hainbat lagunek besoz beso lan egin dugu, sufrikario horren bukaera helburu.

Eta bide horretan kokatzen dugu sindikatuok egin dugun lana. Guk ere, duela asko hartu genuen, kontsensu orokor horren atzean, pausu bat eman eta jarrera aktiboa izateko hautua. Hamaika mobilizazio orokorretan hartu dugu parte elkarrekin, eta azken urteetan hilero egon gara Moyua plazan euskal presoek bizi dituzten eskubide urraketak salatzeko.

Zorionez, 2023. urtearen hasieran urruntze-politikaren amaieran gaude.

Gaur berriz elkartu gara bide horretan. Lortutakoa nabarmendu nahi dugu, eta bidearen azkenera arte lanean jarraitzeko konpromiso irmoa erakutsi. Izan ere, oraindik bide luzea geratzen da aurretik.

Presorik gehienak Euskal Herrian daude, bai. Zama handia kendu dugu gainetik, baina salbuespen-politikak indarrean jarraitzen du. Horregatik, trabarik gabeko bide bat aldarrikatzen dugu, gradu-aldaketak eta espetxe-baimenak salbuespenik gabe ezar ditzatela; legeak dioena bete dadila, ez diezaietela presoei legez dagokien eskubiderik ukatu edo murriztu.

Helburu horrekin elkartzen jarraitu nahi dugu, egiazko bakea, egiazko bizikidetza lortzeko urratsak egin nahiak batzen gaitu.

Azken urteotan bezala Euskal Herritik lanean jarraitu behar dugu denok, etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin.

Irudia moldatu dugu. Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera Bidea Gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da. Irudi hau bazter orotara hel dadin nahi dugu, denok barnera dezagula, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen-neurriei amaiera emanik.

Elkarrekin bidea egiten jarraitzeko, datozen ekaineko, iraileko eta abenduko hirugarren ostiraletan mobilizatuko gara Bilbon, Albiako lorategietan egingo ditugun elkarretaratzeetan. Lekua ere, egun oztopoak jartzen dabilen entzutegi nazionaleko fiskaltzaren jarrera eta honek dakartzan erregresioak ere salatu asmoz.