2026-08-04
HomeEkintza SindikalaMutualitateek iaz 2.829 laneko gaixotasun aitortu zituzten EAEn; Lan Ikuskaritzak, ordea, 6...

Mutualitateek iaz 2.829 laneko gaixotasun aitortu zituzten EAEn; Lan Ikuskaritzak, ordea, 6 kasutan baino ez ditu isun-espedienteak abian jarri

Lotsagarritzat jotzen ditugu datuok, eta gogorarazi dugu behin eta berriz salatutako patronalaren inpunitatearen isla direla. Zigorgabetasunarekin amaitu eta patronalak laneko gaixotasunekiko duen erantzukizuna bere gain har dezan bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, gaixotasun horiek lan-istripuek baino askoz ere heriotza gehiago eragiten dituzte.

Joan zen otsailaren 10ean 27 urte bete ziren espainiar estatuan prebentzio legea abian jarri zenetik, eta azken hamarkadetan hainbatetan salatugu du patronalak ez duela araudia betetzen, gobernuek horretarako aukera eskaintzen diotelako, hain zuzen ere.

Eusko Legebiltzarrean planteatutako galdera baten erantzunari esker bildu ahal izan ditugu aipatutako zigorgabetasunaren inguruko datu zehatzak. Izan ere, Jaurlaritzaren eskumenpean dauden Lan Ikuskaritzak eta Osalanen Osasun Zaintza arloak, araudiaren ez-betetzeak isuntzeko gaitasuna dute. Bada, 2021ean mutualitateek 2700 laneko gaixotasun aitortu zituzten, eta 2022an, berriz, 2829. Laneko gaixotasun guztien atzean lan osasun neurrien ez-betetzeak daude, eta beraz, arau-hausteak. Hala ere, ikuskaritzak 2021ean 18 isun-espediente soilik jarri zituen abian, eta 2022an are gutxiago, 6 izan baitziren. Hori dela eta, LABek salatu du patronalari 2021ean doan atera zaizkiola 2.682 gaixotasun profesional, eta 2022an, aldiz, 2.823.

Jakinik  gaixotasun profesional horiek Mutualitateek lehen instantzian kalifikatzen dituztela eta gehienak kontingentzia arrunt bezala Osakidetzara igortzen dituztela, larriena zera da, aitortza urri horri jarraikiz Lan Ikuskaritzak egiten duen jarraipena testimoniala baino ez dela, eta patronalari doan ateratzen zaiola langileak lanean gaixotzea. Azpimarratu dugu datu “lotsagarri” horrek amiantoaren eraginez gaixotuak ere barnebiltzen dituela, betiere beste gaitz larri batzuk gutxietsi gabe.

Laneko gaixotasunen arazo nagusia, sindikatuaren esanetan, azpierregistroa da, ia eragile guztiek ezagutzen eta partekatzen dutena. Izan ere, Europar Batasun osoko lan-istripuen eta lan-gaixotasunen portaera erreferentziazko datu gisa hartuz gero, datuak argigarriak dira: lan-istripuei lotutako heriotza bakoitzeko 18 heriotza gertatzen dira lan-gaixotasunek eraginda.  Beraz, lan-gaixotasunek istripuek baino askoz ere hildako gehiago eragiten dituzte, azken horiek estatistiketan jasotzen ez diren arren.

Are gehiago, azterlan batzuen arabera, laneko gaixotasunen %10 baino gutxiago konpentsatzen da, eta kasu gehienetan gaixotasun arinak dira. Hau da, erregistratutako gaixotasunak 2.500 baino gehiago izanik ere, kopuru horrek ez du islatzen errealitatea, benetan kopurua askoz ere handiagoa baita. Alabaina, azpimarratu dugu kasu honetan ere ez da ahaleginik egiten makilatutako eta zifra “barregarrietan” ezkutatutako errealitate horretan sakontzeko.

Egun, errazagoa da enpresari batek trafiko isun bat jasotzea lanera gidatzen doala, langile bati laneko gaixotasun bat eta horren ondoriozko heriotza eragiteagatik baino, arriskuak aldez aurretik identifikatuta egonik ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...

SOS Nafarroako langileek ohartarazten dute polizien deiak 112ra bideratzeak arriskuan jarriko duela larrialdien arreta

Informazio eta komunikazio falta langileei Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...